«Nik ez dut deus egin»
Mellaseri babesa emateko bere aldeko kanpaina abiatu du LAB sindikatuak Abdenabi libre eta gurekin. Huerta de Peralta: borroka ez da delitua izenpean. Atzo aurkeztu zuten kanpaina Iruñeko Justizia Jauregi parean. Kanpainarekin batera, Mellaseren aldeko manifestua ere ezagutarazi zuten. Manifestua dagoeneko 60 elkarte eta 500 norbanakok baino gehiagok sinatu dute.
«Abdenabik gurekin lan egiten eta bizitzen jarraitzea nahi dugu», esan zuen Iruñea Harrera Hiria plataformako kide Begoña Huartek. «Kanpainarekin Abdenabiren aurkako kargu guztiak kentzea nahi dugu: migratzea, antolatzea eta borrokatzea ezin dira delitu izan». Houssine Yagoubi Huerta de Peraltako enpresa batzordeko lehendakari eta LABeko delegatuak salatu zuen enpresarekin hitzarmen duina lortu ondoren etorri direla isunak eta zigorrak. Auzipetuaren egoeraz ere mintzatu zen Yagoubi: «Abdenabik dio ez duela ezer egin. Gaizki dago ez duelako ezer egin, eta zigortu nahi dutelako». Mellasek berak ere hartu zuen hitza agerraldiaren ondotik: «Foruzaingoak salatu nau, baina, zin egiten dut nik ez dudala deus egin». Jasotako elkartasuna eskertu zuen.
Ostalaritza duina aldarri
Bilboko Udalak ostalaritza sektoreko hiru langileri 6.750 euroko isuna jarri izana salatu du Eragin Bilboko gazte prekarioen asanbladak. Ostalaritzako ituna azaltzen zuten afixak jartzeagatik jarri dizkie isunak udalak. Gogor salatu ditu isun horiek plataformak: «Zigor hau astakeria hutsa da, eta muga guztiak gainditzen ditu». Bilboko udalari «isun bidegabe» horiek bertan behera uzteko exijitu diote, eta azpimarratu ez dela kasualitatea udalak ostalaritzako langileak jo puntuan jartzea: «Ongi baino hobeto dakite beraien postaleko hiri hau ezin dela mantendu gure bizitzak prekarizatzen ez badira».




