Europako Parlamenturako hauteskundeak igaro eta biharamunera lortu dute EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzaren gobernu programa osatzeko aurreakordio bat. Alderdiek zabaldu dutenez, EAJren eta PSEren ordezkariek «ongizatean, aurrerabidean, autogobernuan zein Euskadi globala eraldatzeko bidean aurrera egiteko» oinarriak adostu dituzte. Aurreakordio horren edukiak gaur eman zaizkie ezagutzera bi alderdietako batzorde eragileei, EAJren Aberri Batzarrak koalizio gobernua berretsi eta PSE-EEk bere militantziari kontsulta egin aurretik. Okerrik ezean, Imanol Pradales EAJko hautagaia hilaren 20an izendatuko dute Eusko Jaurlaritzako lehendakari. Aste eta erdi falta da horretarako, eta EAJ eta PSE-EE gobernu programari eta osaketari buruzkoak negoziatzen ari ziren. Zabaldu duten hitzarmenean, adierazi dute biek bat egiten dutela helburu berean: «ongizate mailan hazi beharra dagoela, Euskadiren eraldaketari ekin behar zaiola munduan gertatzen ari diren aldaketa globalei erantzuna emateko, nazioartean protagonismoa eta presentzia irabaziz». Horretarako, «estatutu itun berri baterako akordioa lortzea» proposatu dute, «autogobernuan aurrera egiteko eta Euskadiren aurrerabideari laguntzeko». Bien artean, 75 eserlekutik 39 dituzte Eusko Legebiltzarrean; hau da, gehiengo osoa. Oraingoz, alderdiek ez dute eman xehetasunik Jaurlaritzaren osaketaren inguruan. Jeltzaleek eta sozialistek nabarmendu dute «aberastasuna sortzeak eta banatzeak dakarten erronkari erantzun» behar diola, «gizartean desparekotasun egoerak borrokatuz» eta zenbait «eraldaketari» aurre egiteko ere; horien artean aipatu dituzte «demografiaren erronka, transformazio digitala, ekonomia jasangarria eta aldaketak enpleguan». «Ahalik eta akordiorik zabalena» EAJk eta PSE-EEk itunean jaso dituzte autogobernuaren arloko bi helburu: «Euskadiri aitortzen zaion Autogobernua osorik transferitzea» eta «Euskadin zein [Espainiako] Estatuan, etorkizunerako Autogobernua negoziatzea eta onestea». Horretarako, konpromisoa adierazi dute «ahalik eta akordiorik zabalena» lortzeko, «bai euskal erakundeetan, bai eta Gorte Orokorretan, ondoren euskal herriak berretsia izan dadin». Gainera, munduan eta Europan «euskal interesak sustatzea eta bultzatzea» jarri dute lehentasunen artean, «Euskadiren nazioartekotzeak etorkizunera begira planteatzen dituen aukerak baliatzeko». HELBURUAK Osasuna. «Kalitate goreneko» osasun publikoa bermatzea, «Europako erreferente izateko». Zerbitzu sozialak. Zaintza eredu berri baterako herri ituna lortzea. Etxebizitza. Etxebizitza lortzeko aukerak hobetzea, «batez ere gazteen artean». Hezkuntza. Eskola publikoa erreferente izatea eta Hezkuntza Legea garatzea. Euskara. Helburua «edonon, edonoiz», euskararen erabilera arlo guztietan ahalbidetzea. Industria. Berrindustrializazioa bultzatzea, EAE Europako berrikuntza foku izatea. Lehen sektorea eta arrantza. Haren etorkizuna bermatzea. Trantsizio energetikoa. Karbono neutraltasuneranzko urratsekin jarraitzea. Ekonomia zirkularra: Eredu hori bultzatzea, «hazkunde jasangarria ahalbidetzeko». Memoria: Iragan historiko eta hurbilaren memoria kritikoa bultzatzen segitzea. Estatutu itun berria. «Ahalik eta konpromiso zabalena» lortzeko konpromisoa, legebiltzarrean zein gorteetan.
Kostata, baina Gasteiz antzokiak pixka bat irekiago dauzka ateak. Gasteizko Udala eta Lazarraga kultur elkartea gaur arratsaldean batzartu dira, eta akordio bat lortu dute Gasteiz antzokia zabaltzeko. Bi aldeek adostu dutenez, kultur elkarteak bost urteko epean ordainduko du zorra, eta adostutako hitzarmenean «hainbat egokitzapen» egingo dituzte egitasmoa «lehenbailehen» martxan jartzeko. Maider Etxebarria alkatea pozik agertu da: «Pauso honi esker, Gasteizen bultzada handia emango diogu euskarazko kulturaren garapenari. Horren bidez, legealdi honetarako gure gain hartutako konpromiso bat bete eta hiri proiektua berme osoz jarriko dugu abian, beti defendatu eta alkatetzara iritsi ginenetik horrenbeste landu dugun moduan». Bestalde, Lazarraga kultur elkarteko lehendakari Lukas Etxeberriak azaldu du elkartea itxaropentsu dagoela akordioarekin: «Batetik, Gasteiz antzokia – Euskararen Etxea proiektuaren korapiloa askatzen asmatu dugulako, eta, alde horretatik, espero dugu egungo udalarekin elkarlan zintzoa lortuko dela halako beste egoera bat ez izateko». Bestetik, pozarren agertu da «Gasteizen, berriro ere, kultura sortzeko eta euskal kulturaz gozatzeko aukera izango dugulako Izaskun Arrue kulturgunean». Akordioa 2024ko hitzarmena sinatzean jarriko da abian, eta «laster» hasiko dira jarduerak programatzen. Horretarako, udalak 325.000 euroko diru laguntza emango du urtebeterako. Hasiera batean, 350.000 euro ematekoak ziren. Akordioa sinatuagatik ere, Lazarraga kultur elkarteak 112.817 euro itzuli beharko ditu iazko «jarduera faltagatik». Iaz jasotako diru laguntza da bueltatu beharko duena. Alea hedabidearen arabera, bost urteko epea izango du zorra kitatzeko, eta hilean 2.000 ero inguru ordainduko dituzte. Borroka luzea Duela urtebete zabalduta egon behar zuen Gasteiz antzokiak –Izaskun Arrue kulturgunea du izen ofiziala–, baina itxita dago oraindik. Euskalgintzak behin eta berriz eskatu du antzokia irekitzeko, Gasteizen euskararen arnasgune izan behar duelakoan. Esaterako, martxoan, euskalgintzako hamahiru eragilek ohar bat argitaratu zuten, Gasteizko Udalari eskatzeko antzokia «lehenbailehen» irekitzeko. Halaber, handik egun batzuetara, aldarrikapen bertsua egin zuten euskara, kultura eta kazetaritza arloko ehundik gora pertsona ezagunek. Ordea, udalak behin eta berriz atzeratu du antzokiaren irekiera eguna, azpiegitura eta baliabide teknikoak falta zituela argudiatuta, eta bitartean Lazarraga elkarteak, antzokia hitzemandako datan zabalduko zelakoan, kudeaketari lotutako gastuetara bideratu du diru laguntzaren zati bat. Apirilean, Gasteizko Udaleko kontu hartzaileak iazko diru laguntzaren likidazioaren berri eman zion elkarteari: udalari 112.817 euro pasatxo bueltatzeko eskatu zion. Elkartea behin baino gehiagotan kexatu izan da horregatik, eta proiektua zalantzan zegoela ere esan zuten. Alea hedabidearen esanetan, hitzarmenen berrian «hainbat egokitzapen» egingo dituzte «2023ko diru zuriketan gertatutako arazoak berriz ere gertatu ez daitezen».
Kataluniako alderdi subiranistek milioi bat boto inguru galdu dituzte azken hamarkadan, eta gehiengoa ere galdu berri dute Kataluniako Parlamentuan. Halere, hurrengo legegintzaldian ere gehiengoa edukiko dute hango Mahaian. Juntsek, ERC Esquerra Republicanak eta CUPek akordio bat egin dute, eta Juntseko Josep Rull aukeratu dute ganberako presidente. Independentistentzat garrantzitsua da Mahaiaren kontrolari eustea, taldeko organo horrek erabakitzen baitu, besteak beste, zeri buruz eztabaidatzen den; hau da, agenda ezartzen du. PSCko hiru kide, Juntseko bi eta ERCko beste bi izango dira Mahaian. Nolanahi ere, PPk eta Voxek iragarri dute helegitea jarriko dutela Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, gaurko osoko bilkuran erabakitakoa bertan behera uzteko. Izan ere, boto telematikoaren kontra PSCk iaz jarritako babes helegite bati erantzunez, Konstituzionalak betoa ezarri die Juntsen bi diputatu erbesteratuei: debekatu egin die Carles Puigdemonti eta Lluis Puigi. Botoa delegatzea eta telematikoki bozkatzea. Konstituzionalak joan den astean kaleratutako sententziaren arabera, badira salbuespenak, ez da beharrezkoa beti aurrez aurre bozkatzea, baina bi parlamentari horiek ez daude salbuetsita, «beren borondatez erabaki baitute Espainiako zigor jurisdikzioaren ekinbideari ihes egitea». Baina Adin Mahaiak hala erabakita, Puigdemontek eta Puigek botoa delegatu ahal izan dute. Organo horri dagokio parlamentua osatzeko saioa zuzentzea presidentea aukeratuta ez dagoenean, eta hiru kide ditu: parlamentari zaharrena du presidente, eta bi gazteenak idazkari. Kasu honetan, Agustin Colominas (Junts), Mar Besses (ERC Esquerra Republicana) eta Julia Calvet (Vox) izan dira, hurrenez hurren, eta, ganberaren arautegiaren 95. artikuluari helduz, erabaki dute botoa delegatzeko aukera ematea erbesteratuei, nahiz eta Voxekoa kontra egon. Desobedientzia egotz diezaiekete. Bigarren bozketan aukeratu dute Rull. Aurrenekoan, ERC, CUP eta Aliantza Katalana ez beste alderdi guztiek beren presidentegaia aurkeztu dute, baina inor ez da gai izan gehiengoa osoa, hau da, 68 boto lortzeko. Bigarrengoan nahikoa zen gehiengo soilarekin. Lehen bozketan zuri bozkatu dute ERCk eta CUPek; bigarrenean, ordea, ERCko 20 diputatuek eta CUPeko laurek bat egin dute Juntsen 35ekin, eta, orduan, 59 bildu ditu Rullek. PSCko Silvia Panequek 42 lortu ditu, bere alderdiarenak, PPk, Voxek eta Comuns Sumarrek zuri bozkatu baitute — Aliantza Katalanaren botoak baliogabeak izan dira—. Convergenciako historiko bat Kontuan hartuta ganberako alderdi unionistak ahalegindu direla azken urteetan katalanaren estatusari eta, besteak beste, lurralde auziari buruzko eztabaidak eragozten, eta, horretarako, Espainiako epaileak lagun izan dituztela batzuetan, ganberako presidentetza eta Mahaiaren osaketa zehazteko orduan agenda subiranistari bide ematea lehenetsi dute Juntsek, ERCk eta CUPek, ikuspegi desberdinak izan arren agenda horretako auziei heltzeko orduan. «Errepresioaren kontrako Mahaia» deitu diote hiru indarrek. Comuns Sumarrekoak ere horretan parte hartzera deitu ditu CUPek azken egunetan, baina zuri bozkatzea erabaki dute. Bide batez: familia independentisten artean adostasuna lortzeko modua ematen duen figura bat da Rull. MAHAIA Presidentea: Josep Rull (Junts) Lehen presidenteordea: Raquel Sans (ERC) Bigarren presidenteordea: David Perez (PSC) Lehen idazkaria: Gloria Freixa (Junts) Bigarren idazkaria: Juli Fernandez (ERC) Hirugarren idazkaria: Rosa Maria Ibarra (PSC) Laugarren idazkaria: Judith Alcala (PSC) Behin parlamentua osatuta, hamar lanegun edukiko dituzte inbestidurarako presidentegai bat proposatzeko eta saioa egiteko; epe hori hilaren 25ean bukatuko da. Tarte horretan, talde parlamentarioetako ordezkariekin bilduko da ganberako presidentea, jakin ahal izateko nork edukiko lukeen babes gehien. Ondoren, izen bat plazaratuko du. Presidentetza Juntsen esku egonda, litekeena da Puigdemont proposatzea, nahiz eta amnistia legea oraindik ez den indarrean sartu eta erbestean jarraitzen duen. Testua aste honetan da BOE Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratua izatekoa, eta epaileek bi hilabete edukiko dituzte aplikatzeko. [articles:2125028] Mahairako itun bat lortu izanak ez du esan nahi ERCk eta CUPek Puigdemonten inbestidura babestuko dutenik, inondik ere. Oso zail izango du datozen hamabost egunetan Kataluniara itzultzea, amnistia onartuta ere Tsunamiaren auzia oztopo izan daiteke-eta horretarako. Hori bai, lehen inbestidura saioa egiten duten egunean inor izendatzeko gai ez badira, atzerako kontaketa hasiko dute, eta bi hilabete edukiko dituzte Generalitateko presidentea aukeratzeko; lortzen ez badute, bozetara deituko dute berriro. Rullek 55 urte ditu, eta Convergenciaren historikoetako bat da. Generalitateko Lurralde Antolaketako kontseilaria zen Espainiako Gobernuak konstituzioaren 155. artikulua ezarri eta Kataluniako autogobernua baliogabetu zuenean, 2017ko urrian. Beste buruzagi independentista batzuekin batera, behin-behinean kartzelatu zuten 2018ko martxoan, eta 2019ko urrian hamar urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak, sedizio delitua egotzita. Moncloak buruzagi horientzako indultuak onartu zituen, eta 2021eko ekainean atera zen kartzelatik. Kataluniako Parlamenturako azken hauteskunde kanpainako debateetan, Juntsen ordezkaria izan zen, Puigdemont presidentegaiak, erbestean egonik, ez zuelako horietan parte hartu.
BBVAk akziodunei helarazi dizkie Sabadell erosteak gizartearentzat dituen onurak. Espainiako Gobernua proiektuaren aurka agertu arren, BBVAko presidenteak ziurtzat jo du azkenean bat-egitea egongo dela.
Lehen hitzarmen probintziala aldarrikatzen duen 35. greba eguna da. Langileek kalejira egingo dute goizean Gasteizko Plaza Berritik Foru Aldundira, eta
arratsalderako manifestazioa antolatu dute 18:30ean Bilbo plazatik abiatuta. Besteak beste negoziazioan aurrepausorik ez dagoela salatu nahi dute.
Europako Parlamenturako hauteskundeek EB Europako Batasuneko paisaia politikoa ordenatu dute berriz ere. Duela bost urte albiste izan ziren, batetik, bipartidismoak lehen aldiz gehiengo osoa galdu zuela; eta, bestetik, ekologistek gora egin zutela. Aurten, berriz, bestelakoa izango da indar oreka: ganberak eskuinera egingo du nabarmen, EAP Europako Alderdi Popularrak bozak berriz irabazi eta ordezkaritza handitu duelako, eta, batez ere, ultraeskuineko indar politikoek gora egin dutelako. S&D Sozialisten eta Demokraten Aliantza Progresistak eta RE Renew Europeko liberalek, berriz, behera egin dute, baina Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak azken legegintzaldian izan duen gehiengo osoa —kontserbadoreek, sozialistek eta liberalek osatzen dutena— ez dago kolokan. Behin-behineko emaitzen arabera, EAPk 720 aulkietatik 191 izango ditu —hamabost gehiago—, eta haren atzetik geratuko dira S&D, 135 eserlekurekin (-4), eta RE, 83 eurodiputaturekin (-19); hori bai, behera egin arren, liberalak oraindik ere hirugarren indarra izango dira Europako Parlamentuan. Hortaz, hiru horien ordezkaritzak gehituz gero, Von der Leyenek segurtatuta ditu aulkien %56, eta, beraz, Europako Batzordeko presidente karguan jarraitzea. REren atzetik geratu da ECR Europako Kontserbadoreak eta Erreformistak —alderdi ultrakontserbadoreek eta ultraeskuindarrek osatzen dute—, eta emaitza hori da eskuin muturrekoen gorakadaren erakusleetako bat; ECR seigarren indarra izan zen joan den legegintzaldian, eta orain laugarrena izango da, 71 aulkirekin (+2). Horren ondoren dago, hortaz, ID Identitatea eta Demokrazia, eskuin muturreko beste alderdi batzuek osatzen duten taldea; IDren kasuan, 57 eurodiputatu dira (+8). Eta hori aintzat harturik AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdia jada ez dagoela talde parlamentario horretan, duela gutxi bota zutelako, muturrekoegia zelakoan. Hain justu, AfDren emaitzak eta, besteak beste, Hungariako Fidesz Demokrata Gazteen Federazioak jaso duen babesa ere kontuan hartu behar dira ultraeskuinekoen gorakada neurtzeko, inskribatu gabekoen multzoan baitaude egun; horiek horrela, eskuin muturrekoek, behin-behineko emaitzen arabera, aulkien laurdena ditu. Ikusteko dago, beraz, datorren legegintzaldian nola osatuko dituzten Europako Parlamentuko talde parlamentarioak, eta bi alderdi horiek zeinen parte bilakatzen diren. EAPk, gainera, erabaki beharko du zer egin: S&Drekin eta RErekin jarraitu, ala eskuinean dituen alderdietako batzuekin aliatu, Von der Leyenek berak kanpainan iradoki modura. Erlazionatuta Muturren aurka egingo dutela adierazi du Von der Leyenek Hori izango baita datozen asteetako eztabaidetako bat, eta buruzagien arteko negoziazioen erdigunean egongo dena. Eskuin muturrekoek pisu handiagoa izango dute, EBko estatu kide askotan gora egin baitute horien aldeko boto kopuruek; are, alderdi ultraeskuindar guztien ordezkaritzak gehituz gero, bigarren indarra dira ultraeskuindarrak, 150 bat aulkirekin. Eskuin muturrekoen gorakada kolpe bat da europazaleentzat, baina hazkunde hori mugatua izan da kanpainan esandakoekin eta esperotakoekin alderatuz gero. Finean, ez da ultraeskuindarrek EBren egunerokoan eragina eta pisua izateko nahi zuten adinakoa izango. Hori bai, azken bi hamarkadetako goranzko joerari eutsi diote, eta hori, bere horretan, kezkarako arrazoia da talde komunitarioan. Besteak beste, alderdi horiek EBko sei herrialderik garrantzitsuenetan indartsu aritu direlako: ehun eurodiputatu inguru lituzkete Alemaniako, Espainiako, Frantziako, Herbehereetako, Italiako eta Poloniako ordezkaritzak gehituz gero; eta soilik horiekin Europako Parlamentuko hirugarren indarra dira. Eskuin muturra bost estatutan garaile Behin-behineko emaitzak estatuka aztertuz gero, eskuin muturrak Austrian —FPO Austriako Askatasunaren Alderdia—, Belgikan —VB Interes Flandriarra—, Frantzian —RN Batasun Nazionala—, Hungarian —Fidesz— eta Italian —FdI Italiako Anaiak— irabazi ditu Europako Parlamenturako bozak. %51 Parte hartzea zenbatekoa izan den. Europako Parlamenturako hauteskundeetan parte hartzea %51koa izan da, behin-behineko datuen arabera; 2019an %50,66koa izan zen. Gainera, ultraeskuinekoak bigarren indarra izan dira Alemanian —AfD—, Herbehereetan —PVV Askatasunaren Aldeko Alderdia— eta Polonian —PiS Legea eta Justizia—, eta beste hainbatetan gora egin dute; tartean, Espainian —Vox hirugarrena izan da—. Europako Parlamentuaren beste aldean, Berdeak-EFA Europako Aliantza Librea eta GUE/NGL Europako Ezker Unitarioa/Ezker Berde Nordikoa talde parlamentarioek ordezkaritza txikiagoak izango dituzte datorren legegintzaldian: Berdeak-EFA talde parlamentarioak 53 eserleku izango ditu (-19), eta GUE/NGLk, 35 aulki (-2). Ordezkaritzarik handiena duten alderdiak: CDU/CSU (Alemania, EAPkoa): 31 eserleku (+2). RN (Frantzia, IDkoa): 30 eserleku (+7). FdI (Italia, ECRkoa): 23 eserleku (+18). PP (Espainia, EAPkoa): 22 eserleku (+9). PSOE (Espainia, S&Dkoa): 20 eserleku (-1). PD (Italia, S&Dkoa): 19 eserleku (=). PiS (Polonia, ECRkoa): 19 eserleku (-2). AfD (Alemania, talderik gabea): 16 eserleku (+5).
Europako Parlamenturako boz gehien Alderdi Sozialistak lortu ditu Hego Euskal Herrian: 300.082. PSOE lehen indarra izan da Araban, Bizkaian eta Nafarroan. Bigarren indarra EH Bildu izan da, 276.692 botorekin, lehenengoz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EAJren aurretik geratuta, eta azken herrialde horretan lehen indarra izanda. EAJ barnean duen CEUS koalizioa izan da hirugarren indarra, 202.778 botorekin. Horrenbestez, EH Bilduren azken hauteskunde zikloaren goranzko joera berretsi egin da, eta jelkideen beheranzkoa ere bai. Abstentzioa %50ekoa izan da. Idoia Mendia eta Elena Santxo europarlamentari izango dira alderdi sozialistarekin. Pernando Barrena Orain Errepublikak koalizioarekin Europan izango da, eta EAJk ere lortu du eserlekuari eustea Oihane Agirregoitiarekin. Hegoaldeko laugarren indarra Alderdi Popularra izan da 172.770 botorekin. Javier Zarzalejos eurodiputatu izango da. Voxek, berriz, 40.556 boto jaso ditu, eta Sumar eta Podemos atzetik geratu dira, 38.469 eta 36.113 boto eskuratuta, hurrenez hurren. Pernando Barrena eta Arnaldo Otegi Iruñeko ekitaldian. VILLAR LOPEZ / EFE Sozialistak nagusi Araban, Bizkaian eta Nafarroan Araban Alderdi Sozialistak irabazi ditu hauteskundeak, 36.280 boto eskuratuta. EH Bildu bigarren indarra izan da, 26.933rekin. PP da hirugarren, 22.000 botorekin eta jelkideak laugarren geratu dira, 19.122 botorekin. Voxek bosgarren lekua eskuratu du 4.952 botorekin. Atzetik daude Sumar eta Podemos, 4.722 eta 4.565 botorekin, hurrenez hurren. Bizkaian, Bilbon ere alderdi sozialistak irabazi du. Bizkaian 122.087 boto lortu ditu. EAJ izan da bigarren, 117.784 botorekin. Hirugarren indarra EH Bildu da, 104.845 botorekin. Laugarren indarrera koxka handiagoa dago. Alderdi Popularra da, 53.665 botorekin. Sumar, Podemos eta Vox atzetik doaz, 15.274, 14.761 eta 12.393 botorekin, hurrenez hurren. Gipuzkoan EH Bildu argi nagusitu da, 96.133 botorekin. Bigarren indarra PSOE izan da, 66.717 botorekin eta hirugarrena, koxka batera EAJ, 57.626 botorekin. PPk 23.946 boto lortu ditu, eta atzetik Sumar, Podemos eta Vox, 8.426, 8.378 eta 5.926 botorekin. Hiriburuan PSOEk irabazi du, 20.954 botorekin. EH Bildu bigarren indarra izan da 18.184 botora, eta EAJ hirugarren indarra izan da, 13.560 botora geratuta. Herrialdean, Albizturren eta Hondarribian baino ez du irabazi EAJk. PSE-EEk, hiriburuaz gain, Irun, Zumarraga eta Eibarren irabazi du. Gainerako herri guztietan EH Bildu gailendu da. Nafarroan Alderdi Sozialista nagusitu da. 74.861 boto lortu ditu eta 2.000 botora geratu da Alderdi Popularra. EH Bildu hirugarren indarra izan da 48.762 botorekin. Vox, Sumar eta Podemos geratu dira atzetik, 17.238, 10.017 eta 8.394 botorekin. Horien atzetik geratu da CEUS koaliziopean Geroa Bai, 8.230 botorekin. Iruñean PPk irabazi du, eta Alderdi Sozialista 4.000 botora geratu da, bigarren. Hirugarren indarra EH Bildu izan da, 15.898 botorekin. Nabarmentzekoa da EAJren emaitza Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 194.504 boto lortuta, jeltzaleen inoizko emaitzarik txarrenak dira. 201.809 bototan zuen EAJk zorua, 1989ko Europako hauteskundeetan ezarria. CEUS, erdira Duela bost urteko Europako Parlamenturako bozetan lehen indarra izan zen CEUS, 406.197 botorekin. Alderdi Sozialista bigarren indarra izan zen 305.630rekin. Eta hirugarren, Orain Errepublika, 300.191 boto. Bost urtera, irauli egin dira emaitzak. Alderdi Sozialista lehen indarra izan da, 300.000 botorekin. Bigarrena Orain Errepublika 25.000 boto gutxiagorekin eta hirugarren geratu da CEUS duela bost urteko boto kopuruen erdia lortuta, 202.000 boto. Iparraldean Batasun Nazionala nagusi Eskuin muturra da lehen indarra Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herri anitzetan. Pirinio Atlantikoetako prefeturak jakinarazi dituen emaitzen arabera, 92 herritan gailendu da Batasun Nazionala. Horien artean dira hainbat herri nagusi, hala nola, Baiona, Angelu, Donibane Lohizune, Senpere, Uztaritze, Kanbo eta Hazparne. Rennaissance izan da lehen indarra Donibane Garazin eta PS-Place Publique Maulen. Herritarren %53,67ek parte hartu dute. Orotara, 29.516 boto lortu ditu Batasun Nazionalak Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan. Emmanuel Macron Frantziako presidentearen Rennaissance alderdia iritsi da ondoren, 22.182 botorekin eta PS-Place Publique zerrendak 21.498 boto bildu ditu. Apalago gelditu dira gainerako zerrendak: Jean Lassalle diputatu ohia buru zuen Landa Aliantzak 10.138 boto eskuratu ditu, Errepublikanoek 9.205 boto eta Europa Ekologiak 8.899 boto. Frantzia Intsumisoak azkenik 7.517 herritarren babesa izan du. Eric Zemmour eskuin muturreko polemistaren zerrenda eta Frantziako Alderdi Komunista iritsi dira ondoren, hurrenez hurren, 7.366 eta 3.233 boto eskuratuta. IKUSI GEHIAGO EMAITZAK Euskal Herriko emaitzak herriz herri Euskal Herriko zazpi lurraldeetan elkarrekin bozkatu dute Europako Parlamenturako hauteskundeetan dozenaka herritarrek. 18:00etarako itxi dituzte hauteslekuak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, eta 20:00 bukatu zaie bozkatzeko aukera Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Bestelako gorabeherarik gabe iragan da bozka eguna.
«Nafarroa maritimoan [Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa] lehen indarra gara». Horrela ospatu du Arnaldo Otegi EH Bilduko buruzagiak Pernando Barrenak Europako Parlamentuan duen eserlekua berretsi eta Hego Euskal Herrian bigarren indarra izatea. Are gehiago, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako botoak soilik kontuan hartuz gero, lehen indar politikoa da EH Bildu. Hori dela eta, azken urtean izandako hauteskundeetan Hego Euskal Herrian egon den «ziklo aldaketa» berresten dela adierazi du Otegik: «Ziklo politikoa aldatu da gure herrian eta hau [Europako Parlamenturako bozak] horren beste froga bat da». Otegik esan du Barrena «Euskal Herriko enbaxadorea» izango dela Bruselan. Barrena ekitaldi berean mintzatu da. Eurodiputatuak Bruselan eta Estrasburgon (Frantzia) eserlekua mantenduta «misioa bete» dutela azpimarratu du, baina, datozen bost urteei begira Orain errepublikak koalizioak izango duen xede nagusietako bat azaldu du: «Estaturik gabeko Europako beste nazioekin batera elkarlanean aritzea izateko eskubidearen alde lan egiteko». «Garaipen handia» izan dela aldarrikatu du Barrenak; are gehiago, «askatasunean bizi nahi duten euskal herritarren garaipena» izan dela esan du. Hala ere, bidea egiteko geratzen zaiela nabarmendu du: «Hau [Europako Parlamenturako bozak] etapa bat da soilik, herri honen askatasuna den tour handia irabazi nahi dugu». Irribarreak ez dira soilik EH Bilduk Iruñean egin duen ekitaldian agertu. PSE-EEk ere ospakizun zaporeko adierazpenak egin ditu. Eneko Andueza alderdiko buruak izandako emaitza «bikainak» azpimarratu ditu, Bizkaian, Araban, Gasteizen, Bilbon eta Donostian irabazi baitute sozialistek. «Gure lanari, koherentziari eta printzipioei egindako aitortza da emaitza», gaineratu du Anduezak. Nafarroan ere emaitza onak izan dituzte sozialistek. Maria Txibite gobernuko lehendakariak botoetan izandako egoera nabarmendu du: «2014ko emaitzak bikoiztu egin ditugu. Herritarren %14en botoa jaso genuen, eta orain %29koa». EAJ, abstentzioak kalteturik Sabin etxean, ordea, ez dira hain pozik agertu. Europako Parlamentuan eserlekua mantentzea lortu du CEUS koalizioak, eta EAJ Euskadiko Alderdi Jeltzaleko Oihane Agirregoitia Bruselan eta Estrasburgon egongo da, baina kolpea hartu du alderdiak boto kopuruari dagokionez. EBB Euskadi Buru Batzarreko lehendakari Andoni Ortuzarrek abstentzioari eta «boto erabilgarriari» bota die emaitzen errua —EAJk inoiz izan dituen txarrenak—. Haren aburuz, hauteskunde kanpaina «ez da erreza izan»: «[Espainiako Presidente Pedro] Sanchezen eta [PP Alderdi Popularreko presidentetzarako hautagai Alberto Nuñez] Feijooren arteko erreferendum bat bezala planteatu dituzte hauteskundeak eta Europa bigarren plano batean geratu da». Emaitza hobeak espero zituztela onartu du Ortuzarrek; hala ere, Agirregoitia Europako Parlamentuan «Euskadiko ahotsa» izango delako pozik dagoela adierazi du. Eurodiputatuak «Euskadiko interesez gain» CEUS koalizioarekin batera joan diren alderdien nazioen alde egingo duela nabarmendu du EBBko lehendakariak, Galizia edota Kanariar Irlak, esaterako.