Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak Espainiako Gobernuaren ustezko “iritzi aldaketa” kritikatu du, eta aukerarik onena Ezkio-Itsasokoa dela esan du.
Oraindik ere txapeldun olinpikoa da Richard Carapaz (Education First), baina Tokion lorturiko garaipena ezingo du Parisen berritu. Bi aste barru jokatuko da errepideko proba, eta Carapazek ez du parte hartuko, Ekuadorreko federazioaren erabakiz. Bada, dominen mina arindu du gaur, Tourrean aurrenekoz gailenduta. Oso etapa nekagarria izan da: txirrindulariak jo eta su aritu dira, eta 120 kilometro behar izan dituzte ihesaldia erabat osatzeko. Ekuadortarra aurrean sartu da, eta Simon Yatesekin (Jayco) buruz buruko ederra izan du Noyerren, eguneko mendaterik gogorrenean. Gailendu egin zaio tontorrera bidean, eta aldeak handitu egin ditu Superdevoluyko igoeran. Azkenean, Carapazek 37 segundoko aldeaz irabazi dio Yatesi. Hirugarren, berriz, Enric Mas (Movistar) izan da, 57 segundora. Hiru mendate zituen etapak, eta hirurak azken txanpan zeuden. Hara iritsi arte, sasiordekan jardun dute txirrindulariek. Askok egin nahi zuten ihes, horretarako oso etapa aproposa baitzen, eta sekulako ziztuan irentsi dituzte kilometroak. Faboritoek oso erne aritu behar izan dute, tropela behin baino gehiagotan zatitu baita. Gero lasaitzera egin dute, ihesaldia egonkortu ahala. Igoeretan su etena egon zitekeen indartsuenen artean. Bada, ez: Tadej Pogacar (UAE) oldartu egin da Noyerren, eta esloveniarraren erasoak Jonas Vingegaarden (Visma) ezina bistaratu du. Hori ikusirik, hazi egin da Remco Evenepoel (Soudal), eta lehen bi sailkatuak atzean utzi ditu Superdevoluyra bidean: hamar segundo atera dizkio Pogacarri, eta hamabi Vingegaardi. Podiuma nahiko ziurtatua duenez, Vingegaard aurreratzea izan daiteke flandriarraren erronka berria. 1.58ra du oraingoz. Ordekan bikain moldatzen diren lau txirrindularik egin dute ihes etaparen hasieran: Tiesj Benootek (Visma), Magnus Cort Nielsenek (Uno-X), Bob Jungelsek (Bora) eta Romain Gregoirek (Groupama). Tropelean hamaika eraso izan da, baina aurreko laukotea bikain defendatu da mendateetara iritsi aurretik. Anabasa handia izan da multzo nagusian: eraso batek bestea zapuzten zuen. Azkenean, 48 txirrindulariko tropel txiki batek hartu du aurrea, helmugarako 54 kilometro eskas falta zirela. Carapaz, Yates eta Mas ziren multzoko eskalatzailerik onenak, eta halaxe erakutsi dute amaierako mendateetan. Bayarden ez dira mugitu; Noyerrerako gorde dituzte indarrak. Yates izan da sua pizten lehena, baina kontraeraso ikusgarria egin du Carapazek: lehenik harrapatu, eta gero atzeratu egin du Yates. Mas atzerago zihoan. Oraindik Superdevoluyko mendatea gelditzen zitzaien, baina ez da joera aldaketarik izan: Carapaz izan da helmugara iristen lehena. Tourreko etapa irabazleei domina bat ematen zaie, beraz, ekuadortarrak badu zer kolkoratu. Evenepoelek, berriz, mokadu txiki bat ahoratu du, nagusian aurretik dituen bi ziklistei kosk egin ostean. Lehenik, Pogacarrek erakutsi ditu letaginak. Ezin izan dio inork ihardetsi esloveniarrak Noyerren egindako erasoari. Haatik, Evenepoel Vingegaard baino hobe moldatu da. Danimarkarrak ihesean aritutako zenbait taldekide zituen aurretik, eta lanean jarri ditu. Azken igoerara elkarrekin iritsi dira hiru piztiak, eta Evenepoelek anbizioz jokatu du. Buruzagia baino bi minutu geroago helmugaratu da Mikel Landa (Soudal), beste hautagai askorekin batera. Eutsi egin dio bosgarren postuari. Bihar ere ihesaldiak arrakasta izango du ziurrenik, Gap eta Barcelonnette artean jokatuko den etapan. Hirugarren mailako bost mendatetan gora egin beharko dute. SAILKAPENAK HAMAZAZPIGARREN ETAPA 1. Richard Carapaz (Education First) 4.06.13 2. Simon Yates (Jayco) 37ra 3. Enric Mas (Movistar) 57ra 4. Laurens de Plus (Ineos) 1.44ra 5. Oscar Onley (DSM) 1.44ra 6. Guillaume Martin (Cofidis) 2.36ra 7. Magnus Cort (UnoX) 2.38ra 8. Wout Poels (Bahrain) 2.39ra 9. Jordan Jegat (Total) 2.39ra 10. Alex Aranburu (Movistar) 2.39ra 11. Toms Skujins (Lidl) 2.39ra NAGUSIA 1. Tadej Pogacar (UAE) 70.21.27 2. Jonas Vingegaard (Visma) 3.11ra 3. Remco Evenepoel (Soudal) 5.09ra 4. Joao Almeida (UAE) 12.57ra 5. Mikel Landa (Soudal) 13.24ra 6. Carlos Rodriguez (Ineos) 13.30era 7. Adam Yates (UAE) 15.41era 8. Giulio Ciccone (Lidl) 17.51ra 9. Derek Gee (Israel) 18.15era 10. Santiago Buitrago (Bahrain) 18.35era 11. Felix Gall (Decathlon) 19.04ra
Baionako besten biharamunean, herriko kontseilura sartu dira Ipar Euskal Herriko mugimendu feministako kideak, bestetan gertatzen diren erasoen gaineko «kontzientzia hartze kolektibo baten premia larriaz» ohartarazteko. Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak bestei buruz egindako balorazioa gaitzetsi dute, eta «sexu erasoak gutxietsi eta ikusezin bilakatzea» leporatu diote Baionako Herriko Etxeari. «Erakundeek bortizkeria aintzat hartzea galdegiten dugu, eta horri aurre egiteko ekintza zehatzak aitzinera eramatea». Atzo egin zuten besten balorazioa erakundeetako ordezkariek Baionako Suprefeturan, eta Etxegaraik erran zuen giro «onean» iragan direla. Ez zuten bost egunez izan diren sexu erasoen kopururik jakinarazi, baina Jerome Bourrier Baionako prokuradorea «satisfos» agertu zen aurtengo bestetan ez delako salaketarik izan sexu erasoengatik edota bortxaketengatik, «seinalatzeak bakarrik». Itaia emakumeen antolakunde sozialistak, haatik, hamahiru sexu eraso zenbatu ditu, eta elkarretaratzea egin zuen igandean. Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak bere egin du zenbaki hori, eta bortxaketaren kulturaren parte bilakatu izana egotzi die erakundeei, gisa horretako bestak kudeaketa egokirik gabe antolatu eta bermatzen dituelako. [EKINTZA] Iparraldeko talde feministak hitza hartu nahi izan dute Baionako Kontseiluan. Baionako besten bilana “ez dela ona” salatu dute. Ateak hetsi dituzte bilkura segitzeko gisan. pic.twitter.com/1jvyA3JqCw — Euskal Irratiak (@euskalirratiak) July 17, 2024 2023ko azaroan mahai inguru bat egin zuten, eta hainbat elkartek oroitarazi zioten herriko etxeari bestetarako protokolo argi eta egoki baten beharra zegoela. «Iazko bestetan eskumuturrekoen salmentari esker soilik 140.000 euroren irabaziak izan baziren ere, egun indarrean den prebentzio politika ez da aski», adierazi dute feministek. «Badakigu zer behar den; protokoloak existitzen dira eta erabiliak dira: PAFen protokoloa, Babesgunea, Patxa plazaren funtzionamendua, GABen safe tokia eta 2032 kolektiboaren ekimenak. Premiazkoa da horiek errespetatzea». Pirinio Atlantikoetako Prefeturak Angela dispositiboa jarri du martxan erasoei buru egin eta prebentzio lana egiteko. Horren inguruan egin duten komunikazioa «gehiegizkoa» izan dela iritzi diote, «jakinik dispositibo hori ez dela tokiko errealitateari egokitua». Herriko etxeak mugimendu feminista instrumentalizatu duela erran dute. «Bide hori bertan behera utzi behar du, eta, behingoz, neurri zehatzak hartzen hasi. Arazoa egiturazkoa da. Kontzientzia hartze kolektibo baterako deia egiten diogu». Gizarteari antolatzeko deia egin diote: «Lotu gure dinamikara, elkarrekintza da gure indarra. Era kolektibo batean babestu behar dugu elkar, aske eta seguru ibili ahal izateko». Horrez gain, besten bilana egiteko herriko etxeak irailerako deitua duen herriko kontseiluan hitza hartu ahal izatea eskatu diote Etxegarairi: «Hautetsi jaun-andreok, elkarrizketarako gonbidapenari uko egiten badiozue, ziur egon edozer gertatzen dela ere gure ahotsak eta aldarrikapenak entzunen dituzuela iraila arte eta irailetik goiti», abisatu dute.
Ticket Bai sistemak erabat nahastu du giroa Gasteizen, Blusen egunerako zortzi egun eta Andre Maria Zuriaren jaietarako bi aste falta direla. Izan ere, Gasteizko Txosna Batzordeak salatu du Arabako Foru Aldundiak Ticket Bai sistemara atxikitzera derrigortu nahi dituela, eta ohartarazi dute baldintza horrekin aurten ezingo dutela txosnarik jarri. Txosna Batzordeak adierazi du jai herrikoiak beste edozein jarduera ekonomikorekin parekatu nahi dituela aldundiak. Uste dute hori «bidegabea» eta «arduragabea» dela, urte luzez iraun duen eta «erreferente» den jai eredua «kolokan» jar dezakeelako. Izan ere, gogorarazi dute txosnen atzean «borondatezko lana» dagoela. «43 urtetan milaka izan dira Gasteizko Txosnetan modu batean ala bestean ekarpen boluntarioa egin duten gasteiztarrak, eta beste hainbeste izan dira guneaz eta eskaintzaz gozatu duten herritarrak», adierazi dute batzordeko kideek, aldundiaren aurrean egin duten agerraldian. Eta zera gehitu dute: «Egun, ezingo genituzke Gasteizko jaiak txosna gabe ulertu». Gogorarazi dute, halaber, jada kontzertu eta ekitaldi eskaintza sorta bat prest dutela bi aste barru hasiko diren jaietarako —abuztuaren 3tik 9ra arteko egitaraua prestatu dute—. Horregatik, ulertezin zaie orain aldundiak txosnen jarduerari «trabak» jarri izana; are gutxiago, zerga iruzurraren «aitzakia» erabilita. Bada, aldundiari «arduraz jokatzeko» eta erabakian atzera egiteko eskatu diote: «Borondate politikoa eskatzen diogu aldundiari, jai herrikoiak ez oztopatzeko eta aterabidea erdiesteko». Aldundia, tinko erabakian Arabako Foru Aldundiak, baina, tinko eusten dio erabakiari, eta ez dirudi atzera egingo duenik. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak egunotan behin eta berriz errepikatu baitu Ticket Bai sistema erabiltzea «derrigorrezkoa» dela, «salbuetsita daudela egiaztatzen ez badute». Izan ere, iruzurrari aurre egiteko eta jardun ekonomikoa kontrolatzeko indarrean den arauak salbuespen batzuk jasotzen ditu. Esaterako, Ticket Bai erabiltzetik salbuetsita daude irabazi-asmorik gabeko erakundeak eta sozietate zerga ordaintzetik salbuetsita daudenak. Hor sartzen dira, besteak beste, kultur, kirol edo gizarte elkarteak, betiere interes orokorreko jarduerak dituztenak. Egoitza fiskala Arabatik kanpo duten elkarteak ere salbuetsita daude Ticket Bai erabiltzetik. Edozein kasutan, salbuespena ez da modu automatikoan ezartzen; elkarte edo zergadun bakoitzaren esku geratzen da ogasunarekin egiaztatzea. Gainontzean, behartuta egongo dira erabiltzera. Izan ere, Gonzalezek gogorarazi du salbuespena zergadunari dagokiola, eta ez jarduerari: «Ez dago ezberdintasunik txosnen eta beste edozein jarduera ekonomikoren artean». Izan ere Araban, Bizkaian bezala, txosnak jarduera ekonomiko gisa hartzen dira. Hala gogorarazi zuen aldundiak, ohar bidez: «Jarduera ekonomikotzat hartzen dira jendeari oro har edariak eta janaria saltzea, bai eta elkartearen egoitzan edo aldi baterako esparruetan programatzen diren ikuskizunetarako sarrerak saltzea ere, hala nola txosnak edo azoka txikiak». Horrek esan nahi du derrigortuta daudela ez soilik faktura elektronikoaren sistema —Ticket Bai— erabiltzera, baita jarduera ekonomikoaren aitorpena egin eta dagokion zerga ordaintzera ere. Maiatzaren amaieran, Bizkaiko jai herrikoien aldeko mugimenduko jai batzordeek gaitzetsi egin zuten 2025etik aurrera Ticket Bai derrigorrez erabili behar izatea, haien ustez, jai herrikoiak «arriskuan» jarriko dituelako. [articles:1340013]
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak Sozietateen gaineko Zerga % 17tik % 15era jaistea aztertuko duela esan du, baina Ondarearen gaineko Zerga kentzea errefusatu du.
68 urteko mendizale bilbotar bat hil da Riañon (Espainia), istripuz. Gizonezkoa Gilbo mendira igo da senitartekoekin, baina bidetik aldendu egin da, eta, ikusita ez zela itzultzen, senideek larrialdi zerbitzuetara deitu dute. Guardia Zibilak puntatik ehun metro ingurura aurkitu du gorpua, amilduta. Itxuraz, istripu bat izan da. Gizonezkoa erretiratuta zegoen, eta Deustu auzoan bizi zen.
Guztira hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak eskatu dituzte zazpi baztandarrendako, 2021eko apirilean Lekarozen (Baztan, Nafarroa) egin zituzten protesta batzuk direla eta. Aroztegiko obrak geldiarazteko egin zituzten kanpaldiengatik, zehazki. «Talde kriminal antolatu bat izatea eta derrigortze eta bortxa delituak egitea leporatzen zaigu Aroztegiko kanpaldian parte hartzeagatik. Lotsagarria da», adierazi dute. Agerraldi bat egin dute Lekarozen, gaur arratsaldean, herritar andanaren babesarekin; zazpi auzipetuetatik bost agertu dira, eta 270 herritarren babesa jaso dute. Palacio de Arozteguia SM enpresaren proiektu urbanistikoari aurre egiteko batu ziren herritarrak, enpresa sustatzaileak luxuzko 228 etxebizitza, golf zelai bat eta lau izarreko hotel bat eraiki nahi zituelako 350 biztanleko herri horretan. Azaldu dute «espekulazioaren mamurru beltzak makinekin eta haiendako espresuki egindako legeak errespetatu gabe» iritsi zirela Lekarozko lurretara. Horri aurre egiteko asmoz, Euskal Herriko bazter askotatik jendea batu, eta kanpaldi «koloretsu eta desobedientea» egin zuten, «basakeria» hura geldiarazteko. «Guk argi dugu epaiketa politiko honetan herritarrek beren burua eta lurrak defendatzeko duten konpromisoa eta gaitasuna zigortu nahi dutela», gehitu dute. Uste baitute «lurraren, kulturaren, hizkuntzaren eta bizitzaren defentsan» desobedientziaren alde egiten dutenei «errepresioarekin» erantzuten dietela. «Bortxaz Aroztegiko parajeak ebatsi nahi dizkigute, bortxaz gure haritz zaharrak botarazi dituzte, bortxaz gure beharrei erantzuten ez dien eredu bat inposatu nahi digute, eta bortxaz epaitegietarat igortzen gaituzte». Euskal Herriko eragile eta norbanakoei elkartasunez erantzutera dei egin diete, eta, horretarako, aroztegia_elkartasuna@ni.eus helbidea prestatu dute. «Zazpi gara auzipetuak, baina zigorra herri oso baten kontrakoa da». [articles:1307960] UGEPa, indarrean UGEP udalerriz gaindiko eragina duen planaren afera ere gogora ekarri dute agerraldian. Uste dute egungo egoera Nafarroako Gobernuak sortu duela, «baztandarrei sor-gor eginez», eta, hortaz, hari dagokiola «UGEPa bertan behera uztea eta ebatsitako lurrak nekazariei eta Baztango Batzar Nagusiari itzultzea». Bederatzi urte daramatzate baztandarrek tresna horren kontra egin nahian. 2015eko hauteskundeetarako bortz egun bakarrik falta zirenean, Yolanda Barcinaren gobernuak proiektuaren UGEPa tramitatzea onartu zuen —oraindik indarrean dago—. Tresna horren bidez, Baztango Udalak lur horien gainean zituen hirigintza arloko konpetentziak bertan behera gelditu ziren, eta Nafarroako Gobernuaren eskuetara pasatu. Hau da, udalak ez du erabakitzeko gaitasunik. 2015eko mugimendu haren ondotik, UPNk gobernua galdu zuen, eta Geroa Bairen esku gelditu zen. Horrek, ordea, apenas izan zuen eraginik, Uxue Barkosen alderdiak Aroztegiko proiektua defenditu baitu, bai Baztanen bai Nafarroan. Auzia gatazka iturri izan da Baztango Udalean, proiektuaren alde eta kontra lerratu izan direlako alderdiak: EH Bildu eta Baztango Ezkerra kontra, eta UPN eta Geroa Bai alde. Herritar gehienak ere proiektuaren kontra agertu dira: 2016an herri galdeketa bat egin zuten: herritarren %27,7k parte hartu zuten, eta horietatik %82,8k adierazi zuten proiektuaren kontra zeudela. Oposizioak oposizio, 2021ean obrak hasi zituzten, baina orain auzipetu dituzten herritarrek, bertze hainbatekin batera, geldiarazi egin zituzten. Kalifikazioak Nahiz eta zigor eskariak orain iritsi diren eta UGEPak ia hamar urteko historia duen, 2008an abiatu zen Aroztegiko proiektua. Urte hartan, enpresa sustatzaileak 45 hektarea lur erosi zituen, laborantzarakoak. Baztango Udalak ーorduan Nafarroa Baik zuen alkatetzaー, ordea, lursailen kalifikazioa aldatu zuen, eta hiri lurzoru izendatu. Lekarozko herria eta Baztan erabaki horren kontra agertu ziren. Urtebete geroago, hirigintza planari buruzko kontsulta egin zuten Lekarozen, eta gehiengo osoz gailendu zen kontrako iritzia. Urte bereko azaroan Aroztegia eta gero zer? herri plataformak alegazioak aurkeztu zituen Baztango Udalean. 2013ko urrian helegitea onartu, eta Lekarozko lursailen kalifikazioa baliogabetu zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Enpresak, baina, ez zuen amore eman, eta hurrengo urteko abenduan zenbait aldaketa egin zituen proiektuan. Horiek aintzat hartuta, lursailen kalifikazio aldaketa onartu zuen gobernuak.