Bizkaibuseko langileek greba egingo dute martxoaren 19an. Langileen aurkako eraso fisikoen eta hitzezko erasoen “errepikapena eta larritasuna” salatu dute. 1.300 langile baino gehiago deitu dituzte mobilizatzera.
Osasunak irabazi egin du Alavesen aurkako, Ante Budimirrek sartu duen gol bikaina baliatuta. Joan-etorri ugari izan dira partida osoan zehar, baina Osasunak asmatu du gola egiten, eta Alavesek ez du erantzuna ematea lortu. Denboraldiko sarrera eskasena izan du Sadarrek, 17.215 ikuslerekin, baina gorritxoen zelaira gerturatu diren zaleak euskal derbi sutsua ikusi dute, gau hotz batean. Merke dago salbazioa aurtengo Espainiako Lehen Mailan, baina bi taldeen helburu nagusia beste urte batez goi mailan mantentzea da. Alaves 13. postuan zegoen partidaren aurretik, 29 punturekin, jaitsiera postuak 10 puntuko distantziara. Babazorroek Mallorcaren aurkako partidan alde hori handitzeko aukera izan zuten, baina Nastasicek, 88.en minutuan, lehia berdindu, eta bi puntu kendu zizkion Luis Garcia Plazaren taldeari. Bestalde, Osasuna 11. postuan zegoen 33 punturekin, jaitsiera postuak 14 puntura, eta nafarrek mailari eusteko helburua ia bideratuta utzi nahi zuten Alavesen aurka, bolada onari eutsiz. Alaves izan da arriskua eragiten lehen taldea, Sergio Herrera baloia alderatzea behartuz ukabilekin. Minutu gutxira ere, Herrerak geldiketa zaila egin du Guridiren burukadara, markagailuan 0-1ekoa jartzeko aukera garrantzitsuan. Gutxi balitz bezala, Kike Barjak min hartu du duela bizpahiru denboraldi lotailu gurutzatua hautsi zuen belaun berean, eta berdegunean jarraitzeko ahalegina egin badu ere, azkenean aldaketa eskatu eta Moi Gomezek hartu du bere lekua. Babazorroek ere izan dute ustekabea, denboraldi bikaina egiten ari den Abqar lurrera bota denean. Budimirrekin izan duen talka batean, aldakan min hartu du marokoarrak, eta Tenaglia sartu da bere lanak egitera. Alaves hobeto sartu da partidara, baina indarrak berdindu direnean, Siveraren atearen noranzkoan irauli da zelaia, eta etxeko taldearen momentu onena iritsi da. David Garciak egin du lehen aukera serioa, korner jaurtiketa batean egindako burukada batean. Baloia ezkerreko zutoinaren ondotik pasa da, Alavesen lasaitasunerako, baina Osasunak ahaleginetan jarraitu du. Oraingoan Aimar Oroz izan da, urruneko zutoina bilatu duena, baina Siverak eskua atera du erdiraketa bikaina eginez. Hala ere eroso sentitzen da Alaves aurkariaren menpean, eta kontraerasoan ateratzea gogoko dute Lusi garcia Plazaren jokalariek. Eta modu horretan iritsi da lehen zatiko aukerarik onena. Baloia aldendu du Alavesek bere area ertzetik, eta Sergio Herreraren ateraino joan dira hainbat jokalari. Osasunako atezainak huts egin du taldekide bati baloia ematerakoan, eta Javi Lopezek jaso du hegalean, atetik gertu. Erdiraketa ona egin du, Omorodionek errematea lortu du, baina zutoinean jo du baloiak. Ez da ez bat ezta bestea gailendu lehen 45 minutuetan, baina markagailua irekitzeko aukerak ez dira faltatu. Hala ere, Osasunak sendoago amaitu du, eta Alavesek bi aldaketa egin ditu atsedenaldian, berriro partidan sartzeko intentzioarekin. Carlos Vicente eta Kike Garcia sartu dira, Sola eta Guridiren ordez. Lehen zatiko sua itzali egin da bigarren zatian, baina 70 minutura iritsi berritan, partidako sekuentzia “eroa” iritsi da. Ruben Garcia Alavesen ate aurrean jarri da keinu eder batekin, baina Siveraren gorpura jaurti du baloiak. Alavesek, ordea, berehalako erantzuna egin du, Ruben Garciaren aukeraren jokaldi berean. Luis Riojak erdiraketa ipini dio Omorodioni, baina honek ez du errematea eroso egitea lortu, eta Herreraren gorpura jaurti du berak ere. Maskaradun heroia Berdinketa usaina zuen euskal derbiak, baina betikoa agertu da, bere agertoki gogokoenean. Ante Budimir zalantza zen partidarako, izan ere, Las Palmasen aurka kolpea hartu zuen aurpegian, baina maskara beltz batekin jokatu du, mindutako eremua babesteko. Partida osoan zehar beldurrik gabe lehiatu ditu baloi guztiak, baina Kroaziako beltxargak, aireko jokoa ez ezik, oinetan ere kalitatea duela berretsi du. Area ertzean baloia jaso, eta bitan pentsatu gabe jaurtiketa egin du Siveraren eskuin zutoinera. Gol bikaina egin du, denboraldiko 14.a, eta horrela errekor pertsonala ezarri du Espainiako Lehen Mailan. Erantzuna eman nahi zuen Alavesek, baina atzetik egin ditu markagailuan azken hamabost minutuak, eta Herreraren atea inoiz baino urrunago ikusi du. Osasuna eroso egon da emaitza babesten, eta aurkariak baino indar gehiago erakutsi du partidako fase erabakigarrian. Azkenean hiru puntuak Sadarren geratu dira, eta lehen mailan mantentzeko helburua oso gertu du Jagoba Arrasateren taldeak.
Iazko greba feminista orokorraren haizeak mugituko du aurtengo Martxoaren 8aren errota. Orduko aldarrikapen eta eskaerei eutsiko die Euskal Herriko Mugimendu Feministak; batez ere, zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldekoa. «Hiru hilabete inguru igaro dira azaroaren 30eko greba egun historiko hartatik; ez ziren gutxi izan azaroaren 30ean kalera ateratzeko genituen arrazoiak, eta martxoaren 8an ere, bide beretik jarraituko dugu», azaldu dute feministek, Iruñeko Gazteluko plazan eginiko agerraldian. Gure bizitzekin negoziorik ez! lelopean eginen dituzte aurtengo mobilizazioak. Urtero bezala, Euskal Herriko herri eta auzo gehienetan antolatu dituzte protestak eta mobilizazioak, eta manifestazio nagusiak hiriburuetan eginen dituzte: Bilbon, 19:00etan Jesusen Bihotzetik abiatuta; Iruñean, 19:00etan Antoniutti parketik; Gasteizen, 18:00etan San Anton plazatik; Baionan, 18:00etan Herriko Etxeko plazatik; eta Donostian, 18:30ean Antiguako tuneletik. Deialdiaren nondik norakoak azaldu dituzte Elene Lopetegik, euskaraz, eta Maite Irazabalek eta Maite Mourek, gaztelaniaz. Mugimendu feministak xede nagusitzat dauka emakumeen «lan indarra esplotatzen duen sistema heteropatriarkalari aurre egitea», hainbat esparrutan: «Etxean, enpleguan eta baita dohainik eta aitortu gabe egiten ditugun zaintza lanetan ere. Horrek zuzenean kondenatzen gaitu prekaritatera eta etengabeko zapalkuntzan bizitzera». Azaldu dutenez, soldata arrakala eta pentsio apalak «icebergaren punta» baino ez dira, «sexuaren araberako lan banaketa betikotzen» duen sistema batean: «Lan feminizatuetan harrapatuta gaude, baldintza prekarioetan, eta aitortu gabeko zaintza lanak egiten ditugu». Izan ere, egungo zaintza sistema «pribatizatuta» egoteaz gain, «guztiz familiarista» dela salatu dute feministek: «Hau da, familietan eta, beraz, emakumeon bizkar gainean jartzen da lan hori. Batez ere, emakume migratzaileen bizkar, XXI. mendeko esplotazio lazgarrienetakoa bizi dutenen bizkar. Horietako askok etxeko langile egoiliar gisara jarduten dute egunean 24 orduz, astean zazpi egunez. Hori onartezina da». Sistema hori errotik erauzte aldera, politika eraginkorrak galdegin ditu mugimendu feministak, eta gogor kritikatu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zaintza ituna. «Ahoa hitz politez bete dute, eta saiatzen ari dira gure diskurtsoaz jabetzen, baina guk argi diogu itun horrek ez digula ezertarako balio ez bada publifikazioaz hitz egiten, ez baldin bada pribatizazioaren aurka hitz egiten edo ez baldin bada atzerritartasun legea deuseztatzeaz hitz egiten». Nafarroako egoerari erreparatuz, beste horrenbeste esan dute: «Ez dugu itunik nahi hori betetzeko aurrekonturik eta plan zehatzik gabe». Elkartasuna Palestinari Gaurko agerraldian, palestinar herriari ere elkartasuna adierazi diote Lopetegik, Irazabalek eta Mourek: «Badakigu emakumeen gorputzak direla lehen konkista lurraldeak; beraz, Euskal Herritik elkartasun eta maitasun osoa palestinar herriari eta, gaurko egunean, bereziki emakume palestinarrei». Era berean, gogoan izan dituzte Europara datozen migratzaileak, «Atzerritartasun Legearen ondorioz, askotariko indarkerien aurrean erabat zaurgarri» daudelako. Azkenik, aipamena egin diete «indarkeria matxistaren ondorioz eraildako, bortxatutako, jazarritako eta etxetik kanporatutako emakume eta neskato guztiak». Esan dute emakumeen aurkako indarkeria sistemikoak «genero eta botere desorekak betikotzen» dituela, egitura sozial, politiko eta ekonomikoen bidez. «Egun, emakumeok oraindik ere askotariko indarkeriak jasaten ditugu egunero: fisikoa, ekonomikoa, sinbolikoa, instituzionala… Horri aurre egiteko, aldaketa kultural eta instituzional sakonak behar ditugu». Zehazki, «justizia feminista» aldarrikatu dute horretarako.
Martxoaren 31n izango da aurtengo Aberri Eguna, eta, jadanik, zenbait indar politikok iragarri dute egun horretarako zer ekitaldi antolatuko dituzten. Euskal Herria Batera plataformak ere ekitaldia egingo du, baina bezperan, martxoaren 30ean; horrela, alderdien deialdietan interferentziarik sortu gabe, «Euskal Herria ardatz duten eragileak» bildu nahi dituzte ekitaldi bateratu batean, sinetsita baitaude naziotasunaren aldarrikapenean «batera aritzeko garaia» dela. 2020an sortu zen Euskal Herria Batera; urte hartan, pandemiaren karietara ezarritako neurriek asko zaildu zuten Aberri Eguna urtero bezala ospatzea, eta, hori hala, zenbait herritar elkartu ziren ospakizun bateratua antolatzeko. Pandemia amaituta, alderdi politikoek berriro ekin zioten Aberri Egunean nork bere ekitaldia antolatzeari, baina plataformak lanean jarraitu zuen, eta eragile guztiei irekitako ekitaldi bateratuak egin izan ditu Aberri Egunaren bezperan. Aurten ere bide horretatik joko dute, Mireia Epelde txirrindulari profesional ohiak, Xabier Euzkitze kazetari eta bertsolariak, eta Estitxu Garai EHUko irakasleak azaldu dutenez: «Batera aritzeko garaia dela uste dugu: lurraldeen artean, ezberdinen artean, askotariko esparruen artean; batera, gure nazioaren erabakitzeko gaitasuna sakondu dadin». Martxoaren 30ean ekitaldi bateratua egingo dute, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Ekitaldi horretan, testu bat plazaratuko dute, Euskal Herriaren nazio izaera aintzat hartzen duten fundazio nagusiak ontzen ari direna, «euskal nazioa munduan» aurkezteko. Horrez gain, «ekitaldi antzeztua» ere egingo dute, Jon Maia bertsolariaren gidaritzapean; «nazioa egunerokoan» azaltzea da horren xedea. Gainera, leihoetan ikurrinak jartzera deitu dituzte herritarrak. Datozen urteei begira, Aberri Egun bateratua ospatzeko «baldintzak» sortu nahi ditu plataformak, eta horretarako deia egin die eragileei: «Modu bateratuan eta euskal lurralde guztietan ospa dezagun bagarela eta etorkizunean izan nahi dugula». Euskal Herria Batera-ren ustez, euskal gizartea asko aldatu da azken hamarkadetan, eta, horrekin batera, nazioa sentitzeko moduak ere ugaldu egin dira: «Nazioarekiko atxikimendua berritu, egokitu, gaztetu eta zabaldu behar dela uste dugu». Mugarri historikoak Aurtengo Aberri Egunean bi mugarri historiko akordura ekarri nahi ditu Euskal Herria Batera-k: batetik, EAJk 1932an egindako lehen Aberri Eguna, «erronkaz eta aukeraz» betetako garai batean; izan ere, 1929ko krisi ekonomikoaren ondorioak nabariak ziren orduan, eta Espainiako Errepublika ezarri izanak ekarritako itxaropena ere bizirik zegoen. 1978ko Aberri Eguna ere aintzat hartu nahi dute: orduan, UCD eta AP ez beste indar politiko guztiek, hamazortzik orotara, batera deitu zuten Aberri Eguna Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ospatzera, eta 400.000 herritar inguru bildu zituzten, Hego Euskal Herri osorako autonomia estatutua eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko. «Egungo testuinguru politikoak euskal lurraldeen aitortza politikoaren gaineko adostasuna eskatzen du», azaldu dute Euskal Herria Batera-ko bozeramaileek. «Horregatik, aurtengo ekitaldira 1978ko Aberri Egunean lortutako aniztasuna ekartzen saiatuko gara». Aberri Egunerako deialdia plazaratzeko agerraldia baliatu du Euskal Herria Batera-k euskal diasporarentzako mezu bat grabatzeko. Carlos Etchepare euskal jatorriko kazetari argentinarrak irakurri du mezua, eta iragarri du apirilaren 3an, 22:00etan (Euskal Herriko ordua) ikusgai jarriko dutela martxoaren 30eko ekitaldiaren grabazioa, mundu osoan ikusteko moduan. Galdera-Erantzuna «Euskal nazioaren ideiak indar handiagoa hartuko du elkarrekin joanez gero» Mireia Epelde Bikandi kirolaria (Azpeitia, Gipuzkoa, 1985) izan da Euskal Herria Batera-ren deialdia aurkeztu dutenetako bat. «Elkarrekin» jardutearen garrantzia nabarmendu du. «Batera aritzeko garaia» dela pentsatzen duzue. Zergatik? Garrantzitsua da denok bat gatozen horren inguruan, Euskal Herria nazio gisa ikustearen ideian, bat egitea eta indarra denok batera egitea. Nor bere aldetik joanda baino indar handiagoa egingo dugu elkarrekin joaten bagara. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hauteskundeak oso gertu daude. Baliteke horrek zuen lana zailtzea? Ez dut uste. Alderantziz, beharbada gauzak errazteko balioko du. Guk ekitaldi bat proposatzen dugu, alderdi gisa inor konprometitzen ez duena eta denak batera joateko aukera ematen duena. Zenbaiten ustez, badirudi azken bolada honetan nazio sentimendua apaldu egin dela. Zuek berdin pentsatzen duzue? Beharbada, arazo nagusia da gazteak ez direla politikarekin eta politikariekin identifikatzen, eta litekeena da horren ondorioz ekitaldi batzuetan lehengo indarra ez sumatzea. Gure helburua da hori ulertzen saiatzea, mundu guztiari tokia egitea, eta denok elkarrekin ekitaldi bat egitea. Etorkizunean Aberri Egun bateratua egiteko baldintzak sortu nahi dituzue. Gertu ikusten duzue aukera hori? Pandemia atzean utzi ondoren, 2020tik aurrera, alderdi bakoitzak bere Aberri Eguna antolatu izan du berriro ere, baina elkarrekin joateko ideia ere hor dago. Horrek indarra hartzen badu, ikusiko dugu aurrerantzean zer gertatzen den. Nire ustez, garrantzitsuena da partekatzen dugun hori, hau da, euskal nazioa bultzatzea; denok elkarrekin joaten bagara, indar handiagoa hartuko du horrek.
Bruselak 1.800 milioiko isuna jarri dio Appleri Spotify bezalako plataformei murrizketak jartzeagatik. Europako Batzordearen ustez, Applek hainbat hamarkadatan ‘streaming’ bidezko musika banaketan posizio gehiegizkoa izan du.
Angel Ron Popularreko zuzendari ohia eta PwC epaitzea proposatu du ANk, kapital gehikuntzan iruzur egiteagatik. Gainera, Emilio Saracho presidente ohiaren auzia behin-behinean artxibatu du epaileak, bankuaren balantzea ebaluatzeko neurriak hartu zituela argudiatuta.
2024ko otsaileko langabezia datuak EAEn eta Nafarroan. 684 langabe gutxiago zenbatu dituzte EAEn eta 374 gehiago Nafarroan, otsailean. Aurreko urteko otsailarekin alderatuta, 1.751 pertsona gutxiago daude EAEn eta 1.327 gutxiago, Nafarroan.
Sindikatuak iragarri duenez, datozen egunetan beste erakunde sindikal batzuekin harremanetan jarriko dira mobilizazio egun hori eta adostu daitezkeen beste batzuk prestatzeko.
Lehengo lepotik burua. Binakako Txapelketaren lehen fase bikaina egin zuten Peio Etxeberriak eta Jose Javier Zabaletak, eta berdin ekin diote finalaurrekoetako ligaxkari. Gasteizko Oget pilotalekuan 22-14 hartu dituzte mendean Jokin Altuna eta Julen Martija, eta lehen puntua poltsikoratu dute. Erritmo altuko partida izanda, tentsio askokoa. Kolpeka jardun dira bi bikoteak, eta tartea zabaldu duten lehenengoak Altuna-Martija izan dira (6-9). Lehen atsedenaldi luzearen aurretik, ordea, olatua hartu dute urdinek, eta sei tanto egin dituzten jarraian (12-9). Hortik aurrera, hobeak izan dira. Zabaleta agintzen hasi da, eta Etxeberriak bikain amaitu ditu tantoak. Zenozkoak binaka jokatu duen norgehiagoka onenetakoa izan da gaurkoa. Azkenean, 22-14. Atzo, ligaxkako lehen jardunaldiko beste partidan, pronostiko guztiak hautsi eta lehen puntua eskuratu zuten Artolak eta Imazek, 19 eta 5eko partziala egin ondoren (22-13). Lehen fasean distiratsu aritu arren, presioak eta urduritasunak nabarmen eragin zien Jakari eta Mariezkurrenari. [articles:2121701]