Lanaldiaren nahitaezko erregistroa egiteko denbora gehiago nahi du patronalak
Bilbon atzo egindako agerraldian, Cebekek denbora gehiago eskatu zuen lanaldiaren nahitaezko erregistroa bete ahal izateko. Onartu egin zuen enpresak «galduta» daudela eta zalantza asko dituztela, eta eskatu zion Lan Ikuskaritzari «irizpide batzuk» emateko legea betetzeko moduei buruz.
Azpiazuk azaldu zuenez, «zaila» da lanaldia erregistratzeko modu bakar bat jartzea, lan egiteko modu oso desberdinak daudelako orain. «Araua ohiko lanpostu bati dagokio, leku batean mugitu gabe egiten zeneko horri, baina hori dagoeneko ez da ohikoena zerbitzuetan». Lan «tipologia desberdinak» erregistratzeko moduak asmatzeko denbora eskatu zuen Azpiazuk.
Malgutasuna
Cebekeko presidente Iñaki Garcinuñok, berriz, ukatu egin zuen Magdalena Valerio Espainiako Lan ministroak esandakoa, hau da, enpresek ez dutela «serio hartu» erregistroarena: «Serio hartu dute, baina bi hilabete gutxi dira indarrean jartzeko».
Ministroak ildo horri eutsi zion atzo. «Gauzak beste baterako uzteko joera dugu», esan zuen, baina enpresa batzuek dagoeneko erregistroa sortu dutela gaineratu zuen. Nabarmendu zuen enpresei askatasuna eman diela erregistratzeko sistemak erabakitzeko. «Ez gaude denei fitxatzeko sistema zurrun bakar bat ezartzeko bezain eroak[…] Badakigu pertsona batzuk ez daudela egun osoa beren lanpostuan».
Malgutasun hori da sindikatuek salatzen duten puntuetako bat. «Ateak zabalik uzten dizkie iruzurrari eta manipulazioari. Adibidez, eskuz eginez gero, langile prekarioenek ezin diote aurre egin, ez dutelako aukerarik benetan egindako lanaldia agerrarazteko», salatu du LABek. Agiri baten bidez, sindikatu horrek tresna digitalak eta elektronikoak eskatu ditu lanaldia erregistratzeko, «patronalak bere onerako manipulatu ezin dituenak».
Eusko Jaurlaritzak, Josu Erkoreka bozeramailearen bidez, babesa eman dio lanaldia derrigorrean erregistratzeari —«zentzuzkoa da»—, eta erregistratzeko moduak sindikatuekin adosteko eskatu die enpresaburuei.
EBko justiziaren epaia
Kasualitatea izan ala ez, garaiz iritsi da Espainiako Gobernuak bultzatutako erregistroa. Izan ere, atzo zabaldutako epai batean, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen «derrigorrezkoa» dela langileen lanaldia «sistema objektibo, fidagarri eta eskuragarri baten bidez» erregistratzea. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatutako argibidea eman du horrela Luxenburgoko Auzitegiak. CCOOk lehenik eta UGTk gero Deutsche Banken aurka jarritako salaketa bat zuen oinarrian Auzitegi Nazionalaren eskaerak. Epaia txalotu dute bi sindikatu horiek.




