Jatorri txinatarra duen dendari batek jasan duen erasoa salatu…
Arrigorriagako (Bizkaia) 200 bizilagun inguru udaletxeko plazan bildu dira gaur, ostiralean jatorri txinatarra duen dendari batek jasan zuen erasoa salatzeko. Arrigorriagako Udalak deitu du protestara. Maite Ibarrak alkateak erasoa errefusatu du, eta esan du onartezinak direla horrelakoak Arrigorriagan eta beste edonon. Biktimari eta bere sendiari elkartasuna adierazi diote. Elkarretaratzearen bost minutuz egon dira isilik, eta denbora hori amaitzean txalo zaparrada batekin amaitu dute. Erasoa jasan zuen dendariaren alaba batek adierazi du aurretik ere jazartu zutela bere aita. Ostiralean gazte talde bat saltokira hurbildu zen, eta horietako hiru barrura sartu ziren, eta salgaiak lekuz aldatzen hasi ziren. Dendariak kargu hartu zienean, gazteetako batek kolpe bat eman zion, eta lurrean zela beste biek ostikoak eman zizkioten. Gazteek ihes egin zuten, eta dendariaren senide batek eskatu zuen laguntza. Dendaria etxean dago, baina beso bat eta hanka bat igeltsuan ezarri dizkiote; gainera, aurpegian kolpe handi bat dauka, eta osatzen denean ebaketa bat egin beharko diote. Erasoaren ostean gazteetako bat polizia etxera joan zen eta bere burua entregatu zuen. Atzo epailearen aurrera eraman zuten. Ertzaintza beste bi erasotzaileen bila ari da. Gorroto delitua leporatzen diete hiruei.
