Aurreko hiruhilekoaren aldean, 0,42 puntu jaitsi da EAEn eta 1,4 Nafarroan. Hala ere, iazko hiruhileko berarekin alderatuta, gora egin du apur bat EAEn eta beheranzko joerarekin jarraitzen du Nafarroan.
Europako Batzordeak beste behin egin dio errieta Espainiako Estatuari bere lan araudia dela eta. Oraingo honetan ez da sektore publikoan dagoen behin-behinekotasun handiarengatik, baizik eta funtzionarioen eta aldi baterako langileen arteko desberdinkeriagatik. Bi hilabete eman dizkio arazoak konpontzeko. 2014an hasi zuen Europako Batzordeak Espainiaren aurkako prozedura aldi baterako langile publikoen diskriminazioarengatik, baina orduz gero araudian hobekuntzak izan direla aitortu du. Edonola ere, uste du Espainiaren lan araudia oraindik ez datorrela guztiz bat 1999ko zuzentarau batekin. Haren arabera, onartezina da aldi baterako langile publikoek lan baldintza okerragoak izatea postua ziurtatuta daukatenek baino. Eta Espainiako legedian oraindik arazoak ikusten ditu Bruselak. Zehazki, hiru gai hauek aipatu ditu: lan baimenak, antzinatasuna kalkulatzeko irizpideak, eta lanbide karrerak. Hiru arlo horietan «baldintza okerragoak dituzte aldi baterako langileek», esaten du Europako Batzordeak Espainiako Gobernuari gaur igorritako gutunak. «Aurkitutako akatsak zuzentzeko», bi hilabete eman dizkio Bruselak Madrili. Hala egiten ez badu, beste urrats bat egingo dute EBko zerbitzuek: iritzi arrazoitua izeneko prozedura abiatuko dute; hau da, Espainiari eskaera formal bat egingo diote bere legedia alda dezan. Beste bi hilabeteko epea zabalduko luke eskaera horrek, eta haren bukaeran, aldaketarik ez balego, Bruselak Espainiaren aurkako salaketa jarriko luke Europako Batasuneko Justizia Auzitegian. Beste prozedura batzuk Aldi baterako langile publikoen lan baldintzetan ez ezik, beste gai batzuetan ere Espainiak ez du betetzen Europako Batasunaren legedi komuna, hala nola pentsio planetan, bankuak berregituratzeko prozeduretan, zerbitzu digitaletan eta aire nabigazioan. Ohi den moduan, ohartarazpen horiek beste herrialde batzuei ere egin dizkie Europako Batzordeak. Gainera, gai batzuetan, Bruselaren errieta herrialde guztietara iristen da. Horrelakoak dira atzo jakinarazitako bi. Lehenik, zigor prozedura ireki die Austria ez beste estatu kide guztiei, CO2 emisioen salerosketaren zuzentaraua osorik ez betetzeagatik. Iazko ekainean jarri zen indarrean zuzentarau horren azken eguneratzea, eta, haren bitartez, sektore berriek ordaindu beharko dute karbono tasa: etxebizitzetako berokuntza sistemek, errepide bidezko garraioak eta industriaren beste atal batzuek. Bigarren prozeduran ez da salbuespen bakar bat ere. Bruselak EBko 27 kideak ohartarazi ditu hondakinen bilketan eta birziklatzean finkatutako helburuak ez betetzeagatik. EBko zuzentarauak dio beiraren, paperaren eta kartoiaren %60 birziklatu behar dela, eta metalen %50. Helburu apalagoak dituzte plastikoek (%22,5) eta egurrak (%15). Aparailu elektrikoen eta elektronikoen hondakinak bereizita biltzeko zuzentaraua ere ez dute bete EBko kideek. Araudiak dio aurreko hiru urteetan saldutako aparailuen pisuaren %65 gutxienez jaso behar direla birziklatze zentroetan.
Emakume bat hil eta sei bidaiari zauritu dira Lemoan (Bizkaia) izandako auto istripu larri batean. Hiru autok elkar jo dute N-240 errepidean. Ertzaintzak ikerketa ireki du istripuaren nondik norakoak argitzeko. Gainerakoan ere egun zaila izan da errepidean. Auto ilara luzeak izan dira Lapurdi eta Gipuzkoa artean, AP-8ko ordainlekuetan, goizean. Hiru kilometrokoak izan dira Gipuzkoarako noranzkoan, eta bikoak Lapurdirakoan. Bizkaitik Kantabriarako (Espainia) bidean ere auto ilara luzeak izan dira eguerdian. Hiru kilometroko auto ilarak izan dira, halaber, Armiñonen, Araban, Burgoserako noranzkoan, Espainiarantz.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak adierazitakoaren arabera, Getxoko Algorta auzoan (Bizkaia) speed eta estasi laborategi bat desegin du Ertzaintzak, ikerketa baten ostean, eta lau pertsona atxilotu ditu. 46 eta 50 urteko bi gizon eta 39 eta 53 urteko bi emakume dira atxilotuak, eta osasun publikoaren aurka egitea, armak legez kontra edukitzea eta talde kriminal baten parte izatea egotzi diete. Jakinarazi dutenez, apirilean hasi zuten ikerketa, eta deskubritu zuten Algortako etxebizitza batean droga fabrikatzen eta banatzen zutela, eta astelehenean egin zuten polizia operazioa, berriro droga fabrikatzen ari zirela susmatu zutenean. Etxean bi gizon eta emakume bat atxilotu zituzten, eta gero ustez haiekin harremana duen beste emakume bat atxilotu zuten. Algortako etxe horretaz gain, Leioako (Bizkaia) etxe batean ere egin zuten miaketa ertzainek, eta, droga fabrikatzeko materiala aurkitzeaz gain, suzko armak, 31.140 euro, sei kilo marihuana eta ustez haiek fabrikatutako beste droga batzuen bi kilo ere atzeman zituzten. Astelehenean atxilotuak izan ostean, atzo epailearen aurrean deklaratu zuten, eta karguekin aske utzi zituzten laurak.
Espainiako legediak Europakoa urratzen duela ohartarazi dio, bigarrenez. Izan ere, sektore publikoan aldi baterako kontrekin lanean dihardutenen lan baldintzak langile finkoenak baino okerragoak dira (opor-eskubideetan, esaterako) eta Europako legediak ez du halako diskriminaziorik onartzen.
Espainiari ez ezik, beste 16 herrialderi ere zabaldu die espedientea Europar Batasunak; izan ere, araudiaren arabera, estatu kideek kostu komunak banatu behar dituzte ibilbideko aire-nabigazioko zerbitzuen eta terminalen artean, modu proportzionalean, metodologia garden batean oinarrituta.
Aurten, hiru astez aritu dira Aranzadi zientzia elkarteko arkeologoak Auritz eta Aurizperri artean indusketa arkeologikoak egiten, Zalduako aztarnategian (Nafarroa). 2017an harrizko eraikinaren iparraldeko aretoetan hasitako lana sakonduz jarraitu dute, eta aurretik landutako hipotesia berretsi. Lehen mendeko 10. urtean jarri zen abian terma bat han, eta, gutxienez, «80-90 urte» funtzionatu zuen. Hartara, mende bat inguruko terma bat azaleratu zaie, eta harekin batera agertu dira funtzionamenduarekin lotutako objektu ugari. Ikerketan, gainera, ustekabe bat ere izan dute. «Ikusi dugu termak bi garai izan zituela. Gune honen hastapenetan ireki ziren termak, Kristo ondorengo I. mendean, Augusto enperadorearen garaian. Gero, terma hori handitu egin zen: aurretik zegoen eraikinaren logika apurtu, eta berrantolaketa handi bat egin zuten», azaldu du Oihana Mendizabal indusketako buruak. Gaineratu duenez, lehen mende haren amaieran edo hurrengoaren amaieran utzi zuten terma, bat-batean. «Balorazio ona egingo nuke, material asko aurkitu baitugu eta objektu horiek interesgarriak baitira». OIHANE MENDIZABAL Aranzadiko ikerlaria eta Zalduako indusketa burua Hastapenetako froga gisa, garai hartako txanpon bat aurkitu dute. «Orain arte aztarnategian identifikatu den txanponik zaharrena da», esan du Mendizabalek. Augusto enperadorearen eta haren lagun min Marko Agripa jeneralaren irudiak ageri dira aurkian. Ifrentzuan, berriz, krokodilo bat ikus daiteke ozta-ozta, lausoturik. Hala baieztatu die Mikel Legorburu Aranzadiko numinastika adituak. Galia probintzia erromatarraren hegoaldean landu zen txanpona. Emaitza ezagutarazteko asmoz, agerraldi bat egin dute Aranzadiko kideek, Unai Irigarai Aurizko alkatearekin batera. Pozik geratu dira indusketarekin, ikuspegi zientifiko batetik. «Balorazio ona egingo nuke, material asko aurkitu baitugu, eta objektu horiek interesgarriak baitira. Horietako zenbaitek berretsi egin dituzte aurretik genituen hipotesietako batzuk, eta beste zenbaitek, berriz, zalantzan jarri, baina adierazgarriak zaizkigu aurrerago hipotesiak planteatzeko», esan du Mendizabalek. Hainbat erakundek finantzatu dute indusketa. Horietako bat Aurizko Udala da. Aterpea eta baliabideak jartzeaz gain, dirua ematen du. «Hasieratik ikusi genuen proiektu interesgarria zela», azaldu du Irigaraik. Hala, aurten zuzenketa bat onartu da Nafarroako aurrekontuetan, beste astebetez egin ditzaten indusketa lanak. Galderetan sakonduz Asturica Augusta eta Burdigala hiriak —egungo Astorga (Espainia) eta Bordele (Frantzia)— lotzen zituen galtzada erromatarrak egituratzen zuen Zalduako aztarnategian dagoen hirigunea, oraingo Auritz bezala. Lehen mendetik bosgarrenera arte egon zen zutik, eta haren bihotzean harrizko eraikin bat zegoen, 800 metro koadroko eremua hartzen duena. Hain zuzen ere, 2017tik hori da Aranzadiko ikertzaileen jomuga, «erreferentzia bat» baita: herriak laurehun urtez izandako aldaketetara egokituz joan zen eraikina, eta egokitzapen horien aztarnen bila dabiltza. Ez da lan erraza puzzlea osatzea. Azken bi urteetan induskatutako eraikinaren iparraldeko eremua da horren adibide. Iaz, lurraren azaleran, azken garaiko aztarnak agertu ziren, eraikina burdindegi bat zenekoak. Aitzitik, lurrean sakondu ahala, lehen ehun urteetako aztarnak azaleratu dira aurten, terma bat izan zen garaikoak. Termak egitura konplexua zuten, eta funtzionatzeko beharrezko ziren osagaietako batzuk aurkitu dituzte ikerlariek. Tartean, gunea bero izateko behar¡ ziren adreilu eta hodi zatiak, eta teilak. Termetako marmol zatiak ere agertu dira: zuriak eta arrosak. Azken horiek Pirinioetako ustiategi batetik ekarri ziren. «Ikusten dugu , lotura bat zegoela Pirinioen artean, ipar eta hego isurialdean». Era berean, tokiko zeramika zatien eta inperioan erabiltzen ziren zeramika landuagoen aztarnak aurkitu dituzte. Horrek erakutsiko luke galtzada erabiltzen zuten bidaiarien eta bertan bizi zirenen lotune ere bazela hirigunea. Zalduako aztarnategian topatutako metalezko kateorratza edo fibula, osorik. IÑIGO URIZ / FOKU Bitxikeria interesgarrien artean, olio luzerna baten zatia aurkitu dute, eta Jason eta argonauten kontakizunean aipaturiko urrezko ahari larruaren irudi bat ageri da. Erromatar Inperioan Greziako mitoak ezagun ziren seinale. Halaber, fibula bat agertu zaie osorik: arropan jartzeko metalezko kateorratz bat, alegia. Hori guztia ikusgai izango da larunbatean Zalduan egingo den doako bisitaldi gidatuan. Euskarazko azalpena 11:00etan hasiko da.
Beste egun batez, AEB Ameriketako Estatu Batuetara begira dago nazioartea, baina gaurko protagonista ez da ez Kamala Harris AEBetako presidenteordea, ez Joe Biden presidentea, baizik eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Netanyahuk AEBetako Kongresuan hitz egin du, Ordezkarien Ganberako eta Senatuko kideen aurrean, Israelek Gazaren aurka hasitako ofentsiba hizpide. Kongresukideek ia bost minutu iraun dituen txalo zaparrada batekin eman diote ongietorria Israelgo lehen ministroari, eta, berak, mezu irmoa helarazi die: «Sinplea da: AEBak eta Israel batuta, haiek galtzen dute, eta guk irabazi. Eta gauza bat argi uztera nator: irabazi egingo dugu». Kongresukideek denbora gehiago eman dute zutik, eserita baino. Netanyahuk honako hau esan ondoren altxatu dira lehen aldiz: «Ez da bi zibilizazioren arteko gatazka bat, barbaroen eta zibilizatuen artekoa baizik». Barbarotzat jo dituenei izena jarri die ondoren: «Hamasen aurka ari garenean, Iranen aurka ari gara; Hezbollahren aurka ari garenean, Iranen aurka ari gara; Yemengo matxino huthien aurka ari garenean, Iranen aurka ari gara». Gero, Bideni zuzendu dizkio esker hitzak: «Bidenek eta nik ia berrogei urtez ezagutzen dugu elkar, eta eskerrak ematen dizkiot estatubatuar irlandar sionista harro bat izateagatik». AEBek laguntza militarra eman diote Israeli, baina urriaren 7tik hona, laguntza horren tamaina eztabaidagai izan da AEBetako paisaia politikoan. Horren harira, laguntza hori «ezinbestekoa» dela gogoratu die Netanyahuk Kongresukideei: «Emaizkiguzue tresnak, eta guk egingo dugu lana».Etxe Zuriko maizter ohi (2017-2021) eta hautagai errepublikano Donald Trumpi ere eman dizkio eskerrak; Abrahamgo Akordioak bultzatzeagatik —horien bitartez, Israelgo Estatua aitortu zuten zenbait herrialde arabiarrek—. Joan den urriaren 7an milizia palestinarrek egindako erasoaren inguruan ere hitz egin du, eta egun hartan milizia horiek gatibu eramandakoak aipatu ditu; ziurtatu du oraindik Gazako zerrendan bahituta dituztenak askatzeko «etengabe lanean» ari direla, xehetasun gehiago eman gabe. Israelgo lehen ministroak joan den maiatzaren 31n jaso zuen Kongresuan hitz egiteko gonbita, Ordezkarien Ganberako presidente Mike Johnsonen eta Alderdi Demokrataren senatari taldeko buru Chuck Schumerren bitartez. Izan ere, iragan urriaren 7an Israelek Gazaren aurkako oldarraldia hasi zuenetik, Washingtonen babesa izan du Tel Avivek: diplomatikoa, ekonomikoa eta militarra. Halere, zerrendaren aurka egindako zenbait erasoren harira, AEBek kargu hartu diote Israeli noiz edo beste, eta, zenbait sektoretan, babesa gutxituz joan da apurka-apurka. Horren adierazle da 30 kongresukide demokrata baino gehiago ez direla Netanyahuren agerraldian izan; besteak beste, Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidente izandakoa. Ildo beretik, Bernie Sanders senatariak hitzok esan ditu: «Lehen aldia da gerra kriminal batek [Netanyahu] ohore hori izango duena». «Lehen aldia da gerra kriminal batek [Netanyahu] ohore hori izango duena» BERNIE SANDERS AEBetako senatari demokrata Harris ere ez da Kongresuan izan, eta, horren harira, haren kontra egin du Alderdi Errepublikanoak; presidenteordeari egotzi diote Israelgo lehen ministroari boikot egitea. Edonola ere, Harrisen lantaldeak akusazio horiek arbuiatu ditu, eta argitu ez dela agerraldian izan aurrez zehaztutako bidaia bat zuelako. «Zer da garrantzitsuagoa: han egotea diskurtso bat entzuteko, edo lehen ministroarekin [Israelgoa, Netanyahu] biltzea eta hitz egitea ikusteko zer egin dezakegun gure kezkak kudeatzeko?», esan du AEBetako Estatu departamentuko bozeramaile Matthew Milerrek. Hain justu, Netanyahu eta Harris bihar dira biltzekoak, baina AEBetako presidenteordea ez da harekin elkartuko den bakarra. Biden ere Israelgo lehen ministroarekin biltzekoa da, Etxe Zurian; eta, etzi, Trumpekin, hurak Mar-a-Lagon (Florida) duen luxuzko etxean. Israelek Bidenen agintaldian hasi zuen Gazaren aurkako ofentsiba, eta, oraingoz, irudi du hurrengo presidenteak ere kudeatu beharreko aferetako bat izango dela. Dena den, Netanyahuk hegazkinera igo baino lehen egindako adierazpenen arabera, ez du kezkatzen kargua nork hartuko duen; esan baitzuen Israel «beti» izango dela AEBen «aliaturik handiena», hango hurrengo presidentea «edozein dela ere». Protestak Washingtonen Netanyahuren agerraldiaren harira, zenbait elkartek protestak antolatu dituzte: batzuk atzo gauean hasi zituzten, eta besteak gaur egin dituzte. Guztiak Washingtonen, Kongresuaren aldirietan. Ahots Juduak Bakearen Alde elkartea izan da protesta horietan lehena antolatzen, atzo gauerako deitu baitzuen mobilizatzera, eta AEBetako Kapitolioko Poliziak berrehun pertsona inguru atxilotu zituen elkarretaratze horretan. Elkartea Cannon House-ra sartu zen —Kongresuaren parte da eraikin hori— eta, Poliziak X sare sozialean gaur jakinarazi duenez, horregatik atxilotu zituzten manifestariak, argudiatuta legez kanpokoa dela Kongresuaren parte diren eraikinetan manifestazioak egitea. AFP berri agentziak kaleratu duenez protesten berri bertatik bertara ematen ari diren iturriak aipatuz, askotarikoak dira manifestazioetan parte hartu dutenen aldarriak: batzuek Israel Gazan egiten ari den sarraskia gaitzetsi dute; besteek AEBei aurpegiratu diete oldarraldi horretan Israel babestea eta ekonomikoki eta militarki laguntzea, eta zenbaitek, berriz, Israelen ofentsiba erabat gaitzetsi ez, eta su etenerako deia egin dute. 4 Zenbat aldiz hitz egin duen Netanyahuk AEBetako Kongresuan. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu da AEB Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuan aldi gehienetan hitz egin duen atzerriko liderra: 1996an hitz egin zuen lehen aldiz, bere lehenengo agintaldian; gero, 2011n egin zuen, bere bigarren agintaldian; eta, ondoren, 2015ean, Akordio Nuklearraren inguruko kezkak adierazteko. Laugarren agerraldia izango du gaurkoa.
Patxi Ezkiagak egindako sexu abusuen harira azken asteotan zabaldu diren lekukotasunek erreakzio andana ekarri dute. Euskaltzaindiarena izan da horietako bat: ohar bidez jakinarazi dutenez, Ezkiagaren erreferentzia ororen ondoan haren kontrako salaketen berri emanen dute, salaketak «inoiz ahaztu ez daitezen». Aurrena emakume batek egin zuen salaketa, eta geroztik kasu gehiagoren berri izan da. La Salle ikastetxe erlijiosoko irakaslea zen Ezkiaga, Donostian, eta hango jardunaz baliatzen zen ikasle zituen neskei abusuak egiteko. Euskaltzaindiak dio «zalantza gabe beti biktimen ondoan» egonen dela, eta horregatik hartu duela erabaki hori. «Patxi Ezkiaga ez zen izan Euskaltzaindiko kide, ez eta Euskararen Akademiaren batzorde edo lantalde bateko kide ere. Nolanahi ere, Euskaltzaindiak, hala nola beste erakunde batzuek, antolatutako sariketetara lanak aurkeztu zituen, bai eta sariak eta aitortzak jaso ere», zehaztu dute oharrean. Aurreko asteetan ere antzeko erreakzioak egon dira. Ezkiaga Legorretakoa zen, eta, erasoen berri jakin bezain laster, bertako udalak erabaki du Ezkiagari egindako goraipamen guztiak kentzea. Zehazki: «Patxi Ezkiaga Lasari herriko seme kuttun izaera baliogabetzea; Patxi Ezkiaga kultur etxea hemendik aurrera Kultur Etxea soilik izatea; eta haren omenez eginiko eskultura Etxezarreta auzoko parketik kentzea». Horrez gain, EIE Euskal Idazleen Elkarteak erabaki du Ezkiagaren soslaia kentzea euren webguneko Gugan beude ataletik.