Korrika milaka lagunen artean iritsi da Baionara
Argitu da 23. Korrikako lekukoak 11 egunez gorde duen mezua. Garazi Arrula idazlea izan da egilea, Txalaparta argitaletxeko editore tafallarra. Joaldunen eta txalapartarien doinu artean igo da Baionako Askatasunaren plazako oholtzara. Milaka lagun elkartu dira han, aurtengo Korrika jendetsuaren erakusle. Garazi Arrula idazleak eta Txalapartqko editoreak idatzi du aurtengo Korrikaren mezua. Hauxe da 23. Korrikaren amaiera. @berria pic.twitter.com/g8etfryTDJ — Irati Urdalleta (@UrdalletaIrati) March 24, 2024 Arrularen mezuak azpimarratu du «Korrika dela herri bat gose: euskaraz harro bizitzeko gosea»; eta herri horrek ez duela euskararekiko «kontingentzia planik» nahi; baizik eta «egiazko trantsizioa». Halaber, mezuak esaten duenez, «desira transmisiorako bide behinena» izanagatik, ez da ahaztu behar «hizkuntzaren auzia politikoa dela; eta urgentziazkoa». Euskararen komunitatea zabaltzeko gura ere aipatu du mezuaren egileak: «Mundu oso bat kabitzen baita euskaran. Garenak eta izango direnak, etorri direnak eta etortzen ari direnak, dagoeneko bagarenak/badirenak». Euskal Herriko hainbat eragilek egin dituzte azken kilometroak. Lekukoa hauek eraman dute: Gure Esku, Etxerat, Sare eta Bakebidea, Errigora eta Agerraldia, alderdi politikoak, sindikatuak, UEMA eta Udalbiltza, Hekimen, hezkuntza eragileak, Azterketak euskaraz kolektiboa, Kontseilua eta Euskal Konfederazioa eta AEK. AEK-ren amaierako mezua Goizean goizetik hasi dira animazioak. Korrikalariek azken kilometroak egin dituzten bitartean, dantza jauziak eman dituzte Patxi eta Konpainiak Santizpiritu auzoko Gambetta plazan. 13:30ean hasita, «jai handia» egingo dute. Egunean zehar, hiru gune nagusi dira Baionan barna: Merkatuko plazan, San Andres plazan eta Patxa plazan izanen dira kontzertu nagusiak. Horrez gain, haurren xokoa eta EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberak prestatutako zikiroa ere badira dira Xaho plazan —Korrikaren webgunean eros daitezke sarrerak—. Azkenik, karrikako animazio andana ere izanen da, eta jateko eta edateko eskaintza zabala izanen da. Eraso sexista, arrazista eta homofoboen kontrako protokoloa ere plantan ezarri dute, erasorik gabeko gune bat sortzeko xedez. Prebentzio lana ziurtatuko du protokoloak, eta, erasorik gertatuko balitz, horiei erantzutea. Martxoaren 14tik 24ra, 2.700 kilometro, ehunka herri, milaka euskaltzale eta milioika taupada euskararen alde. Euskal Herria alderik alde zeharkatu du 23. Korrikak.
