BBVAk astearte honetan baieztatu duenez, Sabadelleko Bankuari bi erakundeen arteko bat-egitea aztertzeko negoziazio berriak hasteko interesa helarazi dio.
«Hastapeneko bilera baizik ez». Horrela azaldu du PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak gaur goizean EAJko buruzagiekin izandako bilera. Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondorengo lehen bilera izan dute alde biek jeltzaleen egoitzan, Sabin Etxean, eta gobernu akordioa lortzeko bidean lehen urratsa egin dute modu horretan. Ordubete iraun duen bileraren ostean, PSEko idazkari nagusiak egonkortasuna aipatu du, Bilbon eduki duen bilera eta Pedro Sanchezek Madrilen egindako agerraldia lotzeko. Anduezak esan du biak ala biak «egonkortasuna» eskaintzeko direla. Baina gehiago hitz egin du Sanchezek Espainiako presidente karguan jarraitzeko erabakiaren inguruan jeltzaleekin izandako lehen harreman horri buruz baino. Adierazi du oraindik «oso goiz» dela «sailen banaketaren inguruan» hitz egiteko. Sozialisten buruak «ulertzen» du kazetariek banaketa horri buruz galdetzea, baina ziurtatu du lehen-lehenik «gobernu programa bat» adostu behar dela, eta ohartarazi du programa adostu horrek «politika aurrerakoiak» egiteko izan beharko duela, «herritarrek bozetan eskatu duten moduan». «PSE indarberriturik atera da hauteskundeetatik, eta indar berri horiekin negoziatuko du gobernu akordio bat, politika aurrerakoiak egiteko». ENEKO ANDUEZA PSE-EEko idazkari nagusia EAJrentzako mezu argi baten itxura hartu du hauteskundeen emaitzei egin dien erreferentziak. PSE-EE «indarberriturik» atera da hauteskundeetatik, Anduezaren arabera, eta «indar berri horiekin negoziatuko» du EAJrekin. Sailen banaketaz ez du hitz egin nahi izan, baina Anduezak uste du logikoa dela luze gabe osa daitekeen Jaurlaritzan PSEk aurreko legealdian kudeatu dituen baino sail gehiago edukitzea, aurreko astean behin baino gehiagotan esan duen moduan. Edonola ere, EAJk eta PSEk negoziazioen bileren egutegi bat finkatuko dute, betiere «herriak behar dituen eraldaketak» egingo dituen gobernu baten bila. «Osakidetza» ere aipatu du Anduezak indartu behar diren edukiak aipatzen hasita. Halaber, onartu du «bi tradizio politiko» desberdineko alderdiak ari direla negoziatzen, programa bakarra adostea ez dela erraza. Hauteskunde igaro berrien kanpainan azaleratu diren jeltzaleen eta sozialisten arteko desberdintasunak nola gainditu daitezkeen galdetuta, PSEko idazkari nagusiak «elkarrizketari» erreparatu dio, esaterako etxebizitzaren gaian dituzten ikuspuntu desberdinak gainditzeko «tresna» gisa. Europako bozen itzalean EAJ, berriz, «Jaurlaritza sendoa» eratzeko negoziazioez aritu da, bileraren ostean argitara eman duen ohar batean. «Asmo handiko programa» bat egiteko helburua luke abiarazi duten negoziazioak, «egonkortasuna, ongizatea eta aurrerabidea» ekarriko dituelakoan «Euskadi osoarentzat». Jeltzaleek «elkarlanezko giro ona» eta gobernua «zentzuzko epe baten barruan eratzeko borondatea» adierazi dute. EAJk erantsi du elkarrizketak «hauteskunde garaian» egitea egokituko zaiela, eta horregatik nahiko luketela ituna azkar egitea. Andoni Ortuzar, Imanol Pradales, Bakartxo Tejeria eta Joseba Aurrekoetxea jeltzaleak egon dira Sabin Etxean, Begoña Gil, Miguel Angel Morales eta Eneko Andueza sozialistekin. EAJren arabera, «prozesuaren lehen fasea» Eusko Legebiltzarraren barne organoak «eratzeko lanei heltzea da»; alegia, Mahaia eratzeko bilkura eta Bateraezintasunen osoko bilkura Europako Parlamenturako hauteskunde «kanpaina hasi baino lehen» egin nahi dute, hau da, maiatzaren 23a baino lehen. Hori dela eta, EAJko legebiltzarkideen akreditazioak datorren astelehenean aurkeztuko dituzte. «Negoziazioaren lehen fasea da Eusko Legebiltzarreko barne organoak eratzea, eta bigarrena Jaurlaritza egituratzea». EAJ Gero, «bigarren fase bat» hasiko da, EAJk azaldu dutenez, eta fase horretan gobernu programa jorratuko da; eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzaren «egituraketa», hau da, sailen banaketa. Horiek horrela, martxan da Eusko Jaurlaritza berria osatzeko prozesua, eta EAJk eta PSE-EEk hartu dute negoziazioen ekimena; EH Bilduk 27 eserleku lortu zituen bozetan, EAJk bezainbeste, baina, orain arte, ez dute jakinarazi bilera batean elkartu direnik. Jeltzaleek PSE lehenetsi dute, eta litekeena da negoziazioak askorik luzatu gabe akordio bat lortzea. Anduezak ere azaldu du PSEko hautetsiek maiatzaren 7an jasoko dituztela beren akreditazioak. EAJk eta PSE-EEk 39 eserlekuren gehiengo osoa izango dute Imanol Pradales lehendakari izendatzeko, nolanahi ere.
Jose Mujica Uruguaiko presidente ohiak (2010-2015) hestegorriko minbizia duela adierazi du gaur. «Oso konprometitua eta oso konplexua da nire kasua, gaixotasun immunologiko bat baitut duela hogei urtetik, eta horrek eragina izan du giltzurrunetan», adierazi du 88 urteko presidente ohiak astelehen goizean emandako prentsaurrekoan. Medikuak egin beharreko tratamendua ebaluatzen ari dira oraindik, Mujicak zehaztu duenez, kimioterapia edo bestelako kirurgia bat egiteak ekar litzakeen «ageriko zailtasunengatik». «Nik transmititu nahi dizuet nire bizitzan behin baino gehiagotan ibili dela heriotza etzalekuaren inguruan. Baina artzaintzan jarraitu nau urte hauetan guztietan. Ziur aski, argi eta garbi, oraingoan sega arrastoan daramadala iruditzen zait. Ikusiko dugu zer gertatzen den», esan du Latinoamerikako ezkertiar erreferenteak bere sektore politikoaren egoitzan, Herritarren Partaidetzarako Mugimenduan. Gaineratu du 2024 honetan, Uruguaiko hauteskunde orokorren urtean, bere pentsaerarekin leial militatzen jarraituko duela, eta lurra lantzeari ekingo diola, «bere barazki eta oiloekin entretenituta». «Bizitza ederra da» Lucia Topolansky bikotekidearen begiradaren aurrean, presidente ohiak mezu bat bidali die gazteei: «Borrokatu zaitezte maitasunaren alde, ez zaitezte gorrotoaren atzaparretan erori. Drogak harrapatzen bazaituzte, ez geratu bakarrik. Inor ez da bakarrik salbatzen. Eskatu laguntza, borrokatu. Askatasun bakarra buruan dago, eta borondatea deitzen da. Eta erabiltzen ez badugu, ez gara askeak. Hau ulertu egin behar da». Azkenik, bizitzaren edertasuna nabarmendu du: «Bizitza ederra da, gastatu eta joan egiten da. Bizitzan arrakasta izatearen kontua da erortzen zaren bakoitzean berriz hastea. Eta liskarrik badago, itxaropenagatik eralda dezala».
Adimen artifizialaren bidez zabaltzen ari diren baliabideetan euskara sustatze aldera ari da lanean EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Hitz hizkuntza teknologiako zentroa, eta, prentsa ohar baten bidez, bertako ikertzaileek jakinarazi dute «hobetu» egin dutela euskararentzako landutako hizkuntza eredurik handiena, Latxa. Aditzera eman dutenez, dagoeneko «gainditu» egin du jatorrizko ChatGPT. «Oso emaitza itxaropentsua da, euskararentzat ez ezik, baliabide digital urriko gainerako hizkuntzentzat ere», nabarmendu dute. Latxa lizentzia libreko testuen corpusarekin garatuta dago. Egin dizkioten hobekuntzen garrantzia nabarmendu dute zentroko ikertzaileek: «ChatGTP atera zenean imajinaezina zen hura gaindituko zuen euskarazko eredu irekia lor zitekeenik». Meta-ren LLaMA ereduetan oinarrituta dago Latxa. Propio garatu dute hizkuntza gutxituek, hegemonikoen ondoan, «errendimendu baxua» dutelako adimen artifizialaren bidez ari diren tresnetan, eta «hizkuntzen arteko arrakala teknologikoa» handitzen duelako horrek. Bidea egiten ari dira, ordea, arrakala hori urritzeko. «Latxaren bertsio berria euskarazko corpus publiko handienaren gainean entrenatu da», azaldu dute ikertzaileek. «Guztira lau milioi dokumentu baino gehiago dira, eta 1.200 milioi hitz, aurretik zeuden corpusak baino bi aldiz handiagoa». Eredua «tamainan» handitu ahala emaitzak ere «hobeak» direla azaldu dute. Gainerako hizkuntza gutxitu zenbaitentzat ere erabilgarriak izan daitezke Latxaren bidez egin dituzten aurrerabideak, ikertzaileen ustetan: «Euskarari aplikatutako teknikak beste hizkuntzei ere aplika dakizkieke, eta emaitzak antzekoak izango direla pentsatu». Latxa Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako Iker-Gaitu proiektuaren barruan garatzen ari dira.
CAFeko enpresa batzordeak dei egin die sindikatuei eta alderdi politikoei amiantoarekin kutsatutako instalazioak garbitzeko protokoloak berritzeko lan egin dezaten. Izan ere, datozen urteetan horrelako lan asko egin beharko dira enpresa, instalazio, eskola eta abarretan, Europako araudia betetzeko.
ELA sindikatuak salatu duenez, 2021tik 12 langile hil dira basogintzaren sektorean. Azken heriotza hau salatzeko, elkarretaratzea deitu dute biharko Zallan.
Gaurko partidarako faborito zergatik zen erakutsi du Jokin Altunak: Jose Javier Zabaletari nagusitasunez irabazi dio beste behin (22-6) eta, gaurkoarekin, 11 neurketa daramatza Eibarko (Gipuzkoa) Astelenan galdu gabe, bi urte pasatxo. Pasa den astean gaizki jokatu zuen Lasoren aurka, baina erakutsi du egun txar bat besterik ez zela izan. Altuna ere hezur-haragizkoa da. Txapelketan bizirik segitzen du. Datorren astean, Astelenan bertan, neurketa erabakiorra jokatuko dute Dariok eta biek: irabazten duena sailkatuko da finalaurrekoetarako. Gaurko emaitzarekin, Lasok ziurtatu du jada lehen postua; atzo 22-11 irabazi zion Errioxakoari. Zabaleta, berriz, aukerarik gabe geratu da. Gaurko lehiak ez du kontatzeko askorik utzi. Zabaleta 0-3 irabazten hasi da, baina Altuna geldiezina izan da sakea berreskuratu duenean (13-3). Nahi zuen moduan ibili da Amezketakoa, eta Zabaleta, berriz, kantxan bere tokia topatu ezinda. Altunak kontrolatu ditu tantoak, eta ia uneoro airez defendatzera behartu du aurkaria. Helburu bikoitza bete du gaur, beraz: irabaztea eta horren gaizki ez dagoela erakustea.
Hirugarren porrota jarraian jaso du Osasunak, azken sei partidetan bosgarrena. Jagoba Arrasateren agurreko denboraldiaren amaiera gazi-gozoa izaten ari da; Lehen Mailan jarraitzea bermatua du taldeak, ezer gutxi du jokoan, baina gaur bezain irudi eskasa ematea ez da gustagarria. 3-0 irabazi dio maila matematikoki galtzeko gutxi falta zaion Granadak. Atzealdean bereziki ahul ibili dira gorritxoak. Lehen minutu motel batzuen ostean, etxekoek gola egin dute Osasunaren atera jaurti duten lehenengo aldian. Bikaina izan da Pellistriren errematea area ertzetik. Golari esker zertxobait esnatu dira nafarrak, eta atsedenaldiaren aurretik bi gol aukera on izan ditu Raul Garciak. Bat Batallak gelditu dio, eta bestea zutinera bidali du. Atsedenalditik, ordea, lo itzuli da Arrasateren taldea, eta hori baliatu du Uzunik 48. minutuan etxekoen bigarrena egiteko. Hortik aurrera Osasunako jokalari bakarra nabarmendu da: Sergio Herrera atezaina. Hargatik ez balitz, are egur handiagoa jasoko zuten bisitariek. Baloi jabetza izan dute, baina Granada eroso zebilen baloia berreskuratzen zuen bakoitzean kontraerasoak egiten. Lucas Boyek azken minutuan sartu du hiru eta hutsekoa. Sailkapen nagusian 11. postuan da Osasuna 39 punturekin. Datorren jardunaldian Betis jasoko du Sadarren.