ELA sindikatuko ordezkarien eta enpresa kudeatzailearen arteko akordioari esker eman diote amaiera 72 eguneko protestari. Langileak greban egon diren bitartean, erabiltzaileek ezin izan dute instalazio horietan bainurik hartu.
Ohikoa du irribarrea Pau Etxaniz piraguistak (Donostia, 2001); bada, atzo brontzezko domina eskuratu ostean, irribarretsu ailegatu da olinpiar hiriaren kanpoaldera. Herrialde askotako kirolariak batetik bestera doazela, egindako balentriaz mintzatu da, natural eta ausart. Ez du domina ekarri. «Ondo gordeta daukat», esan du. Hunkitu ere egin da, amonaz hitz egin duenean. «Niretzat opari bat da hark hau bizi ahal izatea». Lorik egin al duzu? 3-4 ordu egin ditut lo. Atzoko eguna ikusgarria izan zen, emozio handikoa, eta, ohean etzan, eta nahiz eta nekatuta egon, lortutakoaz gozatzen aritu nintzen. Ederra da. Domina alboan zenuela egin duzu lo? Bai, bai; logelako mesanotxean nuela. Lehen aldia da olinpiar hirian nagoenetik, irtetean atea itxi dut… [irribarrez] Eta gaur goizean, esnatu eta domina mahai horretan ikusi duzunean, zer sentipen izan duzu? Handia dela lortu dudana, eta zoriontasun erabatekoa. Aspalditik amesten nuen, eta izugarria da lortu izana. Ospakizunek luze jo al zuten? Egia esan, ospatzeko denbora askorik ez genuen izan. Harrerak, elkarrizketak… Gaur asmoa dut lagunekin egoteko, eta lortutakoa haiekin disfrutatzeko. Abuztuaren 6ra arte hemen egongo gara, eta Donostiara bueltatzean ospatuko dugu behar den bezala. Jokoen aurretik zenioen posible zela domina bat lortzea. Baina uste osoa zenuen horretan? Bai. Inork ez zidan aukera hori ematen, baina nik eta ingurukoek posible zela sinisten genuen. Ondo nabigatzen eta arraun egiten banuen jaitsiera oso azkar bat egin nezakeela uste nuen. Esan bezala, aspalditik amesten nuen honekin, eta mentalki ere oso gogor prestatu naiz une honetarako. Prestakuntza horri esker, argi izan nuen une oro zer egin behar nuen, eta dena primeran atera zen. Finalerako, hala ere, ozta-ozta sailkatu zinen. Hamabi piraguistak egiten zuten aurrera finalerdietan, eta zu hamabigarren izan zinen. Hasierako ateetako bat jo ostean, hanka altxatu zenuen? Egia esan, ez. Hain nengoen sartuta jaitsieran, ez nintzen ezta konturatu ere egin. Bete-betean jarraitu nuen jaisten, eta eskerrak. Ikusi duzu finaleko jaitsiera? Zer oroitzen duzu? Bai, ikusi dut. Gogoan dut asko disfrutatu nuela uretan, eta oso bizkor nindoala sentitzen nuela. Pena bakarra dut: ate hori jo izana. Bestela urrea irabaziko nuen. «Sekula egin dudan jaitsierarik onena izan da, eta balio handia ematen diot Joko batzuetan egin izanari» Behin jaitsiera eginda, bazenekien denbora oso ona zela. Baina beste piraguista guztiak jaistea falta zen. Nolakoak izan ziren momentu horiek? Gogorrak, eta oso luzeak. Zorabiatu ere egin nintzen. Kontuan izan De Gennarok berehala gainditu zuela nire denbora. Banekien beste hiru piraguista oso on geratzen zirela eta, nire denbora oso ona izan arren, gainditzeko moduan zeudela. Zorionez, Prskavek eta Clarkek huts egin zuten, eta oso zoriontsu nago. Aurkarien erreferentziarik ez izateak mesede egin zizun? Ez dakit. Garbi neukan finalerdietan egin nuen denbora nabarmen hobetu nezakeela. Aitarekin [Xabier Etxaniz entrenatzailea] hitz egin, eta garbi ikusi genuen 90 segundoan egin nezakeela. Baina, azkenean, zigorra kontuan hartu gabe, 86 segundoan egin nuen jaitsiera. Izugarria da. Inoiz egin dudan jaitsierarik onena izan da, eta oso piraguista gutxiren esku dago halako zerbait egitea. handia da Europako Txapelketa batean, Mundukoan edo Europako Kopa batean hori egitea; baina Olinpiar Joko batzuetan egiteari balio handia ematen diot. Testuingurua bestelakoa da. Halako abiaduran, eta final bat izanda, izan zenuen gozatzeko denborarik? Bai, izugarri disfrutatu nuen. Nik hau egiten badut, disfrutatu egiten dudalako da; kirolaren, piraguismoaren, esentzia hori da. Hau lortu badut, horregatik da. Jarri dituzten zirkuituez zer iritzi duzu? Izan ere, nahiko konplikatuak zirela aipatu da. Jokoen aurretik ere esan nuen kanala gustuko nuela. Bada, orain, are gehiago. Bai entrenatzen, baita lehiatzen ere, asko disfrutatu dut. Jolas egiteko kanal bat da, dibertigarria eta gozatzekoa, dituen ur mugimenduak tarteko. Gainera, fisikoki ez ezik, teknikoki ere trebea izatea eskatzen dizu, eta hori da nire ezaugarri nagusietako bat. Oraingo zirkuituak artifizialak dira, eta helburu horrekin egiten dituzte. Nik oso gustuko ditut. Zirkuituei dagokienez, sailkapenekoa errazagoa izan zen, eta nabigazioan segida izateko aukera eman zigun. Horrek lehiaketari neurria hartzeko balio izan zigun. Finalerdietan eta finalean, berriz, baziren pare bat mugimendu tekniko eta zail. Finalean, goiko aldean zegoen mugimendu horietako batean arriskatu egin nuen, izan ere, pare bat ate zeuden piraguista gehienek atzeraka gainditu zituztenak; nik, berriz, aurreraka. Hor denbora dezente irabazi nien aurkariei, eta, ondo atera zitzaidala ikusita, konfiantza handiagoarekin jaitsi nintzen, domina posible zela sinetsita. Zirkuituekin ere asko gozatu dut. Aitak zioen meritu osoa zurea zela, zuk egin baitzenuen jaitsiera. Baina lortu duzun dominaren parte bat harena ere bada, ezta? Jaitsiera nik egin nuen, baina aurretik, prestakuntzan, egin genuen lana hari zor diot, eta domina hau batez ere harena da. «Aitak esan zidan ni neu izateko. Beti esan ohi dit uretan zaldi basati baten parekoa naizela. Baina hori da nire estiloa, horrela ateratzen zaizkit gauzak ondo» Gomendiorik eman al zizun azken jaitsiera baino lehen? Ni neu izateko, eta nekien bezala jaisteko. Beti esan ohi dit uretan zaldi basati baten parekoa naizela. Baina hori da nire estiloa, horrela ateratzen zaizkit gauzak ondo, eta ez dut hori aldatuko. 2020an La Seu de Urgell utzi, eta Donostiara itzuli zinen aitarekin entrenatzeko. Zenbateraino izan du eragina erabaki horrek domina lortzeko garaian? Nik uste dut erabaki hori hartu izan ez banu ez nintzela hemen egongo. Aitarekin eta Maialenekin [Chourraut] entrenatzea erabakigarria izan da. Une oro honi begira entrenatu gara, serio. Azken batean, haiek oso ondo dakite zer den Joko batzuk prestatzea, eta izugarri lagundu naute. Eta hemendik aurrera zer asmo duzu? Bi aste barru, Europako 23 urtez azpiko Europako Txapelketan arituko naiz. Azkena izango da, eta gogo handiz nago gainerako kideekin batera txapelketa horretan parte hartzeko. Izan ere, oso giro ona daukagu. Disfrutatu egin nahi dut azken urtea haiekin. Ondoren, irailean, Seu de Urgellen izango dut Munduko Kopako proba, eta hor ere nire onena eman nahi dut, etxean arituko bainaiz. Eta ondoren, oporrak hartuko ditut, indarberritu eta hobetzen jarraitzeko. Nora joango zara oporretara? Lasai egon nahi dut, eta Seu de Urgellera joango naiz, hango familiarekin egotera. Denbora gutxi dut haiekin egoteko. Izan ere, Donostian ez banago, kanpoan egoten naiz lehiatzen eta entrenatzen. Haien hutsunea nabari dut. Hemen egon dira nirekin, baina ezin izan dut haiekin asko egon. Beraz, lortutakoa haiekin ere ospatu nahi dut. Merezi dute, beti daudelako nire ondoan. Zeinek behar du atseden gehiago, buruak edo gorputzak? Egia esan, mentalki eta fisikoki ondo nago, hau baita gustuko dudana: lehiatzea, eguraldi onarekin, lagunen pareko diren lehiakideekin. Niretzat gogorrena, bai mentalki, baita fisikoki ere, negua izaten da. Ez dugu lehiaketarik, eta gogorra da hotzarekin eta euriarekin uretara sartzea. Askotan ez duzu gogorik. Behin domina lortuta, lehiaketetan presio gehiago izango duzula uste duzu? Egia esan, uretan nagoenean, presioak berdin dit. Ez dut iraganean pentsatzen, ezta etorkizunean ere. Orainari erreparatzen diot, garrantzitsuena hori delako. Azken lau Olinpiar Jokoetan Euskal Herriko piraguismoak dominaren bat lortu du. Nahikoa garrantzi ematen zaio zuen kirolari? Ditugun baliabideekin hau lortu badugu, pentsa zer lortuko genukeen entrenatzeko behar bezalako baldintzak izango bagenitu. Kanal bat izatea falta zaigu. Bultzada handia litzateke guretzat, baita atzetik datozen piraguista gaztetxoentzat ere. Ni Seu de Urgellen bizi izan naiz urte askotan, eta etxe ondoan kanala izateak, nahi duzunean entrenatzera joan ahal izateak, oinarri sendo bat ematen dizu. Los Angeles 2028 esanda, zer datorkizu burura? Hemendik lau urtera dela, eta gogor egingo dudala lan hobetzeko, eta are bizkorrago jaisteko. Izan ere, nahiz eta zaila dirudien, posible da.
Nadia Erostarbe eta Joan Duru ez dira surfeko finalerdietara iritsi. Jon Rahmek bigarren jardunaldia laugarren postuan bukatu du. Maialen Chourraut eta Miren Lazkano erlojupeko kayak krossean aritu dira. Belar hockeyan, eskubaloian, saskibaloian eta hiruko saskibaloian ere aritu dira euskal kirolariak. Aimar Oroz, Beñat Turrientes eta Jon Pacheco, berriz, futboleko finalerdiak jokatzeko sailkatu dira Espainiako selekzioarekin. Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus litezke. Surfa Nadia Erostarbe eta Joan Duru ez dira finalerdietarako sailkatu. Atzo, gaueko hamarrak aldera lortu zuen Erostarbek final-laurdenetara sailkatzea. Baina, gaur, goizeko hiru eta erdietan lehiatu duen proban ezin izan du Tatiana Weston-Webb brasildarra garaitu. 8.10 puntu lortu ditu brasildarrak, eta zarauztarrak, 6.34. Lehenago geratu da lehiatik kanpo Joan Duru baionarra. Gauerdia igaro eta gutxira lehiatu du final-laurdenetako proba, eta hark ere ezin izan du aurkaria mendean hartu. Etxean ari zen Kauli Vaast polinesiarra, eta eguneko puntuaketarik handiena lortu du: 15.33 puntu. Duru, 12.33 punturekin, ez da finalerdietarako sailkatu. Beraz, gaurkoarekin, euskal surflarientzat amaitu dira Olinpiar Jokoak. Golfa Ondo aritu da Jon Rahm Versallesko zelaian. Lau jardunalditatik lehen biak jokatuta, Barrikako (Bizkaia) golflaria laugarren postuan dago, 133 kolperekin. Bi kolpera ditu lehen hiru sailkatuak: Xander Schauffele estatubatuarra, Hideki Matsuyama japoniarra eta Tommy Fletwood britainiarra. Rahmek 66 kolpe jo ditu gaur, atzo baino bat gutxiago. Ur bizietako piraguismoa Kayak krosseko probak hasi dira gaur, eta bertan aritu dira Miren Lazkano zein Maialen Chourraut. Erlojupeko proba lehiatu dute, eta hamabosgarren eta hemeretzigarren izan dira, hurrenez hurren. Denbora onena egin duenak baino lau segundo gehiago behar izan ditu Lazkanok (74.77), eta bost gehiago Chourrautek (75.23). Belar hockeya Jose Maria Basterra eta Rafael Villalonga final-laurdenetara sailkatu dira. Partida galdu dute Herbehereen aurka (5-3), baina hurrengo txandara igarotzea lortu dute halere. Laugarren postuan geratu dira B multzoan —lau sailkatzen ziren— eta A multzoan lehen postuan geratu den Belgikari egin beharko diote aurre igandean. Jokartu dituen lau partidak irabazi ditu Belgikak. Gaurko norgehiagokan, berriz ere protagonista izan da Basterra. Berak egin du lehen gola, eta Espainiako selekzioa aurretik joan da hirugarren zatira arte. Orduan iritsi da herbeheretarren erantzuna: lau gol egin dituzte azken hogei minutuetan. Eskubaloia Imanol Gartziandiak, Sergei Hernandezek eta Kauldi Odriozolak jokatzen dute Espainiako selekzioan, eta gaur 33 eta 31 galdu dute Alemaniaren aurka. Partida orekatua izan da, gehienean Alemania aurretik joan den arren. Halere, azken zatian, Espainiak hartu du aurrea, eta 28-30 joan dira. Azken minutuetan, ordea, bost gol egin ditu Alemaniak. Gartziandiak hiru gol egin ditu gaurko partidan. Multzokako faseko azken partida geratzen zaie jokatzeko, bertan erabakiko da aurrera egingo duten ala ez. Igandean, 21:00etan arituko dira Kroaziaren aurka. Futbola Aimar Oroz, Beñat Turrientes eta Jon Pacheco finalerdietan arituko dira. Espainiak 3 eta 0 irabazi dio Japoniari final-laurdenetan, eta finalerdiak jokatuko ditu astelehenean, Marokoren aurka (18:00). Orozek ia partida osoa jokatu du; 84. minutuan aldatu dute. Orduan, bere ordez sartu da Turrientes. Pacheco aulkian egon da gaur. Saskibaloia Kanadak 88-85 irabazi dio Espainiako selekzioari. Horrela, Jokoetatik kanpo geratu da Xabier Lopez Arostegiren eta Dario Brizuelaren taldea. Azken partida bikaina osatu du Brizuelak, hamazazpi puntu lortu ditu. Ez da, ordea, nahikoa izan Kanada indartsua garaitu ahal izateko. Alde handiarekin joan da aurretik Kanada, baina, azkenerako, Espainia asko gerturatu zaio. Azken minutuan sartuta, oraindik garaipena lortzeko aukera zeukaten, baina ezin izan dute. Hiruko saskibaloia Partida bana jokatu dute gaur Gracia Alonso de Armiñok eta Hortense Limouzinek, baina emaitza erabat ezberdinekin. Alonso de Armiñok jokatzen duen Espainiako selekzioak garaipena lortu du Australiaren aurka: 21-17. Gauean, Kanadaren kontra ere irabazi egin du, 22 eta 20. Limouzinek jokatzen duen Frantziako selekzioak, ostera, galdu egin du AEBen kontra (14-13), eta baita Alemaniaren kontra ere (14-13).
Tentsioa dago Lizarran. Arratsaldean, Puyko Andre Mari Basilikatik udaletxeraino udal batzak musikari eta dantzariekin egin ohi duen kalejira tradizionala ezin izan da amaitu, hainbat herritarrek kalea moztu dutelako, protestan. UPNko, PSNko eta PPko hautetsiei Foruzaingoak gomendatu die aurrera ez egiteko, eta bi furgonetatan sartu dituzte, udaletxeraino. Halaxe eman da amaitutzat ekitaldi hori. Arratsaldean, horren aurretik, manifestazio bat deitu dute Lizarrako udal gobernuaren debeku eta neurrien aurka. Azkeneko 28 urteetan, txosnak herriko erdigunean, autobus geltoki alboan, jarri izan dituzte, baina aurtengoan ez zieten toki hori eman. Beste bat proposatu zieten, eta, nahiko gertu izan arren, jaien eremutik kanporatu nahi izan dituztela uste dute txosnetako eragileek. Gainera, La Bota peñak jaietan izan ohi duen espazioa debekatu egin dio udalak. Hala, manifestazioa deitu dute gaurko, Jaiak lapurtu dizkigute. Txosnarik gabe jai herrikoirik ez lelopean. Manifestazio jendetsua izan da, eta amaieran foruen plaza erabat bete dute. Protestak bat egin du Puyko jaitsierarekin. La Botaren aldeko kartela handi bat paratu dute bertan, baita Txosnarik gabe ez dago jaitsierarik zioen beste bat ere. Dantzariak eta musikariak pasatu ahal izan dira kalean behera, baina txistuka kalea moztu dute manifestariek. Txosnak aurrera zioten kartelei heltzen zioten. Udal batza noiz jaitsiko zain zeuden, baina UPNko, PSNko eta PPko hautetsiak ez dira bertatik pasatu, azkenean. PPk ohar bidez kritikatu du ezin izan dutela Puyko jaitsiera amaitu, «arriskuagatik eta mehatxuengatik». Carlos Jimenez zinegotziaren arabera, «lotsagarria da indarkeria eta mehatxuak erabilita eurena ez den tradizio bat bereganatu nahi izatea». PSNk «guztiz» gaitzetsi du gertatutakoa, X sare sozialean. «Erabakiekin ados ez egotea guztiz zilegizkoa da, baina iraina, inposizioa eta jazarpena onartezinak dira». Elkartasuna adierazi diete hiru taldeetako hautetsiei. Alejandro Toquero UPNko presidenteordeak eta Tuterako alkateak honakoa idatzi du sare sozial berean, gertaerei aipamen eginez: «Elkarbizitza lasaiko giroa bizi omen dugu Nafarroan… Ezker aberlzaleak gobernatzen badu, noski». Tentsioa jaien hasieratik islatu da. Gaur eguerdian hasi dira festak, eta hainbat herritarrek txistuka hartu dute Marta Ruiz de Alda alkatea. Gainera, EH Bilduk ez du parte hartu, iazko gertakariengatik protestan. Iragan urteko jaietan, Eli Ziordia zinegotziak ikurrina bat atera zuen, eta Rodrigo Garcia de Galdeano Udaltzaingoaren buruak bortizki heldu eta astindu egin zuen ikurrina kentzeko asmoz. Abestiaren afera Testuinguru horretan, gainera, UPNk Raimundo El Canastero musika taldeari salaketa bat jarri dio, Beff D’ Alda abestian alkatearen aurkako «irainak» eta «mehatxuak» erabiltzea leporatuta. Taldearen abeslariaren bila aritu dira udaltzainak, eta haien aurrean deklaratzera joan da kantaria, eta aske utzi dute, deklarazioa hartuta. Lizarrako jaien harira udalak hartutako erabakien aurkako abestia egin du Raimundo el Canastero taldeak eta Lizarrako festak hasi baino bi egun lehenago argitaratu zuen kantua. «Gora Lizarrako txosnak; fuck [izorratu] UPN, PSN eta herri mugimenduari erasotzen dion edonor», irakur daiteke taldearen YouTubeko plataforman, abestiaren deskribapenean. Horren harira, Ruiz de Alda alkateak udalbatzarrerako deia egin zuen atzo, osteguna, «heriotza mehatxuak» egiten ari zitzaizkiola salatuta. Ezohiko bilkura horretan, Raimundo El Canasteroren aurkako mozioa onartzea lortu zuen, UPN, PP eta PSNren babesarekin. Hiru alderdiek abestiaren tonu «mehatxaria» eta «matxista» salatu dute. PPk, gainera, gaitzetsi egin du kantuaren esaldi hau, «bizikidetza» arriskuan jartzen duela adierazita: «Hala jarraitzen badute, udaletxea erreko da». EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin alderdiak, berriz, abstenitu egin ziren; alkateari elkartasuna agertu arren, abesti horri «erabilera alderdikoia» ematea deitoratu zuten. Musika taldeak sare sozialen bidez eman du udalbatzarrean egin zizkioten akusazioen inguruko iritzia. «Heriotza mehatxurik» egin izana irmo ukatu du, eta adierazi du uste duela «ulermen gaitasun falta galanta dagoela» salaketa hori egin dutenen artean. Horri gehitu dio, gainera, «garbi» ikusten dela «abestiaren tonua ironikoa eta komikoa» dela, eta hau ez dela «gorrotoaren adierazle», ezta festetan «indarkeria bultzatzeko» tresna bat ere. Nabarmendu du, ordea, abestia «Lizarrako gazteriak sentitu duen amorruaren isla» dela, «hainbeste urtetan» landu duten festen eredua «zein azkar hilobiratu duten ikusi duten horiena». «Abestiko hitzak ulertzeko esfortzu txiki bat egin ordez, biktima bihurtzea lehenetsi du gobernuak, guri mehatxuak egitea leporatzea, eta gure aurkako neurri legalak hartuko dituztela esatea; dena, ironikoki, giroa gehiago ez pizteko asmoarekin», salatu du taldeak. COMUNICADO AL HILO DE LA DETENCIÓN. pic.twitter.com/IK9Oc5DPpJ — Raimundo el Canastero (@telodiceray) August 2, 2024 Bestalde, taldeak zehaztu du abeslaria bere borondatez joan zela deklaratzera, abestia argitaratu zen egunean bertan udaltzainen hainbat mezu jaso zituelako goizaldeko ordu txikietan: «Atxilotu gisa deklaratu zuen, eta, ondoren, aske geratu zen». Ikerketa zabalik da, baina Raimundo El Canasterok nabarmendu duenez, abeslariak ez du esku hartu abestiaren sorreran, eta salatu du «jazarpen hori taldea desegonkortzeko estrategia bat» dela. Mehatxuen delituagatik, sei hilabete eta bi urteko zigorra jaso dezake akusatuak, eta irain larrien delituagatik, isun bat.
BBVAk atea ireki dio Sabadell Erosteko Eskaintza Publikoa uzteko aukerari, Lehiaren baldintzak direla eta. Erakundeak ezin du bermatu truke-eskaintzaren baldintza guztiak betetzen direnik, ezta gaur egun aurreikusitako epean betetzen direnik ere.
Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus litezke. Piraguismoa Pau Etxanizek brontzezko medaila lortu du piraguismoan, ur bizietako jaitsieran, K1 modalitatean. Finalerdietan justu sailkatu da: hamabi leku ziren, eta hamabigarren postuan sartuta iritsi da finalera. Finalean, baina, jaitsiera ikusgarri azkarra egin du, eta hirugarren egin du. Segundo bakar batean sailkatu dira lehen hiru piraguistak: 0.65 segundora besterik ez zaio gelditu urrezko domina Etxanizi. Arrauna Virginia Diazek ezin izan du: bakarkako skiff kategoriaren finalerdietan, bere txandako azken denbora egin du, atzetik aurrera egin ezinda, eta ez du lortu finalerako sailkatzea. Aldiz, diploma olinpiar bat lortzeko aukera badu oraindik. Larunbatean, 09:54an, B finalean parte hartuko du, eta lehen bien artean gelditzea lortuko balu, diploma eskuratuko luke. Golfa Jon Rahmek golfeko lehen txanda egin du. Hideki Matsuyama japoniarrak bukatu du eguna lehen postuan, 63 kolperekin. Lau gehiago egin ditu Rahmek. Bihar jarraituko dute, bigarren txandan. Waterpoloa Alberto Munarriz ari da Espainiako selekzioarekin, bikain aritu ere. Hiru partida jokatu ditu Espainiak, eta hirurak irabazi ditu; azkena, gaur, Serbiaren aurka: 15-11. Munarriz bikain aritu da berriro: bi gol sartu ditu. Eskubaloia Lysa Tchaptchet ari da Espainiako selekzioarekin, eta gaur berriro galdu du: 27-24 galdu du. Lau partida jokatu, eta guztiak galdu ditu Espainiak. Beraz, jada ez du aukerarik sailkatzeko. 3×3 saskibaloia Hortense Limouzineren taldeak partida irabazi du Azerbaijanen aurka, 15-10. Limouzin bera izan da Frantziako selekzioari puntu gehien eman dizkiona, bost egin ditu. Oraintxe hasi du eguneko bigarren partida, hau Kanadaren aurka. Bestetik, Gracia Alonso de Armiñok jokatutako bi partidak galdu ditu gaur. Goizean, 14-11 garaitu du Txinako selekzioak Espainiakoa. Eta, gauean, 17-11 irabazi diete AEBtako selekzioak. Surfa Azkenean berrekin diete surfeko lehiaketei. Bart lehiatu behar zuen Nadia Erostarbek hirugarren jardunaldiko proba, baina baldintza meteorologikoengatik, azkenean, gaueko bederatzi eta erdietan lehiatu du. Lehiatu eta final-laurdenetarako txartela lortu. Shino Matsuda japoniarra garaitu du. Erostarbek 8.34 puntu eskuratu ditu eta Matsudak, 5.84. Egitarauak bere horretan jarraitzen badu 03:24ean izango du final-laurdenetako proba. Bestetik, surfeko lehiaketek aurrera jarraitzen badute, Jean Duru ere gau honetan saiatuko da finalerdietara sailkatzen (00:24).
Fenix hegaztia errautsetatik piztu da Parisko Bercy Arenan. Halere, pizte horrek, errautsekin baino gehiago, ezaugarri gizatiar batekin du zerikusia: eten bat egiteko beharrarekin. Tokioko Olinpiar Jokoetan, Simone Bilesek ez zuen parte hartu gimnastikako bakarkako proba orokorrean, presioaren eraginez, eta, Jokoen ondotik, bi urtez izan zen lehiatu gabe. Iaz, itzuli eta gutxira Munduko Txapelketa irabazi zuen, baina egiazko arantza, egiazko erredentzioa gaurko proban zegoen, final olinpikoan. Eta fenixak ez du huts egin: guzien aitzinean distira egin du. Faborito nagusiak zaldian hasi dira lehian, Bilesen arerio nagusi Rebeca Andrade brasildarraren indargunean, eta Andradek ez du huts egin, jauzi ia perfektua egin baitu: 15.100 puntu lortu ditu guzira. Bilesek, ordea, exekuzioan ez, baina zailtasunean gainditu egin du, jatorrizko zigilua duen buelta bikoitz ikusgarri batekin (15.766 puntu). Arratsaldeko lehenbiziko goraldia harmailetan. Bigarren txandan barra asimetrikoetara jo dute. Erran ohi da estatubatuarraren puntu ahulena dela —Olinpiar Jokoetan eta Munduko Txapelketetan gaur arte zakuratu dituen 38 dominatatik bakarra da barretan lortutakoa—, eta arerioak hortik kendu dizkio puntu batzuk. Itxura batean, bazirudien Bilesek gehiago arriskatu duela Andradek baino, eta ikusleen arnasa ere moztu egin da tarte batez, barra txikian oinak ia zorua ukituz igaro dituenean, baina epaileek zailtasunean puntu berberak eman dizkiete biei, eta exekuzioan brasildarrak aitzina hartu dio, bikaina izan baita. Baina ez batak ez bertzeak ez dute puntuazio onena izan ariketan. Kaylia Nemour Aljeria ordezkatzen duen frantziarra izan da haien txandako onena, eta sailkapen nagusian bigarren tokia hartu du, Bilesen aitzinetik. Nemourrek zale anitz izan ditu harmailan. Fenixaren sua Oreka barran piztu da, ordea, fenixaren sua. Exekuzioaren ondotik, ikusleak piztu egin ditu, taldekideak besarkatu ditu irribarrez, eta Andradek berak ere zoriondu du. Pantailan puntuazioa ikusi duenean, ordea, estatubatuarrak ez du imintziorik egin, gehiago esperoko balu bezala: 14.566koa izan du. Andradek, ordea, ariketan oreka galdu du tarte txiki batez, eta ez zaio exekuzio txukuna atera. Horregatik, Biles aitzina hartuta ailegatu da bere proba kuttunera: lurreko ariketara —44.065 puntu zituen estatubatuarrak, eta 43.899 brasildarrak—. Andradek puntuazio ona lortu du, baina huts txiki bat egin du hasieran, eta nahiko argi zegoen Bilesek urrea lotua zuela hanka sartze handirik egin ezean. Eta halaxe gertatu da; musikak eta harmailak lagunduta, kirol proba batena baino gehiago, besta giroko ikuskizun baten itxura hartu du ariketak. Bere elementuan mugitu da Biles, eta ez du hutsik egin: urrea Bilesentzat, zilarra Andraderentzat eta brontzea Sunisa Lee (AEB) Tokioko Jokoetako irabazlearentzat. Fenix, hegazti mitologiko baten izena ez ezik, izarren konstelazio batena ere bada. Izarrek desagertzean egiten omen dute distira gehien, baina Bercy Arenako izarrak bizi-bizirik dagoela egin du distira.