Natalia Arroyo: «Denen laguntza beharko dugu, hona iristeko behar…
Natalia Arroyo Realeko entrenatzailea eta Nerea Eizagirre kapitaina baikor eta ilusioz agertu dira bihar talde txuri-urdinak Bartzelonaren aurka Zaragozan jokatuko duen Espainiako Kopako finalari begira. Teknikariak honela ikusi ditu jokalariak: «Prest daude, besoa luzatuta aukeratuak izan nahi dutelako. Guztien laguntza beharko dugu, hona iristeko behar izan dugun bezala». Onartu du «tortura bat» dela Bartzelonaren aurkako partidak prestatzea, oso zaila delako mendean hartzea. Baina denboraldi honetan Herritalde Katalanetako taldea estu hartu dute hainbat taldek: Chelseak, Levantek eta Benficak. Horien inguruan galdetuta, ondorengoa esan du. «Argi dago ez garela talde berdinak. Baina neurketa horietan izan diren hainbat egoera baliagarriak izan daitezke biharko finalari begira». Aurreko liga jardunaldian,Teneriferen aurka, emaitza bolada txarra eten ostean, baikor da. «Garaipen batetik gatoz, atea hutsean utzita, eta sendotasun sentsazioarekin. Hori garrantzitsua izango da, ziur, bihar ere sentsazio horiek beharko ditugulako Bartzelonaren aurka». Denboraldi amaieran utziko du taldea, lau denboraldiren ostean. Hori dela eta «barru-barrutik» bizi nahi du finala. «Atzera eginda, asko gogoratzen naiz Anoetako finalerdian nola gozatu nuen jendearekin. Huelvako neurketaz…. Partida horiek guztiak dastatzen saiatu naiz, bizitzen». Gaur gauean egingo duen azken gauzaz galdetuta, hauxe erantzun du: «Nire gertukoak bihar non egongo diren begiratuko dut. Eta, bihar, partida amaitzean, haiengana joango naiz, besarkada bat emateko, beti pozten baitute horrelakoek. Garbiñerekin finalera iritsi ginela ospatzeko eman nuena bezalakoa. Azkenean, egunero sufritzen zaituzten horiek besarkatzeak asko laguntzen du. Babesa eta arnasa horiek ematen dute». Nerea Eizagirrenk, bere aldetik, berretsi du «lasai eta gogoz» daudela. «Eta, zergatik ez, titulu bat etxera eramateko prest», Realak bost final jokatuko ditu azken bost urteetan, eta kapitainak nabarmendu «gauza handia» dela. «Halako egunak bizitzeko egiten gara futbolari. Lau urtean bost final jokatzeak esan nahi du Reala hazten ari dela, ondo ari dela egiten gauzak. Uste dut berezia dela Nataliarentzat azken finala izatea Realarekin. Etorri denetik taldearen identitatea eraiki du, joko estilo bat zehaztu du, jokalari askoren onena ateratzea lortu du, asko eman dio klubari. Guztiok eskertuta egon behar dugu. Harengatik ere are gehiago saiatu behar dugula uste dut. Baita datozen zaletu guztiengatik ere». Finala irabazteko gakotzat jo du partida hasieran ondo eustea.«Neurketa luzea izatea lortu behar dugu, eta atzean sendo, eta aurrean eraginkor egoten. Gainera, ilusioan ez gaitu inork irabaziko». Eizagirrek ere etxekoak izan ditu gogoan. «Nataliari bezala, niri ere asko gustatzen zait non dauden jakitea, partidan zehar ere uneren batean, behar badut, haien begiratua bilatzeko. Aste osoa gurasoen etxean pasatu dut. Data garrantzitsuetan hori egitea gustatzen zait, lasaitasuna eta konfiantza ematen baitidate».



