Gazako erasoak amaituko direla bermatu diote AEBek Hamasi
Israelen eta Hamasen ordezkaritzak hiru egunez egon dira Donald Trumpen Gazarako proposamena negoziatzen, Egipton, eta AEBetako presidenteak berak goizaldean jakinarazi du aldeak ados jarri direla, eta «bake planaren» lehen fasea onetsi dutela. Halaber, erabakia berretsi dute Palestinako talde islamistak eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. Bada, Hamaseko negoziazioetako buru Khalil al-Hayyak agerraldi bat egin du gaur iluntzean, Al-Jazeera telebista katean, eta jakinarazi du bitartekariek —baita AEBetako administrazioak ere— «bermeak» eman dizkietela Gazaren aurkako erasoaldia «behin betiko» amaituko dela sinisteko. Netanyahuren bulegoak goizean kaleratutako ohar batean, lehen ministroak esan du «Israelentzat egun handia» dela gaurkoa; Trumpi «bihotz-bihotzez» eskertu dio egindako ahalegina. Netanyahuren bulegoko bozeramaile Shosh Bedrosianek prentsaurrekoa eskaini du, eta adostu dituzten neurrien berri eman. Bi aldeek eta, gero, arratsaldean, Israelgo Segurtasun Kabineteak akordioa onartu badute ere, Netanyahuren gobernu taldeak baiezkoa eman arte ez da akordioa indarrean sartuko. Gainera, Hamas «erabat desegin» eta hark Gazaren gaineko kontrolik ez duela bermatu ezean, koalizio taldea uzteko mehatxua egin du Itamar Ben-Gvir Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministro ultraeskuindarrak. Nolanahi ere, gobernu koalizioaren baiezkoa jaso eta 24 ordura zen su etena indarrean sartzekoa, eta hori hasi bezain laster erretiratuko da Israelgo armada, lerro horia delakora —tropek Gazan jarraituko dute, eta momentuz zerrendaren azaleraren erdia baino gehixeago kontrolatuko dute, %53, hain zuzen—. Armadak behin atzera egin eta gero, Hamasek 72 orduko epea izango du bahituak askatzeko. Trumpen hogei puntuko planaren lehen fasearen arabera, talde islamistak aldi berean askatu beharko ditu gatibuak; uste da horietatik hogei daudela bizirik. Reuters agentziak Israelgo iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez, igandean edo astelehenean espero da gatibuak aske uztea. Planak zehazten du bahituak Tel Avivek horren ondoren askatuko lituzkeela 2.000 preso palestinar —bizi osoko espetxe zigorra duten 250 preso eta azken bi urteotan atxilotutako 1.700 gazatar; atzo, hain justu, aske utzi beharrekoen zerrenda eman zion talde islamistak beste aldeari—. AFP berri agentziak Gazako Defentsa Zibileko iturriak aipatuz kaleratu duenez, «hainbat leherketa» entzun dira batik bat zerrendaren iparraldean. Armadak ohar bat kaleratu du sare sozialetan, eta erretiratzea prestatzeko lanetan ari dela jakinarazi; era berean, Eyal Zamir armadako buruaren hitzetan, «edozer agertokitarako prestatzeko» agindu diete soldaduei, baita bahituen itzuleraz arduratzeko ere. Armadako bozeramaile batek, bestalde, ohartarazi du Gaza iparraldera itzultzea «biziki arriskutsua» dela, tropak bertan baitaude oraindik: «Borroka gunetzat jotzen da oraindik ere». Bost urtetik beherako 55.000 haurrek pairatzen dute malnutrizioa Gazan UNRWA Palestinar Iheslarientzat Laguntza eta Lan Bulegoaren ikerketa baten arabera, bost urtetik beherako 55.000 haur malnutrizioa pairatzen ari ziren Gazako zerrendan, abuztua amaieran; hau da, adin tarte horretan dauden adingabeen %16. Horren berri ematen duen ikerketa bat plazaratu du NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrek, The Lancet aldizkari zientifikoan. 55.000 horien artean %4 inguru malnutrizio larria jasaten ari dira. Ikerketak dioenez, 2024 hasieran, esaterako, %4,7 ziren malnutrizioa pairatzen ari zirenak. Aurtengo urtarrilean portzentajea %14koa zen, eta su-etena indarrean egon zen asteetan —ia bi hilabete, martxoa hasierara arte— %5,5era jaitsi zen. AEBetako presidentearen proposamenaren zazpigarren puntuak zera dio: «Akordioa onartu bezain laster, laguntza humanitarioa berehala bidaliko da Gazako zerrendara». Netanyahuren kabineteak sinatzekoa du planaren lehen fasea, eta hori sinatuta ere, ikusteko dago noiz irekiko dituzten zerrendarako pasabideak. Planaren arabera, NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziak, Ilargi Gorria eta gobernuz kanpoko zenbait erakunde arduratuko dira laguntza banatzeaz, «oztoporik gabe». UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko zuzendari nagusiak, Philippe Lazzarinik, sare sozialetan kaleratu duen mezu batean esan du datozen hiru hilabeteetarako nahikoa elikagai dutela gazatar guztientzat. Munduko Elikadura Programako zuzendari Cindy McCainek adierazi du «prest» daudela laguntza humanitarioa banatzeko. «Orain ekin behar diogu, ezin dugu denborarik galdu», erantsi du sare sozialetan. Gaza berreraikia, «beste mundu bat» Herenegun bi urte bete ziren Israelek Gazaren kontrako erasoaldia hasi zuenetik. Bonbardaketek birrinduta utzi dute eremu hori, eta Trumpek iragarri du zerrenda «beste mundu bat» izango dela behin presoen eta bahituen trukea egin eta gero: «Leku seguruago bat izango da, eta eskualdeko herrialdeek hura berreraikitzen lagunduko dute, aberatsak baitira eta horrela izatea nahi baitute». Fox News AEBetako telebista katean egin ditu adierazpen horiek, eta zera erantsi: «Ziur nago bakea egongo dela Ekialde Hurbilean». Bahituen senideek pozarren hartu dute aldeek planaren lehen fasea onartu izana, eta «[Bakearen] Nobel saria Trumpentzat» oihukatu dute goizean egin duten elkarretaratzean. Izan ere, Nobel saria ematen duen batzordea bihar da iragartzekoa nor izango den aurtengo sariduna. Israeldarrak akordioa ospatzen Tel Aviveko Bahituen plazan, gaur. ABIR SULTAN / EFE Aldeak Egiptoko Xarm el-Xeikh hirian bildu ziren astelehenean, Sinai penintsularen hegoaldean. Lehen bi egunetan, Qatar, Egipto eta Turkia aritu ziren bitartekari lanetan, eta atzo heldu zen AEBetako ordezkaritza; bada, Trumpek zenbait ordu geroago iragarri du aldeak ados jarri direla. Hamasek esan du negoziazio «arduratsu eta serioak» izan dituztela, eta bitartekarien ahalegina eskertu du. Hurbilekoen erreakzioak Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak akordioa goraipatu du, eta «behin-betiko irtenbide politikoaren ataria» dela adierazi du: «Palestinako Estatuaren okupazioa amaitzea ekarriko du, eta estatu independente bat sortzea ere bai». Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea ere kontent da Israelek eta Hamasek Gazarako menia» lortu dutelako, eta jakitera eman du, sare sozialetan idatzi duen mezu batean, «gertutik» ikuskatuko dutela hori betetzen dutenetz. Halaber, erantsi du «borrokan» jarraituko dutela Palestinako Estatua ezarri arte. Abdul Fattah al-Sisi Egiptoko presidenteak «historikotzat» jo du akordioa sare sozialetan: «Gerraren atala itxi du, eta itxaropenaren atea ireki dio etorkizun egonkor eta justuari». Donald Trumpek bart gauean eman zuen akordioaren berri —goizaldea Euskal Herrian—, eta fio da elkarrizketek «bake akordioa» ekarriko dutela. CBS telebista katean galdetu diote ea Hamasek eta Netanyahuk horretarako asmoa duten, eta zera erantzun du: «Bai horixe».