Aldundiaren Ogasun Sailaren arabera, 2024an “zenbait turbulentzia garrantzitsu” izan ziren, hala nola, “hidrokarburoen sektoreko BEZari lotutako iruzurra” eta “mutualistei itzuli beharreko kopurua”. Horien aurrean, “lurraldearen sendotasuna” agerian geratu dela dio foru erakundeak.
Borrokan jarraitzeko gogoz daudela erakutsi dute gaur Jon Ander Peñak eta Jon Ander Albisuk. Bilboko Bizkaia pilotalekuan 15-22 irabazi diete sailkapen nagusiko liderrei, Lasori eta Iztuetari, eta sei onenen artean sartu dira behin behinean. Altuna III.a eta Arangurenekin berdinduta daude orain, eta puntu batera dituzte Jaka eta Imaz. Partidako jokalari onena Albisu izan da. Pilota atzeko koadroetara bidali du etengabe, jokoan sartzea eragotzi dio Lasori, eta Iztuetaren gain jarri du bikotearen pisua. Aspaldian egin duen norgehiagokarik onena egin du Ataungoak. Lehen zatian eutsi dio Iztuetak (10-10), baina bigarren erdian sufritzea tokatu zaio. Indartsu jarraitu du Albisuk, eta Peñak asmatu du tantoak amaitzen. Gaurko irabazleek partida erabakigarria jokatuko dute datorren asteburuan Hendaian (Lapurdi): azken postuan dauden Peio Etxeberria-Martijarekin neurtuko dituzte indarrak. [articles:2136251]
Urte hasiera ez da erraza izan Athleticentzat. Zuri-gorriek ezin izan zuten Superkopako finalerako sailkatu, eta Espainiako Kopan ere kalean geratu dira. Ligan, ordea, bestelakoa da egoera: gaurko garaipenarekin, Ernesto Valverden taldeak 39 puntu ditu, sailkapenean hirugarren den Bartzelonaren berdinak, eta behin behinean, bederatzi puntuko errenta du bosgarren postuarekiko. Celtari Berenguerren eta Vivianen golei esker irabazi diote Balaidosen (1-2). Ligan, Athleticek 11 partida jarraian daramatza galdu gabe. Eta gaurkoak badu meritua: aurtengo denboraldian Atleticok eta Real Madrilek soilik irabazi zuten Vigon, gaur arte. Bi talde horiek bost eta zazpi puntura ditu orain, hurrenez hurren. «Zergatik ez amestu?», Iñaki Williamsek partida amaitutakoan esan duen moduan. Lehen zatian nagusi izan dira bizkaitarrak; gol aukera dezente sortu dituzte, baina saririk ez. Gertuen Beñat Pradosek izan du area kanpotik egindako jaurtiketa batean, baina ikusgarria izan da Guaitaren erantzuna. Celtak lanak izan ditu zuri-gorrien joari eusteko. Bigarren zatian, lehengo lepotik burua. Berenguerrek abisua eman du lehenik: baloia berreskuratu, gidatu, eta area ertzetik egin duen errematea gutxigatik joan da kanpora. Minutu gutxi geroago, ez du barkatu. Iñaki Williamsek egin du jokaldia eskuin hegaletik, behekaldetik erdiratu du baloia, eta oinaren puntarekin bidali du baloia sareetara Berenguerrek. Merezi zuten gola zuri-gorriek. Kontrolpean Golak ere ez du joera aldatu. Erasoan jarraitu du Valverderen taldeak. 70. minutuan, Guaitak gelditu du Unai Gomezen lehen jaurtiketa, baina Vivianek area txikian egin duenaren aurrean ezin izan du ezer egin. Erremate akrobatikoa egin du atzelariak, aurrelari onenen pare, eta amorruz ospatu du. Hiru minutu geroago iritsi da Celtaren gola, Adamaren akats baten ondorioz. Irrist egin du atzelariak, eta abagunea baliatu du Hugo Alvarezek gola egiteko. Egoera, ordea, kontrolpean zuen Athleticek, eta asko sufritu gabe itxi du lehia. Ez da amaitu zuri-gorrien une gozoa.
Su etena indarrean da Gazan. Israelgo Gobernuak ostiral gauerdian eman zion oniritzia Hamasekin adostutako meniari, eta gaur zen indarrean sartzekoa, 07:30ean. Hasiera batean, Benjamin Netanyahu lehen ministroak atzeratu egin du su etena, Hamasek ez baititu eman entregatu beharreko lehen bahituen izenak. 09:00ak aldera heldu da zerrenda hori, Hamasen arabera, «arazo teknikoengatik», eta menia 10:15ean hasi da. Su etenari esker, azken orduetan Egiptoko mugan zain zeuden dozenaka kamioi sartu dira Gazan laguntza humanitarioarekin. Lehen hiru bahituak 15:00ean askatu ditu Hamasek, eta beste lau utziko ditu aske astebete barru. Gaur libre utzi dituztenak 24 eta 31 urte arteko hiru emakume dira. Haien trukean, Hamasek esan duenez, Israelek 90 lagun askatuko ditu gaur bertan. Menia hasi bitartean, Israelgo armadak erasoak egiten jarraitu du. Goizaldean, Gaza iparraldean eta erdialdean, gutxienez hamabost lagun hil ditu. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7tik Gazan Israelek hildakoak 46.913 dira. Meniaren lehenengo fasea da gaur hasi dena. 42 egun iraungo du aurreneko faseak, eta, hartan, Hamasek eta Palestinako beste zenbait miliziak 2023ko urriaren 7an Israelgo lurretan egindako erasoetan bahitutako 33 gatibu askatuko dituzte. Guztira 94 gatibu daude milizia palestinarren esku, baina horietako 34 hilik daudela zabaldu dute nazioarteko hedabideetan. Are gehiago, azken egunetan Israelgo armadak erasoak areagotu dituela salatu dute milizia horiek, eta Palestinako Jihad Islamikoak —2023ko urriko erasoetan parte hartu zuen— ohartarazpena egin dio Tel Avivi: menia hasi aurreko azken orduetan erasotzeari utzi ezean bahitu gehiago hilko dituztela. «Israelen bonbardaketaren intentsitateak bi bide zabaltzen ditu: lehena, preso israeldarren familiek beren seme-alabak hilkutxetan jasotzea, eta bigarrena, etxera bizirik iristea. Israelgo armadari bakarrik dagokio aukeratzea», adierazi du miliziaren adar armatuko bozeramaile Abu Hamzak, ohar bidez. Bahitu horien truke, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren gobernuak 1.890 preso palestinar utziko ditu libre, Egiptoren arabera. Israelgo Justizia Ministerioak bart plazaratu zuen aske utziko dituen presoen zerrenda, 735 izenekin. Apurka joango dira Israelgo espetxeetatik ateratzen, eta ministerioak jada ohartarazi du menia indarrean sartu eta ordu batzuetara hasiko direla presoak aske uzten: 16:00etan, hau da, Euskal Herriko 15:00etan. Meniak, ordea, ez du esan nahi Gazara bakea helduko denik gauetik goizera. Izan ere, Israelgo armadak ez du guztiz utziko zerrenda; «eremu jendetsuetatik» aterako da soilik. Qatarko Atzerri ministroak, esaterako, Gazako herritarrei eskatu die «kontu handiz ibiltzeko eta agintarien jarraibideen zain egoteko». Gauzak horrela, AI Amnesty International GKEak uste du «genozidioa amaitzeko urrats gehiago egin behar» direla. Hala esan zien atzo hainbat kazetariri AIko Espainiako zuzendari Esteban Beltranek. Beltran ez da bakarra menia indarrean sartu arren Gazaren inguruan kezka adierazi duena. EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Kaja Kallasek bi aldeei eskatu die menia «guztiz» ezarri ahal izateko «baldintzak beteko direla ziurtatu» dezatela. Kallasek EBko kide guztien izenean eman zuen prentsaurrekoa, atzo, erakundearen iritzia helarazteko. Pozik agertu da Gazako herritarrek «hain beharrezkoa duten laguntza humanitarioa» zerrendara helduko delako, eta azken urtean EBk eskatu duen konponbidea berretsi du: «Bake justu, global eta iraunkor baten alde egiten dugu; uste dugu horretarako beharrezkoa dela bi estaturen konponbidean oinarritutako sistema bat ezartzea». Aurreneko fasea onartu izanak ez du esan nahi Israelgo Gobernuak erraztasunak jarriko dituenik aurrerantzean negoziatu beharreko bi faseak onartzeko. Izan ere, Axios AEBetako hedabideak argitaratu duen informazioaren arabera, bihar AEBetako presidente kargua hartuko duenak, Donald Trumpek, zera jakinarazi dio Netanyahuri: bigarren faserako elkarrizketek huts egiten badute Israelgo armadak erasoei berrekin ahalko diela ondoriorik gabe. Eta Netanyahuk, telebista bidez egin berri duen adierazpenean, hori berretsi du: «Israelek bigarren fasean borrokari berriro ekiteko eskubidea babestuko du Trumpek». PAN Gazan Gazan laguntza humanitarioa sartzeko eta zerrendako azpiegiturak berreraikitzeko PAN Palestinako Aginte Nazionalarekin elkarlanean aritzeko prest daudela jakinarazi du Kallasek. PANek, ordea, ez du Gazan agintzen, Zisjordanian baizik. Izan ere, nazioartean Palestinako ordezkari politikotzat PAN hartzen den arren, Gazan Hamasek du agintea 2007tik. EB ez da bakarra zerrendan Mahmud Abbasen alderdiak gobernatzea nahi duena; izan ere, AEBek proposatu dituzten gerraren osteko plan gehienetan PANi eman diote Gazaren administrazioa. Eta Abbas prest agertu da horretarako: bart, Wafa Palestinako berri agentziak argitaratutako ohar batean, adierazi zuen «guztiz prest» dagoela Gazan esku hartzeko. Palestinako beste taldeek, ordea, ez dute onartuko PANen buruzagitza, ezustekorik ezean. Izan ere, borrokan ari dira Zisjordaniako zenbait eremutan; Jeninen, esaterako. Israelen, bitartean, bere dimisioa aurkeztu du Itamar Ben Gvir Segurtasun ministro ultranazionalistak, meniaren aurka protesta egiteko. Bere alderdiko beste bi ministrok ere gauza bera egin dute. Dena den, Ben Gvirrek argi utzi du Netanyahu babesten jarraituko dutela, gobernu koaliziotik irten arren.
Sunsundeguiko langileak babestu eta lanaren aldeko “apustu argia” aldarrikatu dute Sakanan. Hartzekodunen konkurtsoan dagoen Sunsundegui enpresako langileek manifestazioa egin dute Altsasuko kaleetan, “Etorkizuna nahi dugu. Etorkizuna Sunsundeguirentzat” lelopean.
Sidenor tiene un nuevo competidor en la carrera por hacerse con el control de Talgo. La compañía índia Jupiter Wagons está dispuesta a hacer una oferta de adquisición pública, una OPA, por Talgo.
Behar zuen, eta iritsi da. Alavesek Eduardo Coudeten aroko lehen garaipena lortu du azkenean. 1-3 irabazi dio Betisi, eta arnasa apur bat hartu du sailkapenean. Partidako protagonista Kike Garcia izan da, hark sartu baititu arabarren hiru golak. Aurrelariak zortzi daramatza sasoi honetan. Alaves nagusi izan da, eta, nahiz eta atsedenaldira banakoarekin iritsi, ederki baliatu du Betis jokalari bat gutxiagorekin aritu izana 57. minututik. Presioa zuen Alavesek. Izan ere, herenegun Espanyolek irabazi ostean, jaitsiera postuetatik ekin dio norgehiagokari. Etxekoek eman dute lehen abisua, partida hasi eta berehala, bigarren minutuan. Baina Vitor Roquek lo hartu du, Owonoren aurrean bakarrik geratzear zela. Abqarrek ondo kendu dio baloia. Dena den, Alavesek ondo erantzun du, eta Guridik gertu izan du gola, urrutiko jaurtiketa batekin. Adrian atezainak ondo gelditu du. Hala ere, hurrengo jokaldian iritsi da arabarren lehen gola (11. min). Penaltiz izan da. Bartrak eragin dio penaltia Kike Garciari, korrikaldi bat irabazi ostean. 11 metroetatik aurrelariak ez du huts egin. Atezainaren eskuinetara jaurti du, eta, atezainak asmatu egin duen arren, baloia bizi-bizi zihoan, eta sareetara joan da azkenean. Gol horrek patxada eman dio Alavesi: ondo eutsi dio Betisi, eta ahal izan duenean bizi atera da erasora. Lehen golaren antzeko jokaldi baten ostean, epaileak VAR-era joan behar izan du beste penalti bat egon den ikusteko. Protagonistak berberak izan dira: Kike Garcia eta Bartra. Penaltiak argia zirudien, baina oraingoan, ordea, ez du adierazi. Alaves nagusi zen, eta bigarrena gertu izan du Coudeten taldeak. Manu Sanchezek erdiraketa egin du, eta Tenagliak bitan pentsatu gabe errematatu du area kanpotik. Adrianek ozta-ozta bidali du kornerrera. Baina Alaves ondoen zegoenean iritsi da Betisen berdinketa. Iscok motzean atera du kornerra, eta baloia Jesus Rodriguezi iritsi zaio arean. Erremate suabea egin du, baina, zutoinean jo ostean, Owonok zaindutako atean sartu da (28. min). Kolpea hartu arren, berean jarraitu du Alavesek. Presio estua egin dio Betisi baloia atera duenean, eta berreskuratu duen aldiro bizi atera da erasora. Etxekoek, berriz, nahiago izan dute jokoaren erritmoa moteldu eta zelai erditik aurrera dituen jokalarien buruz buruko jokaldiekin min egin: Abde, Isco, Fornals… Pixkanaka nagusituz joan da, eta lehen zatiko luzapeneko minutuetan estutu egin du. Dena den, Alaves sendo aritu da defentsan. Horrenbestez, banakoarekin amaitu da aurreneko zatia. Txartel gorria Bigarren zatiaren hasiera parekatua izan da, nahiz eta Alavesek aukeraren bat izan. Azkenean, 57. minutuan, Owono atezainak luze atera du baloia. Carlos Vicente bizkor ibili da buruz jotzeko, eta Perraudek trabatu egin du bakarrik joateko aukera zuenean. Epaileak gorria atera dio Betiseko hegalekoari. Bat gehiago zutela baliatu behar zuten arabarrek. Hala ikusi du Coudetek, eta Toni Martinez zelairatu du, Antonio Blancoren ordez. Bestalde, zelai erdian agintea izateko, Guridi Gebararengana gerturatu du. Hurrengo minutuetan, aurrera egin ezinik aritu da Betis. Baina etxekoek ondo eutsi diote, baloiaren kontrola hartu dute, eta pixkanaka arnasa hartuz joan dira. Coudeten taldeari, berriz, kostatu egin zaio erasoko jokoan argitasuna izatea eta hutsuneak topatzea. Alderantziz, Abqarrek Owonori atzera emandako pase txar baten ostean, Iscok gertu izan du gola. Coudetek Protesoni eta Stochkov atera ditu, eta hegaletatik saiatu da min egiten. Hala iritsi dira Kike Garciaren beste bi golak. Bigarrena 81. minutuan sartu du, eta hirugarrena, 84.ean, buruz. Carlos Vicentek erdiraketa neurtua jarri du, eta, atzetik indarrez etorrita, erremate ikusgarria egin du aurrelariak. Etxera baloia eramango du aurrelariak, eta haren golei esker, Gasteizera hiru puntuak Alavesek. Betis: Adrian; Sabaly (Natan, 46. min), Llorente, Bartra, Ricardo Rodriguez (Perraud, 41. min.); Cardoso, Fornals (Mateo, 71. min.); Jesus Rodruguez (Marc Roca, 71. min.), Isco, Abde (Altimira, 60. min.); eta Vitor Roque. Alaves: Owono; Tenaglia, Abqar, Diarra, Manu Sanchez; Blanco (Toni Martínez, 64. min.), Gebara; Carlos Vicente, Conechny (Stoitchkov, 77. min.), Guridi (Protesoni, 77. min); eta Kike Garcia (Mouriño, 88. min). Golak: 0-1: Kike Garciak (12. min). 1-1: Jesus Rodriguezek (28. min.). 1-2, m. Kike Garciak (80. min). 1-3: Kike Garciak (84. min).