Fiskaltzak hilketa delitua leporatu zion epaiketaren hasieran, baina giza hilketa leporatu dio epaiketaren amaieran. Ondorioz, zigor eskaera ere jaitsi egin du, hogei urteko kartzela zigorretik hamabostera. Gizon bat epaitzen aritu dira egunotan Gipuzkoako Auzitegian, 2019ko apirilean Santi Coca gaztea hiltzea egotzita. Coca, 17 urtekoa, jipoitu egin zuten dantzaleku baten kanpoko aldean, eta bi egun geroago hil zen, 2019ko apirilaren 28an. Atzo egin zuten epaiketaren azken saioa eta astelehenetik aurrera zinpeko epaimahaiak gogoeta egin beharko du, akusatua erruduna edo errugabea den erabaki arte. Herri akusazioak, Donostiako Udalak, eutsi egin dio bere zigor eskaerari: hogei urteko kartzela zigorra, hilketagatik. Defentsak, berriz, errugabe izendatzeko eskatu du. Baita mozkortasuna eta zoroaldia aringarri gisa aplikatzeko ere. Iazko azaroan eta abenduan bost lagun epaitu zituzten, Santi Cocaren heriotzagatik. Hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten bati, zuhurtziagabekeriazko hilketagatik; gainerakoak errugabetzat jo zituzten. Egunotan epaitu duten gizona ere orduan epaitu behar zuten, baina ihes egin zuen. Otsailean atxilotu zuten, Frantzian. Fiskalarentzat epaiketan frogatuta geratu da akusatuak Cocaren kontrako erasoan parte hartu zuela, lekuko batzuek ezagutu egin dutelako eta beste batzuek soinean zuen arroparengatik identifikatu dutelako. Nabarmendu zuen sei lekukok esan dutela akusatuak Coca jo zuela, bai zutik zegoenean, bai lurrera erori zenean. Lekukoen adierazpenak gogorarazi zituen: «erotuta zegoen», «baloi baten moduan jo zuen buruan» eta «etengabe eman zizkion ostikoak, oldarkortasunez eta amorruz». Giza hilketa leporatu dio, baina doloarekin, fiskalaren ustez akusatuak bazekielako halako kolpeak emanda hil zezakeela. Akusatuak azken hitza esateko eskubidea baliatu zuen atzo. Epaiketan gezur asko esan direla uste du, eta ardura bakarra hartu du bere gain: «Kalera ateratzea, drogak hartzea eta jasotako kolpeari erantzutea. Baina nik ez dut inor hil».
Bullying-a jasan zuen haurraren familiak «askotan» ohartarazi zion Santutxu auzoan (Bilbo) dagoen Karitateko Alaben Begoñako Andramari ikastetxeari gertatzen ari zenaren inguruan, familia horren abokatu Celia Larrozeak gaur adierazi duenez. Bilboko Lehen Auzialdiko 8. epaitegiak atzo iluntzean emandako ebazpenaren harira egin ditu adierazpen horiek abokatuak: 40.000 euroko isuna jarri diote ikastetxeari, «neurriak berandu hartu» eta horiek «eraginkorrak» izan ez zirelako. Helegitea aurkeztuko duela iragarri du ikastetxeak, argudiatuta «hasieratik» hartu zituztela legeak ezarritako protokoloak. Haurrak 2021-2022 ikasturtean jasan zuen bullying-a: 5 urte zituen. Familiaren abokatuak kontatu duenez, ikasturte horren hasieran haurra umore aldaketa «esanguratsuak» izaten hasi zela nabaritu zuten haren gurasoek: «Batzuetan, arropa hautsia zuela iristen zen; beste batzuetan, kolpe edo lesio batekin». Larrozeak jakinarazi du ikastetxeak behin baino gehiagotan ukatu zuela horrelakorik gertatzen aritzea, argudiatuta «haur guztiek» jasaten zituztela antzerako irainak edo erasoak. Auzibideak aurrera egin ahala, ikastetxeak onartu zuen zentroko beste haur batek egunerokoan eraso egiten ziola bullying-a jasaten zuen haurrari. Nolanahi ere, familiako abokatuak nabarmendu du «gisa horretako gertaera guztiak» direla larriak, eta gogorarazi du haurra oraindik ere eraso horien ondorioak nozitzen ari dela: «Oraindik ere lan handia dago abian, berriro haur bat izan dadila lortzeko». Horrekin lotuta, esan du alaba baten buru osasunak ez duela «preziorik». Bestalde, salatu du erasotzaileak ikastetxe horretan jarraitzen duela. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak prentsa ohar bat kaleratu du gaur, bullying kasu horren inguruan. Horretan, azpimarratu du gisa horietako kasuetan «oso garrantzitsua» dela protokoloak garaiz aktibatzea, eta Hezkuntza Saila «etengabe» lanean ari dela horiek detektatzeko tresnak eta mekanismoak ezartzeko. Hori bai, zehaztu du eurek Santutxuko ikastetxe horretako kasuaren berri izan eta «berehala» jarri zutela abian protokoloa, iragan martxoan; familiak ikastetxeari erasoen berri eman eta sei hilabetera. EH Bildu, azalpen eske Santutxuko ikastetxe horretan gertatutako kasuaren harira «ezer ez egitea» leporatu dio Hezkuntza Sailari EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arresek. Komunikatu bat kaleratu du gaur, eta, horren bidez, zalantzan jarri du Hezkuntza Sailak eskola jazarpenaren aurka diseinatutako protokoloaren eraginkortasuna. «Zergatik protokolo horrek ez zuen ezer larririk atzeman?», galdetu du. Are, Arresek uste du orain Hezkuntza Sailari dagokiola erabakitzea eta jakinaraztea ikastetxe hori zigortzeko asmoa ote duen; baita gisa horretako kasuetarako aurrerantzean zer neurri hartuko dituen zehaztea ere.
«Zinema ez da arte bakarti bat, ez; azkenean bat egiten duten hainbat arteren bilakaeren uztarketa da». Jose Luis Alcaine argazki zuzendari espainiarrak begirada orohartzailearekin eman du zinemaren bere definizioa. 1938an jaio zen, Tetuanen, artean hiria Marokoko protektoratuaren parte zenean; Madrilen egin zituen zinema ikasketak, eta goiz hasi zen zinemagintzan, justu duela 58 urte. Zehaztu duenez, ordea, ia-ia hirurogei urteko ibilbide horretan, aldiro ezberdin egiten saiatu arren, lan bera egin izan du beti: «Zineman ez naiz izan argazki zuzendaria besterik». Pedro Almodovar, Alberto Lattuada, Victor Erize, Carlos Saura, Brian De Palma eta Fernando Trueba zinema zuzendarientzat egin du lan ibilbide luze horretan, besteak beste, eta harena da Montxo Armendariz zinemagilearen Tasio filmeko argazkia ere. Bada, lan horregatik guztiagatik emango diote Ohorezko Mikeldi saria Zinebi Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian, eta Alcainek Bilbon egun batzuk emateko baliatu du aukera. Bihar jasoko du saria, Arriaga antzokian, festibalaren amaiera ekitaldian; ondoren, Tasio pelikularen bertsio zaharberritua proiektatuko dute. Pinturak haren lanean eragin duela onartu du argazki zuzendariak, jaialdiak hedabideentzat antolatutako aurkezpenean. Gogoratu duenez, esaterako, sakon ikertua du Frank Borzage zinema zuzendariak Ernest Hemingwayren izen bereko nobelan oinarrituta filmatutako Farewell to Arms (1932) filmak zer-nolako lotura duen gerora Pablo Picassok margotutako Gernika koadroarekin. Baina, zehaztu duenez, Espainian, Katalunian eta Euskal Herrian ibilitako AEBetako argazkilariak izan zituen buruan Tasio filmerako, hala nola W. Eugene Smith eta Robert Cappa. Guztiak zuri-beltzean aritzen zirenak, edonola ere. Alcaine: «Horregatik, Tasio-ri arretaz begiratuz gero, konturatuko zarete lan horretako argazkia hurbilago dagoela zuri-beltzetik koloretik baino, kolorea ia-ia desagertu egin delako. Hor dago, baina oso-oso apala da, eta nire inspirazio iturria zuri-beltzekoa izan zelako gertatzen da hori. Eta, beraz, Pedro Almodovarrekin egiten dudan lanaren guztiz kontrakoa da, hor ez baitago zuri-beltzik: dena dago kolorez beteta». «’Tasio’ filmean, kolorea hor dago, baina oso-oso apala da, eta nire inspirazio iturria zuri-beltzekoa izan zelako gertatzen da hori» JOSE LUIS ALCAINE Argazki zuzendaria Almodovarren 80ko hamarkadako hainbat filmetan aritu zen lanean Alcaine lehenik, eta, eten luze baten ondoren, azken urteotan berriz ere aritu da harentzat. Mujeres al borde de un ataque de nervios filmekoa izan zen lehen elkarlana, 1988an, eta 2021ean estreinatutako Madres paralelas izan da azkena. Eta mutur batetik besterako bide horretan, bertatik bertara ezagutu ditu zinemagintzak tarte horretan izandako aldaketa guztiak. Horregatik, haren azalpenetan, ezinbestean agertu dira, nahasian, hala eskulangilearen erudizio teknikoa, nola zinemaren historiazalearen gogoetak, baita hamaika filmaketatan ezagututako hainbat aktore eta zinemagileri buruzko anekdotario zabal xamar bat ere. Montxo Armendarizen ‘Tasio’ filma. Kexu azaldu da, adibidez, zinemagintzak gaur egun hartu duen abiada dela eta —«jadanik ez dago aktoreekin lan egiteko denborarik»—. Horrez gainera, argi fluoreszenteekin asmatutako teknika bat aipatu du —«mundu osoan zabaldu zen asmakizuna»–, eta esan du aurrez Marlon Brandok bezala Gerard Depardieu aktoreak ere testuak ia ikasi gabe lan egiten duela, nahiz eta, berak bertatik bertara ikusi duenez, antzokia gidoi zatiak dituzten paperez bete behar izaten duen horrela aritu ahal izateko. Kerejetaren metodoa Nostalgiarik gabe oroitu ditu zinema analogikoaren traba teknikoak ere. Irribarrez gogoratu du, esaterako, Elias Kerejeta zinemagile hernaniarrak zer metodo baliatzen zuen bere filmak Madrilen ere behar bezala ikus zitezen. Alcainek akorduan duenez, garai batean aretoen jabeek proiekzio langileei agintzen baitzieten proiekzioak 220 wattekin egin beharrean 150 edo 160 wattekin egiteko. «Ez zenez erabat berotzen, argiak kolore laranja hartzen zuen, eta pelikulak beti ikusten ziren pixka bat triste». Eta orduan esplikatu du Kerejetaren metodoa. «Estreinaldiak izaten ziren egunetan, Kerejetak Primitivo Alvaro bidaltzen zuen proiekzio kabinara, bere produkzio zuzendaria zena, mila pezetako hainbat billeterekin, eta, horri esker, proiekzionistek ez zuten inongo arazorik izaten pelikula 220 wattetan proiektatzeko. Baina biharamunean akabo, noski». «Argiaren eta itzalaren arkitekto bat da». Joseba Lopezortega Zinebi jaialdiko zuzendariak detaile poetiko horrekin deskribatu du Alcaine. «Esperimentatzaile nekaezina» ere badela zehaztu du, eta, azaldu duenez, egarri horri esker izan da aitzindaria beti. Are, baita gaur egun ere. «Figura ezaguna da nazioartean». Hain zuzen, argazki zuzendariak berak onartu duenez, gaur egun ere teknika berriak probatzen baititu bere lanetan. Bi edo hiru hilabete barru helduko da haren azken lana aretoetara. Fernando Colomo zuzendariarentzat egin du lan oraingoan, eta, Alcainek berak esan duenez, sei hamarkadako ibilbidean orain arte sekula egin gabeko gauzak egin ditu. Zer zehazki? «Ezin dut ezer esan! Jendeak ikusi egin beharko du jakiteko, besteak beste, pelikula bat egitean hari buruzko informaziorik ez zabaltzeko kontratu bat ere sinatzen dugu eta». Eta, bat-batean, ofizioan ia sei hamarkada daramatzan profesionalari hasiberriaren ilusioa pizten zaio halakoetan. «Baina oso ongi geratu da».
Vitotrans Arabako garraio konpainia Europan gehien hazten diren enpresen zerrendan sartu dute, Financial Times egunkari britainiarrak eta Statista aholkularitza enpresak egiten duten zerrendan.
Mossos d’Esquadra Kataluniako Poliziak 53 urteko gizonezko bat atxilotu du, 2022an emaztea hil izana egotzita. Emakumeak 44 urte zituen, eta Irungoa zen (Gipuzkoa). Gizona atzo atxilotu zuten, eta emakumeen kontrako indarkeriaz arduratzen den Vallseko auzitegiak (Tarragona, Katalunia) hura fidantzarik gabe espetxeratzeko agindua eman du gaur. Giza hilketa, gorpua ezkutatu izana eta tratu txar fisiko eta psikologikoak egitea leporatzen diote akusatuari, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak esan duenez. Emakumea 2022ko abuztuaren 12an desagertu zen, La Morera de Montsant Kataluniako udalerrian. Emakumeak han zuen bizitokia. Mossoek hartu zuten ikerketaren ardura, emakumea desagertzearen atzean krimen baten aztarnak egon zitezkeelakoan. Hasieratik, susmagarritzat jo zuten emakumearen senarra, baina hark deklaratu zuen ez zela han egon desagertzea gertatu zen garaian, eta ustezko froga batzuk aurkeztu zituen hori baieztatzeko. Hala ere, mossoek adierazi dutenez, ikerketak frogatu du gizonak erabilitako alibia gezurrezkoa zela. Ondorio hori ateratzeko, baitezpadakoa izan da akusatuaren sakelako telefonoaren datuak aztertzea. Gainera, poliziek jakin zuten akusatuak bazituela emakumearenak ziren zenbait objektu, hura desagertu eta zenbait hilabete igaro ostean ere. Mossoen arabera, egoera normal batean emakumeak ez zituzkeen ondasun horiek beste inoren esku utziko, eta horrek areagotu egin zituen akusatuaren gaineko susmoak. Poliziak uste du gizonak emakumea hil, eta gero haren gorpua desagerrarazi zuela. Hilotza ez da oraindik agertu, eta ikerketak zabalik dirau, emakumearen gorpua aurkitze aldera. BERRIAk egindako zenbaketaren arabera, indarkeria matxistaren ondorioz 124 emakume eta 12 haur hil dituzte 2003tik. 2022an, beste bost hilketa matxista egon ziren Euskal Herrian; hortaz, orain jakinarazi duten kasua indarkeria matxistaren eraginez hildako Euskal Herriko seigarren biktima litzateke.
Laure Zacchello desagertua da ekainaren 20tik. Urruñakoa da (Lapurdi), 43 urte zituen desagertu zenean, eta ezkondua eta dibortzio bidean zen. Senarra galdekatu eta preso sartu zuten handik egun batzuetara, eta Baionako prokuradoreak mahai gainean jarri zuen hilketa matxistaren hipotesia. Gaur lehenengoz deklaratu du senarrak instrukzio auzitegian, Baionan. Zortzi ordu egin ditu galderak erantzuten. Guztiz ukatu du desagertzearekin inolako loturarik izatea, eta adierazi du kezkatuta dagoela emaztea falta delako. Mont-de-Marsanen dago preso, Okzitanian, eta handik eraman dute deklaratzera. Gizonak ere 43 urte ditu. Prokuradoreak hilketa matxistaren hipotesia mahai gainean jarri zuenean, agerian utzi zuen susmoak izateko motiboetako bat. «Testuingurua: bikotea bereizteko bidean da, eta dirudienez, auzipetuak, senarrak, gaizki bizi du banaketa». Bikoteak etxe bat zuela esan zuen, eta martxotik senarra eta emaztea txandaka ibiltzen zirela haurrak bertan zaintzeko. Hiru haur dituzte. Desagertzea ikertu zutenean, berehala baztertu zuten «ebasketaren» hipotesia, eta gizonaren portaerari erreparatu; horiek horrela, ondorioztatu zuten emaztea hil ondoren haren gorpua ezkutatu zuela, argi nabarmenduta «seinale larriak» badirela hori horrela izan zela uste izateko.
RN Batasun Nazionala Frantziako eskuin muturreko alderdiko buruzagi Marine Le Peni bost urteko kartzela zigorra eta beste bost urteko inhabilitazioa ezartzeko eskatu dute gaur iluntzean Frantziako Louise Neyton eta Nicolas Barret fiskalek. Horrez gain, 300.000 euroko isuna jartzea ere galdegin dute. Joan den irailaren 30ean hasi zen Le Penen aurkako epaiketa; hari eta alderdiko beste 25 kideri leporatzen diete 2004tik 2016ra Europako Parlamentuko funtsak desbideratu izana. Are gehiago, akusazioaren arabera, alderdiko langileak ordaintzeko erabili zuten parlamentuak eurodiputatuei laguntzaileak kontratatzeko emandako dirua. Europako Parlamentuaren arabera, RNk 6,8 milioi euro aurreztu zituen horrela. Le Penek behin baino gehiagotan esan du auzibide hau haren «aurkako» prozesu judizial bat dela, eta salatu izan du jazarpen judiziala jasaten ari dela. Epaiketa hasi zen aurreneko egunean prentsari egindako adierazpenetan, azpimarratu zuen «askatasun parlamentarioa» ari zirela epaitzen. Nolanahi ere, Frantziako Fiskaltzak harentzat eskatutako zigorrek eragina izan dezakete Frantziako politikan. Izan ere, Le Penek asmoa dauka 2027an presidentetzarako bozetan lehiatzeko. Inhabilitatzen badute, ordea, ezingo du parte hartu lehia horretan.