Oihana Iguaranek irabazi du azken finalaurrekoa
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak egin du azkenaurreko pausoa. Eskoriatzan hasi zuen sailkapen fasea, eta Arrasaten jokatu da gaur azken finalaurrekoa. Giro bero eta bildua izan da Uarkape kiroldegian, jendea bertsolarien gainean zen ia. Oihana Iguaran Barandiaranek bildu du puntu gehien, eta, hurrenez hurren, Andoni Rekondo Izagirre, Maider Arregi Markuleta, Agin Laburu Rezola, Eñaut Martikorena Lizaso eta Iñigo Mantzizidor Larrañaga Mantxi geratu dira haren atzetik. Horrenbestez, erabakita geratu da nork kantatuko duen abenduaren 14an Ilunben (Donostia) izango den finalean. Azken finalarekin alderatuta, hiru izen berri izango dira oholtzan aurtengoan: Eneritz Artetxe Eizagirre, Andoni Rekondo Izagirre eta Aner Peritz Manterola Euzkitze. Horra zortzikoa: – Beñat Gaztelumendi Arandia – Alaia Martin Etxebeste – Ane Labaka Mayoz – Nerea Elustondo Plazaola – Eneritz Artetxe Eizagirre – Oihana Iguaran Barandiaran – Andoni Rekondo Izagirre – Aner Peritz Manterola Euzkitze Arrasatekoaren aurretik, Oiartzunen eta Zarautzen ospatu ziren beste bi finalaurrekoak. Saio guztien ondoren, horrelaxe geratu da puntuazioa: SAILKAPEN OROKORRA: Beñat Gaztelumendi Arandia 560,5 Ane Labaka Mayoz 552 Alaia Martin Etxebeste 544,5 Nerea Elustondo Plazaola 522,5 Eneritz Artetxe Eizagirre 519,5 Oihana Iguaran Barandiaran 519 Andoni Rekondo Izagirre 513,5 Aner Peritz Manterola Euzkitze 512 Maider Arregi Markuleta 511 Unai Mendizabal Jauregi 504,5 Agin Laburu Rezola 499 Amaia Iturriotz Etxabuz 493,5 Eñaut Martikorena Lizaso 482 Iñigo Mantzizidor Larrañaga Mantxi 478 Asier Azpiroz Iztueta 475,5 Oier Etxeberria Zubimendi 468,5 Eneko Araiztegi Agirre 462 Eli Pagola Apezetxea 449 Gainerako bertsolariak aipatuz, euskara ahotan hartuta bota du azken agurra gaurko saioko irabazleak, puntuazioak entzun ondoren: «Zorionak sailkatuei besteei musu ta erdi / hainbeste sormen ezin da zortzi aulkitan eseri / abendua fuerte dator beti gisa plan gehiegi / joan Durangora ta erosi liburu, diskak besteri / bide luzea daukagu oldarraldirik ez geldi / gu gara gure defentsa kultura bide izan bedi / ahal dala euskara egiten ta euskaraz gozatzen segi».


