Bina berdindu dute Osasunak eta Alavesek
Intentsitate handiko partida jokatu dute Sadarren Osasunak eta Alavesek. Bi taldeak nor baino nor aritu dira, eta ahituta bukatu dute lehia. Alaves aurreratu da, margailua irauli du Osasunak, berriz ere berdindu dute bisitariek, eta, hirugarrenaren bila Osasuna gogo gehiagorekin aritu den arren, azkenean, puntu bat bakoitzarentzat. Bi taldeetan izan dira albiste garrantzitsuak azken orduetan. Osasunan epe luzerako lesioa du bere izarrak, Bryan Zaragozak, eta Alavesek, berriz, entrenatzaile berria zuen gaur aulkitxoan, Eduardo Coudet. Eta entrenatzaile argentinarraren aroak ezin izan du hobeto hasi: Kike Garciak 37 segundo behar izan ditu lehen gola egiteko. Buruz sartu du, Carlos Martinen erdiraketa bat baliatuta. Osasunari kosta zaio kolpe horri buelta ematea. Alavesek lan ona egin du presioan, eta zailtasun asko jarri dizkio etxeko taldeari. Pixkanaka nekatzen hasi dira babazorroak, eta arrisku gehiagorekin gerturatzen hasi da Osasuna. Epaileak, VARak deitu dion arren, ez du adierazi Budimirri egindako penalti bat, eta Kike Garciari beste gol bat ere baliogabetu dio jokoz kanpo zegoelako. Kike eta Sivera Bigarren zatia hasi bezain pronto aldatu dira kontuak. Siverak geldiketa ikusgarri bat egin dio Catenari, baina hurrengo jokaldian berdinketaren gola egin du Budimirrek, korner batean. Sei minutu geroago, faltaz, Ruben Garciak sartu du bigarrena. Eta Alaves okerren zegoenean, berriz agertu da Kike Garcia Carlos Vicenteren erdiraketa bat sareetara bidaltzeko. Minutu zoroak izan dira. Azken minutuetan Osasuna saiatu da gola egiten, baina bikain aritu da Sivera. Partidatzarra egin du atezainak, eta puntu garrantzitsua eman dio bere taldeari.

