Ereduen arteko talka eta zalantzatiei deia
Asteko lehen ekitaldi handiak Gipuzkoan egin dituzte EAJk eta EH Bilduk, eta bi kasuetan garrantzia berezia izan dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan batak zein besteak mahai gaineratu nahi duten ereduek. EAJk «fidagarritasunaren» eta «inposizioaren» artean aukeratu behar dela defendatu du. EH Bilduk, berriz, «esperantzaren» aldeko botoa eskatu du, «beldurra» zabaldu nahi dutenen aurrean. «Boto erabilgarria» EAJk Eibarren (Gipuzkoa) elkartu ditu Imanol Pradales lehendakarigaia, Bakartxo Tejeria Gipuzkoako zerrendaburua eta Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea. Horiek alderdikideei eskatu diete kanpainaren azken egunetan lanean jarraitzeko, batez ere, zalantzan dauden herritarren botoak eskuratzeko. Izan ere, Pradalesen esanetan, inkestek adierazten dute hautesleen %25 inguru oraindik ere zalantzan daudela, eta horiek «mugitu» eta «konbentzitu» behar dituzte. Hala, zuzenean egin die dei: «EAJk gobernatzea nahi bada, EAJ bozkatu behar da». Eta, bide beretik, Ortuzarrek: «Boto erabilgarri bakarra EAJrena da». Pradalesek bere hitzartzearen zati garrantzitsu bat baliatu du igandeko bozak bi ereduren artekoak direla azpimarratzeko: EAJrena eta EH Bildurena. Eurena, «Euskadi fidagarri, seguru, globalaren» aldekoa dela azaldu du. Koalizio subiranistarena, berriz, «inposizioaren» aldekoa: «Aurpegi zuriketa horren atzean betiko eredua dago, inposizioarena, kontrolarena». Hala, EH Bilduk polizia ereduaren, fiskalitatearen eta gizarte zerbitzuen alorretan egindako proposamenak txarretsi ditu. Tejeriak ere bi ereduen arteko talka horretan egin du indar: «Hauteskunde hauetan aukeratu egin behar dugu; ongizatean aurrera edo atzera egitea dago jokoan, herri gisa aurrera edo atzera egitea». Hala, EAJk «eduki zehatzak» proposatu dituela defendatu du, eta «elkarrizketarako eta akordioa lortzeko gaitasuna» duela argudiatu. EH Bilduren proposamena, berriz, «edukirik gabea» da, Tejeriaren esanetan. Ortuzarrek, berriz, egonkortasunaren defentsa egin du: «Egungo gobernu formula ona iruditzen bazaizu, zein da zalantza? EAJk gobernatzea nahi baduzu, igandean bozkatzera joan behar duzu, eta EAJ bozkatu». Argudiatu du beste edozein aukerak «desegonkortasuna» eragin dezakeela; adibide gisa jarri ditu Patxi Lopezen Eusko Jaurlaritza, Martin Garitanoren Gipuzkoako Aldundia eta Javier Marotoren Gasteizko Udala. «Ereduak eta esperantza» Inkestei erreparatu die EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburu Nerea Kortajarenak ere, koalizioak Arrasaten (Gipuzkoa) egindako ekitaldian. Hark, baina, EH Bilduk bozak irabazteko dituen aukerak izan ditu hizpide: «Lehen aldi bat idazteko aukera irekitzen ari zaigu parez pare». Hori kontuan izanik, Kortajarenak bi kontzeptu hartu ditu hitzartzea osatzeko: «Ereduak eta esperantza». Lehena hizpide, Osakidetza aipatu du ereduen arteko talkaren adibide gisa. Izan ere, uste du osasungintza publikoak egun bizi duen egoera «politika egiteko modu baten isla» dela, eta horren aurrean, «herri anbizioa» berreskuratzeko deia egin du, Osakidetza «zutik» jartzeko: «Gertuko Osakidetza berreskuratuz, lan baldintza duinak bermatuz. Hori da gure eredua». Bestetik, Gipuzkoako zerrendaburuak azaldu du «beldurraren eta desesperantzaren mezuak» plazaratzen ari direla beste alderdi batzuk. Horien aurrean, baina, adierazi du «segurtasun berriak» eskaintzeko egin behar dela lan, «galdera berriei erantzun berriak» eskainiz, baita aliantza berrien bidez ere: «Betiko erantzunek ez dute dagoeneko balio». Hala, azaldu du apirilaren 22tik aurrera ezer ez dela berdina izango: «Beldur eta desesperantzaren mezuen aurrean, ilusio eta esperantzaren mezua ekarri nahi dugu». Arkaitz Rodriguez Gipuzkoako zerrendakideak, berriz, azaldu du Euskal Herria «loratzen» ari dela: «Indarberritzen ari da egitasmo nazional herritarra». Hala, argudiatu du horrek burujabetzaren bidean «jauzi handi bat» egiteko aukera zabaldu duela. Hori ezker independentistaren gorakadarekin ere lotu du Gipuzkoako zerrendakideak: «Dagoeneko ez du inork ukatzen ezkerreko inepdendentismoak igandeko hauteskundeak irabazi ditzakeela. Nork esan behar zuen hori duela bi urte eskas». Hala, bozak irabazteko lehian aritzea «garaipen bat» dela azaldu du: «Gure herriaren parte honetan aldaketa bat behar da, une honetan gobernuan dauden alderdien propagandak dionaren kontra, gauza batzuk ez doazelako ondo». Berdintasuna, «fronte guztietan» PSE-EEk gai zehatz batean zentratu nahi izan du eguneko ekitaldi nagusia: berdintasuna. Hala, Gasteizen hitza hartu dute Eneko Andueza lehendakarigaiak, Aroa Jilete Arabako zerrendaburuak eta Patricia Campelo Bizkaiko zerrendakideak. Denek ere ezinbestekotzat jo dute indarkeria matxistarekin amaitu beharra, eta zehaztu berdintasuna sustatzea politika publiko ororen erdigunean kokatu behar dela. Horretarako, auzia «fronte guztietak» jorratzeko gizarte itun bat proposatu du Anduezak; hala nola, polizien arteko koordinazioa indartzea, biktimei arreta bermatzea eta Emakunde lehendakaritzara itzultzea. Jiletek adierazi igandeko bozetan du asko dagoela jokoan, baita berdintasun arloan ere, eta defendatu du eurek «eraldaketaren» alde egin nahi dutela: «Benetako berdintasuna printzipio ukaezina da sozialistontzat; feminismoa eta sozialismoa ezin direlako banandu». Hala, «egiturazko desparekotasunari» erantzun bat emateko beharra azaldu du; soldata arrakalari, zaintzari, «diskriminazio etengabeari» dagokionez. Patricia Campelo Bizkaiko zerrendakidearen esanetan, berriz, garrantzitsua da politikan emakumeak egotea, baina are garrantzitsuagoa emakume feministak egotea. Hala, azaldu du PSE-EEk berdintasuna bere proiektu politikoaren erdigunean kokatzen duela. Haren hitzartzean zaintzaz ere aritu da, PSE-EEk proposatutako Gizakidetza ekimena hizpide. Izan ere, argudiatu du zaintza feminizatua dagoela, eta «aitortza eza» eta «prekarizazioa» dituela ezaugarri. Horren aurrean, zaintzari «prestijioa» eman beharra nabarmendu du. Etxebizitza politika berri bat Elkarrekin Podemos-Aliantza Berdea koalizioko kideak etxebizitza eskubideaz aritu dira Getxon (Bizkaia) egindako ekitaldian, eta helburu bezala jarri ditu prezioak mugatzea eta etxebizitza publikoen parkea handitzea. «Etxebizitza eskubidea da, ez merkatu ondasuna», zehaztu du Isa Gonzalez hautagaiak. Hala, adierazi du ez prezioa, ez eskaintza falta ezin direla izan aitzakia herritarrek etxebizitza bat izatea galaraztea. Izan ere, Arkaitz Gorritxo koalizioko hautagaiak azaldu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 3.000 eurotik gertu dagoela metro karratua. Haren esanetan, uneotan, Espainiako Etxebizitza legea da alokairuen gorakada eteteko tresna bakarra. Beraz, Eusko Jaurlaritzari txarretsi dio haren aurka egin izana: «EAJk, PSErekin batera, ez du aplikatu nahi». Izan ere, uste du egun Jaurlaritzak ezartzen dituen neurriak «jabeen poltsikoak» betetzea dutela xede: «Euskadik etxebizitzaren prezioak mugatuko dituen etxebizitza politika bat behar du; etxebizitza babestuen parkea handitzea barne hartuko duen etxebizitza politika bat, batez ere alokairuarena». Hezkuntza, «sare bakarrean» Sumarren Gipuzkoako zerrendaburu Andeka Larrea hezkuntzaz aritu da Donostian. Ekitaldian, PSE-EEri leporatu dio EAEko Hezkuntza Legearekin «estatuko itunpeko hezkuntza sare handiena blindatzea», Espainiako Estatuko beste erkidego batzuetan beste norabide bat hartu duenean. Horren aurrean, Sumarrek proposatu du ikastetxe pribatuak «borondatez» publiko egiteko bideari ekitea: «Badakigu eskola publikoa dela aukera berdintasunerako berme bakarra ikasle guztientzat». EAJren aurkako kritika, berriz, autogobernuarekin lotu du Larreak, argudiatuta ezin direla eskumen propioak defendatu eta «hezkuntzaren kudeaketa esku pribatuetan utzi». Hala, itunpeko hezkuntzaren kontra egin du, eta «sare bakar bat» ezartzea defendatu: «Eta eredu pribatu bat nahi duenak ez du funts publikorik aurkituko, eta bere gain hartu beharko ditu eredua aukeratzearen kostuak».

