“Motel” bada ere, lan-karga igotzen doan heinean, konpainiak ahalik eta azkarren “altxatzea” espero du Amurrioko (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) lantegietan indarrean dituzten aldi baterako lan-erregulazioko espedienteak,berez uztailaren amaierara arte aurreikusiak.
KPIak hiru hamarren egin du gora maiatzean, % 3,6raino, eta azpiko inflazioa % 3raino igo da. Argindarraren garestitzeak eta erregaiak iaz baino gutxiago merkatu izanak eragin du, batez ere, urte arteko inflazioaren igoera.
Denboraldiko hirugarren garaikurra lortzeko aurreneko urratsa egin du Bera Berak gaur, Espainiako Ligako finalaren lehen partidan. Atsedenaldira atzetik joan dira donostiarrak, bi golen aldearekin, baina bigarren zatian ikusgarri jokatuta, gailendu egin dira. Larunbatean jokatuko da finalaren itzulerako partida, Elxen (18:15, Teledeporte). Urduri hasi du partida Bera Berak. Pare bat baloi galdu dituzte donostiarrek aurreneko minutuetan, eta bisitarien defentsa gogorra zela medio, kostata lortu dute Elxen aterako bidea aurkitzea. Pixkanaka, baina azkenerako lortu dute Ester Arrojeriaren bitartez bidea zabaltzea. Usurbildarrak etxekoen lehen bi golak sartu ditu. Elxek errazago egin ditu jaurtiketak, baina Maddi Aallarekin egin du topo: bisitarien lehen zortzi saiakeretatik bost gelditu ditu. Lehen minutu horietan nor baino nor gehiago aritu dira bi taldeak, baina inork ez du markagailuan nagusitzea lortu: 5-5 13. minutuan. Bera Berak defentsako lan onarekin egin du gora, baina gehienez ere bi golen aldea izan du (5-3 eta 7-5). Baina erasoan ez du denboraldi amaieran izandako argitasunik erakutsi, eta haien hutsak kontraerasoekin zigortu ditu Elxek. Gainera, bisitarien izarrak agertu dira pixkanaka-pixkanaka, eta partidaren norabidea aldatu dute. Tessa van Zijlek sei gol sartu ditu aurreneko zatian, eta Nicole Moralesek mota guztietako geldiketak egin ditu denbora tarte berean, horietako bi zazpi metroetatik. Horrela, aurretik jarri da Alacanteko taldea, eta bi golen aldearekin joan da atsedenaldira: 11-13. Bigarren zatian, ordea, Bera Berarik onena agertu da. Defentsan sendoago aritu dira donostiarrak, eta horrek korrika egiteko aukera eman die. Aallak ere lan ona egin du atepean, eta 4-1eko partzialak aurretik jarri ditu etxekoak: 15-14. Hutsartea eskatu behar izan du bisitarien teknikariak. Hala ere, olatuaren gainean jarraitu du Bera Berak. Marianne Fernandesek bi gol ikusgarri egin ditu urrunetik, eta Bera Berak ederki baliatu ditu bisitarien bi minutuko zigorrak. Horrela partzial ikusgarria eskuratu du berehala: 9-3. Bisitariek hobetu egin dute erasoan, baina ezin izan dute Fernandes gelditu. Brasildarraren golek ebatzi dute partida, eta Bera Berak jo du lehen kolpea mahai gainean. Larunbatean altxa dezake ligako garaikurra, denboraldiko hirugarrena izan daitekeena.
Ekainaren 9ko Europako Parlamenturako hauteskundeen kanpaina hasi zenetik astebete igaro den honetan, nork bere eredua defendatu du, besteenaren aurka. Hautagaiek ahotan izan zituzten, besteak beste, industriari, lehen sektoreari eta migrazioari lotutako gaiak. EAJ: Politika egiteko eta ulertzeko eredu propioaz harro Jeltzaleek politika ulertzeko eta egiteko duten eredu «bereizgarria» defendatu du EAJko presidente Andoni Ortuzarrek gaur, Amurrion (Araba) egindako ekitaldian. Espainiako alderdi nagusiei kritika egin die Ortuzarrek, eta esan du haiek «espektakulua» eta «lohia» lehenesten dituztela, eta EAJk, berriz, «benetako politika» egiten duela. Eta eredu horren adibidetzat jarri du abiadura handiko trena. Izan ere, atzo Javier Zarzalejos popularren zerrendakideak salatu zuen AHTaren egoera «surrealista» dela, eta errua jeltzaleena eta sozialistena dela. «Azala behar da gero hori esateko», kritikatu du Ortuzarrek, eta gogorarazi eskumena Espainiako Gobernuarena dela, eta PPk eta PSOEk ez dutela ezer egin. Bada, esan du lanak EAJri esker amaituko direla: «Berandu, baina EAJren egoskorkeriari esker izango da Euskadi Europara lotuko duen AHTa». Oihane Agirregoitia EAJren zerrendaburuak, bestalde, industriaren garrantzia azpimarratu du, eta beharrezkotzat jo du «berrindustrializazioren alde» egitea. Hitzeman du Europako ekonomiaren eraldaketa bultzatzen jarraituko duela, deskarbonizazioa eta digitalizazioa ipar hartuta. Alde horretatik, Europak subiranotasun estrategikoa izateko beharra defendatu du: «Guk made in Europe eredua defendatzen dugu». Eta gogorarazi du bihar dela posta bidezko botoa eskatzeko azken eguna. Goizean, berriz, «prestakuntzarik onena duen belaunaldiaren» lan eta bizi baldintzak hobetzeko hiru proposamenak plazaratu ditu Aitana Agirre zerrendakideak: gazteen laneratzea sustatzeko Europako berme sistema indartzea, nazioarteko truke programak sustatzea eta goi mailako tituluen homologazioa azkartzea. EH Bildu: Austeritatearen murru Austeritatearen aurkako mezua zabaldu du Pernando Barrena EH Bilduren hautagaiak gaur, Altsasun (Nafarroa). Ziurtatu du koalizio subiranistak emandako hitza betetzen duela, eta, beraz, ez duela «inola ere» austeritate politikak agintzen dituen hautagairik babestuko Europako Batzordeko lehendakaritzarako. Horien artean dago Ursula von der Leyen, hain zuzen ere; «austeritatearen erregina», Barrenaren hitzetan. Barrenak bere hitzaldia baliatu du EAJri kritika egiteko; izan ere, gogorarazi du duela bost urte haren aldeko botoa eman zuela jeltzaleen europarlamentari zen Izaskun Bilbaok, PSOEk eta PPk bezalaxe. Bada, eskuineko indarrak gelditzeko ezkerreko botoen beharra dagoela esan du Nafarroako parlamentari Laura Aznalek: «Guk ez badugu egiten, haiek egingo dute». Goizean, berriz, egungo NPB Nekazaritza Politika Bateratua aldatzea proposatu du Itxaso Etxebarria zerrendakideak, iritzita ekoizle handiei mesede egiten diela, eta txikiei kalte: «Nekazaritza Politika Bateratua aldatu nahi dugu eraginkorra izan dadin, eta ustiategi txikiak, familiarrak, babesteko eta iraunarazteko balio dezan». Elikadura subiranotasuna lortzeko, lehen sektorea «estrategikoa» dela gogorarazi zuen. Burokrazia arintzeko eta merkatu libreko akordioak berrikusteko eskatu du koalizio subiranistak, Etxebarriak adierazi duenez. Eta kanpotik etorritako produktuei bertakoei ezartzen zaizkien baldintzak eta kontrolak ezartzea ere exijituko du. PSOE: Europa gehiago, eskuin gutxiago Europako Batasunaren proiektuan sakontzeko eta aurrera egiteko beharraz jardun du Idoia Mendia sozialisten zerrendakideak. Eta adierazi du «alderdi kontserbadoreak» alboratu egin behar direla horretarako, PP barne, iraganera itzuli nahi dutenei «ateak zabaldu» dizkielako. Mendiaren hitzetan, EBk ezin du orain arte lortutakoa galdu, eta «demokraziari, justizia sozialari eta merkatu bakarrari» eustea eskatu du: «Europak aurrerabiderako funtsezko motorra izan behar du, eta eragina izan behar du jokaleku geopolitiko berrian». Mendiaren ustez, hori dago jokoan ekainaren 9ko bozetan. Baina gogorarazi du zein den hartu beharreko norabidea: «Europa gehiago». Adierazi du Europako Parlamentuan gehiengo aurrerakoi bat izanda soilik lor daitekeela hori, eta hori bermatuko duen bakarra Alderdi Sozialista dela. Bilbon egindako ekitaldian alboan izan ditu, hain justu ere, Joaquin Almunia Europako Batzordeko presidente ohia eta Ramon Jauregi europarlamentaria. Popularren aurkako mezua izan du ahotan Elena Sancho zerrendakideak ere. Nafarroako hautagaiak salatu du eskuineko indarren ingurumen politiketan «interes ekonomikoak» nagusitzen direla, herritarren ongizatearen eta osasunaren aurretik. Eta autogintzaren elektrifikazioa «zalantzan» jarri izana egotzi dio. «PPk ez du jasangarritasun politiketan sinisten: gelditzen ez baditugu, planeta suntsituko dute», ohartarazi du Sanchok. Sumar: Militarismoaren aurka Sumarren zerrendaburu Estrella Galan Gernikan (Bizkaia) izan da gaur, alderdikideekin eta Andeka Larrea zerrendakidearekin batera. Bakearen Museoa bisitatu ostean, bakea, giza eskubideak eta elkartasuna aldarrikatu ditu Gazarako, Sahararako eta Ukrainarako. Galanek adierazi du herriek defendatzeko eskubidea dutela, baina militarismoa ezin dela lehentasuna izan: «Gastu militarra handitzea ezin da izan Europako ezein gobernuren lehentasuna». Eta kritikatu egin du Ukrainara armak bidaltzeko Espainiako Gobernuak asteon sinatu duen akordioa. Larreak, berriz, ohartarazi du eskuin muturraren diskurtsoek arriskuan jartzen dituztela bakea eta elkarbizitza. PP: Migrazio politika berri baten eske Alderdi Popularrak Getxora (Bizkaia) eraman du kanpaina, elkartasuna adierazteko joan den asteburuan labana sartuta hil zuten gaztearen senideei, eta eskatzeko migrazio politika errotik aldatu dadila. Carlos Iturgaiz zerrendakideak ohartarazi du segurtasuna «arriskuan» jartzen duen «legez kanpoko migrazioan» esku hartu behar dela, egoera «jasanezina» delako. Esan du EBren «erronka nagusia» dela legez kanpoko migrazioa geldiarazteko «presazko neurriak» hartzea, Europako mugak «mafien» kontrolpean daudelako gaur egun. UPN: «Nahi duzuenaren alde bozkatu» UPNren boto paperik ez da izango ekainaren 9ko bozetan, PPk uko egin baitzion UPNko ordezkariak zerrendan sartzeari. Hala, Cristina Ibarrolak nahi dutenaren alde bozkatzeko askatasuna eman die hautesleei: «Arrazoizkoena da askatasuna ematea eta gure oinarriekin eta balioekin bat egiten duen aukeraren alde egitea». Nafarrak, espainiarrak eta europarrak direla gogorarazi du, eta «sektarismoen, nazionalismoen eta populismoen aurka» daudela.
Alaben kontrako sexu erasoak salatu dituzten gurasoek uste dute Getxoko Europa ikastetxea (Bizkaia) «berandu» aritu dela eta gertatutakoa «estaltzen» saiatu dela. Atzo EITBri egindako adierazpen batzuetan, ametako batek esan zuen eskolak irailaren 15etik zeukala gertatutakoaren berri, orduantxe esan baitzion ikaslearen tutoreari neskatoa «atal intimoak gorriturik» itzultzen zela etxera. Guraso horren arabera, ikastetxearen erantzuna izan zen neskatoa «ongi artaturik» zegoela, dena «ongi» zegoela eta ez zeukala kezkatzeko arrazoirik. Auzia salatzeko, Algortako Mugimendu Feministak elkarretaratzea egin du arratsaldean, Malakate parkean. Protesta jendetsua izan da. Lehenik eta behin, babesa adierazi diete haurrei eta haien familiei. Ohartarazi dute Getxokoak ez direla «kasu bakanak», sistema oso baten ondorioa baizik: «Eraso hauek sistema patriarkalaren beste erakusgarri bat dira, haurren aurkako erasoak ere indarkeria matxista dira eta; horrenbestez, haurren aurkako indarkeria sistema bortxatzaile eta hiltzaile honen adierazgarri ere bada, zisheteropatriarkatua da». Eskolako zuzendaritzak bilera izan zuen atzo Haur Hezkuntzako ikasleen gurasoekin, eta han ere azaleratu ziren gurasoen kexak. Vocento taldeak plazaratu duenez, bilera horretan zenbait gurasok ikastetxeko zuzendaritzari aurpegiratu zioten «berandu» erreakzionatu izana, lehenengo susmoak duela zenbait aste agertu baitziren; eta adierazi zuten lehenengo salaketa iritsi zenean «auzia estaltzen» ahalegindu zirela. Halaber, gurasoek salatu dute lehenengo salaketa jarri zuen amari «pozik» ez bazegoen «eskolatik joateko gonbita» egin ziotela. Ingeleseko irakaslea Salatutako irakaslea 30 urte inguruko gizonezko ingeles bat da, eta murgiltze programetan aritzen zen, ingelesa irakasten. Hiru urte zeramatzan ikastetxean beharrean: lehenengo bi urteetan tarteka aritu zen, eta azken urtean, berriz, modu erregularragoan jardun du. Oraindik ez dute jakinarazi irakasleak jaioterrian aurrekaririk edo salaketarik ba ote zuen. Haren kontrako lehen salaketa asteazkenean jarri zuten: umea Gurutzetako erietxera eraman zuten (Barakaldo, Bizkaia), eta han zerbitzu medikoek baieztatu zuten sexu abusuak pairatu zituen zantzuak zituela. Astelehen honetan beste hiru ikasleren gurasoek ere salaketa jarri zuten: neskatoen sintomak eta kontakizunak antzekoak ziren kasu guztietan. Gurasoek azaldu dutenez, badaude beste bi kasu gutxienez, baina bi ume horien gurasoek ez dute salaketarik jarri oraindik.
Auzitegi Gorenaren epai batek bitarteko langileak automatikoki finko egitea baztertu eta biharamunean, Eusko Jaurlaritzak ziurtatu du enplegu publikoa egonkortzeko bere prozesuek “segurtasun juridikoa” dutela.
Dozenaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Tolosan (Gipuzkoa), osteopata batek egindako sexu erasoak salatu dituzten emakumeei adierazteko sinesten dietela, haiekin daudela eta haiekin egongo direla. Orain arte, hamar emakumek salatu dituzte sexu erasoak. Tolosaldeko Mugimendu Feministak eta eskualdeko 23 udalek bat egin dute deialdian. Ez dutela inolako sexu erasorik onartuko nabarmendu dute. Nik sinisten dizut. Guk sinisten dizuegu leloa hautatu dute protestarako. Tolosako Emakumeon Plazan egin dute. Osteopata urtarrilaren 21ean atxilotu zuten, bi emakumezkok —horietako bat adingabea zen— haren aurkako salaketa jarri eta gero, baina karguekin aske utzi zuten ondoren. Hala ere, antzeko kasu gehiago egon zitezkeen susmoa hartuta, salaketa jartzeko era dagoela gogorarazi zuen Ertzaintzak. Eta halaxe izan zen: ondorengo egunetan beste lau andrazkok jo zuten Poliziarengana salaketa jartzera; guztira, seik. Biktimei entzun ostean, fiskalak gizona espetxeratzeko agindua eman zuen; «balizko zigorren larritasuna» nabarmendu zuen, eta ihes egiteko arriskua zegoela. Biktimek kontatu dute osteopatak ukituak egiten zizkiela, kontsultan harekin bakarrik egoten zirela baliatuta: gutxinaka, gizonaren manipulazioa eremu intimoetara iristen zen, horretarako inolako baimenik gabe. Aduna, Alkiza, Alegia, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Gaztelu, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa eta Zizurkilgo udalek eta Tolosaldeko Mugimendu Feministak sostengatu dute gaurko mobilizazioa.