Administrazio kontseiluak 400 milioi euroko balioa duten Iberdrolaren akzioak fundazio akziodunetara eskualdatzeko proposamena egin zuen, eta Kutxabankeko akziodunen batzar nagusiak eragiketa baimendu du.
EAErako gutxieneko soldata propioaren eztabaidari dagokionez, koalizioak patronalari eskatu dio sindikatuekin “eseri eta negoziatzeko”. Akordiorako aukerak ikusten ditu EH Bilduk gai honetan.
Greba 2025eko apirilaren 9an Nafarroako Administrazio publikoan, “benetako negoziazioa” eskatzeko. LAB, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek lanuztea deitu dute Nafarroako Gobernuari behargin publikoen baldintzak hobetzea eskatzeko.
Gasteizek “Aste Santu inguruan” eskatuko du “hiri osoa” gune tentsionatu izendatzea. Borga Rodriguez Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak azaldu du “alokairu eskuragarria sustatzea” dela helburua. Oposizioak leporatu dio 2024an eskatzea hitzeman zuela.
Sindikatuek bertan behera utzi dute Renfen eta Adifen aurreikusitako greba gauerdian hasi baino lau ordu lehenago, Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako Ministerioarekin akordio bat lortu ostean, negoziazioko iturriek igande honetan jakinarazi dutenez.
Buru altxatu ezinik jarraitzen du Osasunak. Azken hamabost jardunaldiotan partida bakarra irabazi dute, eta gaur beste kolpe latz bat jaso dute. 2-1 galdu dute Getaferen aurka Sadarren, irabazten joan ostean. Ondo atera dira gorritxoak zelaira. Gol aukera gutxi egon dira partidaren lehenengo zatian, baina 44. minutuan Ibañezek baloi bat pasatu dio Aresori, eta hau arean sartu eta Budimirren oinetan jarri du baloia. Arriskua ikusita, Getafeko Duartek lurrera bota du Budimir. Penalti argia izan da, eta kroaziarrak berak gol bihurtu du. Beraz, abantaila horrekin joan dira taldeak atsedenaldira, eta arratsaldeak itxuta ona zuen nafarrentzat. Baina madrildarrak erreakzionatzeko erabakiarekin atera dira zelaira, eta Terratsek ezkerrarekin eginiko jaurtiketa gogor baten bidez. Orduan, Bretones eta Aimar Oroz zelairatu ditu Osasunak, partidaren lema berriz hartzeko itxaropenez. Baina Terratsek berriz sartu du, haren jaurtiketa batek Bretonesen gorputzean jo eta baloia desbideratu denean. Argi izpi bat ikusi dute gorritxoek Uche kanporatu dutenean, bi txartel hori pilatu dituenean, baina ezin izan dute berdindu ere.
Arantza zuen sartuta Realak joan zen ostegunean Manchesterren porrot egin ostean, eta, nolabait ere, ateratzen hasi da. Bina berdindu du Rayo Vallecanoren etxean, Madrilen. Aurretik jarri dira txuri urdinak partidak 20 minutu zituenean. Martin Zubimendik gola sartu du, Sergio Gomezek korner bat atera duenean. Bakarrik utzi dute arean, eta bolea baten bidez sareratu du. Zubimendi ere protagoista izan da Rayoren berdinketan. Izan ere, irrist egin du arean, eta bidea eman dio Oscar Trejori gola sartzeko. Rayok Reala estutzen jarraitu du, eta aurretik jarri da Pedro Diazen bitartez. Atearen paretik, baloikada gogor bat jaurti du, eta hura gelditzea ezinezkoa izan zaio Remiro atezainari. 2-1 jarri dira aurretik madrildarrak, eta bazirudien partida horrela amaituko zela. Baina, Valverdek aldaketa egin du: Arkaitz Mariezkurrena sartu du zelaian, Olasagasti ordezkatzeko. Erabaki hori gakoa izan da, minutu gutxiren buruan Mariezkurrena berdinketaren gola sartu baitu. Arearen barruan baloi bat urruntzen saiatu dira madrildarrak, baina penalti puntuan zegoen Mariezkurrena eta haren oinetara heldu da. Eta beste aukera bat ere eduki du gazteak arearen kanpotik. Azkenean, berdinketarekin pozik egon daiteke taldea. Azken jardunaldietan partida asko jokatu du taldeak, eta nabarmena da nekea. Orain, atsedenaldi bat izango dute, indarrak biltzeko, eta Championserako postuetan sailkatzeko xedearekin ekingo diote Ligaren azken txanpari. Ez dago erraza, ordea: Europako postuetatik bederatzi puntura dago.
Ligako laugarren postuan gotortu egin da Athletic gaur. Gatzik gabeko partida baten ostean, bazirudien golik gabe amaituko zela neurketa Sevillan, baina Yeray Alvarezek 84 minutuan eman die garaipenaren gola zuri gorriei, baloi bat buruz Sevillaren atean sartuta. «Erromaren kontra sailaktu ostean, bagenekien irabazi behar genuela laugarren postua ziurtatzeko», esan du Yerayk partidaren ostean. «Betis estutzen ari da. Irabazi nahi genuen. Partida trakets samarra izan da, eta gelditutako baloiarekin eginiko jokaldiak eman digu garaipena». Izan ere, Betis eta Villarealen aurretik zortzi puntura jarri da Athletic, 52 punturekin. Aukera izan du Athleticek aurreratzeko lehenengo zatiaren luzapenean, baina Mikel Vesgak jaurtitako penaltia gelditu egin du Orjan Nylan atezainak. Joan zen ostegunean Erromaren kontra jokaturiko partidak nekea eragin dio Athleticki, baina baita euforia sartu ere. Igarri da azken hori partidaren hasieratik, lehoiek erdigunean nagusitu baitira hasieratik. Edonola ere, Sevillakoek egoera kontrolatzen saiatu dira, faltak eginez. Hori dela eta, epaileak hiru atera dizkie partidak 23 minutu besterik ez zituenerako. Zuri gorrien erasoetako batean eskuarekin ukitu du baloia Saul Ñiguezek, eta horrek eragin du penaltia. Halere, esan bezala, Nylandek usaindu egin du Vesgaren jaurtiketa, eta gelditu egin du. Bigarren zatian, Erromaren aurka jokatu zuten hiru jokalari zelairatu du Valveldek: Nico Williams, Ruiz de Galarreta eta Mikel Jauregizar. Azkenean, falta baten jaurtiketan abiaturiko jokaldi batean, Nyland gainditu du Yerayk buruz, eta partida ebatzi du.
Laineza hartuta iritsiko dira Binakako Txapelketako finalera Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrena. Gaur aski zuten Iruñeko Labriten irabaztea bi aste barru jokatuko den finalean egoteko, eta ezin hobeto jokatuta menderatu dituzte Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu. Irabazi ez ezik, erakustaldi galanta eman dute biek, nagusi izan baitira nola aurrean hala atzeko koadroetan. Jakina zen ahal handiko bikotea osatzen zutela, eta orain arteko unerik garrantzitsuenean, txapelketako partidarik onena jokatu dute. Bihar erabakiko da nor izango den bikote aurkaria, Donostiako Atano III.ean. Kontuak argi daude: Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak aski dute hamasei tanto egitea; aitzitik, Unai Lasok eta Martxel Iztuetak gutxienez zazpi tantoko aldearekin irabazi beharra dute. Goi mailan jokatzen urte dezente daramaten arren, lehenengo mailan estreinako finala izango dute nola Artolak hala Mariezkurrenak. Azken horrek aldea atera du aspaldian atzeko koadroetan, baina binakako txapelketetan bere maila eman ezinda ibili da. Aurten lehiaketa biribila osatu du hasi eta buka, eta lehen aldiz txapeldun izateko aukera izango du. Artola, berriz, 2021ean buruz buruko finalerako sailkatu zen, baina ezin izan zuen jokatu azken orduko lesio baten erruz, Jokin Altunaren aurka. Hortaz, arantza hura kentzeko aukera aparta izango du hemendik bi astera, Nafarroa Arenan. Ezbairik gabe, zorte txarra bidelagun izan du Artolak profesional ibilbidean. Lesioak etsai izan ditu. Urrutira joan gabe, iazko urtean ekainetik abendurako tartean bost geldialdi egin behar izan zituen, zenbait zuntz hausturaren ondorioz. Binakako txapelketa honetan ere, bost partida ezin izan ditu jokatu. Dena den, urte honetan jarraitutasuna lortu du, horrekin batera konfiantza ere bai, eta argi du koska bat gora egin duela.«Pauso bat aurrera eman dut nire jokoan, eta emaitzak etorri dira. Urte hauetan lesio ugari izan ditut, baina pazientziaz jardun dut beti lanean, eta oso pozik nago binakako finala jokatuko dugulako». Kontentu egoteko motiboak baditu Baikoko bikoteak, nagusitasun osoz egin baitu finalerako urratsa. Jokoan asko zutela jakinagatik, lasai eta burutsu kantxaratu dira bi pilotariak, eta lehen tantotik agindu dute. Mariezkurrenak nabarmen erakutsi dio bizkarra Albisuri, eta Artolak ere burutsu jardun du. Pilota txarretan asko lagundu dio atzelariari, eta aukera onak baliatu egin ditu. Hasieratik lortu dute aldea gorriek: 4-0, 6-1 eta 12-1. Lehen atsedenaldi luzerako bidea oso azkar egin dute gorriek, hogei minutu eskasean. Beste erritmo batean jokatu dute, askoz ere abiadura biziagoan ibili dute pilota, eta Peña II.ak eta Albisuk ez dute gaitasunik erakutsi aurka egiteko ere. Ahalegindu dira jokoa nahasten, baina irabazleen ahala izugarria izan da. Susperraldi oso txikia Lehen atsedenaldiaren ondoren erronka polita izan dute gorriek: ordura arteko kontzentrazio eta intentsitateari eustea. Halakoetan ohikoa izaten da gorputza erlaxatzea, baina ez zaie halakorik gertatu. Artolak eta Mariezkurrenak asko jokatu dute handik aurrera ere, baina gutxienez tanto batzuk jarraian egin dituzte Peña II.ak eta Albisuk, kastaren eraginez. Hortzak estutu dituzte: Albisuk lan handia egin du defentsan, eta Peña II.ak ere erremate politak egin ditu aurrean. Aldea pixka bat murriztea lortu dute (13-7), gutxienez partidan apur bat sartu dira, baina ez luzerako. Berriro ere martxa hartu eta euren onena atera dute finalistek. Distiratsu aritu da Artola. Pilotak gastatuz joan dira pixkanaka, eta Mariezkurrenak ez du aurrez bezala agindu atzean, baina alegiarrak erakustaldia eman du errematean. Bikote horren joari eta gaiari errematerako gaitasuna gehituz gero, ia menderaezinak bilakatzen dira Artola eta Mariezkurrena. Finalean aurkari edozein dutela ere, haiek izango dira faborito. Labriten ez ezik, Lekeition (Bizkaia) ere izan da jaialdia gaur. Ados Pilotaren Binakako Txapelketan izan da, eta bi partida jokatu dituzte. Lehenengoan Ruiz de Infantek eta Orbegozok 22-17 irabazi diete Barrokal eta Arrastiari. Bigarrenean, berriz, Oskoz eta Agirrek 22-13 menderatu dituzte Arrieta eta Galeano.