Parisko Auzitegi Korrekzionalak erruduntzat jo du Marine Le Pen RN Batasun Nazionala alderdiko buruzagia, 2004tik 2016ra Europako Parlamentuko funtsak desbideratzeagatik. Frantziako Fiskaltzaren eskaerari jarraikiz, berehalako inhabilitazioa ezarri diote Le Peni, bost urtekoa. Beraz, ezingo da aurkeztu 2027an egitekoak diren Frantziako presidentetzarako hurrengo hauteskundeetara. Lau urteko espetxe zigorra ere ezarri diote, horietako bi gibelapenarekin, eta 100.000 euroko isuna. RNko buruak salatu du epaitegiak «erabaki politiko bat» hartu duela. Eta, TF1 telebista katean egin dituen adierazpenetan, «zuzenbide estatua urratu» izana egotzi dio auzitegiari. Inhabilitazioaren erabakia irmoa da: Le Pen, epaiari helegitea aurkeztuta ere, ezingo litzateke hauteskundeetara aurkeztu inhabilitazioak irauten duen bitartean. Hona hemen Benedicte de Perthuis epaileak emandako arrazoia: «Auzitegiak kontuan hartu du, delitua berriro egiteko arriskuaz gain, kondenatua izan den pertsona bat presidentetzarako hauteskundeetarako hautagai izateak ekarriko lukeen ordena publikoaren nahasmendu handia». Rodolphe Bosselut Le Penen abokatuak jakinarazi du helegitea aurkeztuko dutela: «Kolpea da demokraziarentzat». Arratsaldean, Le Penek baieztatu du helegitea «ahalik eta azkarren» aurkeztuko duela, eta «errugabea» dela ziurtatu du; haren ustez, epaia «administrazio desadostasun» baten ondorio izan baita. Jakitun da errekurtsoa jarrita ere epailearen erabakiak ez duela atzera bueltarik, eta gogor kritikatu du berehalako inhabilitazioa ezarri izana: «Lehen auzialdiko epaile batek boz presidentzialetarako hautagai nagusiaren alde bozkatzeko aukerarik gabe utzi ditu milioika frantziar». Horrelako erabakiak «erregimen autoritarioetan» baino ez direla hartzen aipatu du RNko buruzagiak. Halere, argi utzi du politikan jarraitzeko asmoa duela. Le Penez gain, alderdiko beste 23 kide ere jo dituzte erruduntzat; tartean, zenbait eurodiputatu, legegile eta parlamentuko langile, baita Perpinyako (Herrialde Katalanak) alkate Louis Aliot —FN Fronte Nazionaleko presidenteorde ohia 2011 eta 2018 artean— eta RNko buruzagitzan egondako Bruno Gollnisch ere, eurodiputatuak izandakoak horiek ere. Bati izan ezik, gainontzeko guztiei sei hilabete eta lau urterainoko espetxe zigorrak ezarri dizkiete, baita, kasuaren arabera, isunak eta inhabilitazioak ere —inhabilitazio batzuk behin-behinekoak dira—. Alderdiari bi milioi euroko isuna ere ezarri diote, horren erdia gibelapenarekin. Akusazioaren arabera, alderdiko langileak ordaintzeko erabili zuten Europako Parlamentuak eurodiputatuentzako laguntzaileak kontratatzeko emandako dirua. Epaileek zehaztu dutenez, 4,6 milioi euro desbideratu zituen alderdiak hiru legegintzalditan, 40 kontraturen bidez. Europarlamentuaren arabera, 6,8 milioi desbideratu zituen RNk alderdiko langileak ordaintzeko. Sententzia irakurtzen amaitu aurretik alde egin du Le Penek epaitegitik, eta bere alderdiko egoitza nagusira joan da. Eurodiputatua zenean (2004-2017) Catherine Griset haren kabineteburua izan zenarekin batera irten da epaitegitik. Le Pen egoitzara heldu eta gutxira bertaratu da hara Jordan Bardella RNko presidentea, eta zigorraren aurka gogor mintzatu da sare sozialetan: «Gaur ez dute Marine Le Pen bakarrik kondenatu bidegabeki: Frantziako justizia ere exekutatzen ari dira». «Lehen instantziako epaile batek boz presidentzialetarako hautagai nagusiaren alde bozkatzeko aukerarik gabe utzi ditu milioika frantziar» MARINE LE PEN RN Batasun Nazionaleko buruzagia Iazko irailean hasi zen RNren kontrako epaiketa, ia hamar urteko ikerketaren ostean. 2015ean abiarazi zuen azken hura Martin Schulzek, garai hartako Europako Parlamentuko presidenteak, FNko diputatuen jokabideak salatu ondotik —hurrengo urtean utzi zion alderdiak funtsak desbideratzeari, epaileen arabera—. Izan ere, 2014ra arte hiru eurodiputatu besterik ez zuen FNk hemiziklo hartan, eta urte hartako Europako Parlamenturako hauteskundeak Fronte Nazionalak irabazi zituen Frantzian: hiru izatetik 24 izatera igaro ziren. Eurodiputatu bakoitzari 23.000 euro ordaintzen zien Europako Parlamentuak, laguntzaileak kontratatzeko. Fiskaltzak salatu zuenez, kontratatutakoek ez zuten eurodiputatuentzat lan egiten, alderdiarentzat baizik. Le Peni leporatu zioten dirua Griset kabineteburuaren soldata ordaintzeko erabiltzea. Akusazioak zioenez, Grisetek 2014ko urritik 2015eko abuztura hamabi ordu inguru igaro zituen Europako Parlamentuan; alderdiaren egoitzan, berriz, hilean 15-22 egun inguru egiten zuen lan. Jean-Marie Le Pen —iragan urtarrilean hil zen— izan zen Frantziako eskuin muturraren erreferentea hainbat hamarkadaz; FN alderdiaren buru izan zen (1972-2011), harik eta Marine Le Penek, haren alabak, alderdiko presidente kargua hartu zuen arte —2018an izena aldatu zioten alderdiari; egungo RN bihurtu zen—. 2012. urtean aurkeztu zen lehenbizikoz Frantziako presidentetzarako hauteskundeetara, nahiz eta hirugarren geratu zen lehen itzulian, François Hollanderen eta Nicolas Sarkozyren atzetik. Hurrengo bi hauteskundeetan, ordea, bigarren itzulira heldu zen Le Pen, eta 2027ko hauteskundeetarako faborito nagusia zen: Le Figaro egunkariak asteburuan kaleratu duen inkesta baten arabera, Le Penek botoen herenak lortuko lituzke gutxienez hauteskundeen lehen itzulian (%34-%37). Are, eskuin muturreko alderdiaren gorakada iaztik nabari da: RNk lortu zuen boto gehien Frantziako Asanblearako hauteskundeetan, baina ez diputatu gehien —182 aulki eskuratu zituen NFP Fronte Popular Berriak, eta 143 RNk—. Eskuin muturraren babesa Inhabilitazioaren aurrean, Europako eskuin muturrak berehala erakutsi dio babesa Le Peni. Viktor Orban Hungariako lehen ministroa RNko buruzagiaren alde agertu da, sare sozialetan «Marine naiz!» idatzi baitu. Matteo Salvini Italiako presidenteordeak ere gaitzetsi du sententziarekin Le Pen «bizitza politikotik kanporatu» nahi izatea, eta «gerra deklaraziotzat» jo. «Hautesleen epaiaren beldur direnek, askotan, lasaitasuna aurkitzen dute auzitegienean», erantsi du. Herbehereetako eskuin muturreko PVV Askatasunaren Aldeko Alderdiko burua, Geert Wilders, «harrituta» geratu da Le Penen kontrako epai «gogorrarekin», eta ziur da helegitea aurkeztuz gero Frantziako presidente bihurtuko dela —nahiz eta inhabilitazio agindua berehalakoa den RNko buruaren kasuan—. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan, esan du epaileek «arau demokratikoak bortxatu» dituztela. Bestalde, Jean-Luc Melenchon LFI Frantzia Intsumisoa alderdiko buruak esan du, sare sozialetan, «goi kargudun bat kargugabetzeko erabakiak herriarena» izan behar duela.
Maribel Vaquerok hartuko du Aitor Estebanen tokia Espainiako Kongresuan, EAJko bozeramaile gisa. Postu hori hartzen duen lehen emakume jeltzalea izango da urnietarra. Hala erabaki du Euzkadi Buru Batzarrak, asteburuko biltzarraren osteko lehen bileran. Bere lehen hitzetan nabarmendu du ohorea dela beretzat. «Ilusioz aurre egingo diot erronka honi. Orain arte bezala, Madrilen Euskadiren ahotsa izaten jarraituko dugu, euskal herritarren interesen defentsan», adierazi du. Aitor Estebanek Kongresuan 21 urtez egin duen lana goraipatu du. Maribel Vaquero urnietarra da, eta 1970ean jaio zen. Zuzenbide ikasketa ditu eta gradu bat Antolamendu Publikoan. Vaquerok lehen aldia du diputatu gisa Kongresuan. Xabier Arzalluz eta gero, eledun gisa aritzen den lehen gipuzkoarra da —Arzalluz Espainiako Konstituzioa negoziatu zeneko legealdian izan zen taldeko bozeramaile eta rol erabakigarria jokatu zuen une hartan—. Aurretik, azken bi legealdietan talde jeltzaleko eledun albokoa izan da Senatuan.
Gaur da azken eguna autonomia erkidegoek Espainiako Gobernuari jakinarazteko zenbat migratzaile adingabe dituzten hartuak, legean egindako aldaketaren arabera bakarrik dauden adingabe horien banaketa berriari ekin ahal izateko. Eusko Jaurlaritzak jadanik eman dio datu hori Espainiako Haurren eta Nerabeen Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari, eta aukera baliatu du hedabideei ere kopuru horren berri emateko: Nerea Melgosa Ongizate Gazteria eta Erronka Demografikorako sailburuak esan duenez, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 859 migratzaile adingabe hartuak dituzte guztira. Melgosak Bilbon eman du datua, eta erantsi du orain beste erkidego batzuek «dagokien lana» egin behar dutela: «Euskadi jada egiten ari da». Haren esanetan, Jaurlaritzak beti eskatu du bakarrik dauden migratzaile adingabeen banaketak «bidezkoa, ekitatiboa eta arduratsua» izateko: «Euskadik inbertsio handia egin du, eta oso garrantzitsua da beste erkidego batzuek ere hala egitea». Esan duenez, Espainiako Gobernuak aintzat hartu behar ditu Jaurlaritzak alor horri dagokionez egin dizkion proposamenak: «Orain ez dago aitzakiarik hori ez egiteko». Nafarroako Gobernuak oraindik ez du datu hori jendaurrean jakinarazi.
Mitxel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu lehendakariarekin bilduko dira asteazken honetan, gehiengo sindikalaren izenean, soldata minimo propioaz hitz egiteko eta Confebasken jarreraren aurrean irmo erantzuteko eskatzeko.
Binakako Txapelketa Nagusiak badu bikote garailea: Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta. Emozio eta gogortasun handiko final baten ondoren, Aspeko bikoteak 22-20 garaitu du Iñaki Artolak eta Jon Mariezkurrenak osaturiko bikoa, eta ongi merezita egin da txapel preziatuen jabe. Finalaren hasiera izan da gakoa, besteak beste. Ezkurdiak eta Rezustak bizitasun eta inspirazioz beterik jokatu dituzte lehen tantoak, eta berehala hartu dute aurrea: 7-1. Bada, orduan lortutako aldeari bikain eutsi diete gerora, ofizioa eta kasta lagun. Lau bider soilik bi tantora hurbildu dira Baikokoak, baina sekula ez dute lortu lehia berdintzerik. Hala, nola Ezkurdiak hala Rezustak hirugarrenez jantzi dute binakako txapela. Ezkurdiak aurrez Zabaletarekin eta Martijarekin zuen irabazia; RezustakIrribarria eta Elezkanorekin. Bada, hirugarrena elkarrekin lortu dute. Urduritasuna izan ohi da gakoetako bat finaletan, eta Artolak eta Mariezkurrenak zalantza artean ekin diote finalari. Erritmo bizian ibili du pilota batez ere Ezkurdiak, eta min egin du. 4-0 eta 7-1 aurreratu da berehala Aspeko bikotea. Arbizuko aurrelariak gaitzeko jokoa plazaratu du, batez ere boleaz bereak eta bi eman baitizkio pilotari. Zentratuago eta lasaiago sumatu dira kantxan garaileak. Laineza hartuta, hain zuzen. Ordea, partidaren ibilia oraindik malkartsuago jarri aurretik, euren onenera hurbiltzen hasi dira Artola eta Mariezkurrena. Garai egokian eskatu dute atsedena, eta handik bueltan pixkanaka indarrak berdintzen joan dira. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Hain zuzen, partidako tantorik onenetakoa izan da 7-3koa, Mariezkurrenak egina. Lau koadroaren parean jo du pilotakada bat, eta erreboteko hesia gainetik pasa du pilotak. Zoragarria izan da. Agintzen aritu da Berriozarkoa, eta Artolak ere egoki irakurri du partida. Aukera onetan ausartu da erasoan, eta pilota zailetan lagundu egin dio atzelariari. Apurka-apurka aldatzen joan da norgehiagokaren gidoia, eta behin baino gehiagotan hurbildu dira Baikokoak bi tantora: 8-6 eta 10-8. Garrantzitsua zen lehen atsedenaldi luzera aurretik iristea, eta Mariezkurrenaren bi hutsek lau tantoko aldea eman die berriro Aspekoei: 12-8. Ordura arte ikusitakoa zera izan da: Artolak eta Mariezkurrenak gehiagotan agindu dutela, baina pilotakada gehiago galdu dituztela. Lehen zatian, zehazki, bost pilota galdu ditu Mariezkurrenak, eta alerik ez Rezustak. Hor egon da aldea. Eta atseden luze horretatik bueltan ere Aspeko bikoak bere horretan jarraitu du: lan eta lan. 14-8 jarri dira aurretik Ezkurdia eta Rezusta, eta hausteko zorian egon da finala. Baina ezustea gertatu da, Rezustak hiru pilota jarraian galdu baititu, azken biak sake errestoan. Horri esker berriz ere bi tantora gerturatu dira gorriak: 14-12. Hanka sartze galanta Bikaina zihoan finala, eta garai horretatik aurrera emozioan ere irabazi egin du. Sufritzen ari zen Rezusta, erabat zazpi koadro atzetik baitzituen oinak, eta Mariezkurrena bizkarra erakusten ari zen. Hots, bi hanka sartze egin ditu jarraian atzelari nafarrak, handi horietakoak gainera. Horma bikoarekin tematu da, eta horietako batean kontrakantxara bidali du pilota. Tanto bakar batera hurbiltzeko aukera alferrik galdu du Baikoko bikoteak. Nor baino nor gehiago aritu dira bi bikoteak hurrengo tantoetan, eta bigarren atseden luzera 18-15 aurretik iritsi dira garaileak. Azken txanpari begira, neke fisikoa garrantzitsu bihurtu da, eta batez ere beteranoek sufritu dute: Ezkurdiak eta Rezustak. Aurrelariak aldageletara ere joan behar izan du medikuaren laguntza jasotzera. Dena den, kasta eta ofizioa jarri dituzte kantxan, eta saria izan dute. Kosta zaie 22ra iristea, hori bai. 21-17 aurretik joan arren, Artolak beregain hartu du bikotearen zama, eta nabarmentzeko moduko ausardia erakutsi du. Tanto zoragarriak egin ditu aurreko koadroetan, 21-20 hurbildu dira galtzaileak, baina Mariezkurrenak galdu du azkeneko pilotakada. Hala, txapelketako bikote onenak jantzi du txapela: Ezkurdiak eta Rezustak. Arbizukoak hunkituta hitz egin du mikrofonoen aurrean. «Txapel batzuk irabaziak baditut, baina gaurkoa berezia izan da, eta batez ere etxekoei eskaini nahi diet». Atseden hartzeko betarik gabe, pilotariek buruz burukora begira jarri beharko dute, bihar aurkeztuko baitute, Donostian.
San Mamesi neurria hartua dio Osasunak. Gaur ez du irabazi, baina zapuztu ditu hirugarren postura gerturatzeko Athleticen asmoak. Partida hasieran aurretik jartzeko aukerak ere izan dituzte gorritxoek, baina bigarren zatian zuri-gorriak izan dira gola gertuen izan dutenak. Dena den, ez dute aukera gehiegirik sortu, eta puntuak banatu dituzte bi taldeek (0-0). Ikusleentzat, bederen, ez da partida gogoangarria izan. Lehen minutuetan zenbait korner izan ditu alde Osasunak, eta, horietako batean, Torrok baloia zutoinera bidali du buruz. Horren ostean hobera egin du etxeko taldeak, eta Osasunak atzera egin behar izan duen arren, ez da eroso ibili Athletic. Izan dituen gol aukeretan, gainera, sendo erantzun du Aitor Fernandezek. Nico Williamsek izan ditu aukera pare bat, eta urrutitik egindako jaurtiketa bat ere bai Yurik. Bigarren zatian are nabarmenagoa izan da Athleticen kontrola, baina alferrik. Kamuts aritu dira zuri-gorriak, eta gogotik ordaindu dute ia, azken minutuetan Ruben Peñak izan baitu Osasunaren gola egiteko aukera. Sailkapen nagusian laugarren da Athletic 53 punturekin, eta hamalaugarren Osasuna 34rekin.
Aurtengo kanpainak badu berritasunik, Errenta+ aplikazioak tramiteen kudeaketa erraztuko baitie zergadunei. Apirilaren 3an abiatuko dute errenta telematikoa, eta bide hori hautatzen dutenek Zergabidea plataformara jo beharko dute.