‘Euskadiko lan-absentismoa berrikustea eta aztertzea’ goiburupean, patronalak mahainguru monografiko bat antolatu du Bibon. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako eta CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek hartu dute parte.
Errioxa Jatorri Izendapenaren Kontseilu Arautzaileak azaldu duenez, ostiralean emango du, ohar baten bidez, epaiaren edukiaren berri. Aurreratu duenez, euskal auzitegiak ontzat jo du ‘Arabako Mahastiak’ izendapena babestu eta inskribatzearen kontra aurkeztutako helegitea.
AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzarako hauteskundeak egin dituzte bart, eta, inkesten arabera lehia estua izatekoa bazen ere, lehen ordutik emaitzek argi erakutsi dute nor izan den garailea. Donald Trumpek, Alderdi Errepublikanoko hautagaiak, erraz hartu dio aurrea Kamala Harris presidentegai demokratari, eta 270 ordezkarien langa gainditu du. Duela lau urte Alderdi Demokrataren alde egin zuten sei estatuk Trumpen alde egin dute oraingoan. Behin betiko emaitzak, hala ere, ez dira gaur jakingo. Emaitzei zuzenean erreparatzen ari zaie BERRIA. Harrisi dagokionez, ez ditu lortu irabazteko behar zituen adina babes. Are gehiago, 2016an Hillary Clinton presidentegai demokratarekin gertatu ez bezala, oraingoan Trump boz kopuruan ere nagusitu da. Boto batzuk zenbatzeko falta diren arren, aldea nabaria da bien artean. Harrisek baino bost milioi boto gehiago lortu ditu guztira presidentegai errepublikanoak, eta boto emaileen %51en babesa bereganatu du. Gainera, errepublikanoek irabazi dute boz hauetan giltzarri bilakatutako sei estatutan, boto gutxi batzuk oraindik zenbatzeko dauden arren. Trumpen jarraitzaileak hauteskundeetako emaitzak ospatzen, West Palm Beachen (Florida, AEB). CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH / EFE Zenbait estatutan, lehia estua izango zela aurreikusi zuten inkestek; eta estatu batzuetan hala izan zitekeela zirudien goizaldean. Kontaketak aurrera ahala, baina, errepublikanoak indarra hartuz joan dira. Arizonan, esaterako, hautagai errepublikanoak 30.000 botoren tartea izan du bere alde ordu luzez. Gero, baina, 100.000 boto baino gehiagoren aldea lortu du. Pennsylvanian ere Trumpek irabazi duen arren, Harris gertu ibili da, Alderdi Errepublikanoak 200.000 boto baino gutxiagoren aldea atera baitio. Kolpe orokorra Duela lau urte izandako emaitzei erreparatuz gero, hainbat estatutan —irabazle izanik ere— indarra galdu dute demokratek. New Jerseyn, esaterako, Biden ia hamasei punturen aldearekin galendu zitzaion Trumpi 2020an, eta, gaurko behin-behineko emaitzen arabera, Harrisek zazpi punturen aldearekin irabaziko du. Are gehiago, historikoki demokraten alde egin duten zenbait eremuk Alderdi Errepublikanoaren alde bozkatu dute; Miamin, esaterako. Harris AEBetako historian bosgarren presidenteordea izan da karguan den bitartean presidentetzarako aurkeztu, eta hauteskundeak galdu dituena. XX. mende hasieratik gaurdaino, soilik George H.W. Bushek lortu du presidenteorde izanda hauteskundeak irabaztea. Gehiago dira, presidenteorde izan ostean presidente kargura iritsi direnak —Joe Biden, esaterako—, baina ez ziren bozetara aurkeztu presidenteorde postuan ziren bitartean. Presidentetzarako lehian ez ezik, demokratak atzean geratu dira bi ganberetakoan ere. Senatuan errepublikanoak izango dira nagusi. Ganbera horren herena zegoen atzo jokoan. Alderdi Errepublikanoak lau eserleku behar zituen 50 senatariren gehiengoa gainditzeko; demokratek, berriz, bederatzi. Bada, errepublikanoek lau eserleku horiek lortu dituzte. Gainera, AEBetako Senatuan senatari independente bat ere egongo da, ez demokrata, ez errepublikanoa: Vermonten, Bernie Sanders independenteak irabazi du, botoen %63 eskuratuta. Ordezkarien Ganbera erabat berrituko da aurtengo bozen ostean eta hartan ere Errepublikanoak gehiengoa lortzeko bidean dira. Harrisen onarpena Emaitzak argitzen hasi orduko atera da Trump jarraitzaileen aurrera. Harris, ostera, gehiago atzeratu da. Bertan behera utzi du hauteskunde gauean eman behar zuen hitzaldia, eta ez da jendaurrera atera bozen biharamunera arte. Gaur, Euskal Herrian gaueko hamar eta erdietan, Washingtongo Howard unibertsitatean eman du bozen osteko hitzaldia. Emaitzak «nahi bezalakoak» izan ez badira ere, Harris prest agertu da Trumpi boterearen eskualdatze «baketsuan» laguntzeko. Aurrez, hauteskundeetako garailea zoriondu duela ere jakinarazi du. «Demokraziaren printzipio nagusia da: hauteskundeak galtzean, emaitzak onartu behar dira», adierazi du eta ziurtatu demokraziaren aldeko borrokan inoiz ez duela amore emango. Harris hauteskunde osteko hitzandia ematen, gaur Washingtonen. JIM LO SCALZO / EFE
Agudo itzali zaio argia Alemaniako semaforo izeneko aliantzari. 2021ean, ziurgabetasun handiz abiatu zuen legealdia SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren, Aliantza 90/Berdeen eta FDP Alderdi Demokratiko Librearen aliantzak —alderdien koloreengatik semaforo deiturikoak—, baina gaur Olaf Scholz kantzilerrak erabaki du gobernutik kanporatzea Christian Lindner Finantza ministroa, FDPren burua. Hiru alderdietako buruzagiak asteazkenean batzartu dira, nagusiki aurrekontuen inguruan izan dituzten desadostasunez hitz egiteko. Bundestagerako hauteskundeak 2025ean egitekoak dira, baina gobernu koalizioak krisian daramatza zenbait hilabete, politika ekonomikoan ados jarri ezinik. Hori ikusirik, Alemaniako hedabide ugarik zabaldu dutenez, Lindnerrek proposatu du bozak aurreratzea, eta Scholzek aukera hori baztertu eta Lindner kargugabetzea erabaki du. Iluntzean eginiko agerraldi batean, Scholzek eman ditu Lindner kanporatzeko erabakiari buruzko azalpenak: «Lindnerrek ez du gure proposamenetako bat bera ere ezartzeko borondaterik erakutsi». Kantzilerrak jakinarazi du konfiantza mozio bat aurkeztuko duela, eta urtarrilaren 15ean bozkatuko dutela. Horrek eragin lezake hauteskundeak aurreratzea; 2025 amaieran egitekoak dira, baina martxora aurreratu litezke. 2021eko irailaren 27an egin zituzten Bundestagerako hauteskundeak, eta sozialdemokratek bildu zuten ordezkaritzarik handiena boz horietan (206 diputatu); hortaz, Berdeen aulkiekin (118) eta FDPrenekin (92) gehiengo osoa izango dute parlamentuko behe ganberan. CDU Batasun Kristau-Demokratak eta CSU Batasun Kristau Sozialak osatzen duten blokeak, berriz, inoizko diputatu gutxien lortu zuen (197).
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Konstituzioaren kontrakotzat jo du guraso bakarreko familiei dagozkien zaintza baimenak hamasei astera mugatzea, eta ebatzi du interpretatu behar dela baimen horiek 26 astera arte luzatu daitezkeela. Izan ere, Konstituzionalaren arabera, botere legegileak ez du kontuan hartu legeak «tratu ezberdin bat» ematen diela haurrei, kontuan hartu gabe egungo legediak «guraso bakarreko familietan jaiotako haurrei neurriak eragindako ondorio negatiboak». Egun, legeak gurasoei hamasei asteko zaintza baimena aitortzen die, eta horietatik sei aste erditzearekin batera hartu behar dira ezinbestean. Ondorioz, bi guraso dituzten familietan, bakoitzari dagozkion epeak bien artean banatuz gero, 26 astera arte luzatu daiteke arta hori. Guraso bakarreko familietan, baina, hamasei astean geratzen da. Aferaren inguruko eztabaida juridikoak tarteko, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak auzia Konstituzionalera eraman zuen, iritzita legediak «tratu diskriminatzailea» ematen ziela guraso bakarreko familietako haurrei, gainerakoek baino arta denbora gutxiago bermatzen dielako, nahiz eta behar berberak izan. Era berean, zehaztu zuen «sexuaren araberako diskriminazio ez-zuzen bat» ere eragiten zuela, auzi horrek bereziki emakume langileei eragiten dielako. Hala, Konstituzionalak ebazpenean azaldu duenez, aztertu beharrekoa da legeak ez duela aurreikusten «omisio» horrek zer eragin izan dezakeen guraso bakarreko familietan jaiotako haurrengan: «Justifikaziorik gabeko omisio bat da». Hala, Espainiako Konstituzioaren kontrakotzat jo du araudia, eta botere legegileari agindu dio horri aurre egiteko beharrezko aldaketak egin ditzala, konstituzioaren 14. eta 39. artikuluak errespeta ditzan. Lehenak dio «espainiar guztiak berdinak direla legearen aurrean» eta, besteak beste, ezin direla diskriminatu jaiotze, arraza, sexu eta erlijio arrazoiengatik. Bigarrenak, berriz, botere publikoei dagokiela «familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoa bermatzea».
Euskal enpresak prest daude AEBrekiko estrategia aldatzeko, Trumpen garaipenaren ostean. Iñigo Muguruza Gipuzkoako Bazkundeko buruak azaldu duenez, muga-zergak jartzen direnean, enpresek inbertsioek areagotzen dituzte herrialde horietan.
17,5 milioiko partida bat barne hartzen du, salgai dauden 125 etxebizitza pribatu eta Babes Ofizialeko Etxebizitza zuzenean erosteko, alokairu eskuragarrira bideratzeko. Guztira, Next Funtsen 122 milioi euroak batuta, 408 milioi euroko aurrekontua izango du Sailak.
Sunsundegui ataka estuan dago. Irailean hartzekodunen konkurtso aurreko egoera deklaratu zuen, eta aste honetan, koska bat estutu du bere finantza egoera zaila. Hartzekodunen konkurtsoan sartzea eskatuko du. Abenduaren 15ean amaituko zen egoera hori saihesteko epea, baina zuzendaritzak proposatu du gehiago ez luzatzea. Akziodunen batzarrak baiezkoa eman dio administrazio kontseiluak egindako proposamenari. Hemendik aurrera, epaile batek izendatutako administratzaileak izango du azken hitza. Zorraren zama handiegia da, eta eguneroko ordainketei aurre egin ezinik dabil Altsasuko enpresa. Langileei ez zien iraileko nominarik ordaindu, eta aldi baterako lan erregulazioko espedientean daude. Azken egunetan irailekoa ordaindu diete, eta espediente aurreko nominaren zatia ere kobratu dute. Gainera, hornitzaileei 8,9 milioi euro zor dizkie Altsasuko enpresak, eta ezin dio horri aurre egin. Azken asteetan negoziatzen aritu da hornitzaileekin zor dien diruaren zati bat soilik itzultzeko aurten. Azkenik, Sodena arrisku kapitaleko sozietateak, Cofides Espainiako erakundeak, bankuek eta Volvo bazkideak 40 milioi euroko finantza babesa eman diote azken urteotan. Orotara 48,8 milioi euroko zorra du. [articles:2132015] Hori dela eta, prentsa ohar bidez jakinarazi du bihar borondatezko hartzekodunen konkurtsoa eskatuko duela merkataritza auzitegian. Enpresaren arabera, horrek esan nahi du likidazioan sartu gabe enpresaren jarduera bermatuko lukeen inbertitzaile baten bila jarraituko dutela: «Konpainiaren finantza egoera birmoldatzeko beharrari erantzuten dio neurri honek. Bi hilabete pasatu dira hartzekodunekin negoziazioak abiatu genituenetik, eta modu aktiboan aritu gara lanean administrazio kontseilua eta zuzendaritza taldea industria inbertitzaile baten bila. Gaur-gaurkoz ez da eskaintza sendorik jarri mahai gainean», onartu du enpresak. Hain zuzen ere, industria inbertitzaile batek soilik egin diezaioke aurre enpresaren egoera zailari. Volvo Busek bere autobusen karrozeriak egiteko enpresen beharra du, eta horietariko bat da Sunsundegui. Egoera zailean egonik ere, Suediako multinazionalaren babesa du, eta beste enpresa bat erakartzeko akuilu izan daiteke. Alta, egiturazko arazo sakonak ditu Altsasuko enpresak, eta aukera bat zabalik egon bada ere, oraingoz ez da gauzatu. Enpresak gaineratu du bazkide estrategiko horren bila jarraituko duela, horrek bermatuko bailuke jarduerari eta lanpostuei eutsi ahal izatea. Dena den, orain auzitegiak izango du azken hitza. UGTk bost ordezkari ditu Sunsundeguin. «Hartzekodunen konkurtsoa erreminta bat da enpresaren bideragarritasuna bilatzeko. Ondorioz, zera nahi dugu, enpresak jarraitu ahal izatea ahalbidetuko duen inbertitzaile bat lortzen». Berretsi du Nafarroako Gobernuak eta enpresak zabalik dutela inbertitzaile batzuen aukera. «Badakigu inbertitzaile posible batzuekin elkarrizketak izan direla, baina, gaurkoz, ez dago eskaintza irmorik. LABeko Gaizka Uharte ez du ustekabean hartu erabakiak. Argi du aurreko zuzendaritza taldea dela enpresaren egoeraren erantzule nagusia. «Egoera konplikatua da oso. Inbertitzaile batzuk daude, baina hemen ez du inork ezer oparitu nahi. Egoera luzatzea ez da ona». Adierazi du asmoa dutela datozen egunetan mobilizazioak antolatzeko. Irujo parlamentuan Bihar 15:15ean, Nafarroako Parlamentuaren egoeraren berri emango du Mikel Irujo Industria sailburuak. Haren ekimenez eskatu zuen agerraldia, eta, hain zuzen ere, enpresak urrats hori egin duenean eman beharko ditu azalpenak. Sunsundeguik eskertu egin du Sodenak eman dion babesa. Aurreko krisian, Sodenak 35 milioi euroko zorra barkatu zion, eta 2020. urteaz geroztik hamasei milioi euro inguruko laguntza eman dio. Azken babesaren ondorioz, administrazio kontseilua aldatu behar izan zuen Sunsundeguik, baina ezin izan dute oraingoz egoera bideratu.