Beste koska bat areagotu da NBE Nazio Batuen Erakundeko Idazkari nagusi Antonio Guterresen eta Israelgo agintarien arteko tentsioa; oraingoan, azken egunetan Israelgo armadak Unifil Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-behinekoen egoitza nagusiaren aurka egindako erasoen harira. Nazioartea eskatzen ari zaio Tel Avivi kasko urdinen —horrela deitzen zaie NBEren misioetako soldaduei— aurka ez egiteko, baina hango agintariek jarraitzen dute ekintza horiek justifikatzen. Israelgo Energia ministro Eli Cohen eta lehen ministro Benjamin Netanyahu izan dira hori egiten azkenak: aurrenak esan du Unifilek ez duela «ezertarako balio»; bigarrenak, Hezbollahk «giza ezkutu» gisa erabiltzen duela. Cohenek uste du NBE israeldarrei laguntzeko gauza ez bada ez lukeela gatazkan esku hartu beharko, eta borroka eremuetatik atera beharko lituzkeela bere tropak; hori idatzi du gaur X sare sozialean. Antzera iritzi dio Netanyahuk. Atzo zabaldutako bideo batean, Guterresi mintzatu zitzaion, eta esan zion «irtenbiderik egokiena» Unifileko tropak herrialdetik ateratzea litzatekeela. Guterresek berehala erantzun zion Israelgo lehen ministroaren eskaerari, komunikatu baten bidez, eta zehaztu zion Unifilek Libanon jarraituko duela. Are, gogorarazi zion NBEko Segurtasun Kontseiluari dagokiola tropak Libanotik ateratzeko erabakia hartzea, eta ez soilik berari. Argudio horixe bera erabili du Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak Guterresen alde egiteko. EBko Atzerri Ministroak Luxenburgon bildu dira gaur, eta, hara iritsi berritan egindako adierazpenetan, Borrellek eskatu dio Tel Avivi utzi diezaiola Guterres kasko urdinei eraso egiteko «aitzakia gisa» erabiltzeari. «Gogorarazi nahi diot mundu guztiari ez dela NBEko Idazkari nagusia misio horren gainean agintzen duena; NBEko Segurtasun Kontseiluari dagokio horri buruzko erabakiak hartzea», gehitu du. Unifil 1978. urtean sortu zuten, eta nazioarteko 10.000 soldaduk osatzen dute. Hiru dira misioak Libanorako zehaztutako helburuak: Israelen eta milizia xiitaren arteko borrokak gainbegiratzea, zibilek laguntza humanitarioa jasotzen dutela bermatzea, eta 2006ko Israelen eta Libanoren arteko gerraren ondorioz desplazatutakoak etxera itzultzeko baldintza egokiak sustatzea. Guterresen eta Borrellen argudioek ez dute Netanyahuren jarrera aldarazi, eta gaur iluntzean berriro adierazi du NBEren soldaduen segurtasuna bermatzeko modu bakarra dela «Israelen eskaerei jaramon egitea, eta arrisku guneetatik behin-behinean joan daitezela». Iragan urriaren 7az geroztik, apurka-apurka gaiztotu egin da Israelgo agintarien eta Guterresen arteko harremana. Hil horretan bertan, NBEko ordezkariei bisa emateari uko egin zion Israelek, eta Guterresen dimisioa eskatu zuten hainbat ministrok, argudiatuta Hamas justifikatzen zuela, Israelek «palestinar guztiei jarritako blokeo kolektiboa» gaitzesteko idatzi zuen mezu batengatik. Urtebeteren ondoren, hil honen hasieran, beste pauso bat eman du Israelgo Gobernuak: joan den urriaren 2an, Guterres persona non grata izendatzea eta hari herrialdera sartzea galaraztea erabaki zuen, Iranek aurreko egunean Israelen aurka egindako erasoaren inguruan egin zituen adierazpenengatik. Idazkari nagusiak gatazka Ekialde Hurbilera zabaltzearen arriskuaz ohartarazi zuen X sare sozialean, baina ez zuen Iranen erasoari buruzko aipamen zuzenik egin. Israelgo Atzerri ministro Israel Katzek «terroristei laguntzea» leporatu zion Guterresi, baita «gerraren hasiera-hasieratik Israelen aurkako politika bat» abian jartzea ere. Bada, Katzek atzo berriro hitz egin zuen afera horren inguruan, eta esan zuen orduan hartutako erabakiek ez dutela atzera-bueltarik. Erasoak, etenik gabe Guterresek eta Netanyahuk mezu horiek trukatu zituzten egun berean, atzo, NBEko misioak salatu zuen, komunikatu baten bidez, Israelgo bi tankek behera bota zutela bere egoitza nagusiko —Libano hegoaldean dago— atea, eta hainbat soldadu barrura sartu zirela, 45 minutuz. Horrez gain, jakinarazi zuen zenbait tiro entzun zituztela misioaren egoitza nagusitik ehun metrora, eta segidan kea sartu zela eraikinaren barrura. Misioaren arabera, ke horrek zauri arinak eragin zizkien hamabost soldaduri. Atzo iluntzean, Israelgo armadak baieztatu zuen bere tanke bat «hurbildu» egin zela Unifilen egoitza nagusira, baina, haren arabera, Hezbollahk hainbat soldadu zauritu zituen, 25 misil jaurtita, eta asmoa zen zauritutako soldadu horiei babesleku bat bilatzea. Eraso horren inguruan xehetasun gehiago eman ditu Israelgo armadak gaur goizaldean, Telegramen kaleratutako bideo baten bidez. Horretan salatu du talde xiitak kasko urdinen egoitzatik gertu jaurti zituela misilak, eta miliziaren «dozenaka arma» aurkitu dituztela eremu horretan. Bestalde, talde xiitak Israelgo Haifa hiriko hegoaldeko auzo bati egin dio eraso bart, droneen bidez, eta gutxienez 67 pertsona zauritu ditu, Israelgo larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez. Bada, herrialde horretako Atzerri Ministerioak esan du, gaur goizaldean kaleratutako ohar baten bidez, Israelgo lau soldadu hil direla eraso horretan. AEBen tropak, Israelen Israelera misilen aurkako defentsa sistema bat bidaltzekoak dira Ameriketako Estatu Batuak (AEB), Iranen etorkizuneko «eraso posibleen aurrean defendatzeko», AEBetako Segurtasun Departamentuak atzo iluntzean ohar baten bidez jakinarazi zuenez. Gainera, hainbat tropa ere bidaliko dituzte hara. «Ekintza honek berretsi egiten du AEBek Israelen defentsarekin daukaten konpromisoa» esan zuen Pentagonoko bozeramaile Pat Ryderrek. Iragan urriaren 7an Israelek Gazaren aurkako erasoaldia areagotu zuenetik, AEBek gutxienez 17.900 milioi dolarreko laguntza militarra eman diote Israeli, Brown Unibertsitateko ikerketa baten arabera. Hain justu, iragarpen horren harira, Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik leporatu zion Washingtoni «inoizko arma gehien esportatzea» Israeli, baita bere tropen biziak «arriskuan» jartzea ere, X sare sozialean idatzitako mezu baten bidez. Are, bere jendea eta interesak defendatzeari dagokionez, Iranek «marra gorririk» ez daukala ohartarazi zuen: «Azken egunotan esfortzu handi bat egiten ari gara gerra eskualde osora zabaldu ez dadin». Joan den astetik Ekialde Hurbileko hainbat herrialdetara bidaiatzen ari da Irango Atzerri ministroa, Israel Gazan eta Libanon egiten ari den erasoaldiak hizpide. Libanon eta Saudi Arabian izan zen joan den astean, Iraken izan zen atzo, eta Yemengo matxino huthien buruzagitzarekin bildu da gaur, Omanen. Gazako eremu humanitarioei eta ospitale bati egin die eraso israelek Nazioarteko arreta Libanon jarrita dagoen arren, Israelgo armadak jarraitzen du etengabe Gazako zerrendari eraso egiten. Bart, kasurako, Gaza erdialdeko al-Nuiserat errefuxiatuentzako kanpalekua bonbardatu du, eta gutxienez hogei palestinar hil eta dozenaka zauritu ditu, Gazako Babes Zibilerako Agentziak jakinarazi duenez. Halaber, gaur goizean Gaza erdialdeko Deir al-Balah hiriko al-Aqsa ospitalea bonbardatu du Israelgo armadak, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Gutxienez lau pertsona hil ditu, eta 40 zauritu. Bestalde, Al-Jazeera hedabideak jakinarazi duenez, Gaza iparraldeko Jabaliako errefuxiatuentzako kanpalekuari ere eraso egin diote gaur goizaldean. Zehazki, elikagaiak banatzeko zentro bat jo dute, eta gutxienez hamar palestinar hil dituzte, eta 30 zauritu. Gaur iluntzean, Israelgo hegazkinek berriro bonbardatu dute Jabaliako kanpalekua, eta hango eskola bat bete-betean jo dute: bigarren eraso honetan, gutxienez hiru errefuxiatu palestinar hil eta lau zauritu dituzte. Eraso horien artean, gaur hasi da zerrendan polioaren aurkako txertaketa kanpainaren bigarren fasea. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, Gaza erdialdean hasiko dute kanpaina, eta gaurtik asteazkenera iraungo du. Libanoko iparraldeari ere eraso dio Israelek, eta gutxienez 21 lagun hil eta zortzi zauritu ditu. Alderdi horretan, herritar gehienak kristauak dira, eta Israelek orain arte bonbardatu gabea zen.
Lau eta erdiko txapelketako final-laurdenetako ligaxkan izango da Aitor Elordi. Konpromiso handiko partida zuen Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta ez du huts egin. Hasi eta buka, aparteko erakustaldia eman du, eta aise irabazi dio Javier Zabalari. Sakea izan du armarik onena. 11 tanto egin ditu era horretan, eta sake errematean, beste sei. Jokoan ere fresko eta konfiantza handiz aritu da, garairik onenetako pilotari haren itxura berretsiz. Ordu erdi aski izan du lanak biribiltzeko, eta pozarren zen lehia amaitu berritan. Amorru oihu batekin ospatu du 22. tantoa. «Presio izugarria neukan. Uda zaila igaro dut, enpresaren planetatik kanpo egon bainaiz. Banekien galduz gero etorkizun zaila izango nuela, eta irabazi izana oso garrantzitsua da niretzat», adierazi du. Joan den urtean buruz buruko txapeldun izan geroztik, bere onenean aritu ezinik ibili da Aspeko aurrelaria. Udan apenas izan duen partida garrantzitsurik jokatzeko aukerarik; hain zuzen, Zabalaren beraren alde egin duelako enpresak. Hortaz, galtzeak berekin zekarren arriskua: «Banekien irabazten ez banuen binakako txapelketatik kanpo geratzeko arrisku handia nuela». Ordea, presioak kalte egin beharrean, pauso bat eman du aurrera bizkaitarrak. Ausart jokatu du, erritmo eta abiadura bizian, eta ez dio inolako aukerarik eman Zabalari. «Irabazteaz gain, oso pozik nago emandako itxuragatik. Berriz ere pilotari onenekin lehiatzea saria da niretzat». Zehazki, hiru aurkari handi edukiko ditu final-laurdenetan: Peio Etxeberria, Jon Ander Peña eta Unai Laso. Zalantzarik gabe, lau eta erdian sakea hobekien egiten duen pilotaria da Elordi, eta horixe bera probestu du lanak errazteko. Ez da beldurrez kantxaratu. Azpitik ibiltzen zen pilota bat baliatuta, dotore joan da sakea egitera, lasterka bizian eta kontzentratuta, eta teknikak ez dio huts egin. Lehenbiziko hiru tantoak sakearen bitartez lortu ditu, eta horrek konfiantza hartzeko balio izan dio. Zabala nahi eta ezin aritu da; errestoak frontisean jartzea lortu duenetan ere tantoa amaitzen asmatu egin du Elordik. Hori bai, hutsak ere nahi baino gehiago egin ditu hasieran, eta horrek mantendu du bizirik errioxarra: 4-2 eta 6-3. Denetarik egin du Elordik ordura arte, egin eta galdu. Hots, orduantxe heldu da irabazlearen joko erauntsia. Sakean ez ezik, sake errematean ere fin aritu da, eta denetariko tantoak egin ditu erasoan. Hamar tanto jarraian lortu ditu: 5-3kotik 15-3kora igaro da. Horma-bikoz eta botez tanto ederrak egin ditu, baina batez ere ezker airearekin asmatu du. Goitik behera ezin hobeki bihurritu du pilota, eta laineza hartuta jokatu du. Tarte horretan birritan geratu du neurketa Zabalak, atseden setera joanaz, baina alferrik. Nahi eta ezin ibili da, erabat defentsan. Lasterka egitea besterik ez zaio egokitu, eta pilotakada bakar batean ere ez da agintzera pasatu. Erakustaldi izugarria eman du Elordik. Sakea, horma-bikoz Nola edo hala, tanto bat behar zuen Zabalak heldulekuren bat izateko, eta 15-4koa lortu du, ederki kostata. Elordiri txapa azpira joan zaion pilotakada bat. Saskitik pilota biziago bat atera du errioxarrak, eta, horri esker, hiru tanto jarraian egin ditu. 15-5ekoa izan da berak egindako lehen tantoa, luze jotako pilotakada bati esker. Txaloz erantzun diote jarraitzaileek, eta are txalo gehiago jo dizkiote hurrengo tantoan. Izan ere, sakean horma-bikoa egin eta jendartean sartu du pilota. Oso gutxitan ikus daitekeen tanto horietako bat eskaini du. Hots, Elordi ez da urduri jarri, eta berriz ere sakea hartu duenean lehengo jokoari heldu dio. Ausart jarraitu du, bizi eta burutsu, eta azken tantoak hurrengo partidetarako konfiantza hartzeko baliatu ditu. Aurkezpen egunean akaso ez zen faboritoen zerrendan sartuko, baina Tolosan erakutsi du lau eta erdiko txapela janzteko hautagai sendoetako bat dela. «Presiorik gabe kantxaratuko naiz final-laurdenetan; gozatzea izango dut helburu. Badakit ongi jokatuz gero edonori irabaz diezaiokedala».
Gizakien salerosketaren kontrako operazio batean, emaztekiak sexualki esplotatzen zituen sare batetik lau emakume askatu ditu Ertzaintzak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak erran duenez, Gasteizko instrukzio epaitegiak apirilean abiatu zuen ikerketa, Ertzaintzak jakin zuenean hainbat emakume sexualki esplotatzen zituztela. Hiru lagun atxilotu dituzte, sexu esplotaziorako gizakien salerosketako delitua egotzita. Biktimek salatu zutenez, taldeko arduradunek sexualki esplotatzen zituzten, eta dokumentazioa nahiz lortutako dirua atxikitzen zieten; gainera, egunean gehienez bi orduz atera ahal ziren kanpora. Ertzaintzak hainbat leku erregistratu ditu: Gasteizko bi etxe, ile apaindegi bat, eta Donostiako etxe bat eta lokal bat. Horietan dokumentuak aurkitu dituzte, baita ordenagailu batzuk, datafonoak, dirua eta droga ere. Biktimak aske utzi ondoren, Emakundek sexu esplotaziorako salerosketaren biktimei arreta emateko duen protokoloa jarraitu dute, eta GKE gobernuz kanpoko erakunde batek artatu ditu. Atxilotuak, berriz, ertzain etxera eraman dituzte, eta epailearen esku geldituko dira gero.
Bidaiari kopuruak gora egin zuen Bilboko Aireportuan eta behera Donostian eta Gasteizen, irailean. Bizkaiko aerodromoak inoizko irailik onena itxi du bidaiariei dagokienez; Donostian, berriz, % 2,4 jaitsi da bidaiarien kopurua irailean, eta Gasteizen % 18,1, 2023ko datuekin alderatuta.
Lehenengoan, etxera. Iñaki Artolak 11-22 irabazi dio Joseba Ezkurdiari Lekunberrin (Nafarroa), Lau eta Erdiko txapelketako lehen kanporaketan. Ondorioz, Baikoko aurrelaria ariko da final-laurdenetako ligaxkan, eta ez hiru aldiz txapeldun izandakoa. Neurketa bikaina jokatu du Artolak, eta ezin izan dio aurre egin zenbait akats egin dituen Ezkurdiak. Aspekoak ez du asmatu, eta urduri ibili da partidako une ugaritan. Hasieratik hartu du aurrea Baikokoak (2-6), baina markagailua irauli du Ezkurdiak (7-6) eta berdindu egin da lehia (10-10). Hortik aurrera, nagusitu egin da Artola, eta ia segidan egin ditu 22ra heldu arteko tanto guztiak. [articles:2131944]
40 urteko gizonezko bat hil da gaur Aranbeltz mendian, Ziordian (Nafarroa). Gasteizkoa zen mendizalea. Eskalatzen ari zen, eta 10 metroko altueratik erori da. Bikotekidearekin zegoen istripua gertatu denean, eta hark eman die abisua larrialdi zerbitzuei. 12:55ak ziren. Ahal bezain pronto bertaratu dira erreskate zerbitzuak, baina ezin izan dute ezer egin gizonaren bizia salbatzeko.
Ministerioak eta eragile sozialak bihar bilduko dira elkarrizketa mahaia osatzeko. Sindikatuek ez dute begi onez ikusi proposamena; bai, ordea, patronalak. Hainbat alderdi politikoren gaitzespena eragin du, tartean Sumarrena eta Podemosena.