Athleticek hutsean berdindu du Almeriaren aurka, partida tamalgarri batean
Txapeldunen Ligako postuetan lo egiteko aukera galdu du Athleticek, sailkapeneko azken postuan dagoen Almeriaren aurka hutsean berdindu ostean. Zuri-gorriak, hamaikakoa eraberrituta, ezin izan dituzte Kopako finalerdian izan zituzten sentsazio onak berreskuratu, eta hirugarren partida kateatu dute bisitari gisa Ligan garaipenik lortu gabe. Joko aldetik ahazteko moduko partida egin dute Ernesto Valverderen jokalariek, nahiz eta bigarren zati hasieratik jokalari bat gehiagorekin aritu diren. Irabazteko aukera izan badute ere, Almeriak azken minutuetan garaipena gertu izan du. Agintzaile sartu da partidara Athletic, eta zuri-gorriak izan dira abisua ematen lehenak. Mikel Vesgak jaurtiketa egiteko aukera ikusi du eta ez du zalantza egin, baina Almeriako jokalari batek baloia desbideratzea lortu, eta atezainaren eskuetan amaitu du baloiak. Hortik gutxira, Villalibrek izan du beste aukera bat, buruz, langaren goitik jaurti duena. Almeriak normalean behera egiten du aurkariak estutzen duenean, baina gaur ez da horrela gertatu. Athletic lasaitzen hasi da, eta behin eta berriz heldu da etxeko taldea Unai Simonen atera. Akatsa ugari egin ditu baloiarekin, eta defentsan ez da oso sendo aritu. Valverdek aldaketa ugari egin ditu hamaikakoan, eta minutu karga baxuagoa izan duten Unai Gomez, Vesga, edo Villalibreren ekarpen handiagoa espero zen. Alabaina, Almeria ez da Ligako sailkapeneko azken taldea kasualitatez, eta aurrerapausoa eman nahi duenean kosta egiten zaio asmatzen. Zakarra izan da lehen zatiaren amaiera, batez ere bi taldeen hutsegite mordoengatik, baina hala ere, aukera bana izan dute markagailua irekitzeko. 40. minutuan, korner jaurtiketa batean, Paredes gailendu da eta burukada ona egin du bigarren zutoinera. Baina lan gutxi izan du Maximianok geldiketa itzela egin du berdinketari eusteko. Etxeko taldeak ere aukera bat izan du atsedenaldi aurretik. Choco Lozanok egin du errematea, buruz ere, baina Simonek harrapatu egin du erraztasunez. Lehen zati tamalgarriaren aurrean, Valverde irtenbide bila atera da bi aldaketekin. Muniain sartu du Unai Gomezen tokian, eta Ligan 600 partida bete dituen Raul Garciak Villalibreren ordez atera da. Baina gauzak ez dira gehiegi aldatu, zuri-gorriei partida guztiz alde jarri bazaie ere. Bigarren zati hasieran bigarren txartel horia ikusi du Ramazanik jokaldi zentzugabe batean, eta bat gutxiagorekin geratu da Almeria partida amaiera arte. Bat gehiagorekin ezinean Almeria ezinean ikusi da jokalari bat gutxiagorekin, baina etsigarria izan da, Athletic, bat gehiagorekin, gai ez izana nagusitasun pixka bat ezartzen. Aldaketak agortu ditu Valverdek, baina Sancet, Herrera eta Adu Aresen ekarpena beste jokalarien antzekoa izan da: oso baxua. Nahasmen hutsa izan da partida amaiera, Athleticen saiakera antzu batzuekin, eta Almeriaren erresistentzia saiakerarekin. Hainbeste erotu da partida, non ia 90 minutuetan egin ez dutena azken bostetan egitea lortu duten. Raul Garciak burukada bikaina egin Ander Herreraren erdiraketa batean, baina baloia zutoinera joan da. Hortik oso gutxira, kontraeraso batean, Almeriak izan du hiru puntuak lortzeko aukera. Marezi aurrelariak Athleticen defentsen bizkarrean jaso du baloia, eta honek ere zutoinera jaurti du. Ez da gustu onekoa Almeriaren aurka irabazi ez izana, baina zerbait positiboa ateratze aldera, orain arte Athleticek izan duen egun okerrenean ere puntu bat batzeko ahalmena izan du. Sailkapenean dituen gainontzeko lehiakideen emaitzak ikusirik, aukera ezin hobea zen talde zuri-gorriarentzat garaipena eskuratzea, baina galtzeko zorian ere izan da azken minutuetan.




