Ertzaintzak lau lagun atxilotu ditu martxoaren 3ko manifestazioan
Istiluak izan dira 1976ko martxoaren 3ko sarraskia oroitzeko manifestazioan. Ertzaintza oldartu egin zaie manifestariei, eta eten egin behar izan dute milaka lagun elkartu dituen protestaldia. Lau atxiloketa izan dira, eta zenbait lagun zauritu dituzte. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, desordena publikoak eragitea eta autoritatearen aurka egitea egotzi diete atxilotuei. Zazpi ertzain zauritu direla ere jakinarazi du. 🌹🔴 Etenda dago Martxoaren 3ko manifestazioa, istilu artean. Ertzaintza foam jaurtigailuak erabiltzen ari da pic.twitter.com/5UfQeuOs5Z — Arabako ALEA (@ArabakoALEA) March 3, 2024 Poliziak foam jaurtigaiak erabili ditu, azken asteetan zeresana eman dutenak: Tolosako inauterietan hiru gaztek salatu zuten horiekin aurpegian eman zietela. Hala Bediren arabera, gaur 60 urteko emakume bat jo dute ahoan jaurtigai batekin. Gedar Langile Kazetak jakitera eman duenez, Ertzaintzak debekatuta dauden gomazko pilotak ere erabili ditu manifestarien kontra. Jardun Koordinadorak berretsi du hori. Gasteizko Kontseilu Sozialistak gertatutakoaren inguruko ohar bat argitaratu du. Ertzaintzak manifestarien aurka behin baino gehiagotan kargatu duela baieztatu du, eta euren blokean zenbat zauritu izan direla erantsi. Horietako bat ospitaleratu egin dute Poliziaren furgoneta batek hanka zapaldu diolako, oharraren arabera, nahita. Jazarpena jasan dutenei elkartasuna adierazi eta atxilotuak berehala aske uzteko eskatu dute. 📸 Gasteizko sarraskian eraildako langileak oroitzeko manifestazioan, Ertzaintzak foam jaurtigaiak eta gomazko pilotak erabili ditu manifestarien kontra. pic.twitter.com/Pvw325F7Ij — Gedar.eus (@GedarLangileKZ) March 3, 2024 Aske Antolakundeak, bere aldetik, Lakuako komisaldegira gerturatzeko deia egin du, atxilotuak askatu arte hor egoteko asmoz. Elkartasuna adieraztera joandakoen aurka ere egin du, ordea, Poliziak, eta horietako bat atxilotu duela jakinarazi du Askek. Aurrez, manifestazioan Ertzaintza oldartu denean, «alde hemendik, utzi bakean!» eta «Polizia hiltzailea!» oihuak entzun dira. Istiluak amaitutakoan, sakabanatu eta Foru Plazan aurreikusita zegoen ekitaldia egin dute protesta deitu dutenek, Martxoak 3 elkarteak eta ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek. Sarraskitik 48 urte igaro diren honetan, sindikatuek eta elkarteak omenaldia egin diete Poliziak Gasteizen eraildako bost langileei eta Basauriko (Bizkaia) eta Tarragonako (Herrialde Katalanak) elkartasun mobilizazioetan hildakoei. Atzo eta gaur borrokan, etorkizun justu baterantz lelopean atera dira kalera. Erakundeak Zaramagako elizan zenbait erakunde eta alderdi politikotako ordezkariek egin dituzte lore eskaintzak. Nerea Martinez, Poliziak hildako Pedro Mari Martinez Ocioren iloba eta Martxoak 3 elkarteko kidea, pozik agertu da «abandonatuta» igaro duten denbora asko eta gero, zenbait erakundek gogoan izan dutelako martxoaren 3ko sarraskia: «Gasteizko hiriari esker, martxoaren 3ak merezi duen babesa jasotzen du orain». Hortaz gain, nabarmendu du Martxoaren 3ko memoriala martxan jarriko den itxura duela. Elkartearen izenean, prozesu horretan parte hartzeko prest agertu da, eta urteetan egindako lanaren fruitua dela esan du. Lore eskaintzak egin dituztenen artean izan dira Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburua, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta zenbait lehendakarigai: EH Bilduko Pello Otxandiano, EAJko Imanol Pradales, Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategi eta Sumarreko Alba Garcia.
