Altuna III.a eta Bikuña Binakako Txapelketatik kanpo geratu dira
Binakakotik kanpo geratu dira Altuna III.a eta Bikuña. Azken-azkeneko neurketak erabaki du txapelketako ligaxkako sailkapena, Aspekoek Jon Ander Peña-Jon Ander Albisuren aurka Donostiako Atano III.ean jokatutakoak: 4-22 gailendu dira urdinak, emozio gutxi izan duen partidan. Matematikak errazak ziren: bikote irabazleak lehian jarraituko du, eta galtzaileak agur esan dio binakakoari. Txapelketatik kanpo geratu diren bi bikoteak, beraz, Aspekoak dira: Peio Etxeberria-Martija eta Altuna III.a-Bikuña. Eta finalaurrekoetara zuzenean sailkatu diren bi bikoteak, berriz, Baikokoak: Ezkurdia-Rezusta eta Laso-Iztueta. Agerikoa da azken urteetako joera hautsi dela. Gaurko partidan Peñak eta Albisuk egurra eman diete Altunari eta Bikuñari. Baikokoak txapeldunorde izanak dira binakakoan, baina behar bezain ondo aritu ezinda ibili dira denbora luzez. Ordea, gora egin dute azken jardunaldietan, eta bolada onean iritsi zaie partida erabakigarria. Presioa Albisu nagusi izan da atzeko koadroetan, tantoak bukatzen asmatu du Peñak, eta gorriak ezinean aritu dira uneoro. Jokoan sartzen gutxi utzi diote Altunari, eta sartu denean ere ez da fin aritu. Bikuñak sekulako presioa zuen, nabaritu da, eta hasiera hasieratik hautsi da partida. Irabazleek Zornotzan jokatuko dute kanporaketa datorren ostiralean, Jaka-Imazen aurka.



