Pentsiodunek manifestaziora deitu dute larunbaterako
Emakume pentsiodunen Oneka plataformak ere bat egin du larunbaterako deialdiarekin. Ziurtatu du pentsioen sistema publikoa «emakumeen lanaren banaketa sexistan eta baztertzailean» oinarrituta dagoela, eta pobreziak emakume aurpegia daukala, haienak direlako pentsio apalenak. Hainbat datu eman ditu plataformak. Besteak beste, emakumeen batez besteko pentsioak gizonezkoenak baino %40 txikiagoak direla. Horrek berekin dakar Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beren pentsioak diru sarrerak bermatzeko errentarekin (DSBE) osatzen dituzten hiru pentsiodunetatik bi emakumeak izatea.
«Enplegurako sarbide zailagoak, lan baldintza prekarioek eta zaintza lanetako erantzukidetasunik ezak azaltzen dute emakumeek beren senarren kotizazioen menpeko pentsio gehiago jasotzea eta erretiro pentsio propio gutxiago», azaldu du elkarteak. Gaur egun, Hegoaldeko alarguntza pentsioen %93,4 emakumeek jasotzen dituzte, eta %6,6 gizonezkoek.




