Gaur, urriaren 21ean albiste izango dira: EITB Dataren arabera, Hego Euskal Herriko BPGaren laurden bat sortzen du industriak, Israelek Gazaren aurkako erasoaldia gogortu du asteburuan, eta migratzaileak Albaniako atxikitze zentroetara eramatea ahalbidetuko dion lege dekretua onartuko du Italiak.
Giro ederrean ospatu dute Zangozan (Nafarroa) Nafarroa Oinezen egun handia. Antolatzaileek egin duten balorazioan, nabarmendu dute azken egunetan izandako euriteek lanak zaildu dizkietela, baina azkenean egoera onean zeudela aparkalekuak, eremuak eta zirkuitua, eta gorabeherarik gabea izan dela jaia. «Giro bikaina izan dugu arlo guztietan», adierazi dute. Goizean, irekiera ekitaldiarekin eman diote hasiera festari. Nagore Oria Zangozako Ikastolako zuzendaria eta Carlos Arzelus Ikastolako lehendakaria izan dira argi zuziak piztearen arduradunak. Lau piztu dituzte, Nafarroa Oinezen aurtengo helburu bakoitzeko bat: kalitatezko hezkuntza euskalduna, auzolana, jasangarritasun energetikoa eta baliabideak. Nafarroa Oinezen hasiera ekitaldia. IÑIGO URIZ / FOKU Arzelusek hitza hartu du jarraian, eta helburu horietako bi izan ditu hizpide, «ikastolen izaeran garrantzitsu bilakatu diren bi»: auzolana eta jasangarritasun energetikoa. «Auzolana gure balioen isla da. Eskuak, bihotzak eta borondateak elkarbanatutako helburu baten alde batzea da: euskara loratuko den eta belaunaldi berriak beren hizkuntza, kultura eta tradizioetan errotuta haziko diren etorkizuna bermatzea da», esan du. [articles:2132215] Ana Ollok ere hitz egin du, Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak. Nafarroa Oinezen aurtengo aldia landa eremu batean egin izana txalotu du, duela 7 urtetatik eremu ez-euskaldunean dagoen toki batean. «Ezin dugu ahaztu ikastolek funtsezko rola izan dutela lurraldea euskararen bidez egituratzeko, hizkuntza hezkuntza proiektuaren ardatzean jarriz. Iraganean, euskaraz ikastea ezinezkoa zenean, Nafarroako herri askotan, hor egon ziren ikastolak», esan du. Omenaldia eta lekukoa Lekuko aldaketa ekitaldian, berriz, Zangozako Ikastola sortu zuten lagunak omendu dituzte, batzarra osatu zuten gizonak eta etxea eta seme-alabak zaintzen geratu ziren emakumeak. Horren ostean, Elena Zabaleta Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak datorren urtean Nafarroa Oinez antolatuko duen ikastolari pasa dio lekukoa, Atarrabiako Paz de Ziganda Ikastolari. Iñaki Erroz zuzendariak eta Maider Nuin lehendakariak hartu dute. Hiru gune Gaurko, 3,5 kilometroko ibilbidean hiru gune atondu dituzte antolatzaileek: dantzak eta musika izan dituen Piztu gunea; tailerrak eta kontzertuak jaso dituen Mintzatu gunea; eta ikuskizunak eta kontzertu gehiago eskaini dituen Gozatu gunea. Gazte batzuk, gaur, Zangozan. IÑIGO URIZ / FOKU Egitaraua oparoa izan da, eta adin guztietarako ekintzak izan ditu. Kontzertuei dagokienean, oholtzara igo dira, besteak beste, Ibil Bedi, Anari, Leihotikan eta Kaleko Urdangak. Egun guztian ibilbidean zehar ibili dira, gainera, gaiteroak, txarangak, ttunttuneroak eta abar. Ikastolen jaietan ohiko bilakatu den moduan, Erronka probak ere izan du protagonismoa. Zangozako Ikastolak eskerrak eman dizkie bertaratu diren guztiei. «Eguraldia lagun, iragarpena bete egin da eta jaiaz gozatzen lagundu digute egun eguzkitsuak eta tenperatura altuek».
«Sionismoaren konplize, Palestina askatu!». Hori diote bart gauean EAJren eta PSE-EEren zenbait egoitzetan agertu diren pintaketek eta eskuorriek. Bi alderdiei egotzi diete Israelen konplize izatea, eta Palestinaren alde mobilizatzeko egin duten deia «hipokrisia» dela salatu dute. Salaketak Gernika-Palestina plataformak bihar herri guztietan egingo dituen elkarretaratzeen bezperan agertu dira. Haiekin bat egin dute EAJk zein PSE-EEk. «Palestinarekiko elkartasunarekin batera, ezinbestekoa da Israelekin eta sionismoarekin konplizitateak dituzten alderdi politikoak seinalatzea. Horienganako presioa handitzeko garaia da. Ez diezaiegun aurpegia garbitu!», diote eskuorriek. EAJren egoitza bat, gaur goizean. BERRIA Salatzaileek azaldu dute zergatik aurpegiratzen dieten hori. Eusko Jaurlaritzari, zehazki, leporatu diote Israelekin harreman diplomatikoak izatea; «okupatutako lurraldeak lotzeko trenak egiten ari den» CAF enpresako akziodun izatea; eta Ertzaintza Israelen trebatzea eta zaintzarako teknologia hango enpresei erostea. Zerrendatu dituzte Ertzaintzak Israelgo institutu, unibertsitate eta segurtasun enpresekin dituen harremanak. Bizkaiko Foru Aldundiak Shin Bet inteligentzia zerbitzuekin hitzarmen bat sinatu izana ere gaitzetsi dute. Harremanak eten PSE-EEri dagokionez, gogoratu dituzte Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak aurtengo maiatzean esandakoak: «Israel herrialde laguna da, eta ahalik eta harreman onena izan nahi dugu harekin». Besteak beste, arbuiatu dute Madrilek iaz Israeletik suziriak inportatzeko sinatu zuen 285 milioi euroko akordioa, eta gogorarazi dute Espainia dela EB Europako Batasunetik Israelera gehien esportatzen duen herrialdeetako bat. «2023ko azaroan, Israelek EBtik inportatu zuenaren %57 Espainiatik izan zen», gehitu dute. Horregatik guztiagatik, EAJri zein PSE-EEri eskatu diete Israelekin dituzten harreman guztiak eteteko.
Medikuntza ikasketak hasi zituen, baina euskalgintzan aritu da beti Iñaki Uria (Zarautz, Gipuzkoa, 1960). Idazten, kudeaketa lanetan, euskarazko hedabideentzat laguntzak eta sosak lortzen… Komunikabideak sortzen ere bai. Euskaldunon Egunkaria-ren sortzaileetako bat izan zen; zuzendari eta kontseilari ordezkari aritu zen. Hamaika telebistaren sortzailea ere izan zen, eta horretan jardun du azken hemezortzi urteetan. Hernaniko (Gipuzkoa) terraza batean hasi da euskarazko prentsaren ingurukoak kontatzen. Zein dira haurtzaroaz dituzun oroitzapenik bizienak? Kalean jolasten ginen; asko ibiltzen ginen pilotalekuetan. Lan mundua ere gertu zegoen; Berdura plazan denda zuen aitak, eta jolasak, ikasketak eta lana batuta zeuden han inguruan. Uste dut txikitatik uztartu izan ditudala lana eta jolasa. Ikasle ona al zinen? Bai, txintxoa. Ikasketetan ondo ibiltzen nintzen. Ikasle ona izan behar Medikuntza ikasketak aukeratu ahal izateko… Txikitatik nuen bokazioa izan zen hori: medikuntzak asko erakartzen ninduen. Baina COUn [egungo batxilerra] beste asmo eta gogo batzuk ere ireki zitzaizkidan; antropologia, adibidez, baina orduan ez zegoen karrerarik. Kezka horiek areagotuz joan ziren. Iruñean Opus Deiko unibertsitatean Medikuntza egiten nuen garaian, Jose Migel Barandiaranen ikastaro batzuetara joaten nintzen. Talde euskaltzale eta egokia zegoen ikastaro haietan. Frankismoaren amaiera zen, garai konbultsoa. Saltsa handia eta bizia zegoen Iruñean. Medikuntzan, bestalde, bosgarren kurtsoko ikasleak ikusten nituen, eta beldurgarri bilakatzen ziren haietako batzuk. Halako gogoetek eraman ninduten Medikuntza ikasketak uztera. Eta ondoren? Euskal Filologiako ikasketak hasi berriak ziren, eta horietara jo nuen. Iñaki Uria. JON URBE / FOKU Argia aldizkarira nola iritsi zinen? Bateratsu, 1979. urtearen bueltan. Zeruko Argia zen orduan, eta hasieran kolaboratzaile aritu nintzen. Unibertsitatean, bestalde, Josu Landa eta aldizkarian idazten zuten beste batzuk ezagutu nituen. Elixabete Garmendiak eta Pilar Iparragirrek aldizkaria utzi zuten, eta orduan beste talde bat sartu zen. 1980tik aurrera, lantaldean murgildu nintzen. Susa aldizkaria ere egiten zenuten. Euskal Filologia ikasten ari ginen batzuk hasi ginen literatur aldizkaria ateratzen. Ikasle garaiko kontu bat zen. Argia-n, bestalde, kultur arloko gaiak lantzen nituen, tartean kontzertuen ingurukoak. Susa aldizkariaren gainean esango nuke belaunaldi bakoitzak bere plataforma sortzen duela; gaur egun ere sortzen dira tankerako talde berriak. Gorabehera ekonomiko handiak zenituzten Argia-n, ezta? Trabesia oso luzea izan zen, bai. Zorrak zeuden, horiek kudeatu behar ziren… eta horretan zebiltzan Joxemi Zumalabe eta Joxe Mari Ostolaza. Taldean, berriz, Pello Zubiria, Josu Landa, Jon Barandiaran eta beste batzuk geunden. Kontua da Argia atera behar genuela aurrera, hortik ezin genuela kobratu, eta bizitzeko dirua beste toki batetik atera behar genuela; hortaz, gau eskoletan klaseak ematen genituen, itzulpen lanak egiten genituen, diseinukoak… eta horrelakoak. «’Argia’-n ari ginela, ezin genuen hortik kobratu. Bizitzeko dirua beste toki batetik atera behar genuen: gau eskoletan klaseak emanez, itzulpen eta diseinu lanak eginez… eta horrelakoetan» Egin eta Deia egunkariak sortu zituzten, baina haietan euskaraz gutxi argitaratzen zen. 1977. urtean sortu ziren bi egunkari horiek. Euskaraz argitaratzen zituzten artikuluen ehunekoak ez ziren sekula nahikoak. Astekari batzuk ere sortu zituzten garai hartan, eta horiek gehienbat gaztelaniaz ziren. Argi genuen guk euskaraz eta euskaratik egin behar genuela. Nola piztu zen euskarazko egunkaria sortzeko ametsa Argia-ko taldean? Nahiko azkar. 1980ko hamarkadaren hasieran ETB sortu zen, 1982aren amaieran. Euskal Herrian Euskaraz-ek ere egin zuen ETBren sorreraren aldeko kanpaina. Mahai inguruetan, Eusko Jaurlaritzak aipatzen zuen entzutekoa bultzatzea lehenbizi, eta ikus-entzunezkoa gero. Guk galdetzen genuen: «Eta idatzizkoa?». Hori bazter uzten zutela ikusten genuen. Aldizkaria bera ez zuten laguntzen. Argia-n, hala ere, arnasa pixka bat hartzen hasi ginenean, ikusi genuen hurrengo pausoa egunkaria zela. Lau astez jarraian lau editorial atera genituen behar zirenak aldarrikatuz: euskal prentsaren lege bat eskatzen genuen, eta tartean euskarazko egunkaria ere bai. Lehen fase haiek nola garatu ziren? Beharra nabarmentzen genuen, eta hori artikuluetan agertzen zen. Prozesua oso luzea izan zen. Garai hartan, euskaraz soilik Argia, Anaitasuna eta Karmel aldizkariak zeuden; gero, pixkanaka, hasi ziren Tttipi Ttapakoak, Arrasate Pressekoak… Baina ez zegoen besterik, eta Anaitasuna-k utzi egin zuen 1982an. Bilbo inguruko ikasle eta irakasle talde bat gurekin kolaboratzen hasi zen, era berean. Bidean jendea ezagutuz joan ginen. Hamarkada hartan, Jaurlaritzak esaten zuen ez zegoela kazetaririk eta ez zegoela irakurlerik euskarazko egunkari bat sortzeko. Baina guk ikusten genuen herri bezala beharra zegoela: egunkari bat izan gabe, ez da finkatzen ez hizkuntza eta ez nazioa. Guk bakarrik ezin genuen, ordea. Erreibindikatzeaz gain, ekin egin zenioten. Ezagutza pilatuz joan ginen. Eta une batean klik egin genuen. Beste batzuekin elkartu ginen: Egunkaria Sortzen taldea abiatu zen. Martin Ugalde nola iritsi zen zuengana? Argia-ren urtekarian konfrontazioko elkarrizketa bat egiten genuen: erakundeetako pertsona bat eta herri mugimenduetako beste bat. Joxemi Zumalabe eta Martin Ugalde jarri genituen elkarrekin. Elkar ezagutzen zuten, eta Ugalde gobernuan zegoenean haren aurka idazten genuen. Gero, Ugaldek onartu zuen egunkariaren egitasmoan gurekin bat egitea. Karlos Santamaria ere sartu zen Egunkaria Sortzen taldean. EAJko beste batzuekin ere saiatu ginen, baina txilibituak funtzionatu zuen… Gu ahalik eta plataformarik zabalena egiten saiatu ginen, Argia-tik bakarrik ezin baikenuen. Elkar argitaletxearen munduarekin bat egin genuen, eta, bestalde, errotatibaren mundua behar zen… Lortu zen jende desberdinak bat egitea egitasmoan. Baina oztopoak izan ziren, ezta? EAJk beti mugak jarri zituen. Ikusi zuenean gu aurrera abiatu ginela, beste proiektu bat sortu zuten. 1990eko abenduaren 6a: Euskaldunon Egunkaria-ren lehen zenbakia argitaratu zenuten. Eta Jaurlaritzak zenbaki bakarreko egunkari bat zabaldu zuen Durangoko Azokan. Egunero izena zuen Jaurlaritzaren egunkari hark. Gu 0 zenbakiak egiten ari ginen egun batzuk lehenago, eta abenduaren 3an Jaurlaritzak prentsaurreko batera deitu zuen. Hara joan nintzen, eta Jaurlaritzak aurkeztu zuen abenduaren 6an atera behar zuen hura. Nik galdetu nien ea bazekiten abenduaren 6an Euskaldunon Egunkaria jaiotzera zihoala. Erantzun zidaten: «Hori zuek esaten duzue». Kontsideratzen zuten propaganda eta agitazio kanpaina batean ari ginela, eta Euskaldunon Egunkaria-k ez zuela bi egun iraungo. Haienak iraun zuen egun bat. Bai, koloretan zen, oso polita. Gero esan zuten prototipo bat zela. Horren helburu behinena zen Euskaldunon Egunkaria-ri kaltea egitea, finantzaketa lortzeko bidean aurreko egunetan batzuek erantzuten baitzuten Jaurlaritzak beste egunkari bat egin behar zuela. Kaltea egin zuten horrekin, nahita. Euskaldunon Egunkaria jaio zen, eta Argia-k jarraitu zuen. Gure artean banaketa bat egin genuen: batzuk Argia-n gelditu ziren. Dilema bat ere izan zen Argia-rekin zer egin. Eta Euskaldunon Egunkaria-k urtebete irauten bazuen, pentsatzen genuen irits gintezkeela laguntza batzuk lortzera. Lau urte pasatu ziren, ordea, Jaurlaritza Egunkaria laguntzen hasi zen arte. Eta Argia-k ere jarraitu zuen. «’Euskaldunon Egunkaria’-k urtebete irauten bazuen, pentsatzen genuen irits gintezkeela laguntza batzuk lortzera. Lau urte pasatu ziren, ordea, Jaurlaritzaren laguntza iritsi arte» Zer garrantzi izan zuen urte haietan Joxemi Zumalabek? Funtsezkoa izan zen Zumalabe motor bezala. Gure talde txikiaren kohesionatzailea izan zen, eta kanpoan zuen sedukzio ahalmen ikaragarria baliatu zuen. Kontua da 1991ko otsailean lehen ebakuntza egin ziotela, eta haren baja asko sufritu genuen. 1993an hil zen. Martxelo Otamendik Egunkaria-ko zuzendari kargua hartu zuenean, kontseilari ordezkari bihurtu zinen. Nola eraman zenuen artikuluak idatzi beharrean ardurak bete beharra? Marroia, edo deitu nahi moduan. Zumalabe hil zenean, zuzendari nintzen 1993an, eta kontseilari ordezkari izateko beste baten bat nahiago nuen, baina hori egokitu zitzaidan. 1994an, Jaurlaritzarekin akordioa egin genuen, asko kostatuta. Joseba Arregi zen sailburu. Asko kosta zitzaigun: gogoan dut Martin Ugalderen artikulu bat, Ez zait mamu bat gehiago kabitzen kolkoan lerroburukoa, Jaurlaritzakoekin izandako bilera batetik altxatu ostean idatzitakoa. Herritarrek nolako harrera egin zioten Egunkaria-ri? Beste honetaz ez da asko hitz egiten: Argia-tik bultzatu genuen Euskal Herrian Euskaraz, eta talde horretan parte hartu genuen. Kontzientzia hartua genuen: kalean ez bazen euskaldun alfabetatuen kopurua hazten, alferrik ari ginen. Mugimendua sustatu behar zen. Euskal Kulturaren Batzarra sortzen ere ibili ginen. Ikusten genuen mugimenduak behar zirela, eta herriz herri ibili ginen jendea ezagutzen. Egunkaria Sortzen sortu zenerako, bagenuen herrietako taldeekin harremana, eta hori funtsezkoa izan zen. Euskaraz irakurtzeko ohitura ez zen handia 1990eko hamarkadan. Hori zen Egunkaria-n egiten genituen gogoetetako bat. Egunkari nazional batekin bakarrik oso zaila zen irakurzaletasuna lantzea. Horregatik, interesgarria iruditu zitzaigun tokiko egunerokoak sortzea. Produktu arin batzuekin irakurleak irabazteko bidea egon zitekeela ikusten genuen, eta herri aldizkari batzuekin elkarlanean hasi ginen. Gero iritsi ziren Hitza-k. 2003ko otsailean bortxaz itxi zuten arte, zein izan zen Egunkaria-k euskararen normalizazioan egin zuen ekarpena? Ekarpen nagusietako bat euskara batua eta normalizatua idatzian finkatzea izan zen. Aurrerapen handia egin zuen. Lehen estilo liburua Josu Landak eta Koldo Izagirrek landu zuten, eta oso garrantzitsua izan zen. Hizkuntza ez ezik, nazioa ere finkatzeko garrantzitsua izan zen Egunkaria; sailak antolatzeko modua, mapak, erreferentziak eta abar. Egunkaria-k markatu zuen gure lurraldearen ikuspegi zabal bat. Iñaki Uria, Zarautzen, urriaren 9an. JON URBE / FOKU Zer gelditzen zaizu esateko Egunkaria-ren itxieran bizi izan zenuenaz? Ezer ez. Beste basakeria bat. Herri honetan sufritu ditugun beste basakeria asko bezalakoa. Baina kasu honetan gu harrapatu gintuen. Hizkuntza eta herria aurrera ateratzeko proiektua goitik behera moztu zuten. Pertsonalki, torturak, kartzela… eta horrek dakarren guztia. Egunkaria itxi eta hurrengo egunean Egunero kioskoetan izatea zeren erakusle izan zen? Bost egun pasatu ostean jakin nuen, kartzelan sartu nindutenean. Sekulako poza eta harrotasuna sentitu nuen. Banekien jende prestatua eta prestua zegoela, eta aurretik Egin-en itxieran ere erreakzionatu zen. Egunkaria itxi zutenean, erreakzioa ez zen kalean soilik gelditu, eta lortu zen berriz ere egunkari bat martxan jartzea. Herri bezala erantzun hori oso garrantzitsua da. Meritu handia izan zuten horretan aritu zirenek, izan zezaketen beldur guztiarekin. Eta gertatutakoak erakusten du aurretik egindakoa ona izan zela. Kartzelan egindako hemezortzi hilabeteetan zein izan zen unerik gogorrena? Aranjuezko [Espainia] kartzelan nintzen, eta 2004ko martxoaren 11ko jihadisten atentatuak bizitzea egokitu zitzaidan. Euskal presoak itxi egin gintuzten ziegetan, eta hasieran ez genuen ulertzen zer gertatzen ari zen. Jakin genuen modulu batzuetan euskal preso batzuei eraso egin zietela. Ez zen izan bi eguneko kontua: luzatu egin zen. Beste momentu txar batzuk ere izan nituen: kartzelan hil zirenak, beren burua hil zutenak, zainak moztu zituztenak… Kartzelak oso ondo erakusten du gizarteak nola funtzionatzen duen. Egunkari bat sortzen laguntzeagatik pasatu zenuen kartzelaldi hori. Bai, baina ez da egunkari bat bakarrik. Hizkuntza, herria, lan horretan ari zara. Izan ere, hemen politikoki aurreratzen da hizkuntzarekin aurrera egiten den neurrian. BERRIA sortu aurretik, artikulu batzuetan ahots batzuek auzitan jarri zuten egunkariaren izaera edo ideologia. Hori beti egon da. Eusko Jaurlaritzak esaten zuen Egunkaria ez zela gehiago saltzen egunkari «txarra» zelako, eta txarra zen «politikoki ez-zuzena» zelako. Egunkaria itxi zutenean, EAJko agintari horietako batzuek aukera ikusi zuten egunkari instituzional bat egiteko. Baina ez zuten egin, eta BERRIA jaio zen 2003ko ekainean. Lehen hilabeteetan harpidedun asko zeuden, baina kopurua apalduz joan zen. Naturala da hori. Berotasunean, normalagoa da atxikimendu moduan harpidedun egitea. Hasieran asko egin ziren harpidedun. Baina gero errealitateak eta bizimoduak bere tokira eramaten zaitu. Nola murgildu zinen tokiko euskarazko telebisten lizentzien kontuan? Kartzelatik nentorren ideia horrekin. Egunkaria egin ostean, beste pauso bat eman behar zela ikusten nuen. Kointziditu zuen Jaurlaritzak telebista lizentziak ateratzeko aukera zuela; beste multiplex autonomiko bat, eta tokiko telebistak lehiaketara ateratzeko aukera zuten, eta tokikoak atera zituzten. Prestatuz joan nintzen horietan sartzeko. Hasierako ideia zen gero Hitza-k izan diren horiekin batera sortzea tokiko telebistak, sinergiak baliatuz. Eragile batzuk ere beharko zirela ikusi genuen berehala. Zeinekin aritu zineten horretan? Hainbat ekoiztetxe tentatu genituen. Azkenean, komunikabideak sartu ziren tartean: hiru egunkari, BERRIA, Gara eta Noticias taldea. Haiekin batera, Hamaika sortzeko Elkar argitaletxea, Euskaltel eta Bainet ekoiztetxea batu ziren egitasmora. Horren aurretik ate asko jo genituen; prozesua ez zen erraza izan. «Jaurlaritzak ez zuen lehiaketara atera multiplex autonomikoa. Denborarekin, uko egin zion horri, eta Madrilera itzuli zuen. Ez dute konpetentziarik nahi izan ETBrentzat. Ondo zaindu dute hori» Hamaikak hainbat lizentzia lortu zituen, baina telebista egitea garestia da. Hasierako kapitala milioi bat eurokoa izan zen. Ondotik, kapital anpliazioak izan dira. Aipatutako enpresa horiek dirua jarri dute. Zer neurritakoak izan dira Hamaikari erakunde publikoek eman dizkioten diru laguntzak? Oso eskasak. Indarrean dagoen diru-laguntza eredua prentsa idatzian dago oinarrituta. Telebistarena oso txikia izan da beti. Tokiko telebisten lizentziak lortzera joan ginen gu, lehiaketara horiek atera zirelako. Askoz interesgarriagoa izango zen kate autonomiko bat egitea, baina Jaurlaritzak ez zuen lehiaketara atera multiplex autonomikoa. Denborarekin, uko egin zion horri, eta Madrilera itzuli zuen. Zergatik egin zuten hori? Ez zutelako konpetentziarik nahi ETBrentzat. Hori asko zaindu dute. Tokiko telebista mespretxatu egin dute. ETB1 %2ko kuotaren bueltan dabil, baina tokiko telebistak %1 lortzen baldin badu, beldur izan dira %1 hori ETBri kenduko ote dion. Prentsarekin alderatuta, proportzioan laguntzak beti izan dira txikiak, eta telebista batek behar duenerako oso eskasak. ETBrekin alderatuta, ezereza. Hiltzea ere ez dute nahi, baina ez da politika egokia. Estrategiarik ba al dago herri honek behar dituen hedabideei begira? Ez. Ez dago estrategiarik herri bezala zer egin behar den. EITB mantentzeko erabakia dago, eta alderdi bezala [EAJri] ekartzen dizkien onurak baliatzekoa. Lehen, euskal komunikazio esparruaz hitz egiten zen, baina azkeneko hamar urteetan gauzak asko aldatu dira. Internetekoa itsaso bilakatu da, eta galduta gaude. Hizkuntza bezala eta herri bezala lan egiten ez gara asmatzen ari, eta ez dago argi zer egin behar den. 1980ko hamarkadan, argi ikusten genuen egunkaria egin behar genuela. Baina, gaur egun, zer egin behar da? Euskarazko prentsaren kurbak gorantz egin dezan, zer egin beharko litzateke? Ez dakit; inork ez du asmatzen. Inguruko herrialdeetako egunkariek ere ez dute asmatzen. Denak ari dira Interneten. Baina sarrerak paperean gutxi dira, eta Interneten are gutxiago dira. Euskarazko prentsan lan asko eta ona egiten da. Baina beste kontu bat da ea zer baldintza sor daitezkeen jendea mantentzeko, edukiak produzitu ahal izateko. Euskalgintzaren erronketako bat da hori, ezta? Bai, baina ez bakarra. Euskararen ikuspegitik, lan munduan euskara beharrezkoa bihurtzea garrantzitsua da; immigrazioaren alorrean asmatzea ere bai, eta ez gara asmatzen ari; gaztetxoek badakite influencer izateko erdaraz aritu behar dutela, eta ez euskaraz. Badaude euskaldunak erdaraz aritzen direnak eta hartzaile asko dituztenak. Baina euskaraz? Ez da sortzen gazteen hizkerarik eremu horietan. Ikus-entzunezkoetan edukiak sortzea ere hil edo bizikoa da. Datorren urteari begira, jubilazioaren osterako, zer asmo dituzu? Atseden hartu, ganbara freskatu eta pilak kargatu. Gauzak ikasi nahi ditut, birziklatu. Baina zerbait egingo dugu. Edo behintzat lagundu zerbait egin nahi duenari. Etxean paretari begira ez zara geldituko. Ez, hori ez, zerbait egingo dugu.
«Gasteiztik Everestera» izan zitekeen goiburua, Gasteizen baitziren Martin Zabaleta eta Pasang Temba argazki historikoa berrituz, edo, gisa berean, «Euskal mendizaletasunak gailurra jo du» ere izan zitekeen, baina horrek esan nahiko zukeen euskal mendizaletasunak ezingo lukeela gorago jo, Everestetik gora ezin baita joan, edo gailurrera iritsiz gero behera egin beharko lukeela ezinbestean. Eta ez: euskal mendizaletasunak bidea eginez jarraitzeko eta elkarrekin jarraitzeko konpromisoa agertu zuen atzo. Duela ehun urte Elgetan elkarturik sortu ziren bi federazioek aurrerantzean ere halaxe jarraitzeko borondatea agertu zuten atzo Gasteizen, Euskal Mendizaletasunaren Gala berezian. Gasteizko Europa biltzar jauregia leporaino bete zen Iturribero mendi taldeak (Dura, Araba) antolatutako ekitaldian, ehun urte hauetan egindako bideak merezi baitzuen neurriko ospakizuna. Ohiko agur hitzaldiekin hasi zen gala. Iturribero taldeko presidente Leonardo Trejo eta presidenteorde Begoña Cabrerizo arduratu ziren ongietorriaz, eta oso eskerturik agertu ziren mendeurreneko ekitaldi historikoa antolatzeko aukeragatik. «Hemen gauden guztiok gauza batek batzen gaitu: mendia maite dugu», nabarmendu zuten. Ondoren, Nafarroako eta EAEko mendi federazioetako presidenteek hartu zuten hitza. Martin Montañes Nafarroako presidenteak azpimarratu zuen Euskal Herriko Mendi Biltzarra, bi federazioak batuko dituen egitura, «errealitate» bihurtu dela jada: «Erregistratu dugu, eta bi federazioek bidea elkarrekin egiteko konpromiso sendoa dugu». Zigor Egia EMFko presidenteak, berriz, ehun urte hauetan egindako bidearen meritua nabarmendu zuen, «eta gure herrietan borondate hutsez lan egiten duten mendi elkarteei eta ehunka mendizaleei esker izan da hori». Euskal mendizaletasunaren osasun onaren adierazle, kide gehien duen federazioa dela azpimarratu zuen Egiak, «futbolekoaren gainetik jada», gaur egun EAEko 50 biztanleko bat mendian federatuta baitago. Saritu guztien familia argazkia, mendeurreneko galan. EMF / ITURRIBERO MT Beste agintari batzuek ere ekitaldi historikoaren garrantzia azpimarratu zuten, hala nola Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, Laura Perez Bolinaga Arabako Foru Aldundiko Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamenduko diputatuak eta Beatriz Artolazal Gasteizko Udaleko alkateordeak. Labetik atera berri, federazioaren mendeurrenari eta, aldi berean, euskal mendizaletasunaren historiari buruzko 40 minutuko dokumentala proiektatu zen gero, Labrit enpresak ekoitzia. Urrezko intsigniak Mendeurreneko egitarauaren barnean, urtean zehar urrezko intsigniak banatu zaizkie gutxienez 40 urtez jarraian federatuta egon diren mendizale guztiei, eta, atzoko galan ere, urrezko intsignia bana eman zitzaien federazioaren garapenean aparteko ekarpen iraunkorra egin duten zenbait laguni. Besteak beste, federazioko presidente eta presidente ohi guztiei eta Pyrenaica aldizkariko zuzendari eta zuzendari ohi guztiei. Presidenteen artean, Zigor Egia, Juan Bautista Maiz, Arantza Jausoro, Txomin Uriarte, Alvaro Arregi, Joseba Ugalde eta Jose Ramon Alonso igo ziren oholtzara, eta, Antxon Bandresen eta Paco Iriondoren izenean, Antxon Iturriza eta Idoia Iriondo alaba. Pyrenaica-ko zuzendarien artean, berriz, Ivan Ruiz Rotaetxe, Luisa Alosno Cires, Antonio Ortega, Jesus Polo eta Casimiro Bengoetxea izan ziren intsignia jaso zutenak. Urrezko intsigniak jaso zituzten, halaber, Kepa Lizarragak eta Zuriñe Forondak, federazioaren zerbitzu medikoan emandako urteengatik; Joseba Undurragak, Ehun Mendien Anaidian emandako urteengatik; Gotzon Larreak, Zirkuitua iraupen luzeko ibilaldien koordinatzaile gisa emandako urteengatik; Josean Mulasek, eskaladaren munduan erreferente gisa egindako lanagatik; Ramon Malkorrak eta Goyo Larrañagak, mendiko lasterketen munduan urteetan egindako lanagatik; eta, azkenik, Antxon Iturrizak, euskal mendizaletasunaren historia ikertzen egindako lan handiagatik. BERRIAri aitortza Urrezko intsigniak banatuta, federazioaren sariak banatu ziren gero. Andres Espinosa Euskal Mendizale Sariak federatu guztiei egin nahi izan zien aitortza, eta, haien ordezkari, federatu beteranoena eta gazteenak igo ziren oholtzara: Jacinto Lizarralde Aiestaran, 93 urterekin oraindik sasoi betean, eta iaz jaiotako Arkaitz Oteiza Matute eta Malen Celada Iruarrizaga, gurasoen besoetan. Ibilbidearen saria, berriz, aurten ehun urte bete dituzten bost taldek jaso zuten: Bilbao Alpino Club, Club Deportivo Bilbao, Eibar Klub Deportiboa, Fortuna eta Baskonia Mendi Taldeek, hain zuzen. Euskal Mendizaletasunaren Laguna saria, berriz, euskal prentsarentzat izan zen, «ehun urte hauetako historian gure kirolari emandako babesagatik, mendizaletasunaren mugarriak transmititzeko tresna ezinbestekoak izan direlako eta ekitaldiei, martxei, ibilbideei, segurtasunari eta abarrei buruzko informazioa jaso dutelako beren orrialdetan». BERRIA, El Correo, Diario Vasco, Noticias Taldea eta Gara izan ziren sarituak. BERRIA eta aurrez Euskaldunon Egunkaria 1994an hasi zen mendiari buruzko informazioa modu finkoan lantzen, duela 30 urte jada, eta, geroko urteotan, kirol honen historian izan diren hainbat mugarriren lekuko izan da euskarazko kazeta. Euskal Mendizaletasunaren Laguna saria jaso zuen euskal prentsak. Ezker-eskuin: Jose Angel Martinez Viguri Correo-ko kazetaria, Elisa Belauntzaran Diario Vasco-koa, Ramon Olasagasti BERRIAkoa eta Alberto Ruiz de Azua EMFko zuzendaritzako kidea. EMF / ITURRIBERO MT Galako unerik hunkigarrienak etorri ziren gero. Amaia Aranzabalek eta Pili Ganuzak Loli Lopez Goñi Emakume Mendizaleak saria jaso zuten. Biak izan ziren, 1992an, zortzimilako batera igo ziren lehen euskal emakumezkoak, Cho Oyu gailurrera hain zuzen. Eta haiek urratutako bidean, etorri dira geroztik beste asko. Tartean, Edurne Pasaban. Mendizale tolosarrak jaso zuen, hain zuzen, Kutxabank Euskal Mendizale Federazioa saria, hamalau zortzimilakoak lortu dituen lehen euskal eta munduko alpinista izateagatik. Mendeurreneko galaren gailurra iristear zen. Eta atzoko gailurrak Everest behar zuen izan. 1980ko maiatzaren 14 hartan Martin Zabaleta eta Pasang Tembarekin batera, herri oso bat heldu zen munduko mendirik garaienaren gailurrera; federazioaren mende osoko bidean mugarri nagusietakoa izan zen hura, eta sentimendu haren garrak oraindik ere bizirik direla agerian geratu zen atzo Martin Zabaleta eta Pasang Temba oholtzara igo zirenean Antxon Bandres Jarduera Onenaren Saria jasotzera, urte askoren ondoren berriro elkarrekin. Jendea zutik jarri zen biei txalo zaparrada beroa eta luzea eskaintzeko. Pyrenaica sariak Gala borobiltzeko, Pyrenaica aldizkariaren urteroko sariak ere banatu zituzten. Pyrenaica-ko 41. mendi argazkien lehiaketaren lehen saria Carlos Mediavilla Arandigoienek jaso zuen Teneguía argazkiagatik, eta bigarren saria Marcos Ramos Gomezek, Sierra de Guadarrama argazkiagatik. Bigarrenik, Pyrenaica-ko mendi artikuluen 40. lehiaketaren lehen saria Joseba Iztuetak jaso zuen, Zanskar 2023 lanagatik, bigarren saria Jose M. Torresek, Recorriendo la Línea Comète, camino a la libertad artikuluagatik, eta hirugarren saria Iratxe Ayala eta Aitor Fernandez de Ortegak, Islandia oinez erreportajeagatik. Amaitzeko, Pyrenaica blogaren VIII. saria Jose Antonio Ramosen lan honentzat izan zen: Jbei Toubkal (4167m) y Toubkal oeste (4030m) desde Imlil subiendo por Azib Tamsoult.
Betoñuko urmaeleko erdiko sahastian gertatu da mokozabalen lehen ugalketa Euskal Herrian. Hala jakinarazi du gaur Gasteizko Udalak. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko presidente Borja Rodriguezek kontatu dutenez, irailaren amaieran, uretako apoarmatuen laginketa lanetan ari zirela, hegazti zangaluze mehatxuenetakoa den mokozabal arruntaren bi txita aurkitu zituzten; hurrengo egunetan, Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Ataleko teknikariak material optiko egokiz hornituta joan ziren aurkikuntza baieztatzeko, eta «ordurako gorputz osoa lumaz betea baina artean hegan egiteko gauza ez ziren bi txita» identifikatu zituzten. Txitak elikatzera habiara joaten ziren ale helduek ez zuten identifikazio uztairik. «Horrenbestez, ezin dugu jakin nondik iritsi diren gurera», esan du Rodriguezek. Albiste «bikaina» da mokozabala Arabako lurretan espezie habiagile gisa finkatzea Rodriguezen arabera, «agerian uzten baitu Salburuaren ingurumen kalitatea». Adituak zehaztu du mokozabalak «oso zorrotzak» direla habiak non kokatu aukeratzeko orduan, eta «ondo zaindutako eta giza perturbazio gutxiko» tokiak hobesten dituztela. Mokozabal bikotea, habia babesten. GASTEIZKO UDALA Detektatutako habia hainbat koartza espezieren kolonia misto batean dago. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ugaltze nukleorik «garrantzitsuena» denez, ohiko ugaltze garaian «zorrotz» behatzen da. Alabaina, ez da ohikoa mokozabalak garai honetan ugaltzea, eta horrek galarazi egin du orain arte habia detektatzea. Arrautzak erruten direnetik txitek habia uzten duten arte bi hilabete eta erdi igarotzen dira. Zehatzago esanda, 25 inkubazio egun eta 50 hazkuntza egun. Kontuan hartuta Salburuko txitak irailaren amaieran detektatu zirela eta artean egun batzuk geratzen zitzaizkiela hegan egiten hasteko, kalkulatu dute mokozabal bikoteak uztaileko azken astearen inguruan egingo zuela habia. Data horiek urrundu egiten dira espeziearen ugalketa jokamolde ohikotik, apiriletik maiatzera bitartean paratzen ohi baitira habietan. «Ez dakigu zergatik gertatu den atzerapena» «Kontserbazio interes handiko espeziea» Mokozabala ur inguruneei «hertsiki» lotutako espeziea da. Hezeguneak munduko ekosistema mehatxatuenetako bat dira, eta, oro har, oso kontserbazio egoera txarrean daude. Horregatik, mokozabalen Europako populazioak urriak dira, eta elkarrengandik sakabanatuta daude. Ondorioz, galzoriko espezietzat jotzen dira kontinente osoan. Horregatik, babes zorrotza du mokozabalak Europa osoan, eta espezie kaltebera gisa sailkatuta ageri da Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan. Mokozabala espezie enblematikoa da euskal hezeguneetan. Urdaibaiko eta Txingudiko estuarioetan eta, neurri txikiagoan, Salburuan bertan biltzen diren ale migratzaileen kontzentrazioak nabarmentzen dira. Iberiar penintsulak 1.400 bikote ugaltzaile inguru direla kalkulatzen da. Herbehereetan eta Frantzian ere topatu daiteke espezie hori. 3.600 bikote daude identifikatuta. Mokozabala hegazti zangaluze handi bat da, zuria oro har. Haren ezaugarririk deigarriena mokoa da, luzea, zabala eta muturrean lautua baitu, espatula itxurakoa. Kumeek, hazteko garaian, kolore horixka izaten dute bularraldean, eta luma motots bat garondoan. Ale gazteek, Salburuan atzemandakoek adibidez, ez dituzte ezaugarri horiek betetzen: lumaje erabat zuria dute, hegalen muturrak beltzak, eta mokoa eta zangoak arrosak.
Bolada onenek ere ez dute betiko irauten, eta Osasunari gaur bukatu zaio Sadarreko goraldia: 1-2 hartu du mendean Betisek. Etxean lau garaipen zeramatzan jarraian, eta oraindik ez zekien zer zen bere zaleen aurrean galtzea. Bada, porrotaren gazia dastatu du gaur. Ez dira bat etorri gorritxoek egindako merituak eta lortu duten emaitza. Erasoan zorrotz aritu dira minutu askoan, eta arrisku handiz iritsi dira aurkariaren areara. Gol aukera aldetik, sasoi honetako neurketarik emankorrenetako bat izan da. Eraginkortasuna falta izan zaie, ordea. Baita sendotasuna ere. Oso bigun hasi dute partida, eta, gero sendotzera egin arren, akatsak egiten jarraitu dute. Betisek ez du gupidarik izan, eta lehen garaipena lortu du bisitari moduan. Chimy Avila izan da Sadarreko harresia pitzatu duena. Argentinarra bigarren zatian zelairatu da, txistu artean. Lehen partida zuen Iruñean Osasunatik Betisera joan zenetik, eta harrera gogorra egin diote zale gorritxoek. Zitala izan da aurrelariaren mendekua: garaitzeko gola sartu du, 73. minutuan. Nafarrak ez dira gai izan kolpe horri erantzuteko. Aurrez, berdindu egin dute Vitor Roquek neurketa hasi eta berehala egindako gola. Oreka ez da berehala itzuli markagailura: gorritxoak minutu luzez ahalegindu dira baloia sareratzea lortu duten arte. Aukerak erruz sortu dituzte, baina ez dituzte baliatu. Harik eta, ordubeteko langara iristear, Torrok banakoa egin duen arte. Osasunak oraindik denbora zuen etxean beste hiru puntu patrikaratzeko. Azkenean, baina, bakar bat ere ez du lortu. Iruindarrek gaizki hasi dute partida. Vicente Morenok ohiko hamaikakoa zelairatu du, beste batzuetako emaitza emango ziolakoan, baina taldea oso zalantzati zelairatu da. Betisek bere egin du baloia, eta errazegi barneratu da lerro artean. Ondorioa Vitor Roqueren gola izan da, 8. minutuan. Gorritxoek baloia galdu dute jokaldi baten hastapenean, eta Fornalsek pase sakon dotorea eman dio Bellerini. Haren erdiraketa sarera bidali du Roquek, jaurtiketa nahiko behartuta egin arren. Osasunak hauskor jarraitu du, baina aldi berean, min handia egin dio Betisi. Oso irekia izan da lehen zatia, eta harrigarria izan da atsedenaren aurretik gol gehiago ez izatea. Zelatan ibili da Budimir, baina gaur ezin izan du aurkariaren atea gainditu. Aimar Oroz ere ez da baloia sareratzeko gai izan, aukera onak izan dituen arren. Arazurikoak dantza egin du lerro artean, eta konexio elektrikoa eratu du Bryan Zaragozarekin. Bien artean, aztoratu egin dituzte aurkariak. Pablo Ibañezek ere izua eragin du Betisen area barruan, baita Ruben Garciak ere. Osasunaren aukera ugariek, aitzitik, ez dute amaiera zoriontsurik izan. Oso bukaera nahasia Nafarrek ez dute amore eman, eta ekinean jarraitu dute aldageletatik itzuli ostean. Betisek atzeratu egin ditu lerroak, eta bere atearen inguruan gotortu da. Osasunak geldikako jokoan topatu du giltza, falta bati etekina aterata: Ruben Garciak erdiraketa loratua egin du bigarren zutoinera, Catenak jarraipena eman dio jokaldiari, eta Torrok bukaera eman. Merezi zuen gola Osasunak. Eta ez zuen aski. Aimar Orozek eta Bryanek beste aukera bana izan dute ondorengo minutuetan. Bada, garaipenera hurbiltzen ari zela, hegoak ebaki dizkio Chimyk. Boyomok eragindako falta inozo batean iritsi da Betisen bigarrena. Bartrari oso bakarrik errematatzen utzi diote, eta Sergio Herrerak gelditu arren, aldaratzea ate barrura bidali du aurrelari argentinarrak. Hortik aurrera, oso gutxi jokatu da futbolean. Betisek ahal zuen guztietan galdu du denbora, eta neurketa katramilatu egin da. Torrok kolpe txarra hartu du buruan, eta luzapenean txartel gorria ikusi du Natanek, Rauli oso sarrera itsusia egin ondoren. 102 minutu jokatu dira guztira, eta Boyomo eta Ruben Peñak gertu izan dute gola. Ordea, ezin izan dute Osasunaren estropezua saihestu.
Alaves suspertu ezinik dabil oraindik. Luis Garcia Plazak entrenatutako taldeak galdu egin ditu jokatu dituen azkeneko lau partidak. Gaur gauean galdu du azkenekoz, Mendizorrotzan, 2-3 Valladoliden aurka, Espainiako Lehen Mailako hamargarren jardunaldiko partidan. Galdutako aurreko hiru partidetatik bi aurkari indatsuen aurka izan ziren: Real Madrilen aurka Bernabeun, eta Bartzelonaren aurka Mendizorrotzan. Tartean, Getafen (Espainia) galdu zuen. Gaur, ordea, ustez koska bat beherago dagoen talde baten aurka eman du amore. Ezinean ari baitzen aspaldian Valladolid, zortzi jardunaldi baitzeramatzan irabazi gabe, eta 24 puntutatik bi besterik ez baitzituen eskuratu. Baina gaur hiru lortu ditu Mendizorrotzan, eta esku hutsik utzi du Alaves. Nekez espero zitekeen halakorik Alavesek partidari zein ondo ekin dion kontuan hartuta. Seigarren minutuan, Mario Martin Valladolideko erdilariak huts larria egin du, eta Toni Martinezi eman dio baloia. Aurrelaria ziztu bizian joan da arearantz, zartako bikaina jo du area kanpotik, eta gola sartu du. Golak etxekoen nagusitasuna areagotu du. Hala ere, gutxien espero zenean, Valladolidek kolpea eman du. Hamabosgarren minutuan, bisitarien arriskuko lehen jokaldian, Anuar bakarrik geratu da Siveraren aurrean, eta Alaveseko atezainak penaltia egin dio. Syllak, Alaveseko jokalari ohiak, ez du huts egin, eta berdinketaren gola sartu du. Golak bisitariak hauspostu ditu, eta etxekoak indargabetu. Banakoarekin amaitu da lehen zatia. Lehen zatian egin bezala, Alaves indartsu zelairatu da. 49. minutuan, Luis Perezek Conechny zangotrabatu du area barruan, baina ez zelaiko epaileak, ez VARekoak ez dute penaltia adierazi. Bi minutu geroago, Guridik gola sartu du, epaileak ontzat eman du, baina iritzia aldatu du segituan, VAR epaileak esan baitio erdilaria jokoz kanpo zegoela. Garcia Plazak freskotasuna eman nahi izan dio taldeari, eta horretarako, bi aldaketa egin ditu 60. minutuan: Jordanek Blanco ordezkatu du, eta Luka Romerok Conechny. Hala ere, aldaketek ez dute eman esperotako emaitza. Valladolidek neurketaren aginte makila hartu du, eta estutzen hasi da. Halako batean, 70. minutuan, VAReko epaileak zelaikoa deitu du, eta esan dio Javi Sanchezek buruz errematutako baloi batek Guridiren besoa jo duela. Besoa baino gehiago, Alaveseko erdilariaren sorbalda jo du baloiak, baina, hala ere, epaileak penaltia adierazi du. Amallahak ez du huts egin 11 metrotatik. Garcia Plazak bi aldaketa egin ditu bigarren gola jaso eta berehala: Rebbach eta Villalibre zelairatu ditu Guridiren eta Toni Martinezek ordez. Gola nahi zuen Alaveseko entrenatzaileak. Baina Valladolidek sartu du, hirugarrena, hiru minutu eskasera. Kontraeraso batean, Syllak baloia jaso du, eta haren erdiraketa ezin hobeto errematatu du Anuarrek. Ordu laurden besterik ez zen falta, eta etxekoek oso maldan gora zuten norgehiagoka. Alavesek ekinean jarraitu du, eta 97. minutuan, Kike Garciak aldea murriztu du. Gol horrek bizia eman die etxekoei, eta Valladolid estu hartzen bukatu dute. Baina ez dira gai izan gola sartzeko. Hori gutxi ez, eta epaileak Kike Garcia kanporatu du, protesta egiteagatik. ALAVES-VALLADOLID Alaves. Sivera; Manu Sanchez, Diarra, Abqar, Tenaglia; Gebara (Kike Garcia, 77. min.), Antonio Blanco (Jordan, 60. min.); Conechny (Luka Romero, 60. min.), Guridi (Rebbach, 73. min.), Carlos Vicente; eta Toni Martinez (Villalibre, 73. min.). Valladolid. Hein; Luis Perez, Javi Sanchez (Juma, 74. min.), David Torres, Raul Chasco; Raul Moro, Comert, Mario Martin (Kike Perez, 74. min.), Anuar (Juric, 89. min.); Amallah (Meseguer, 74. Min.) eta Sylla (Latasa, 84. min.). Golak. 1-0. Toni Martinezek (6. min.). 1-1. Syllak, penaltiz (17. min.). 1-2. Amallahk (72. min.). 1-3. Anuarrek (76. min.). 2-3. Kike Garciak (97. min.).
EH Bilduk irailaren 21ean eman zion hasiera koalizioaren III. Kongresuari, Konferentzia Politikoarekin, eta gaur prozesu horretan beste urrats bat egin du: Mahai Politikoak militantziaren esku utzi du txosten politikoa, eztabaidari ekiteko. Hark nazio auziari erantzuteko prozesu «gradual» bat defendatu du, bideari ekiteko oinarri gisa jota nazio aitortza. «Euskal Herria nazio bat da, eta errespetatu behar da nazio gisa. Eta hortik bidea egin», adierazi du Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak, aurkezpen ekitaldian. Txostenean egindako diagnostikoaren arabera, ez da lortu Hego Euskal Herrian «lorpen politiko eta instituzional estrukturalik» burujabetzaren arloan, eta hori irauli ezean «nazio proiektua eta herri identitatea zaurgarri» dira aurrez aurre dauden erronkei erantzuterakoan. Hori iraultzeko, EH Bilduk adierazi du «hirugarren nazio eraldaketa» martxan jarri behar dela, ziklo berri baterako «susperraldia» izan dadin. Hain zuzen, EH Bilduk proposamenaren oinarrian ezarritako bi «konstatazioetako» bat da 1978tik Espainiako Estatuan martxan den «eredu autonomikoaren porrota». «Ez du irismen estrategikorik. Gure ustez, Euskal Herriak urrats esanguratsu bat egin behar du bere ibilbide nazionalean eta askatasunerako ibilbidean», azaldu du Otegik. Izan ere, testuan argudiatu dute azken hamarkadetan «zentralismorako urrats handiak» egin direla, eta eskumen asko «edukiz hustu», horri «neurriko erantzunik» eman gabe. Alde horretatik, koalizioak helburu gisa ezarri du «botere politiko gehiago» izatea eta «nazio bezala errespetatua izatea». Azken xede gisa Euskal Errepublika konfederala ezartzen bada ere, hartara iristeko prozesu «gradual» bat proposatu dute txostenean, oinarri hartuta Euskal Herriaren banaketa administratiboarekiko «errespetua», prozesuaren «izaera demokratikoa» eta estatuarekin «herri bezala» negoziatzea. «Garaipen eta lorpen partzialak beharko ditugu», dio testuak. Horiek zehaztuta, Otegik azaldu du EH Bilduk nazio auzia bideratzeko «herri akordio ahalik eta zabalenak» behar direla. Izan ere, eztabaida horretan «talka» saihesteko asmoa azaldu dute koaliziokoek. Era berean, baina, koordinatzaile nagusiak zehaztu du aliantza hartan egon behar duten indarrek Euskal Herria nazio gisa onartu behar dutela, eta dagozkion eskubide nazionalak errespetatu; koalizioak funtsezkotzat jotzen ditu «nazio aitortza, lurralde bertebrazioa, erabakitzeko eskubidea, eta eskumen botere maila handitzea eta bermatzea». Otegiren esanetan, hala egin beharra zehazten dute egungo indar harremanek, eta hori errespetatu beharra dago: «Printzipio demokratiko arrunt bat da ulertzea mugak eta marrak ez ditugula alderdiok jartzen, herriak jartzen dituela». EH Bilduren interpretazioaren arabera, gainera, burujabetzara bidean urratsak egitea ezinbestekoa da politika antineoliberalak ezartzeko ere. «Ez dago Euskal Herrian bide antineoliberala egiterik burujabetzarik ez badago», zehaztu du Otegik, txanpon beraren bi aldeei erreferentzia eginez. Izan ere, horrekin lotura du EH Bilduren interpretazioaren oinarrian den bigarren ardatzak: «Politika neoliberalen porrota». Otegik esan du politika egiteko eredu horrek «mundu injustuago, ezegonkorrago eta pobreago bat» eragin dutela, «arazo estrukturalei» erantzun gabe; hala nola etxebizitza, zaintza, fiskalitatea eta klima larrialdia aipatu ditu. Eta, horri aurre egiteko, «merkatua interbenitzea» eta administrazio publikoak «politika estrategikoak bideratzea» defendatu du. «Kontsentsu neoliberala hautsi den garaiotan, nahikoa ebidentzia eta esperientzia historiko dago politika neoliberalak gainditzea premiazkoa zaigula esateko», dio testuak. «Lanabes estrategikoa» Otegik adierazi du EH Bilduren historia «arrakasta politiko» batena dela. Txostenak zehazten du koalizioaren hazkundea agerikoa izan dela, eta azken hauteskunde zikloa jartzen du adibide gisa. Hala, koalizioan uste dute horrek bide ematen diela prozesua «zalapartarik» gabe egiteko, nahiz eta ez duten «autokonplazentzian» erori nahi. Bidearen errepasoa eginez, Otegik azaldu du koalizioa gai izan dela «indarrak metatzeko», «autoritarismoari aurre egiteko» eta barne kontraesanak «termino inteligenteetan» kudeatzeko: «Bilakatu da esparru burujabetzaren aldeko eta ezkerreko sektore anitzen berrantolaketarako». Izan ere, EH Bildun uste dute egoera politikoaren analisi egoki bat egiten asmatu dutela, fronte zabalen aldeko apustuarekin, eta «koherentzia eta fidagarritasuna» transmitituz. EH Bildu ezkerreko mugimendu subiranistaren «lanabes estrategikotzat» jo dute, eta aurrera begira, haren aldeko apustua kontsolidatzea defendatu, besteak beste, azken urteetan eragile hori indartzeko bidea indartuz. Hala, adierazi dute EH Bildu alderdien arteko koalizio bat baino gehiago dela, «nortasun propioa» duena. Alde horretatik, besteak beste, hauteskunde zerrendak osatzeko prozedura egokitzea dute xede. Alderdien Mahaiak proposatu du udal bozetako zerrendak osatzeko prozedura gainerako hauteskunde prozesuetan ere erabiltzea, oraindik ere martxan diren alderdien kuotak indargabetuta. EPEAK EH Bilduk irailaren 21ean ekin zion konferentzia prozesuari, Konferentzia Politikoarekin. Hark bi fase izango ditu. Lehen fasea. Gaur hasi da, Mahai Politikoak txosten politikoa militantziaren esku utzita. Hain zuzen, fase horretan, txostena eta, halakorik aurkeztuko balitz, zuzenketak eta txosten alternatiboak eztabaidatzea izango dute xede. Zehazki, azaroaren 25era bitarte egingo da txostenaren inguruko eztabaida, eta abenduaren 19tik 21erako tartean zuzenketen inguruko bozketa. Bigarren fasea. Urtarrilaren 19an hasi eta otsailaren 8an amaituko da, Iruñean egingo den batzarrean. Epe horren hasieran, Mahai Politikoak hurrengo mahaia osatzeko hautagaien zerrenda aurkeztuko du. Kideak hautatzeko bozketa otsailaren 6an eta 7an egingo da. Litekeena da Otegik berak jarraitzea koordinatzaile nagusi izaten, horretarako asmoa azaldu baitzuen. Gainerako kideei dagokienez, berriz, «berrikuntzak» iragarri zituen.