%85,5
UGT sindikatuak jakinarazi du 132 lan hitzarmen kolektibo daudela indarrean Nafarroan, eta horiek guztiek langileen %85,5 babesten dituztela lurralde horretan. 2019ko lehen bi hilabeteetan 82 itun erregistratu dira, eta gainontzekoak 2018. urtea baino lehen adostutakoak dira. UGTk CCOOrekin elkarlanean negoziatzeko duen gaitasuna azpimarratu du, eta esan du ELAren eta LABen konfrontazio eredua «propaganda» dela.
Accenturek digitalizazioa eskaintzeko zentroa zabaldu du Zamudion
Multinazionalak 100 eta 150 langile arteko taldea izango du beharrean Zamudion, «enpresak digitalki berrasmatu daitezen». Eredu digitalari lotutako negozio berriak bultzatu nahi ditu, era berean, Accenturek. Juan Pedro Moreno konpainiako eremuko presidenteak azaldu zuen 3.000 metro koadroko zentro bat dutela, eta Euskadiko 4.0 industriaren ekosistemaren barruan «berrikuntza sortzeko helburuarekin» jaio dela. Sektore askotan jarduteko gai direla ere esplikatu zuen; esaterako, autogintzan, industria horniduran, kontsumoan, aeronautikan, garraioan, energia berriztagarrian…
Morenok garbi esan zuen Euskal Herria aukeratu dutela «erakundeen babes sendoa dagoelako industria gara dadin, eta sektore hori BPGaren %24 delako». Espainian industriak BPGaren %16 ordezkatzen duela erantsi zuen. «Industriatik gertu egon nahi badugu, eta hura eraldatzen lagundu, hauxe da gure lekua», esan zuen Morenok, Iñigo Urkullu alboan zuela.
Jasun, Gueñesera
Accenture ez zen izan atzo atzerriko inbertsioari lotutako albiste bakarra. Erresuma Batuko Jasun enpresak Gueñesen (Bizkaia) planta bat zabalduko duela jakinarazi zuen. Aire irazkiak ekoizten ditu Jasunek, eta enpresa hona etortzea Invest in the Basque Country programaren bidez erdietsi da. Sprilurrena den sail batean altxatuko du bere fabrika enpresa britaniarrak, 3.000 metro koadroko eremu batean, eta bertan ariko dira hamar bat langile.
Jasun Filtracion SL enpresa eratu da jadanik; goi teknologiako irazkiak ekoitziko ditu Enkarterrin, bost milioi euroko inbertsioari esker zabalduko duen plantan. «Europako hegoaldeko merkatuan hedatu nahi dugu, eta urtebeteko prestaketa lanen ondoren, gertu gaude jarduera industrialari ekiteko», jakinarazi du enpresak ohar baten bidez. Jasun Envirocarek 40 urteko ibilbidea dauka Erresuma Batuan. Somerseten (Ingalaterra) dauka egoitza nagusia.
Aurten ere superabitaren zati bat inbertitzen saiatuko da Nafarroa
Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilariak atzo erakutsi zuen gutxi fio dela Espainiako Gobernuarekin eta haren menpeko erakundeekin. Mesfidantza gastu araua kalkulatzeko sistemari dagokio. Espainiako Egonkortasun Legearen atal bat da gastu araua, eta bere menpeko administrazioek gainditzerik ez duten gastu publikoa finkatzen du. Nafarroako Gobernuak esperientzia txarra izan zuen iaz horrekin: bere kalkuluen arabera, bete zuen araua, eta horregatik erabaki zuen 2017ko 230 milioiren superabitaren zati bat —113 milioi euro—, inbertsioetara bideratzea. Baina Madrilgo gobernuak 35,5 milioi soilik inbertitzeko baimena eman zion Iruñekoari, gastu araua argudiatuta. «Kopuru ziztrina», Maria Solana gobernuko bozeramailearen hitzetan.
«Gure iritziz, gastu araua bete dugu», esan zuen atzo Ogasun kontseilariak. Arazoa da gastu araua kalkulatzeko sistema «nahiko kriptikoa» eta «konplexua» dela. «Ez dira soilik foru administrazioak egiten dituen gastu inputazioak, Estatuko Esku Hartzeak zuzenean egiten dituen batzuk ere badaude. Aurkitu izan dugu Espainiako Bankuaren defizit batzuk guri ere zenbatzen dizkigutela, guk ezeren errua ez izan arren».
Iaz, Espainiako Gobernuari presio egiteko, lege bidez tramitatu zituen inbertsioak, baina ezer gutxirako balio izan zuen. Iradoki zuen aurten maiatzeko hauteskundeen aurretik egiteko astia izango dutela.
Espainiako Kongresuak atzo berretsitako dekretu batek emango du baimena superabitaren zati bat «inbertsio jasangarrietarako» bideratzeko. Dekretu hori «lotsagarria da, Nafarroako gizarteari adarra jotzea», Marisa de Simon Ezkerrako parlamentarioak salatu zuenez. «Hauteskundeetarako lau aste falta direla onartu du dekretua, hamar hilabetez Nafarroarentzat inbertsioak eragozten aritu ondoren […] Oraindik harritzen gaitu zer mutur handia duen PSOEk». «Inprobisazioak» egin beharrean, Egonkortasun Legea bertan behera uzteko eskatu zuen De Simonek, «austerizidio neoliberalaren tresna» delako.
Langile bat hil da Zigoitiako merkataritza gune batean
Abian da errenta aitorpenaren kanpaina Nafarroan

Nafarroako Zerga Agentziak apirilaren 3an abiatu du 2018ari dagokion errenta aitorpenaren kanpaina. Guztira, 198.782 proposamen bidali dituzte aurten.
Nafarroako Gobernuak ekonomia zirkularra garatzeko agenda onartu du

Aldaketa klimatikoaren aurkako borroka: Nafarroako Gobernuak 2030 urtera bitarteko ekonomia zirkularra garatzeko agenda onartu du 2019ko apirilaren 3an.
Langabe kopurua duela hamar urteko mailara jaitsi da Hegoaldean
Landunen kopurua ere gerturatzen ari da Atzeraldi Handiaren aurreko mailara: 1.243.819 pertsona ari dira Gizarte Segurantzan kotizatzen. Kopuru hori gainditu zuen abenduak, baina, bestela, 2008ko abendura egin behar da atzera antzeko bat ikusteko. Ez da hain urrun inoizko kopururik handiena, 2008ko uztailekoa: 1.269.581.
LANGABEZIA
Genero desoreka
Ekonomiaren hazkunde erritmoa apaltzen ari dela diote azken datuek, eta iaz bai atzeman zela motelaldi bat enpleguaren sorkuntzan. Edonola ere, aurtengo martxoa iazkoa baino hobea izan da. SEPE Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak atzo jakinarazitako datuek diote hilabete batean 2.057 lagunek utzi dutela langabeen zerrenda; 2018an, 249 baizik ez ziren izan. Orduko hartan %12,22ra iritsi zen langabezia tasa, baina orain puntu bat txikiagoa da, %11,26ra jaitsi baita. ELAk nabarmendu du tasa hori Europako Batasunekoa baino 4,7 puntu handiagoa dela, eta horrek Hego Euskal Herria Europan langabezia handien duen lurraldeen artean kokatuko lukeela.
Biztanleria aktiboari buruzko inkestek diote iazko enplegu sorrera gehienak emakumeei egin ziela mesede, baina, SEPEren datuak aintzat hartuta, gizon eta emakumeen arteko desoreka oso handia da oraindik, eta ez du txikitzeko joera garbirik. Biztanleria aktiboaren %48 dira emakumeak Hego Euskal Herrian, baina langabeen %57,7. Haien artean, langabezia tasa %13,55 da, eta %9,16 da gizonezkoen artean.
Nekazaritzan eta aurretik lanik ez zutenen artean handitu da langabezia, eta jaitsi egin da beste sektoreetan. Adin tarteei dagokienez, LABek oroitarazi du 25 urtetik beherakoen artean 80 lagun gehiago ageri direla langabeen erroldetan, eta iazko martxoan baino 619 gehiago direla (+%5,7).
Lurraldeei erreparatuz gero, martxoak Gipuzkoari (-740) eta Bizkaiari (-938) egin die mesede, eta eragin apalagoa izan du Araban (-146) eta Nafarroan (-233).
AFILIAZIOA
25.000 gehiago
Langabe kopurua jaisten ari den baino azkarrago ari da hazten lana dutenen kopurua. Duela urtebete baino 25.046 langile gehiago ari dira Gizarte Segurantzan kotizatzen. Aurtengo martxoa (+6.269) iazkoaren antzekoa izan da (+6.053). Udaberriaren hasiera izanik, nabarmena izan da lehen sektorearen gorakada: 1.731 kotizatzaile gehiago daude nekazarien atalean, eta 494 arrantzale gehiago itsasoko langileetan, antxoaren eta berdelaren kosteraren eraginez. Egonkor jarraitzen du autonomoen kopuruak, 220.000ren bueltan, baita etxeko langileenak ere (36.500etik gora).
KONTRATUAK
Lautik bat, bi aldiz prekario
Egonkortasuna ere badago kontratu motetan, sindikatuek salatu dutenez. Izan ere, martxoan eginiko kontratuetan ia %92,7 aldi baterakoak izan ziren, eta %8,2ra baizik ez ziren heldu mugagabeak. Egia da urteotan goranzko joera izan dutela kontratu finkoek, baina aurtengo martxoak ez dio jarraitu joera horri, iazko martxoan baino gutxiago izan baitira (%9,1 iaz). «Baieztatu egin da enplegurako sarbidea aldi baterakoa eta prekarioa dela», baieztatu du Nafarroako CCOOk, eta azaldu du lau kontratuetatik bat aldi baterakoa eta lanaldi erdikoa izan dela.
LANGABEZIA SARIA
Zenbatekoa jaitsi da
Sindikatuen kezka ez ezik, gobernuena ere bada langabezia sarien estaldura eskasa. «Oso muga inportanteak ditu», ziurtatu du Nafarroako Gobernuak. Otsailean, langabeen %26,2k soilik zuten langabezia sari arrunta. Haren zenbatekoa jaisten ari dela salatu du ELAk: 880 eurokoa izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 905 eurokoa Nafarroan.