60ko eta 70eko hamarkadetan mutualitateetan kotizatu eta PFEZn gainerako langileen kenkari berberak izan ez zituztenen pentsioetan bidegabe atxikitako dirua da itzuliko dena.
Astearte honetan, hainbat elikagairen BEZa ordaintzeari ekin beharko diogu berriz ere. Ogia, esnea, arrautzak, oliba-olioa, lekaleak eta abar presio altuagoan ordaindu beharko ditugu urte amaiera bitartean, eta are gehiago ordutik aurrera.
Gaur eguerdian sute bat izan da Gasteizko Antonio Machado kaleko etxebizitza batean, eta sei pertsona zauritu dira. Horietako batek, etxebizitza horretan bizi zen bizilagun batek, erredura larriak jasan ditu. Beste lau pertsonak, bi ertzain eta beste bi bizilagun, kea arnastuta artatu dituzte. 13:00etan piztu da sua, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Seigarren pisuan dago etxebizitza, eta sua eta kea beste solairuetara zabaldu da. Eraikinak zortzi solairu ditu eta bizilagunak atera behar izan dituzte.
Igande arratsaldeko lehen orduan borroka bat izan da Barakaldon (Bizkaia), eta pertsona bat hil da. Borroka hainbat pertsonen artean izan da, eta beste bi lagun Gurutzetako ospitalean artatu dituzte. Lehen datuen arabera, suzko armak erabili dituzte borroka horretan, eta Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu, 26, 28 eta 36 urtekoak. 16:20ean izan da borroka, Burtzeña auzoan. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ez du baztertzen jende gehiago atxilotzea.
Berdindu egin dute, eta partida irabazteko zorian izan dira bai Athletic baita Sevilla ere gaur San Mamesen. Partida ikusta, ordea, argi dago Athletici egin diotela ihes bi puntuk etxean. Lehen gola Bermeotik iritsi da: Unai Gomezen pase bat baliatuta, Jauregizarrek 36. minutuan aurreratu du Athletic. Bigarren zatian abantaila handitzeko aukerak izan dituzten Ernesto Valverderen jokalariek, baina 82. minutuan erabaki da partida. Julen Agirrezabala atezainak gaizki kontrolatu du baloia, eta Sevillako aurrelari bati falta egin dio. Epaileak ez du zalantzarik izan eta txartel gorria atera dio. Agirrezabalaren ordez Padilla zelairatu da, eta ondo aritu bada ere, jokalari bat gehiagorekin arituta, Sevilla suspertu egin da Sevilla, eta luzapenean berdindu du, zorigaiztoko jokaldio batean. Partida irabazteko gol aukera oso garbi bat ere izan du, baina Yurik, Padillak eta zutoinak eragotzi dute Espainiako taldearen garaipena. Athletic: Agirrezabal; De Marcos (Yuri, 71. min.), Paredes, Nuñez, Lekue; Jauregizar, Vesga (Ruiz de Galarreta, 59. min); Nico Williams (Padilla, 85. min.), Unai Gomez (Guruzeta, 59. min.), Berenguer (Canales, 71.min); eta Iñaki Williams. Sevilla: Nyland; Carmona (Pedrosa, 80. min), Bade, Nianzou, Barco (Juanlu Sanchez, 46. min.); Agoume (Navas, 86. min), Gudelj; Lukebakio, Peque (Mejia, 80. min), Ejuke; eta Iheanacho (Suso, 59. min.) . Golak: Jauregizarrek (36. min.), eta Padillak bere atean (93. min.).
Polemikaz inguratuta iritsi zen Tardes de soledad filma jaialdira, erretiratzeko eskariak barne, eta Urrezko Maskorrarekin itzuli da etxera Albert Serra zinemagile katalana Donostiako 72. Zinemalditik. Zezen plaza batean kokatu ditu ikusleak zuzendariak, lehen lerroan kokatu ere, eta, plano hurbilen bidez, gordin erakutsi dizkie zezenaren agonia, toreroaren izerdia, bere taldekideen gorazarreak, eta odola. Jaialdiko sari nagusia hari ematea erabaki du aurtengo epaimahai ofizialak, eta sariak banatzeko eginiko ekitaldian, bere lantaldeari ez ezik, filmean agertzen diren toreatzaileei ere eskerrak eman dizkie Serrak, beren munduan sartzen uzteagatik: «Niretzat ohorea izan da haiengandik hain gertu egon ahal izatea. Haiei esker egin dugu filma, eta horregatik du beste film batzuetan aurkitu ezin den egiazkotasuna». Iaz, O corno filmagatik, sari bera eskuratu zuen Jaione Camborda zinemagile donostiarrak, eta epaimahaiburu izan da aurten; haren eskutik jaso du garaikurra Serrak. Epaimahaiak filmari aitortu dio hainbat auziren gainean gogoeta eginarazteko aukera ematen diola publikoari, hala nola «sormen artistikoaren mugez, beldurraz, basakeriaz, tradizioaz eta maskulinitateaz». Zuzendariak, bere aldetik, «apur bat ausarta den autore zinema» aldarrikatu du, «edozein auziren sakonera jotzeko ausardia duena». Andres Roca Rey toreatzaile perutarra jarri du erdigunean zuzendariak bere lehen dokumentalean, eta, hari segika, hainbat zezenketatako irudiekin osatu du lana batez ere, nahiz eta badiren toreroa plazatik kanpo, kuadrillarekin nahiz janzten erakusten dituen sekuentziak ere. Estreinaldiaren aurretik, filma erretiratu zezala eskatu zion PACMA alderdi animalistak Zinemaldiari, baina halakorik ez zutela egingo erantzun zien Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak. Polemikak polemika, Sail Ofizialeko lehian lehen aldiz parte hartu, eta sari nagusia irabazi du zinemagileak. Gaualdiko beste sari nagusietako bat, Zuzendaririk onenaren Zilarrezko Maskorra, ex aequo jaso dute beren lehen film luzearekin lehiatu diren bi zinemagilek: Laura Carreira portugaldarrak On Falling drama sozialagatik, eta Pedro Martin-Calero espainiarrak El llanto beldurrezkoagatik. Eskoziako biltegi batean lan errepikakor eta bakarti bat egiten duen emakume portugaldar bat du protagonista Carreiraren lanak, eta gizarte indibidualistari eta kapitalismoari kritika egiten dio. Martin-Caleroren filmean, presentzia baten mehatxupean bizi diren hiru emakume dira ardatza. Jasotzeko merituak dituela uste duen lanari sari berezi bat emateko aukera ere badu epaimahai ofizialak, eta Gia Coppola zinemagile estatubatuarraren The Last Showgirl filmeko antzezle taldeari aitortza egitea erabaki du aurten. Coppolak eta Pamela Anderson aktore protagonistak jaso dute saria, eta gainerako antzezleak izan dituzte gogoan. Interpretazioaren arloan, berriz, euskal aktore batentzat izan da aitortza nagusia, eta hunkituta jaso du garaikurra Patricia Lopez Arnaizek. Pilar Palomeroren Los destellos filmean egindako lana saritu dio epaimahaiak, eta jokatu duen pertsonaiaren atzean filmeko lantalde osoaren lana dagoela nabarmendu du, baina Palomerorena eskertu du bereziki. «Haren eskutik joan naiz, erabateko konfiantzaz; aktore zuzendari bikaina da, eta bere talentua goraipatu nahi dut». Taldeko aktorerik onena, berriz, Pierre Lottin izendatu du epaimahaiak, François Ozonek zuzendutako Quand vient l’automne filmean egindako interpretazioagatik. Film horri esker, Gidoi onenaren saria ere eraman dute Ozonek eta Philippe Piazzok. Argazki onenaren garaikurra Songri Piaorentzat izan da, Huo Xin txinatarrak zuzendutako Bound in Heaven lanagatik. Cambordarekin batera, epaile lanetan aritu dira Leila Guerriero idazlea, Fran Kranz aktore eta zuzendaria, Christos Nikou eta Ulrich Seidl zinemagileak, eta Carole Scotta ekoizlea. SARIAK Filmik onenaren Urrezko Maskorra: Tardes de soledad (Albert Serra). Zuzendaririk onenaren Zilarrezko Maskorra: Laura Carreira (On Falling) eta Pedro Martin-Calero (El llanto). Aktorerik onenaren Zilarrezko Maskorra: Patricia Lopez Arnaiz (Los destellos). Taldeko aktorerik onenaren Zilarrezko Maskorra: Pierre Lottin (Quand vient l’automne). Epaimahaiaren Sari Berezia: The Last Showgirl filmeko aktore taldea (Gia Coppola). Gidoi onena: François Ozon eta Philippe Piazzo (Quand vient l’automne). Argazki onena: Songri Piao (Bound in Heaven). Kutxabank-Zuzendari Berriak saria: Bagger Drama (Piet Baumgartner). Horizontes saria: El jockey (Luis Ortega). Gazteriaren saria: Turn Me On (Michael Tyburski). Donostia Hiria publikoaren saria: En fanfare (Emmanuel Courcol). Donostia Hiria publikoaren saria Europako film onenaren saria: Daney anjir maabed (Mohammad Rasoulof). Irizar saria: Chaplin / Espíritu gitano (Carmen Chaplin). Zabaltegi-Tabakalera saria: Aprili (Dea Kulumbegaxvili). Beste sailetako sariak Sail Ofizialetik kanpo ere banatzen da saririk, eta horien artean dago Euskal Zinemaren Irizar saria. Aurten, Carmen Chaplinen Chaplin / Espíritu gitano dokumentalak eraman du aitortza nagusia, eta Pello Gutierrezen Erreplika euskarazko lanak, berriz, aipamen berezia jaso du. Zuzendari Berriak saria Piet Baumgartnerri ematea erabaki du sail horretako epaimahaiak, Bagger Drama filmagatik, eta aipamen berezia ere eman dio beste lan bati: Anton Alvarezen La guitarra flamenca de Yerai Cortés-i. Zabaltegi-Tabakalera saria, berriz, Dea Kulumbegaxvilientzat izan da, Aprili lanagatik, eta sail horretan Jessica Sarah Rinlanden Monólogo colectivo-k aipamen berezia jaso du. Horizontes Latinos ataleko aitortza Luis Ortegaren El Jockey-rentzat izan da. Perlak ataleko saria, aldiz, ikusleek erabakitzen dute, eta aurtengoek Emmanuel Courcolen En fanfare filmari eman diote Donostia Hiria Publikoaren Saria. Atal berean, Mohammad Rasoulofen Daney anjir maabed / The Seed of the Sacred Fig izendatu dute Europako ekoizpen onena.
Osasunak eromena piztu du Sadarren Bartzelona 4-2 menperatu ostean. Vicente Morenoren taldeak partida ikusgarria egin du ligako liderra garaitzeko. Lehen ordu erdirako bi goleko errenta sartu du etxeko taldeak, eta txikitu egin du ligan partida guztiak nagusitasunez irabazi dituen taldea. Izan ere, gaur lider itxura eman dutenak gorritxoak izan dira. Budimirrek sartu du lehen gola, Bryan Zaragozaren erdiraketa batean, eta bigarrena Bryanek berak sartu du atezaina eserita utzita maniobra ikusgarri batekin. Bigarren zatian Bartzelona gerturatu egin da, baina Budimirren eta Bretonesen gol banarekin garaipena ziurtatu du Osasunak. Gorritxoek bost jokalari aldatu dituzte azken hamaikakoarekin alderatuta, Bartzelona gelditzen saiatzeko. Juan Cruzek Abel Bretones ordezkatu du, defentsari lehentasuna emateko; Ibañez Moncayola lesionatuaren ordezko logikoa zen, eta Ruben Garciak, Budimirrek eta Bryanek osatu dute gorritxoen erasoko hirukote berria, Ruben Peña, Moi Gomez eta Raul Garciaren ordez. Izenen gainetik, Vicente Morenoren taldeak bere partidarik onena egin behar zuen Bartzelona eraberritu bati hozka egiteko. Izan ere, datorren astean Txapeldunen liga jokatuko du ligako liderrak, eta jokalari garrantzitsu batzuk aulkitik hasi dute partida. Esate baterako, Lamine Yamal hasieratik ez egotea albiste ona izan da gorritxoentzat. Etxeko taldea oldarkor atera da lehen minutuetan, eta aurkariarengan jarritako presio altuak Hansi Flicken jokalariak ito ditu. Deseroso aritu da Bartzelona, Osasunaren segurtasun eta konfiantzaren aurrean. Bartzelonak ezin izan du hiru zutoinen artean errematerik egin, baloiaren jabetzaren %70 inguruan izan badu ere lehen zati osoan. Baloia kontrolpean izateak ez dio balio izan aurkariaren arean arriskua sortzeko. Budimir eta Bryan, bien artean lortu duten gola ospatzen. IDOIA ZABALETA / FOKU Osasunak argi zuen baloia lapurtu ondoren zer egin: ahalik eta bertikalen izan, eta hegaletik erasotu. Lehen abisua Jesus Aresok eman du, Bartzelonak baloi irteeran egindako akats baten ondoren jaurtiketa gurutzatu bat eginez. Baina gola laster etorri da, minutu eskasera. Bryanek kornerretik gertu jaso du baloia, eta Jules Kounde atzelariarekin bat baten aurkako egoeratik aterata erdiraketa bikaina jarri dio Budimirri. Kroaziarrak ez du huts egin, eta markagailuan aurreratu da Osasuna. Hamar minutu geroago hankaz gora jarri da partida. Beste trantsizio azkar batean Bryanek bikain gidatu du baloia Bartzelonaren atezainaren aurrera iritsi arte, eta denek jaurtiketa espero zutenean trikimailu ikusgarri bat egin du aurrelari andaluziarrak. Iñaki Peñaren aurrean pilota zapalduz eserita utzi du atezaina, eta maisuki bultzatu du baloia sare barrura. Bartzelona zokoratuta izan du Osasunak lehen zatian, eta azken minutuetan besterik ez dio utzi arnasa hartzen. Sartutako bi golek justizia osoz jarri dute aurretik markagailuan etxeko taldea. Talde katalanari trabatu egin zaio Osasunaren presioa eta ez du bere futbol azkarraren aurrean erreakzionatzen jakin. Huts bakar bat, baina ez nolanahikoa Gozatzen ari ziren gorritxoak berdegunean, eta bigarren zatian martxa bakar bat ere jaitsi gabe hasi dute. Haatik, ezustean jaso du Bartzelonaren kolpea. Sergio Herrera kapitainak, geldiketa bikain bat egin ondoren, gaizki erabaki du baloi irteera batean, eta Bartzelonako jokalari bati oparitu dio baloia. Pau Victor gazteari, hain zuzen. Masiako aurrelariak ez du aparteko jaurtiketarik egin, baina Herrera erori egin da azken unean, eta ez du galarazi kanpotarren lehen gola. Baina buruarekin ez ezik, bihotzarekin jokatzen du Osasunak, eta gola jasoko ez balu bezala erantzun dio Bartzelonari. Sufritzea tokatu zaio jokaldi batzuetan, baina erasoan zigortzen jarraitu dute Vicente Morenoren jokalariak. Eta, beste behin, kontraeraso azkar batean iritsi zaio saria Osasunari. Budimirrek penalti puntuan jaso behar zuen erdiraketa bat, baina Sergi Dominguez gazteak lurrera bota du kroaziarra. Hamaika metroetatik ez du hutsik egin aurrelariak, eta 3-1 ekoa jarri du markagailuan. Bartzelonari kosta egin zaio sentipen onak berreskuratzea, eta Osasunaren erasoak geldiarazteko arazo handiekin zebilen oraindik. 85. minutuan, ordea, partida akabatu egin du Osasunak, beste gol itzel batekin. Abel Bretones hegaleko defentsak baloia jaso du zelai erdian, aulkitik sartu berritan, eta bitan pentsatu gabe jaurtiketa indartsu bat egin du. Bartzelonako atezainak ez zuen espero, eta mugitu denerako ate barruan zen baloia. Berriro sutan jarri da Sadar. Ez zegoen zertara jokatu azken minutuetan, baina Bartzelonak estualdi txiki bat eman du harrotasun puntu bat erakutsi nahian. Lamine Yamal gazteak area kanpotik gol bikain bat egin du, baina ez dio ezertarako balio izan bere taldeari. Lehen aldiz erori da Bartzelona aurtengo Espainiako Lehen Mailan. OSASUNA-BARTZELONA Osasuna: Herrera; Areso (Herrando, 84.min.), Boyono, Catena, Juan Cruz (Nacho Vidal, 84.min.); Pablo Ibañez, Torro, Aimar Oroz; Bryan Zaragoza (Bretones, 77.min.), Raul Garcia (Ruben Peña, 59.min.) eta Budimir (Raul Garcia, 77.min.). Bartzelona: Iñaki Peña; Kounde, Sergi Dominguez, Cubarsi, Gerard Martin (Alex Balde, 70.min.); Pedri, Eric Garcia; Ferran Torres, Pablo Torre (Lamine Yamal, 59.min.), Pau Victor (Raphinha, 59.min.); Robert Lewandowski (Casado, 70.min.). Golak: Budimirrek (18.min.), Bryan Zaragozak (28.min.), Pau Victorrek (53.min.), Budimirrek (72.min.), Bretonesek (85.min.), eta Lamine Yamalek (89.min.).
Koherentzia eta osotasuna izan ditu aurten Sail Ofizialak. Izan du zeharlerro bat film askotan, heriotzak eta hil aurreko momentuen zaintzak joa. Pantaila handian ikusi da, hortik aparte, animalia batzuk nola hil dituzten. Benetan, fikziorik gabe. Zineman ez ziren sekula ikusi modu horretan zezenketak, hain gertu, hain ozen, Albert Serra kataluniarraren Tardes de soledad dokumentalean bezala. Ikus-entzunezko artefaktu boteretsua da Serraren lana, aurkeztu diren beste filmetatik bereizten dena, eta badu zentzua Urrezko Maskorrarekin saritu izanak. Tardes de soledad dokumentala. DONOSTIAKO ZINEMALDIA Hain gertu, hain ozen. Izan ere, dokumental irabazlean soinuaren tratamendua ikaragarria da. Hotzikarak. Zirrara handia eragiten du zezenaren arnasa entzuteak. Zezen plazaren erdian, mingaina kanpoan duela, nola dabilen animalia zauritua, heriotzara kondenatua… Esperientzia hori transmititu du Serrak filmean, eta ez du inor hotz uzten. Epaimahaiko kideei Serraren proposamena iritsi zaiela argi da; alferrikakoa litzateke aipatzea beste pelikula batzuek ere merezi zutela Urrezko Maskorra. Tardes de soledad merezimenduz da garailea, orain arte egin ez zen pelikula bat egin baitu zuzendariak —torero protagonista eta bere ingurukoak furgoneta batean solasean dabiltzan eszena sorta ere oso deigarria da—. Esperientzia fisiko aztoratzailea da filma pantaila handi batean ikustea, dena hain ozen, hain gertu. Baina baliatu beharko litzateke dokumentala bera eta Zinemaldian sari handiena jaso izana zinemaz haragoko eztabaidarako: lehenik eta behin, zezenketei laguntza publikoak emateak zentzurik ba ote duen; eta, bigarrenik, animalia bat halako torturekin hiltzea zilegi ote den. Zinemak gizartea hobetzeko balio beharko luke, askotan soilik zinema dela onartuta ere. Izuarekin lotutako lehergailu bat da Tardes de soledad, ez-fikziozkoa, Andres Roca Rey toreroa protagonista duena. Ezkutatu ezin den errealitate bat erakusten duena. Irabazle bat, Donostiako 72. Zinemaldia aztoratu duena. Tardes de soledad dokumentalaren trailerra. Beste alde batetik, belaunaldi berrienekin bat egiten duten bi begirada, bi opera prima, saritu ditu epaimahaiak zuzendari onenaren sarirako: Laura Carreira eta Pedro Martin Calero. On Falling zinta interesgarria ondu du Carreirak: saudadea, Eskoziako behe lainoaren artean. Hainbatek aipatzen zuten Urrezko Maskorra ere izan zitekeela, baina zuzendari onenaren saria ez dago batere gaizki. Ezusteko handiagoa izan da Martin Calerorena, El llanto beldurrezko filma ez baita aurtengo onenen artean aipatu. Beste opera prima bat oso ezusteko ederra izan da: Xin Huo zuzendariaren Bound in heaven. Argazki onenaren saria eraman du Txinako filmak, eta ezin zuen bestela izan. Patricia Lopez Arnaiz aktorea, Los destellos filmean. Gasteizko aktore batek jaso du interpretazio protagonistaren Zilarrezko Maskorra: Patricia Lopez Arnaizek. Hunkigarria da Pilar Palomeroren Los destellos sentiberan egiten duen lana. Epaimahaiaren Sari Berezia Gia Coppolaren The Last Showgirl filmeko aktore taldeari eman diote; Hard Truths filmeko aktoreek ere mereziko lukete. Taldeko aktorearen saria Pierre Lottinek jaso du, Quand vient l’automne film ederrean egindako lanari esker. Gidoi onenaren saria ere eraman du film horrek; oso gomendagarria da Ozonen zinta. Eta badira film gomendagarri gehiago saririk batere gabe gelditu direnak: Costa Gavrasen Le dernier souffle eta Edward Bergerren Conclave, esaterako. Edonola ere, aitzakiarik ez sariekin. Film batetik bestera, kritika batetik bestera, zanboan dabil ikusle bat baino gehiago. Zorabio horretan, balantzaka, 2025. urtean Sail Ofizialean euskarazko filmen bat lehiatzea desiragarria litzateke. Proiektuak badira bidean… Ea desira betetzen den. Sail Ofizialaren balantzea. 2024ko irailaren 27a.
Shigeru Ishibak irabazi ditu LDP Japoniako Alderdi Liberal Demokratikoak lider berria aukeratzeko egindako barne bozak, gaur. Parlamentuak urriaren 1ean izendatuko du Ishiba herrialdeko 65. lehen ministro. Abuztuaren 14an, Fumio Kishida LDPkoak iragarri zuen dimisioa emango zuela, ustelkeria kasuak zirela-eta, eta horregatik egin dituzte gaur barne hauteskundeak. 215 boto lortu ditu Ishibak, eta Sanae Takaichi Segurtasun Ekonomikoko ministroari gailendu zaio (194). Barne hauteskundeak Takaichik irabazi izan balitu, herrialdeko lehen emakume ministroa bilakatuko zatekeen. 67 urte ditu Ishibak, eta bosgarren saiakera du LDPko liderra izaten. Taldeko «beterano» izendatu izan du bere burua. Hauteskundeen irabazleak gaurko ekitaldian azaldu du Japoniak «bidezkoagoa eta adeitsuagoa» izan behar duela, eta hemendik aitzinera «segurtasun gaietan» jarriko duela arreta; erraterako, Estatu Batuek Japoniako baseetan egiten duten erabileran. Yasuo Fukuda lehen ministro izan zenean (2007-2008), Japoniako Defentsa ministroa izan zen Ishiba, baita Nekazaritza, Basogintza eta Arrantzakoa ere. Bertzeak bertze, zalantzan jarri du Japoniako Bankuaren ezohiko interes tasen politika, eta, bide batez, landa eremuko despopulazioari aurre egiteko baliabideak ere eskatu ditu. 50eko hamarkadatik ia etenik gabe izan dira boterean Alderdi Liberal Demokratikokoak.
Oholtzara igotzea eta dantzatzea du maiteen. Dirdira egiten duten jantziak, makillajea, fokuak, dekoratuak. Hiru hamarkadaz, Las Vegasen ikuskizun bera egiten aritu da Shelly (Pamela Anderson). Azken showgirl-etako bat da, baina zaharkituta geratu da showa, eta adinean gora egin du berak ere. Bat-batean, ikuskizuna bertan behera utziko dutela esango diote, eta, argiak itzaltzean, bere bizitzarekin zer egin erabaki beharko du 57 urteko emakumeak. Baita bere alabarekiko harremana nola berreskuratu ere. Pamela Anderson aktorea protagonistaren rolean jarri du Gia Coppola zinemagile estatubatuarrak The Last Showgirl filmean, eta publikoaren txalo zaparrada luzea jaso dute biek Kursaalean, Sail Ofizialean lehian parte hartu duten filmen azkenaren emanaldian. Ondotik, biek egindako agerraldian, Coppolak azaldu du betidanik nahi izan zuela Las Vegasen filmatu, eta hirian egiten zen ikuskizun bat bertan behera geratuko zela jakin zuenean, interesa piztu ziola horrek. «Dagoeneko jendeari askorik interesatzen ez zaion arte mota bat da, eta ni ere ez nengoen jabetua ekoizpen diseinuaren eta jantzien mailaz. Gainera, showgirl-ak sinbolo moduko bat dira Las Vegasen, eta jada ez da ia halakorik geratzen. Beraz, modu askotara sinbolikoa iruditu zitzaidan». Zuzendariaren hitzetan, «amets amerikarraren metafora bat da» filma, «dena ez baita urre; jende askok dauka bizimodu hori». Halaber, iritzi dio artistentzat zaila dela amets baten bila abiatzea, bereziki emakumeen kasuan, eta asmo hori bertan behera noiz utzi erabakitzea ere bai, «errealitatearekin talka ere hor dagoelako eta beti ezin baita bizimodua horrela aurrera atera». Protagonistaren rola Andersonek baino ezin zuela jokatu iruditu zitzaion zuzendariari. «Zerbaitek erakartzen ninduen harengandik, eta haren dokumentala ikusi nuenean, ziur jakin nuen berak interpretatu behar zuela Shelly». Hunkituta mintzatu da aktorea izandako harreraz eta filmean parte hartzeaz, zineman aritzea «dagoeneko ezinezkoa» izango zuela uste zuelako. «Sarritan izan ditut zalantzak neure buruarekin, eta besteek ere bai. Baina sekula ez da beranduegi. Nik ez nuen sekula pentsatuko halako aukera bat izango nuenik», azaldu du Andersonek. Paralelismoak Aktoreak adierazi du bere pertsonaia «oso gertukoa» sentitu zuela, eta bere bizitzako esperientziak baliatu zituela hura lantzeko, paralelismo ugari ikusi zituelako. «Nire ibilbidearen parte handi bat nire itxura fisikoaren menpe egon da, eta hori izan da neure buruarekin esperimentu hau egiteko arrazoietako bat. Geruzak kendu ditut, nor naizen gogoratu, uko egin diot besteek ni definitzeari, eta lanbide honetan aritzeko bizipozari eutsi diot». Aurrez hainbat film labur eta bideoklip sinatu ditu Coppolak, baita bi film luze ere: Palo Alto (2013) eta Mainstream (2020). The Seven Faces of Jane film kolektiboan ere zuzendari gisa parte hartu zuen 2022an. Haren lan berria da Sail Ofizialeko lehiaren barruan proiektatu duten azkena. Bihar, lehiaz kanpo, John Crowleyren We Live In Time emango dute.