Iazko urriaren 7tik Israelek 43.800 lagun baino gehiago hil ditu Gazan, zerrendako Osasun Ministerioaren datuen arabera. Eta zenbakiak gora egiten du egunero. Gaur, Israelgo armadaren erasoek beste hogei lagun hil dituzte, gutxienez. Hildako palestinar horietako hamar, gainera, barne desplazatuen esparruetan zeuden erasoak jazo direnean. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 1,9 milioi gazatar barne desplazatuak dira egun. Nuseirat errefuxiatuen kanpalekuaren aurka egin du beste behin Israelek: airez egindako eraso batean gutxienez lau palestinar hil ditu. Barne desplazatuek Al-Mawasin egindako behin-behineko denda kanpaleku baten aurka ere egin du Israelek. Eraso horretan beste lau gazatar hil dituzte. Al-Mawasiko eremua «gune humanitario» gisa izendaturik dago. Israelek ezartzen ditu «eremu humanitarioak». Zerrenda hegoaldeari ere egin dio eraso Israelek, gaur: Egiptoren eta Gazaren arteko mugan dagoen Rafah hirian zeuden behin-behineko zenbait denda bonbardatu ditu. Eraso horretan bi lagun hil dituzte, gutxienez. Israelgo armadak Beit Lahiyan ere egin du eraso, Gaza iparraldean. Herri hartako medikuek hainbat hedabideri adierazi dietenez, Israelek airez egin dio eraso eraikin bati. Eraso horretan gutxienez bi lagun hil ditu. Hori, baina, ez da azken orduetan Tel Avivek Beit Lahiyan egin duen ekintza militar bakarra. Atzo ere egin zuen zerrendako herri horren aurka. Bertan lanean ari diren hedabideek ezin izan dute oraindik zehaztu zenbat lagun hil zituzten eraso hartan, baina medikuen hitzak aipatuz, «dozenaka lagun» hil dituztela kaleratu du Reuters berri agentziak. Are gehiago, Gazako Osasun Ministerioaren arabera, azken 24 orduetan Israelek Gazan 76 lagun hil ditu eta 157 zauritu. Torturak espetxeetan Zerrendan, erasoak egiteaz gain, atxiloketa masiboak egin ditu Israelek. Gaur Atxilotuen Gaietarako Batzordeak eta Palestinako Presoen Taldeak argitaratu duten txostenaren arabera, «mila lagun baino gehiago» atxilotu dituzte Israelgo indarrek Gaza iparraldean. Are gehiago, Israelek emandako informazioaren arabera, 1.627 lagun ditu gatibu «legez kanpoko soldaduak» izateagatik, arrazoietan zehaztapen gehiagorik ematen ez duen arren. Txostena, baina, ez da atxilotuen kopurura mugatzen. Bi taldeek salatu dutenez, Tel Avivek Zisjordanian duen Ofer kartzelan gatibuek torturak pairatzen dituzte. Hamabost lagunekin bildu dira txostenaren egileek, eta ondorioztatu dute espetxe horretan «tortura psikologikoa eta fisikoa» pairatzen dutela: «Testigantzek argi uzten dute okupazioaren ankerkeria: ohikoak dira tortura fisikoa eta psikologikoa, delitu medikoak eta sexu erasoak». Tortura horiek direla medio, 43 lagun hil dira iazko urriaz geroztik, txostenaren arabera. Zisjordanian eta Jerusalemen atxiloketen kopuruak gora egin du iazko urritik. Israelek Gazaren aurkako oldarraldia areagotu zuenetik, 11.700 palestinar baino gehiago atxilotu dituzte Zisjordanian eta Jerusalemen. Eta gaur, txostenen egileek jakinarazi dutenez, hamar lagun atxilotu ditu Israelek bi eremu horietan. «Menia» negoziazioak Palestinatik at, beste fronte batzuk ditu Israelek: Libano, esaterako. Tel Avivek bost lagun hil ditu herrialde hartan gaur. Libanoko gatazkan urratsak ematen ari direla esan du, baina, Israelgo lehen ministro Benjamin Netnayahuk. Israelgo Parlamentuan gaur egindako adierazpenetan, «menia bat negoziatzen» ari direla baieztatu du. Su eten hori «guztiz» hitzartu arte, halere, Hezbollah Libanoko talde xiitari eraso egiten jarraituko diotela azpimarratu du. Izan ere, su etena lortu arren «Hezbollahk hura errespetatzea» ezin duela baieztatu nabarmendu du Netanyahuk. AEB Ameriketako Estatu Batuek asteak daramatzate su eten negoziazioak bideratu nahian, eta menia proposamen bat plazaratu zien gatazkaren parte diren aldeei. LBC Libanoko hedabideak gaur argitaratu duenez, Libanoko Gobernuak «begi onez» jaso du proposamen hori.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek onartu asmo duten zerga erreformak %27ra handitu nahi du 240.000 eurotik gorako errentek ordaindu beharreko tasa. Iragan astelehenean aurkeztu zituzten EAJk eta PSEk adosturiko aldaketen lerroburuak, eta, testu osoaren berri eman ahala, xehetasun gehiago jakiten ari dira. Tasa berria da horien arteko deigarrienetakoa. Aldaketa horren muina PFEZaren ordainketa taulen diseinu berri bat da. Orain arte zeuden bost ordainketa mailak berrikusi dituzte, eta beste bat erantsi, %27ko gehienezko tasa ezarriz. Gauzak horrela, 15.000 euro arteko diru sarrerak dituzten pertsonei %20ko tasa aplikatuko zaie errenta aitorpena egitean; 30.000 eurora artekoei, %22koa; 30.000 eta 60.000 artean irabazten dituztenei, %25ekoa; 120.000 eta 240.000 euro artekoei, %26koa, eta 240.000tik gorakoei, %27koa. Nabarmentzekoa da 19.000 euro baino gutxiago irabazten dituzten pertsonak ez daudela behartuta errenta aitorpena egitera. 2022ko datuen arabera, EAEko biztanleen %1,27k irabazten du 102.000 eurotik gora. Ez du zehazten zenbat diren 240.000 eurotik gora dabiltzanak. Gipuzkoako aldundiko ogasunak jakinarazi ditu xehetasunak, eta, haren iritziko, aldaketa horren bidez, progresibitate asmora gerturatu nahi dute zerga zama, «aurreztaile txikiek pairatzen dutena murriztuz eta errentarik handienek jasaten dutena handituz». Eta zenbat dira tasa berria ordainduko duten zergapekoak? Gutxi. Eustaten 2022ko datuen arabera, EAEko biztanleen %1,27k irabazten du 102.000 eurotik gora. Ikerketaren galbaheak ez du zehazten zenbat diren 240.000 eurotik gora dabiltzanak. Hiru ogasunek adosturiko aldaketak dira, baina Bizkaian bakarrik ziurta daiteke bere heinean onartuko direla, EAJk eta PSEk nahikoa babes baitute Batzar Nagusietan. Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan, berriz, beste bazkide bat behar dute. Elkarrekinek esan du negoziatzeko prest dagoela.
Aitaren izen bera du semeak ere: Alfredo Espinosa (Bilbo, 1935). Bigarrenak, baina, ez du lehenaren oroitzapen zuzenik. 1937an, bi urte bete aurretik, fusilatu zioten kolpistek aita, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken bi edizioetako txapeldunak eskuratu du aurtengo finalerako lehen pasea. Ariketaz ariketa, ohi duen maila erakutsi du Beñat Gaztelumendik, eta bakarkako lan bikainarekin biribildu du saioa. Finalisten eskarmentua nabaritu zaie Labakari eta Elustondori ere. Ariketa guztietan eman du beretik lasartearrak, eta irabazlearengandik gertu geratu da puntutan. Koxka bat beherago amaitu du Elustondok, baina bertso ederrak utzi ditu hark ere. Gainerako saioetako puntuazioen zain geratu beharko dute biek finalerako lekua ziurtatzeko. Haien atzetik geratu dira, hurrenez hurren, Asier Azpiroz, Oier Etxeberria eta Eli Pagola. Horra gaurko puntuazioa: 560,5 Beñat Gaztelumendi Arandia 552 Ane Labaka Mayoz 522,5 Nerea Elusondo Plazaola 475 Asier Azpiroz Iztueta 468,5 Oier Etxeberria Zubimendi 449 Eli Pagola Apezetxea Zarautzen eta Arrasaten izango dira datozen bi finalerdiak. Saioetako irabazleak zuzenean sailkatuko dira abenduaren 14ko finalera, eta puntuazioz sailkatutako beste bostek osatuko dute zortzikotea. [Kronika osatua, bihar, berria.eus-en]
Realarentzat izan da Anoetan jokatu den derbia. Txuri-urdinek 5. minutuan egin dute neurketako gol bakarra, eta Irene Ogizak 29. minutuan ikusi duen txartel gorriak baldintzatuta, ezer gutxi egin ahal izan du Athleticek. 12.465 ikusle elkartu dira Anoetan igande arratsaldean. Gol bakarra ikusi dute, baina ikusgarria hura. Oraindik batzuk esertzen ari zirela, Lavogezek baloia jaso du, kontrolatu, eta bi aldiz pentsatu gabe jo du area kanpotik. Sareetara. Geldiezina izan da jaurtiketa Nanclaresentzat. 😱 Esto no es un gol… ¡esto es un golazo de @ClaireLavogez! 🔥 Se adelanta la @RealSociedadFEM en el minuto 5 de encuentro 🔵⚪ RSO 1-0 ATH 🔴⚪#LigaFenGol pic.twitter.com/eeh1AVw10z — GOL PLAY (@Gol) November 17, 2024 Athleticek lanean jarraitu du, eta pixkanaka hasi da aukerak izaten. Anoetako zelaia F Ligako gehienak baino handiagoa da, horrek hutsuneak utzi ditu atzelarien bizkarrean, eta bi taldeak saiatu dira hori baliatzen kontraerasoak egiteko. Ondorioz, erritmo zoroa izan dute lehen minutuek. Realeko jokalari onena Andreia Jacinto ari zen izaten, eta jokaldi batean iletik heldu dio Ogizak. Epaileak agresio bat izan dela ebatzi du, eta aldageletara bidali du jokalari zuri-gorria. Protestak eragin ditu erabakiak. Bat gehiagorekin, Reala hobea izan da. Bigarren zatian ez ditu eskularruak zikindu Elene Letek, eta Nanclaresek geldiketa mordoxka egin behar izan du. Azpimarragarrienak, Lavogezi egindako pare bat eta Nerea Eizagirreri egindako bat. Realak beste hiru puntu bildu ditu, eta laugarren postuan da 19 punturekin. Zazpigarren da Athletic hamalaurekin.
Ondorio larriak eragin ditu gaur goizean Garbera merkatal zentroan (Donostia) egindako lapurreta batek. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bost lagun atxilotu dituzte, eta hamar ertzain zauritu dira operazioan. Horietako lau ospitaleratu dituzte, eta bat ZIU zainketa intentsiboen unitatean dago. Bost lagunak Gasteizen harrapatu dituzte, ihes egiteko baliatu dituzten bi ibilgailuetan. Zenbait delitu egozten dizkiete: indarkeria baliatuta lapurretan egitea, agenteen aurkako atentatua, ebasketa eta bide segurtasunaren aurkako delitua. Ertzaintzak goizeko zazpiak baino lehen jaso du lapurretaren abisua. Zenbait patruila bertaratu dira, eta lortu dute lapurren bi ibilgailuak identifikatzea. Atzo Gasteizen lapurtutako bi matrikua zituzten jarrita, eta bi autoetako bat ere lapurtutakoa zen. Jazarpena Ordubete geroago lokalizatu dituzte, A-1 errepidean, Gasteiz parean, abiadura handian zihoazela. Ertzaintzarengandik ihes egiten saiatu dira A-1ean zein N-622 errepidean, kontrako noranzkoan gidatuz. Azkenean, Abetxuko parean lortu dute haiek gelditzea, baina lapurrek Poliziaren autoen kontra egin dute eta zenbait agente zauritu dituzte. Bost atxilotuak gizonak dira: 31 urteko bat, 33ko bat, 35eko bat eta 38ko bi. Bostak atxilotuta daude, eta datozen orduetan jarriko dituzte epailearen esku. Ikerketa zabaldu dute denda berean urte hasieran izan zen antzeko beste lapurreta batekin lotura ote duten jakiteko.