Osasunak puntu bat lortu du Mallorcaren zelaian
Osasunak puntua lortu du Mallorcan, bana berdinduta. Sufritutako puntua izan da, 94. minutuan lortu baitu Boyomok berdinketaren gola. Mallorca 1-0 zen aurretik, Muriqik penaltiz jarri baitu aurretik etxeko taldea 81. minutuan. Sufritutakoa ez ezik, merezitakoa ere izan da gorritxoen berdinketa. Izan ere, lehen zatian ondo lehiatu dira, eta bigarren zatiaren erdialdetik aurrera nagusi izan dira. Orduan iritsi da, ordea, etxekoen gola. Baina Osasuna gai izan da hortzak ondo estutu, pazientzia izan eta berdin jarraitzeko. Horrek saria izan du azkenerako. 31 punturekin bederatzigarren daude gorritxoak, Realarekin, Gironarekin eta gaur aurkari izan duen Mallorcarekin berdinduta.Bera, Europarako sailkatzeko borroka betean jarraitzen du Vicente Morenok zuzentzen duen taldeak. Teknikariak harmailatik jarraitu behar izan du neurketa, zigortuta zegoelako. Hala, Dani Pendinek zuzendu du gaur Son Moixen talde gorritxoa. Azken partidekin alderatuz, Bryan Zaragoza izan da berritasun nagusia Osasunaren hasierako hamaikakoan. Ia bi hilabetez min hartuta egon eta gero, Realaren aurkako ligako nahiz kopako neurketetan minutu batzuk jokatu zituen, eta gaur hasieratik aritu da. Hala, ohiko hasierako hamaikakoa zelairatu du. Lehen minutuak parekatuak izan dira, eta bi taldeei kostatu egin zaie aurkariaren atera iristea. Baina pixkanaka erritmoa hartzen joan da norgehiagoka, eta halakoa izan da lehen zatia: bizia. Nahiz eta horrek akatsak ere ekarri dituen bi taldeen aldetik, eta hori dela eta 0-0 amaitu da lehen zatia. Baina bi taldeek abagune garbi bana izan dute aldagelara abantailarekin joateko. Etxekoen aldetik, ohi bezala, jokalari arriskutsuena Muriqi izan da. Hark izan du gola egiteko aukera argiena, 21. minutuan. Espazioan pase ona jaso du, eta bakarrik geratu da. Baina lasterka egiten ari zela egin duen kontrola ez da ona izan, eta Sergio Herreraren aurrean bakarrik geratzera zihoala Boyomok kendu dio baloia. Osasunak, berriz, presioan asmatu eta baloiren jabetza izan duenean jokatu ditu minutu onenak, lehen zatiaren erdian. Hor iritsi da Moncayolak izan duen gol aukera, 27. minutuan. Bryan Zaragozak zelai erditik area ertzerako bidea egin du bizi baloiarekin, eskuinera begiratu eta pasea eman dio Moncayolari. Zetorkion bezala jo du baloia, eta Greif atezainak gelditu ona egin du. Lehen zatia amaitzear zela, 42. minutuan , Osasuna jokalari bat gutxiagorekin geratzear egon da. Torro berandu iritsi da baloi batera, eta falta egin dio Mallorcako jokalari bati. Horia ateratzeko modukoa izan zitekeen, baina Osasunaren mesederako, Cordero Vegak zigorrik gabe utzi du Torro. Txartela atera izan balio bigarrena zen, erdilariak beste bat baitzuen. Kolpeari ondo erantzun dio Bigarren zatia ere bizi hasi da, baina minutuak aurrera joan ahala erritmoa galtzen joan da neurketa. Bi taldeak beldur ziren akatsen bat egin, eta aurkariak golen bat egingo ote zuen. Defentsako lanari eman diote lehentasuna. Golen bat egonez gero, bazirudien geldikako jokaldi batean izango zela. Mallorca izan da minutu horietan gola egiteko aukera izan duena. Kontraeraso batean izan da, 50. minutuan. Robert Navarro ondo joan da eskuin hegaletik, Darderri eman dio baloia eta hark Muriqiri. Aurrelariak kontrola egin du area barruan, eta errematea egin du. Baina ateko sarearen albo batean jo du. Dani Rodriguezek egindako erremate bat ere ondo geratu du Herrerak. Baina minutuak aurrera joan ahala Osasuna nagusitzen joan da, eta asmatuz gero bazirudien hiru puntuak poltsikoratzeko aukera izango zuela. 73. minutuan penaltia eskatu du. Korner batean Boyomok baloia jo du buruz, eta Maffeoren eskuan jo du. Bazirudien eskua gorputzetik nahiko aldenduta zuela, eta penaltia izan zitekeela. Baina epaileak ez du hala ikusi, eta ez du adierazi. Ia segidan Moi Gomezek izan du Osasuna aurretik jartzeko aukera, baina haren errematea gutxigatik joan da kanpora. Orduan iritsi da kolpea nafarrentzat. Izan ere, oraingo honetan epaileak penaltia adierazi du, baina Mallorcaren alde. Bretonosek gorputza jarri du Muriquiren aurrea baloia babesteko, baina Catenak hanka sartu du, eta penalti inozoa egin dio aurrelariari. Hark jaurti du, eta sareetara bidali du baloia. 81. minutua zen, eta maldan gora jarri zaio partida Vicente Morenok zuzentzen duen taldeari. Baina pazientzia izaten jakin du, eta ekinean jarraitu du. Hala, golaren aurretik gertatu bezala, azken minutuetan ere nagusi izan da. Epaileak zortzi minutu luzatu du neurketa, eta 94. minutuan lortu du berdinketa Osasunak. Golegilea Boyomo izan da. Artean bai hura, baita Catena Mallorcaren arean zeuden, ia aurrelari gisa jokatzen. Kike Barjak bigarren zutoinera egin du erdiraketa, Budimirrek area txikira bidali du baloia buruz. Jokalari ugari zeuden han, baina Greifek atera du baloia. Aldaratzea Boyomori iritsi zaio, eta erdiko atzelariaren golak merezita puntua eman dio Osasunari. Larunbatean izango du hurrengo neurketa Osasunak, Sadarren, Real Madrilen kontra (16:15).



