Hamasek AEBen plana onartu ezean, Trumpek bidea libre utziko…
«Honakoa egun historikoa da bakearentzat». Hainbatetan errepikatu du azken hitz hori Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak gaur Etxe Zurian emandako prentsaurrekoan, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa alboan zuela. «Bakea» ez Gazarako bakarrik, baita Ekialde Hurbilerako ere. Trumpek mahai gainean jarri du zerrendarako plan bat, eta, horren arabera, aldi baterako behintzat Gazak ez luke izango administrazio burujabe bat; nazioarteko zenbait agintarik gainbegiratuko lukete «trantsizio» gobernu hori, eta Trump bera izango litzateke begiraleetako bat. Israel ados da plan horrekin, eta orain Hamasen onespena besterik ez zaio falta AEBetako presidenteari, azaldu duenez: «Espero dut [Hamasekin] akordioa lortzea, gainontzeko guztiek onartu dute-eta dagoeneko. Hamasek ez badu onartzen, bakarrik daude». Netanyahuk hartu du hitza Trump eta gero: «Begi onez ikusten dut Gazako gerra amaitzeko plana». Hamasek bahituak askatuz eta armak utziz gero, zerrendak «hasiera berri bat» izango duela nabarmendu du. Mehatxu ere egin dio talde islamistari, azken hark plana baztertuz gero: «Hasi genuen lana amaituko dugu geure kasa, modu errazean edo zailean. Nahiago dugu erraza, baina, azkenerako, amaitu, amaitu behar da». AEBetako presidentea iritzi berekoa da: «Hamasek akordioa baztertuz gero, Israelek nire babesa izango du Hamas suntsitzeko», erantsi du. Agintariek kazetarien galderei erantzuteke egin dute ospa prentsaurrekotik. Prentsaurrekoaren ondoren jaso du Hamasek Washingtonen hogei ataleko proposamena, Egiptoren eta Qatarren eskutik —AEBez ez ezik, bi herrialde horiek aritu dira bitartekari lanetan—. Proposamen horren arabera, Hamasek zerrendan gatibu jarraitzen duten 48 bahituak askatuko lituzke hiru eguneko epean; Israelek, berriz, heriotza zigorra duten 250 kondenatu eta 1.700 preso askatuko lituzke. Talde islamistako milizianoei Gazatik alde egiteko aukera emango liekete, edo amnistiatu egingo lituzkete, armak utzi eta «bizikidetza baketsuaren» alde egingo balute. Planteamenduari jarraituz, bide emango liokete laguntza humanitarioa zerrendan sartzeari, eta Nazio Batuen Erakundearen agentziak, Ilargi Gorria eta gobernuz kanpoko erakundeak arduratuko lirateke laguntza hori banatzeaz; bertan behera geratuko litzateke, hortaz, Gaza Humanitarian Foundationen esku hartzea, maiatzaren amaieratik laguntza banatzeaz arduratu den mertzenarioen erakundea, AEBen eta Israelen babesarekin. Zerrenda hegoaldeko Rafah pasabidea ere irekiko lukete. Bestalde, Israelgo armadak erasoak etengo lituzke berehala, eta Gaza utziko luke faseka; herrialde islamiarrek eta arabiarrek zerrenda desmilitarizatzeko asmoa dutela erantsi du Trumpek. Israelgo armadaren ordez, herrialde arabiarrek eta islamiarrek osatutako Nazioarteko Egonkortze Indarra deiturikoa arduratuko litzateke zerrendako «segurtasunaz». Testuinguru horretan garatuko litzateke Palestinaren autodeterminaziorako «bide sinesgarria», finean hori baita palestinarren asmoa, AEBen planean zehaztu dutenez; Washingtonek israeldarren eta palestinarren arteko «dialogoa» ezarriko luke. Izan ere, proposamenean jaso dute inor ere ez dutela «behartuko» zerrenda uztera, eta berreraiki egingo dutela. ATEA IREKI DIOTE NETANYAHU INDULTATZEARI Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa indultatzeari atea ireki dio gaur Isaac Herzog herrialdeko presidenteak. Aintzat hartu behar da Netanyahu hiru kasutan dagoela auzipetuta, ustelkeria egotzita. Bada Herzog armadaren irrati katean elkarrizketatu dute gaur, eta zera esan du. «Indultu bat ematea eskatzen badidate, kontuan hartuko dut»; eta areago joan da: «Netanyahuren auziak zama astuna dira sistemarentzat: gogaikarriak dira, eta enbarazu egiten dute». Iazko abendutik, Netanyahuk astero bi aldiz joan beharra dauka deklaratzera; datorren azarotik aurrera, hirutan. Halere, izan «segurtasun nazionala» argudiatuta, izan osasun arrazoiak planteatuta, lehen ministroa hainbatetan ez da deklaratzera joan. Netanyahu da karguan dagoen bitartean auzipetutako Israelgo lehen gobernuburua. Esan izan du haren aurkako «sorgin ehiza bat» antolatua duela «sakoneko estatuak». Maizterra, agintean Planaren arabera, Gazaren gobernabidean ez lukete lekurik izango ez Hamasek eta ez PAN Palestinako Aginte Nazionalak; PANek agindu nahi izanez gero, «berrikusketa erradikal» bat beharko duela adierazi du Netanyahuk. Palestinarrek eta nazioarteko adituek osatutako batzorde bat izendatuko lukete, eta horrek aginduko luke «transizio» aldi baterako. Batzorde hori, gainera, Bakerako Mahaia izeneko erakundeak gainbegiratuko luke. Trump izango luke buru, eta zenbait estatuburuk-eta osatuko lukete. AEBetako presidenteak esan zuen «datozen egunetan» iragarriko dituztela mahai horretako gainontzeko kideak, baina izen bat aurreratu zuen: Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohia (1997-2007). Blairrek, hain zuzen, George W. Bush AEBetako presidente ohiak (2001-2009) 2003an Irak inbaditzeko zuen intentzioa babestu zuen Jose Maria Aznar Espainiako presidente zenarekin batera (1996-2004), nahiz eta hori argudiatzeko probak faltsuak izan. «Nazioarteko erakunde hau arrakastatsua baldin bada, orduan gerra amaituko dugu behin betiko», esan du Netanyahuk, prentsaurrekoan. Hamasek, ordea, ez du begi onez ikusten nazioartearen esku hartzea. Taher al-Nono Hamaseko ordezkariak gaur adierazi du, Reuters agentziari bidalitako ohar batean, ez dituztela onartuko Washingtonen proposamenetako batzuk: «Adostu genuen gerraren ondoren Gaza kudeatzeko batzorde bat osatzea, Palestinako fakzioen [armatuen] ordezkaritzarik gabekoa. Baina ez dugu onartuko gure jendeari atzerriko begiralea inposatzea». Trumpek trantsizio gobernua zuzentzea, hortaz, «onartezina» da talde islamistarentzat: «Palestinarrak kapaz dira euren kabuz gobernatzeko». Al-Nonok erantsi duenez, «Zisjordania eta Gaza administratuko dituen gobernu teknokrata bat» sortzearen alde dago Hamas, «batasun politikoa eta lurralde kohesioa bermatzeko». Armagabetzeaz ere idatzi zuen talde islamistako ordezkariak: «Palestinako erresistentziaren armak palestinarren okupazioari eta defentsari daude lotuta; okupazioa amaituz gero, eta Palestinako Estatua ezarriz gero, estatu horren parte bihurtuko dira arma horiek». Bestalde, Etxe Zuriak jakinarazi zuen, ohar bidez, Trumpek eta Netanyahuk Mohammed bin Abdulrahman Al-Thani Qatarko lehen ministroarekin hitz egin zutela bilera erdian, telefono bidez. Israelgo lehen ministroak, «damututa», barkamena eskatu zion Qatarko bere homologoari, herrialde horren subiranotasuna urratzeagatik Dohan zeuden Hamaseko lider batzuen kontrako erasoa eginez —talde islamistako bost kide ez ezik, Qatarko segurtasun langile bat ere hil zen irail honetako bonbardaketan—. Netanyahuren kabineteko muturreko kideek ez zuten begi onez ikusi lehen ministroaren barkamena. Itamar Ben-Gvir Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministroak sare sozialetan esan zuen Dohako erasoa «justua bezain morala» izan zela, eta Qatarrek «terrorismoa babesten, finantzatzen eta hauspotzen» duela. NBEko herrialdeen %80 inguruk aitortzen dute Palestina estatu gisa, eta aitortza horren oihartzuna are ozenagoa izan zen lehengo astean, Batzar Nagusian. Mendebaldeko herrialde gehienak bi estaturen konponbidearen alde posizionatu dira. Trumpek adierazi zuen lehengo astean Netanyahuri ez diola utziko Zisjordania anexionatzen. Washingtonen zerrendarako planak zehazten du Israelek ez duela Gaza okupatuko edo anexionatuko; ez du ezer aipatzen, ordea, Zisjordaniaz. Eta, bitartean, Israelek segitzen du Gaza bonbardatzen. Al-Jazeera hedabideak hango Osasun Ministerioko iturriak aipatuz atzo kaleratu zuenez, atzo gutxienez 33 palestinar hil zituzten erasoetan; 2023ko urriaren 7az geroztik, 66.000 pasa dira Israelen erasoetan Gazako zerrendan hil direnak.