Estatu kolpe ahalegina Bolivian
Boliviako armadako fakzio bat gobernuaren kontra matxinatu da, eta barrikadak altxatu ditu La Paz hiriburuan. Luis Arce presidenteak «tropa mugimendu irregularrak» gertatzen ari zirela erran du, eta «estatu kolpe ahalegin baten parte» zirela. Militarrek gobernuaren egoitza inguratu dute, Murillo plazaren sarrera guztiak kontrolpean hartuta, eta egoitzaren sarrerako hesia bota dute tanke batekin. Telebistan zuzenean ikusi ahal izan da Arcek eta Juan Jose Zuñiga militar matxinoen buruak izan duten aurrez aurrekoa. Presidenteak amore emateko agindu dio jeneralari, eta ea jaramon eginen ote dion galdetu dio. «Ez», erantzun dio jeneralak. Zuñigak El Murillo plazan bildu diren kazetariei adierazi die «aberria berreskuratzeko asmoa» zutela. Gobernu osoa aldatzeko exijitu du, eta ziurtatu du «indar guztiak mobilizatuta» zeudela. Arcerekin aurrez aurrekoa izan ondotik plazara itzuli da, eta ibilgailu blindatu batean sartu da. Herritar anitz bildu dira El Murillo plazaren inguruan, eta kolpearen aurkako leloak oihukatzen hasi dira. Arcek berak dei egin die herritarrei «estatu kolpearen kontra eta demokraziaren alde» mobilizatzeko, eta gobernuaren egoitzan eutsiko ziola hitz eman du. Bertan, armadako goi buruzagi berriak izendatu ditu, eta, hori egin ondotik, Zuñiga jeneralak eta haren aldekoek El Murillo plaza utzi dute. Kolpe ahaleginaren berri izan eta berehala nazioarteko agintari anitzek babesa agertu diote Arceri. Horien artean, Luis Almagro AEE Ameriketako Estatuen Erakundeko presidenteak, eta Kolonbiako, Brasilgo, Mexikoko, Hondurasko eta Kubako estatuburuek. «Ez dugu onartuko Bolivian ordena konstituzionala xehatzea», adierazi du Almagrok. Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuak ere kolpea gaitzetsi du.



